Aikur Erle Museoa
Gutako askorentzat ezezaguna da Aikur Erle Museoa. Mendi puntan dagoen baserri-museo txiki bat besterik ez. Urretxun dago, izen bereko baserrian, Santa Barbara ermita inguruan. Museo txikia, bai, baina oso interesgarria.
- Oso ondo antolatuta dago, parafernaliarik gabe, xume-xume, baina polito.
- Baserriko etxekoandre den Josuneren azalpenek urrea balio dute.
- Erleak ere ber-bertan ikusiko dituzu, dantzan, polenak ekartzen, eztia sortzen, larbak elikatzen.
- Erleen mundua ikaragarria da eta, natura gustatzen ez bazaizu ere, liluratuta geratuko zara erlezaintzaren misterioekin, erleen mundu txundigarriarekin eta Josuneren azalpen zehatzekin.
Museo eta eraikin izugarrien ruta turistikoetatik kanpo (Artium, Guggenheim, San Telmo eta abar), txoko aparta aurkituko duzue Urretxuko Aikur baserri-museoan. Bestalde, inguru horretako beste zenbait harribitxi ezagutzeko aukera ere emango dizu, eguna aprobetxatuz: beste hauek ere gomendagarriak zeharo, adibidez: Igartubeiti Museoa (Ezkio-Itsaso), Antiguako ermita (Zumarraga), Mirandaola (Legazpi), edo Zeraingo herri museoa.
Bisita ezazu Aikur Museoa. Eztia gorroto duen batek esaten dizu.
Argazki batzuk laga ditugu Flickren.
Esnatu, esnatu! Republikia etorri da eta! (bideoa)
Gaur 80 urte, Eibarko Udalak II. Errepublika aldarrikatu zuen, beste inon baino lehenago, Alfonso XIII erregea oraindik ere Madrilen zela. Orain 10 urte, 2001. urtean (Errepublikaren 70. urteurrenean), ondorengo bideoa egin genuen Eibarko Udalean; Itziar Alberdi izan nuen lankide. Zelan bizi izan zuten eibartarrek errepublikaren aldarrikapena? Eibartarren Ahotan proiekturako zenbait lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genuen. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakoak gogoratzen ditugu.
Bideoa sarean, Blip.tv webgunean.
Pozten eta Poztutzen (Pizten eta Piztutzen)
Aurreko batean lagun artean honetaz hizketan. Lehenago ere aipatu genuen Eibarko euskara liburuan. Nola esaten dugu? Pozten ala poztutzen?
Euskalkiak euskalki, Euskal Herrian arruntak dira horrelako hitz bikoteak. Eskualde bakoitzean, baina, talde batzuk edo beste batzuk sortzen dira. Eibar inguruan sortzen direnen artean, hauxek zerrendatu ditugu (besteren bat ere egongo da, seguru asko), denak ere antzeko aditz-egitura dutenak (bisilaboak eta -st-/-zt- errodunak). Eibarren bi formak erabiltzen dira:
- husten > hustutzen
- puzten > puztutzen
- pozten > poztutzen
- hozten > hoztutzen
- pizten > piztutzen
-
nahasten > nahastatzen (*hau ez dakit bisilabo den, Eibarren)
- ahazten > ahaztutzen
- mozten > moztutzen (kasu honetan, ez horren nabarmena; esango nuke lehenengo forma dela nagusi)
Beste antzeko ingurune honetan ere gertatzen da (bisilaboa eta -rt- erroa):
- urtzen > urtutzen
Fenomeno horrek ez dauka zerikusirik Gipuzkoako (eta besteko?) "pentsatutzen", "zenbatutzen" eta abarrekin; are gutxiago, "bizitutzen" "izandutzen" eta tankerakoekin. Eibarko hizkeran ez da gertatzen horrelakorik.
Bestalde, hoztu aditzakin beste kontu bat ere badago, bi infinitibo dituelako Eibarren (Bizkaiko hainbat tokitan bezala):
- hoztu/hotzittu (eta beraz, hotzitzen ere badago).
Salburua, Gasteiz
Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan Salburua, besteak beste Ataria (bertako harreragune eta interpretazio-zentroa) inauguratu eta bisitatu genuenean. Gasteizen bertan dago, hiriari pega-pega eginda, Baskoniaren zelaiaren ondo-ondoan (ikus mapan).
Salburua Euskal Herriko urmaelik garrantzitsuenetarikoa zen XIX. gizaldira arte. Arabako lautadako ur freatikoak jasotzen zituen eta bere 3 potzuetan (Betoño, Arkaute eta Larrandizarra) milaka landare eta animalia espezie bizi ziren. 1857. urtean hasi zen gainbehera: urmaelak drainatzen eta lehortzen hasi ziren, soroak ugaritzen, animaliak desagertzen. Zorionez, 1994an berreskuratze prozesua hasi zen. Ordurako Betoñoko putzuaren zati txiki bat besterik ez zen geratzen, eta antzinako baso eta belardi naturalen azken aztarnak. Azken 15 urteotan egindako lanari esker, 200 hektarea lortu dira, hainbat habitat desberdin leheneratu eta ingurua urez eta bizitzaz beteta dago. Une honetan jatorrizko hezegunearen zatirik handiena berreskuratu da eta animaliak berriro itzuli dira Salburuara (hegazti, narrasti eta ugaztun).
Horrelako naturgune urbanoen kasuan, baina, zalantza izaten dut: inguru naturalak parke bihurtzen ditugu, natura hesitu eta gure beharretara egokituz. Hori ote egokiena? Salburuak ez ote luke naturalago, basatiago izan behar? Jendearentzat jarleku, mahai eta pasealekurik gabe? Bestela, azkenean, gizakiak lekua jaten dio naturari. Euskal Herriko naturgune asko horrelaxe daude, oztopoz eta mehatxuz beteta (Txingudi edo Urdaibai dira adibiderik garbienak). Eibartik hurrago, Urkuluko urtegia. Garai batean mendi hutsa; gaur egun gero eta inguru urbanizatuagoa.
Erantzuna ez da erraza. Hirietatik hain hurbil dauden naturguneetan, ziurrenik, oreka aurkitzen saiatu beharko da. Herritarrei naturaz gozatzeko aukera eskainiz, baina naturari ere bere ibilbidea egiteko aukerak eskainiz.
Uste dut Salburua eredu eta adibide egokia dela. Hirian bertan dagoen ingurune erabat degradatua, naturgune zoragarri eta aberats bihurtu dute 15 urte eskasean. Hainbat habitat desberdin berreskuratu dituzte, espezieak itzultzeko planak gauzatu dituzte...
Oso leku ederra da; zoragarria da horrelako parke edo naturgune bat izatea. Paseatzeko, bizikletan ibiltzeko, haurrekin jolasteko eta naturaz gozatzeko. Gaur bertan izan gara. Parkean dauden oreinak ikusi ditugu, jakina. Baina gauza gehiago ere bai: uretako suge polit bat, igelak kantuan jauzika, dozenaka hegazti, eta basurde bat belardian ihesi. Egun ederra izan da.
Eta gaur ikusitako hegaztiak:
- Koartza arrunta
- Mokozabala (27 aleko talde bat, Salburuara heldu berri)
- Zikoina
- Basahatea
- Ipar-ahatea
- Ahate mokozabala
- Ahate gorria
- Murgilari mottoduna
- Murgilari arrunta
- Arranoa (saia, buitre, Gyps fulvus)
- Miru beltza
- Arrano txikia
- Belatz gorria
- Zingira mirotza
- Faisaia
- Uroiloa
- Kopetazuria
- Hegabera
- Zankaluzea
- Kaio hauskara
- Enara arrunta
- Uhalde enara
- Larre-buztanikara
- Buztanikara zuria
- Arabazozoa
- Mika
- Belea
- Txepetxa
- Txantxangorria
- Sasitxoria
- Txinboak
- Kaskabeltza
- Kardantxiloa
- Txioa
- Zozoa
- Birigarroa
- Hormatxoria
- Paranda
Belarraren Ahoa (Harkaitz Cano, 2004)
Belarraren Ahoa. Alberdania, 2004.
Harkaitz Cano
Horrelaxe dio kontra-azalak: "Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela, Britainia Handia barne. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera. Itsasontziko sotoan preso, Charles Chaplin komediantea. Demagun, 1886an, Frantziatik New Yorkera Askatasun Anderea puskatan daramaten itsasontziaren soto haietan Olivier Legrand izeneko polizoia doala Ameriketara. Askatasun pertsonalaren alegoria ederra egiten du Harkaitz Canok bi historia horiek bat egiten duten unetik aurrera, kontakizun bizkor, samur, poetiko honetan."
Ba, bai. Ondo definitzen du liburua testu horrek. Ukronia bat da istorioaren abiapuntua. Canok zilipurdi ematen dio gerraren emaitzari, Hitler garaile jarriz, eta txiribueltaka murgiltzen gaitu historia kontrafaktual honetan. Erritmo biziz eta indar poetiko handiz idatzitako kontakizun honetan.
Idazkera dotore eta landua darabil idazleak. Ez horregatik nekagarri edo gaitza. Abilezia handiz josten ditu, gainera, esaldi luzeak, ideiak eta irudiak, eta egoera surrealistak. Harkaitz Canoren beste liburu batzuetan ere ezagutu ditugun baliabideekin: eszena zinematografikoak, ironia handia, sinbolismo handiko irudiak... Ipuin luzea da Belarraren Ahoa (edo nobela laburra, nahiago baduzue). Neurri egokian idatzia, ez luzeegi, ez laburregi; arratsalde batean disfrutatzeko moduan. Izan ere, hitz eta esaldi guztiak oso ondo neurtu baititu Canok, kontakizunari erritmo egokia emanda. Ederra, sarkorra. Asko du prosa poetikotik. Ziurrenik baita ariketa estilistikotik edo ikerkuntza literariotik ere. Tarteka, Bariccoren Seda gogoratu dit.
2004ko Euskadi Saria irabazi zuen.
Kritiken hemerotekan dozena bat aipamen daude, tartean oso egokiak iruditu zaizkidan bi hauek, bata Karmele Jaiok idatzitakoa, bestea Iban Zalduarena.
Hitanoa - Ikastaroa Eibarren
Zenbait urtez (edo belaunaldiz) zokoratuta eta gutxietsita egon ondoren, badirudi azkenaldian berriz ere hitanoaren susperraldi txiki bat gertatzen ari dela. Horren lekuko, besteak beste, atzo Zumaian aurkeztutako egitasmoa, Mintzola Fundazioaren lana, Ritxi Lizartzaren liburu eta gogoetak, argitaratu berri diren webgune eta online testak, eta abar. Eibartarrak zerrendan ere jardun dugu horretaz eta blog honetan ere bai, arau sozialetaz eta transmisioaz, adibidez.
Oraingoan, Badihardugu Elkartearen eskutik, eta Eibarko Udalaren eta Euskaltegiaren laguntzarekin, hika egiten ikasteko ikastaroa antolatu dugu Eibarren.
Animatu!
Hitanoaren inguruko oinarriak jaso eta hika praktikatzeko ikastaroa
- Helburua: hitanoaren inguruko oinarriak eskaintzea. Ikasi eta erabili nahi dutenei baliabideak ematea. Noiz, non, nola eta norekin erabili.
- Edukiak: Hitanoaren oinarriak: Alderdi teorikoa eta, batez ere, praktikoa. Gehienbat Eibarko hitanoa irakatsiko da, baina inguruko herriak eta euskara batua ahaztu barik. Ikasleek apunteak eta materiala jasoko dituzte.
- Norentzat: Eibar eta inguruko herrietako euskaldun guztientzat. Gutxieneko adina, 16 urte.
- Antolatzailea: Badihardugu Euskara Elkartea, Eibarko Udalarekin eta Udal euskaltegiarekin lankidetzan.
- Noiz: 2011ko maiatzean, astearteetan (maiatzak 3, 10, 17, 24 eta 31), 18:30-20:30 (10 ordu, guztira).
- Non: Eibarko Udal Euskaltegian.
- Prezioa: 10 euro.
- Izen-ematea:
Udal Euskaltegian (Portalea, Bista Eder, 10. 943700912) martxoaren 28tik apirilaren 15era arte.
Badihardugu Euskara Elkartean (Markeskua. 943121775, edo Internetez) martxoaren 28tik maiatzaren 2ra arte. - Ikasle kopurua: gutxienez 8 ikasle, eta gehienez 18 ikasle.
Natura patrikan
Joan zen astean opari txiki hau egin zidaten Eibarko denda batean (tira, niri baino gehiago, nirekin zeuden seme-alabei). Kaktus txiki bat da, metakrilatozko ontzitxo batean sartuta, kortxo zati baten gainean. Hilean behin ur tanta batzuk dituen platertxo batean jarri behar da eta azpian duen zulotxo batetik hartzen du behar duen hezetasuna. Horrekin nahikoa izango omen du ontzitxoan hazteko. Eta 6-8 hilabete barru, bere kutxatik atera eta lorontzian sartuko dugu. Bitartean, aldean eraman dezakegu. Giltzarrapoari josita, Nintendoari atxikita, ikastolako motxilan txingilizka edo poltsikoan epeletan. Ideia polita pentsatu zitzaidan.
100 metro (R. Saizarbitoria, 1976)
Eleberriak ETAko kide baten bizitzako azken 100 metroak kontatzen ditu. Donostiako parte zaharrean dela, polizia atzean duela, tiroka, eta hiltzen den arte. 100 metro horiek egiten dituen bitartean, korrika eta arnas-estuka, bere bizitzako zenbait pasarte gogoratzen ditu.
Istorio nagusi horren inguruan, beste hainbat ere azalduko dizkigu Saizarbitoriak. Batetik, ETAkidearen bizitzako zenbait pasarte: Michellekin igarotako uneak, aitaren oroitzapena, umetako eskolako kontuak... Baina horrekin batera, beste hainbat plano eta istorio ere agertuko zaizkigu, neurri batean independenteak, baina denak ere elkarrekin lotuta eta, batez ere, leku berean kokatuta. Poliziak lekuko bati biharamunean egindako galdeketa, egunkari eta irratietako albisteak, auzokideek hurrengo egunetan esango dituztenak...
Hainbat plano-aldaketa, sarritan aditz-joko hutsen bidez egina (lehena/oraina, hika/zuka), maixuki josita, eta estilo narratibo berezia sortuz. Estiloa eta teknika ez ezik, kontakizuna ere borobila da bere gogortasunean.
Saizarbitoriaren 2. eleberri honi kosta egin zitzaion argia ikustea (zentzura gainditu behar izan zuen eta bi urtez giltzapean egon zen), eta zenbait kritika ere jaso zituen (hainbat pasarte gaztelania hutsean daudelako). Baina 35 urte geroago klasiko bihurtu da eta 10 berrargitalpenetik gora izan ditu.
Saizarbitoriaren beste lan batek sartu omen zuen euskal literatura modernitatean (Egunero hasten delako, 1969), Txillardegiren beste zenbait lanekin batera. 100 metro honekin euskal literaturak beste urrats bat eman zuen sendotze-prozesuan.
Beti irakurtzekotan eta, azkenean asteburuan irakurri dut. Gustura irakurri ere.
Amabost egun Urgain'en (J.A. Loidi, 1955)
Amabost egun Urgain'en
Joseba Andoni Loidi Bizkarrondo
Zarautz, 1955
Urgaingo lurperatzaileak, hilobi bat garbitzen ari dela, aurkikuntza harrigarria egingo du: 20 urte lehenago ustez gaixorik hildako emakume baten garezurrean tiro baten zuloa ikusiko du. Herriko jaun aberatsenaren emaztea zen. Nola hil zen? Nork hil zuen? Eta zergatik ez zen ezer esan hil zen unean? Hari horri tiraka, beste zenbait gertakizun ilun ere agertuko dira Urgain herrian.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondok (Errenteria, 1916 - Irun 1999) 1955. urtean idatzia, Amabost egun Urgain'en izan zen euskarazko lehenengo polizia-eleberria, garai hartarako sekulako harri bitxia. Loidik euskal literaturako lehenengo detektibea ere badakarkigu, Martin Garaidi donostiarra.
Generoaren ezaugarri guztiak ditu liburuak: hilketak, desagerpenak, detektibeak, gaizkile susmagarriak... dena ondo harilkatuta eta tramari ondo eutsiz. Erritmoz gora-beheratsua, baina nahiko ondo kontatua eta dialogo arinekin. Euskara bizian idatzia, herri hizkeratik oso hurbil eta adierazkortasun handiz (bere garaian kritikak ere jaso omen zituen, orduko garbizaletasuna hautsi zuelako). Gipuzkeraz idatzia eta orduko grafiarekin, baina 2. orrialdetik aurrera ondo-ondo ulertzen eta jarraitzen dena.
Ezin esan gaur egun sekulako eleberria izango litzatekeenik, baina nobela txukuna da eta erraz uler daiteke garai hartan izan zuen arrakasta. Euskaltzaindiaren saria jaso zuen eta 50. hamarkadan best-seller bilakatu zen. Historiarako beste datu esanguratsu bat: Amabost egun Urgain'en da beste hizkuntza batera itzulitako lehenengo euskal liburua (katalanez argitaratu zen 1961ean).
Kuriositatez bada ere, gomendagarria.
EibarOrg: hori lujua!
Orain aste batzuk elkarrizketia egin zetsen Leire Narbaiza blogari eibartarrari Nickdutnik saiuan. Galderen artian: "zer blog jarraitzen duzu?"
Horren inguruan pentsatzen, eta konturatu naiz nere gustuko blog asko-ta-asko etxian bertan dagozela, EibarOrg komunitate honetan. Zerrendia errepasatzia besterik ez dago: Leire eta Elena, Markos eta Gari, Josu eta Igor, Oier eta Oier, Luistxo eta Luis Alberto, Mikel eta Mikel eta Mikel,... eta gutxiago idazten duten beste hainbat. Eta sasoi bateko Julen eta Xabier (itzuliko ete?). Eta Etiam zoragarrixa ze?
Ba, horixe. Laster 7 urte beteko dittu komunitate honek (Euskal Herriko lehenengo blog-komunitatia izan zan) eta lujo hutsa da egunero zeuen etxe honetan bertan blogeatzia.
Blog komunitatearen hasierako ikastaroa: 2004ko uztaila.