Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Euskal Herriko etxegabeak

Mikel Iturria 2024/02/11 18:59
Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 5.000 baino gehiago dira pertsona etxegabeak. Iturri batzuek 8.000 lagun direla diote. Hamar urteko epean bikoiztu egin omen da kopurua.

Iñaki Guridik zuzendutako Faktorian egon ziren Felix Arrieta eta Ainara Garcia urtarrileko azken astelehenean. Saioa Imanol de la Vargaren laguntzarekin gidatu zuen Guridik.

La situación de los sintecho en el País Vasco, este apunte en castellano.

Bertan esandakoak berriro entzun baino lehen hemen transkribatzeko, 2010eko otsailean Pintxos and Blogs topaketa batean egon ondoren idatzitako apuntea irakurri dut: Bazterketa sozialari buruzko gogoetak.

Zer da etxegabe bat? Bizitoki finkorik ez duen herritarra. Kale gorrian bizi daiteke, baina baita aterpetan pasa dezake gaua.

Nelson eta Paul, kalean bizi diren bi herritarren hitzak daude audioaren hasieran, laburrean biak. Gero Etxepelera jo zuten, Caritasek Durangon duen eguneko zentrora. Bertako langile diren Aiala Calleja eta Maider Ibargurengoitia elkarrizketatu zituzten baliabide horren berri emateko. Baita Gema Orbe ere, Bizkaiko Caritaseko Etxegabeen arduraduna.

Orduan iritsi zen Felix Arrieta eta Ainara Garciaren txanda. Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Arrieta, zaintza politiketan aditua. Ainara Garcia Caritasek Donostian duen Hotzaldiko arduraduna da.

Felix: "Gure gizarteak gizabanakoan jartzen du fokoa. Eta ahaztu egiten zaizkigu egiturazko arazoak".

Ainara Garcia: "Orokorrean % 90a gizonezkoak dira (...) Baina emakumezkoen portzentaia izugarri handitu da azken urteotan".

Imanol de la Varga: profila aldatu da, eta "atzerritik lan bila etorritako gazte askok egiten dute lo kalean".

Felix Arrieta: "Gure hirietan profil hauetako gazte asko dago kalean. Eta ez diegu behar bezalako erantzun bat ematen. Izan ere, erregularizatu arte hor dago sistemak duen zulo handi bat".

Guridik esan zuen hiriburuetatik kanpo apenas daudela baliabideak. Felixek: "Legearen arabera, 20.000 biztanletik gorako hirietan egon beharko lukete errekurtso hauek. Baina denek ez dituzte ireki eta horrek egoera tenkatu egiten du, jendeak hiriburuetara jotzen baitu. Eta hiriburuetan badaude hobetu beharreko hainbat gauza. Adibidez, Donostian elikagaien kontua dela eta, badago herritar sare bat afariak ematen ari dena modu antolatuan (...) Herrietan ez dago egoitza alternatibarik eta horrek tentsionamendua eragiten du Donostian, baita inguruetan ere. Ez dirudi inork benetako erantzun bat eman nahi dionik arazori".

Ainara Garcia: "Gurea bezalako balibideetan (Hotzaldi) itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira (...) Hotzaldin ez dugu denbora fijo bat ezarrita: pertsona bakoitzaren prozesuaren baitan izaten da epe hori. Beste aterpeek, orokorrean, zazpi eguneko plazak ematen dituzte (...) Guk 30 plaza ditugu: 26 gizonezkoentzat, 4 emakumezkoentzat. Duela urtebete ez zegoen desberdinketa hori, baina azkenean genero-ikuspegia sartu behar izan dugu. (...) Gure aterpean ikusten ari gara lehen hiru, sei edo gehienez zortzi hilabeteko epea zena, orain seikoa minimoa dela. Hiru edo lau pertsonek jada urtebete baino gehiago daramate gurean. Gaueko 21:00etatik goizeko 9:00etara zabalik dagoen aterpea da, eta horrek esan nahi du 12 orduz kale egoeran daudela".

Imanol de la Varga: "Donostiako Udalak 143 ohe egonkor eskaintzen ditu urtean zehar. Negurako prest du La Sirena aterpea Antiguoko auzoan, bakarrik izozte garaian irekitzen dena".

Harrera Sareko eleduna Garazi Montuschi: "143 plaza horietaz gain, 300dik gora pertsona kale egoeran daude une honetan Donostian. Oso gazteak dira, asko gaixorik daude, oso baldintza muturrekoetan bizi direnak gure kaleetan".

Guridik galdetu zion Ainara Garciari zergatik planteatu duten aterpeetan sartzeko baldintzak malgutzea: "Ikusten ari garelako jende asko kale egoeran gelditzen ari dela, asko sufritzen ari dela jende asko. Eta guk hausnarketa bat egin dugulako Hotzaldira sartzeko urtebeteko itxaron zerrenda dago. Beraz, kalean larrialdi egoera bat dago. Gero eta zorrotzagoak badira aterpeetan sartzeko baldintzak, kale egoeran dauden pertsonen egoera larriagoa izango da. Hausnartu beharko genuke zentroek eta lehen arretak, baina baita gizarte gisa ere".

Felix Arrieta: "Ez da plaza kontua bakarrik. Egiturazko beste elementu batzuk ere aldatu behar dira. Plaza gehiago behar dira? Noski. Plaza gehiago behar dira Donostian, plaza gehiago behar dira ondoko herrietan, baina baita etxebizitza politika integratua, lan baldintzak beste batzuk izatea, eta jakin badakigu egiturazko aldaketa horiek denbora behar dutela. Nire ustez herri honetan dugun erronkarik potoloena da, eta etxegabekoei lagunduko die etxebizitza merkatua alokairu sozialekin eta beste motatako programekin aurre egitea. Aterpetxeetako plazak aldi baterako soluzioak baitira. Eta epe luzerako soluzioak beste bide batzuetatik etorri behar dute".

Iñaki Guridik Housing First aipatu eta galdegin zion Felixi nazioarte mailako esperientzia horiek zer nolako emaitzak izan dituzten Euskal Herrian. Erantzuna: "Donostian bertan eta beste toki batzuetan egin da Housing First. Nire ustez ebaluazio orokorra positiboa izan da. Baina horretara jotzeko profil jakin bat izan behar da, lanketa behar da, eta horrek akonpainamendua eskatzen du, eta ezinbestekoa da horretan profesionalen lana. Ona da horrelako programak martxan jartzea".

Erakundeak eta gizartea erantzuteko prest gaude? Ainara García: "Gizarte gisa aldaketa handia egin behar dugu. Aurreiritzi asko dago profil hauek atenditzeko. Etxebizitza arazo larria dago eta gizarte gisa erronka handiak ditugu".

Hauxe jarri nahi nuen hemen eta orain idatziz.

Hasiera bat (edo bi)

Mikel Iturria 2024/01/18 22:26
Agian ni neu naiz, baina ea gai garen inguruan sumatzen dudan hileta giroa albo batera uzteko.

Un comienzo (o dos), este apunte en castellano.

Eta ez naiz oso animoso hasiko: blogean idatzitako azken apuntea duela hiru astekoa da eta hartan agur esaten nien gertuko bi laguni.

Denbora tarte horretan beste bisita bat egin dut tanatoriora. Eta esango nuke hauxe izan dela halako egoera batean inoiz bizitutako unerik surrealistena. Baina ezin gehiegi kontatu, ez baitut gertukoak aztoratu nahi. Hori bai, idatzita utziko dut hildakoari buruz ez dudala hitz onik entzun, nahiz halako unetan gaitasun itzela dugun txar guztia ezabatu eta soilik une onak gogoratzeko. Ba, aizue, oraingoan ez da gertatu.

Esan bezala, egunerokoan hileta giroa da nagusi eta ez dakit oso ondo nola egin diezaiokegun horri aurre. Egia da Gazako egoerak ez duela batere laguntzen eta inoiz baino gertuago entzuten ditudala gerra hotsak, larrialde klimatikoa ahaztu gabe.

Bestalde, gurean 1970-1980ko hamarkadetan abiatutako hainbat ekimen eta erakunderen bidea agortzear da. Eta prestatu beharko dugu burua hainbat proiektu (kulturan, eremu sozialean, kirolean, lantokietan auzo zein herrietan) nola erortzen diren ikusteko. Areagotu egingo da 2010eko hamarkadan hasitako joera.

Lagun batek ondo baino hobeto dioen bezala uste izan dugu eskubideen eskuratzea akumulatiboa zela. Hots, bat eskuratu eta horixe betirako zela. Eta argi dago ez dela horrela. Eskubideak etengabe borrokatu behar dira, bestela edozein momentutan, gauzak okertzen direnean, galtzeko aukera handiak ditugu.

Ni bezalaxeko zaharrunook beldurrez erreparatzen diogu Osakidetzari, zer kontatu ziguten eta zertan geratzen ari den. Anbulategia bisitatzea besterik ez dago egoeraz jabetzeko. Eta honek bereziki kezkatzen nau.

Aho zapore mikatza kentzeko, aste honetan bi euskal musikarik plazaratu dituzten proiektuak ekarri nahi ditut hona. Aipatu nitzakeen udazkenean hainbat emakume musikarik kaleratutako diskoak, hor albiste onak sarri gertatu baitira. Baina juxtu aste honetan bi gizon aipagai.

Gorka Urbizuk bakarkako lehen diskoa kaleratu du, Hasiera bat izenekoa. Ez naiz Berri Txarrak zalea izan eta soilik pare bat bider ikusi ditut zuzenean. Hori bai, gurean sortutako proiektu erraldoi gisa, egindako bideari errespetu handia diot.

Urbizuren diskoa ederra iruditu zait, nahiz eta denbora gutxi izan behar bezala ezagutu, dastatu eta gozatzeko. Baina esango nuke une ederrak emango dizkigula. Kritika onak pilatzen ari zaizkio.

Juantxo Arakama, Glaukoma taldeko abeslariak, Monsieur Le Crêpe gisa sinatu du zortzi minutu luzeko kantua. Aho bete hortz utzi nau hitzak eta errimak lotzeko orduan Juantxoren abileziak.

Ikusi bideoa eta entzun, ahal bada, kaskoak jantzita.

Enbor beretik sortuko dira besteak.

Arantxa eta Alberto

Mikel Iturria 2023/12/25 22:59
Hilaren 23an jakin nuen Arantxa Gurmendi hil zela. 24ko agurrean jakin nuen Albertori ere gutxi gelditzen zitzaiola.

Arantxa Gurmendi

Arantxa Gurmendiren agur ekitaldira hurbildu ginen etxekook igande eguerdian. Zorroaga tanatorioan izan zen. Antton Elosegi senarra agurtu eta zain geratu ginen kanpoaldean egitekoa zen ekitaldia hasi arte.

Barruan egin zuten zerbait, baina ez zegoen nahikoa tokirik bildutako jendea eroso kabitzeko.

Arantxa y Alberto, este texto en castellano.

Arantxa Gurmendiren agur ekitaldian jakin dut beste lagun batek sedazioa eskatu duela.
Duela bi urte iritsi zen Hamasa afganiarra (8? urte) eta bihar nire anaiak 50 urte egingo ditu.
Kontrasteak. pic.twitter.com/V2mo4PhgpT

— Mikel Iturria (@iturri@mastodon.eus) (@iturri) December 24, 2023

Juan Mari Beltranen txistuak elkartu zuen jendea mikro baten inguruan. Euskalgintzakoa, antzerki eta telebista munduko jendea, mugimendu feminista zein garai bateko borroka politikoetan ibilitako lagunak, baita bestelako adiskide eta senideak ere.

Olatz Beobide aktoreak esan zuen aire librean eman behar zitzaiola azken agurra Arantxari. Euskaraz eta gaztelaniaz aritu zen. Gaineratu zuen mikroa libre zegoela, edonork erabiltzeko moduan.

Ezagutu ez nuen pertsona batek eskerrak eman zizkion Alzheimerrari aurre nola egin zion aitortuz. Afagiko Koldo Aulestiak gogoratu zuen Arantxa izan zela Espainiako estatuan lehen gaixoa bere gaitzari buruz hitz egiten, Pasqual Maragallen aurretik izan zela azpimarratu nahi izan zuen. Eta gogoratu zituen Valladolideko kongresu batean esandakoak. 2010ean antzeman zioten galtzeimerra.

Ezagutzen ez nuen beste kide batek, musikari gisa aurkeztu zuena bere burua, taula gainean elkarrekin egindako proiekturen bati buruz aritu zen solasean, modu ganberroan aritu ere.

Ainhoa Aierbe aktoreak Karmele Jaioren Orain hilak ditugu poema irakurri zuen euskaraz, musikaren laguntzaz. Hona hemen hasiera:

Orain hilak ditugu.
Hildako lagunak,
hildako ama edo aita.
Orain badakigu
zer egin behar den,
nora deitu,
zenbat balio duen
lore-koroa batek.

Guardetxeko kudeaketaz okupatu ziren bi kidek ere hartu zuten hitza, Arantxak emandako laguntza goraipatzeko. Rafak gogoratu zuen jendaurrean hitz egiteko klaseak eman zizkiola, baina bera ikasle txarra zela eta ez zuela gehiegi aurreratu.

Ekitaldia amaitzeko Agur, Jesusen ama kantuaren bertsio egokitua kantatu zuten papera eskuratu eta kantatzeko grazia zutenek.

Ez nuen harreman handirik izan Arantxarekin, baina bai egon nintzela berarekin 2010eko udaberrian Koldo Mitxelenan Javier Ortizen omenez eginiko ekitaldian. Izan ere, biek kointziditu baitzuten, besteak beste, Bordelen Francoren atzamarretatik ihesi, 1970eko hamarkada hasieran.

Alberto Arizaga

Arantxaren agurra amaitzen ari zela, mezua jaso nuen patrikakoan: Albertok sedatzeko erabakia hartu zuela. Hori bai, hil aurretik zerbeza bat edan eta zigarro bat erre nahi zituela.

Arantxaren agurrera igo aurretik, Igeldora igo nintzen mendi buelta laburra egiteko. Ekainaren 18an hildako Pedro lagunaren txokotik pasatu nintzen. Argazkian agertzen diren lauak Pedrori buruzko testu horretan aipatutako Artikutza tabernako kuadrillakoak dira: Edurne, Maider, Iñaki eta Alberto. Orduan esandakoari ezer gutxi daukat gehitzeko.

Eragin soinu eta argiztapen enpresako sortzaile eta buru gisa ezagutu nuen, baina jende gehienak Donostiako Zinemaldian aritu izanagatik ezagutuko du. 20 eta piko urtez aritu baitzen bertan lanean. Hilaren 28an betetzekoak zituen 64 urte.

Kristoren pena ematen du horrelako jendeari agur esan behar izatea. Baina egia da ere asko gozatu dugula berarekin eta bidean pasatako tarte on horiek gogoratuko ditugula bizi garen bitartean.

Agur ekitaldia abenduaren 26an izango da Donostiako Benta Berri auzoko tanatorian, iluntzeko 19:00etan.

24an afaltzera joan aurretik abestu "genuen" Nino Bravoren Libre kantua. Eta iaz egun horretan bertan berari egindako bideoa ikusi nuen gaueko ordu txikitan.

Gaur Txioherrian egindako hari labur batean dago originala. Nik nahiago hemen Sendero a la cascada jartzea.

Ibrahimaren paperak

Mikel Iturria 2023/12/23 16:55
Prozesu burokratiko luze baten ondoren, «Miñan» liburuko protagonistak, Ibrahima Baldek, paperak lortu ditu. Azkenean.

Duela hiru bat urte hauxe idatzi nuen hementxe bertan Ibrahima Balderi buruz: Paperik ezean liburua.

Gaur goizean esnatu naiz Javier del Pino kazetariak Ibrahima Balde eta Amets Arzallusi A vivir irratsaioan egin dien elkarrizketarekin.

Los papeles de Ibrahima, este apunte en castellano.

Javier del Pinok iragarri du, azkenean, paperak lortu dituela Ibrahimak eta hilaren 28an bere herrira bueltatuko dela, Ginea-Conakryra. Bertan ditu zain ama eta arrebak. Ea maleta prest ote zuen galderari Baldek: «Duela astebete».

Amets Arzallus, Irungo Harrera Sareko bolondresa, izan zen Ibrahimaren ahozko testigantza liburu bihurtu zuena: Miñan. Ea paperak lortzea zaila izan ote den galderari, honako erantzuna eman dio bertsolariak:

«Bai dela zaila, bai. Egia esateko, lehen eskutik ezagutu ez banu, ez nuke imaginatuko ere (…) Behin asiloa ukatzen dizutela, Ibrahimari bezala, egoera irregularrean gelditzen zara, paperik gabe eta kanporatzeko arriskupean, gutxienez hiru urte itxoin behar dituzu errotze soziala eskatu ahal izateko».

«Hiru urte horien ondoren, gardena izaten pasa behar dituzunak, hasi egiten da jendeak irudikatu ezin duen labirinto burokratiko luze eta garestia. Adibide bat jartzearren, paper bat aipatuko dizut: aurrekari penalak ekarri behar dituzu zure herrialdetik. Gure kasuan, Ibrahimarekin, Gineatik. Baina aurrekari horiek etorri behar dute Gineako Kanpo arazoetarako Ministerioaren eta Konakryko espainiar Kontsuletxearen zigiluekin».

«Ezin da imaginatu zenbat kostatu zaigun espainiar kontsuletxearen zigilu-kolpe bakoitza. Pagatu genien, baina ez zituzten paperak ematen».

«Nire etxera iritsi zirenean, jada hiru hilabete baino gehiago ziren paseak. Eta orduan, aurrekari penalek ez zuten balio, iraungita zeudelako. Berriro hasi behar. Eta Gineara DHL bidez bidalitako pakete bakoitzak, gutxienez, 70 euroko kostua du. Eta buelta beste hainbeste».

«Hirutan atera behar izan genituen aurrekari penalak, zigilu-kolpe bakoitza ondo kobratzen baitzuten, baina gero kadukatzen uzten zuten. Ginea-Konakryko espainiar kontsuletxeaz ari naiz».

«Nik, orain, entzuten dudanean migratzailea sistemaz baliatzen dela, esan dezakedan gauza bakarra da, eta hori defendatzeko frogak ditut, hemen aprobetxatzen den bakarra sistema dela; gure sistema migratzaileaz era posible guztietan aprobetxatzen da, zoritxarrez».

Eta gogoratu ari garela publikoki ezaguna den pertsona migratzaile bati buruz. Adibide moduan, Ibrahima eta Amets aita santuarekin egon ziren. «Ateo baten, musulman baten eta aita santuaren arteko topaketa xelebrea», dio Ametsek.

Hala eta guztiz ere, gaur poztu beharra dago Ibrahima ondo dagoelako.

Irungo udal hilerria: zerbitzu publikoa zer den ez dakien gerentea

Mikel Iturria 2023/12/07 08:45
Abuztuaren 28an lurperatu genuen Tio Periko Irungo Blaia hilerrian. Abenduaren 5ean jaso dut horren berri ematen duen agiria. Bitartean asteak pasa ditugu borrokan agiri ziztrin bat lortzeko.

Abuztuaren 25ean hil zen Tio Periko, amaren anaia gazteena. 81 urte zituen. Gertuko familiak errausteko erabakia hartu zuen eta errautsak gure familiak duen hilobian lurperatzea, gure amaren eskaintza aintzat hartuz.

Cementerio municipal de Irun: un gerente que desconoce qué es un servicio público, este apunte en castellano.

Bertan hainbat senideren gorpuzkinak daude, gurasoek bere garaian hilobi bat hartu zutelako, 2037 urtera arte, oker ez banago. Titularra aita zen, baina 2013n hil zenean nire izenean jarri behar izan genuen, amarenean ezin zelako ipini.

Abuztuaren 26an eta 28an, telefonoz zein bertan, oso ondo hartu gintuzten hilerriko langileek. Beraiekin ez dugu batere kexarik.

Hilaren 28an, goizeko 11:00ak aldera, lurperatu genuen. Aldez aurretik pasa nintzen bulegotik, eskatutako paperak haien esku utzi, sinatu beharrekoak sinatu, eta emandako bi faktura berehala pagatu nituen kreditu txartel baten bidez.

Ekitaldiari dagokionez, dena espero bezala joan zen. Gertukoenek bertan izan nahi genuen, osaba maitea zelako: amarentzat, gure bikotekideentzat, guretzat.

Nire anaiak lanerako ziurtagiri bat behar zuen. Uste genuen di-da lortuko genuela eta ez genuen kontua berehala astindu. Akatsa gure aldetik.

Urria erdialdean-edo igo zen kanponsantura (San Martzial tontorrerako bidean baitago Blaia). Trabak jarri zizkiguten lanerako agiria berehala luzatzeko (ez omen zituzten halakoak egiten), eta eskaera bat egin behar izan nuen nik, hilobiaren titular gisa, urriaren bukaera aldera.

Egunak eta asteak aurrera egiten zuten eta ez genuen lortzen ditxosozko papera.

Halako batean, anaia berriro hurbildu zen hilerrira eta, azkenean, azaroaren 24an, deitu zidan pertsona batek (gero enteratu naiz Javier Mitxelena gerentea izan zela deia egin zuena) galdezka ea zertarako nahi nuen agiria. Lan kontuetarako ote zen. Nik baietz. Ados, posta bidez helaraziko zidala etxera, Donostiara. Presa genuela esan nion. Ez zidan beste aukerarik eman. Gu bertaratzeko prest geunden.

Abenduaren 5ean, goizez, deitu nuen telefonoz eta ez nuen lortu Javier Mitxelenarekin hitz egitea. Bulegariak esan zidan bulegoan ez zegoela. Baieztatu zidan aurreko astean jarri zutela posta zerbitzuan guk eskatutako agiria. "Ze egunetan", galdetu nuen. Ostiralean, abenduaren 1ean.

"Me parece inaudito" atera zitzaidan gaztelaniaz. Beste astebete behar izan zuten agiria posta zerbitzuan jartzeko. Astebete, hainbat astez ezer egin gabe egon ondoren.

Egun horretan bertan ailegatu zen Donostiara, abenduaren 5ean esan bezala. Emazteak ireki zuen gutuna eta datuak gaizki zeuden: hau da, lurperatze data heriotzaren datarekin konfundituta zegoen.

Berriro deitu nuen telefonoz eta administrariak arrazoia eman zidan: hilaren 28an izan zela enterrua. Handik ordu erdira nuen agiri berria nik emandako posta elektronikoan.

Ez dut ulertzen nola hain tramite erraza egiteko munduko traba guztiak jar ditzakeen zerbitzu publikoan ari den gerente batek. Ez zait buruan kabitzen.

Sinestezina iruditu zait prozesu hau eta horregatik eman nahi dut ezagutzera.

Honen bidez eta Blaiako Administrazio Kontseilua osatzen duten Irungo zinegotzi guztiei prozesuaren berri emanez posta elektronikoz.

Sekulabelardiko kantariari buruzko erakusketa Okendon

Mikel Iturria 2023/11/27 19:30
Larratxe, Iturriaga eta Cano azaroaren 22an egon ziren Okendo Kultur Etxean "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikiari buruz solasean. Gune berean dago Donostiako kantariari buruzko erakusketa bat urtarrileko azken larunbatera arte. Ez galdu Joseviskyren abenduaren 12ko hitzaldia.

Exposición sobre Mikel Laboa en Okendo, este texto en castellano.

2008ko abenduaren 1a. Autoz gentozen Zaragozako herri batean egun batzuk pasa ondoren. Iruñea inguruan, oker ez banago 13:00ak aldera, Euskalerria Irratiaren sintonia bilatu eta aurkitu nuen. Mikel Laboaren musika. Abeslari donostiarraren heriotzarekin zabaldu zuten informatiboa.

2022ko azaroaren 15a. Egun horretan aurkeztu zuten Donostian Ni ez naiz Mikel Laboa komikia. Arratsaldez Antiguako Platero tabernan egin zen ekitaldian egon nintzen ni. Goizean egina zuten prentsaurrekoa. Joseba Larratxe Josevisky ilustratzaile eta marrazkilariak ezin izan zuen egun hartan egon, azken orduko arrazoiak zirela medio.

2023ko azaroaren 15a. Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar... erakusketaren inaugurazioa. Ordu berean Joseviskyk hitzordua zuen Euskadi Literatur Saria jasotzeko. Oker ez banago, Unai Iturriagarekin batera joan zen aipatu ekitaldira. Harkaitz Cano bidali zuten Okendora.

2023ko azaroaren 22a. Iluntzeko 19:00ak. Azkenean bai! Joseviskyz gain, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano, hirurak batera Literaktum jaialdiaren baitan antolatutako mahai-ingurua Okendo Kultur Etxean. Eta nik joateko aukera! Perfekto.

Aretoa ez zegoen lepo, baina bai zuela sarrera duin askoa. Josevisky eskuz ordenagailuan marrazten ari zen bitartean, pantaila atzeko aldean ikus zezakeen ikuslegoak zertan zebilen.

Sarrerako kortesiazko hitzen ondoren, Iturriagak hartu zuen hitza eta hasi zen kontatzen nola jaso zuen enkargua EHUko Mikel Laboa Katedrarena. Berak bakarrik ezin izango zuela halako enkargutzarra aurrera eraman eta berarekin batera zeuden beste bi lagunei hots egin zien karga denon artean banatzeko.

Elkarrekin egindako hiruzpalau urteko bidea nolakoa izan zen kontatu zuten jarraian. Gozagarria izan zen ordubete inguruko jarduna, bildutako hirukoteagatik, Laboaren obrari eginiko gorazarreagatik, eta abar, eta abar.

Areto nagusira sartu aurretik erakusketari begiradatxoa bota nion tarte batez. Antzeko zerbait egitea otu zitzaigun ekitaldira hurbildu ginen hainbati. Lasaiago ikusi nahiko nuke Ni ez naiz Mikel Laboa komikia oinarri duen lana.

Urtarrilaren 27a arte izango dugu, izango duzue, hori egiteko aukera, astelehenetik larunbatera, goiz eta arratsaldez, jaiegunetan izan ezik.

Hori bai, aukera polita izan daiteke Joseviskyren bigarren agerraldia. Abenduaren 12an izango baita kultur etxean, iluntzeko 19:00etan. Zirriborrotik "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikira izenburua jarri diote jarduerari. Zaila izango zait hurbiltzea, baina gomendatzen dizuet, Larratxe marrazkilari handia izateaz gain, hizlari ona baita.

Komikia bezala, Mikel Laboa Katedrak bultzatu du mostra eta Koma zerbitzu kulturalak gauzatu du.

Bonus track moduan hona hemen Joseviskyk egindako Laboaren abesti zerrenda bat. Elkarrek Spotifyn jarri du denon esku.

Emakume artzain baten egunerokoa

Mikel Iturria 2023/11/19 20:15
Astean zehar familia ospakizunak izan ditugu. Baina ez ditut gaur horiei buruz hitz egingo. Beste ospakizun bat ekarriko dut gaur txoko honetara: Josebe Blanco Alvarezen «Hausnarrean. Ardiek egiten naute artzain» liburuaren Urruñako aurkezpenean egon nintzen ostegunean, hilak 16.

Diario de una pastora, este apunte en castellano

«Nire ibilbidean, nire erreferenteak beti izan dira amona eta ama: sardea hartzeko edo ardiekin egoteko orduan... eta haiek daude nigan, lehenago beste amona, ama, edo izeba batzuk egon zirelako».

«Abeltzaintzatik bazterrean geratu ginen emakumeok mekanizazio iraultza “zoragarri” harekin baina nik oso neure sentitzen dut eta amaren eta amonaren kasuan ere oso haiengan sentitzen nuen abeltzaintza».

«Gure etxeko hizkuntza galiziera zen. Ni egiten nauen mundu galegoa jaso nuen, baina ni Euskal Herrian bizi izan naiz beti. Migratzaileei eta haien ondorengoei gertatzen zaiena bizi dut: ez zara bata, ez bestea, hara joaten zara eta ez zara, eta hemen ere antzera...»

Josebe Blanco Estitxu Eizagirreren galderei erantzunez Argian duela aste batzuk.

Gonbidapena bidali zidan urriaren erdialdean, eta agendan ongi nabarmenduta nuen hitzordua.

Tokia ez nuen ezagutzen eta asko gustatu zitzaidan Arotzenia (euskaraz ez dut topatu ezer, baina bai frantsesez zein gaztelaniaz: bi urteko aldea dago bi testuen artean). Ez nintzen geratu ekitaldiaren ondoren egon zen afarira, baina, bueltatuko naiz bazkaltzera (neguan soilik bazkaritarako zabaltzen dute jatetxea).

Liburuaren hiru zutabe nagusiak 50 lagunen aurrean azaldu ziren: Josebe Blanco idazlea, Tere Irastortza irakaslea eta Eider Uribarrena ilustratzailea. Aukera bakarra biran hirurak batera ikusteko.

Ama eta amona aipatzen ditu Josebek goian jarritako elkarrizketa-zati horren hasieran. Amaren urtebetetze egunean abiatzen da liburua: (2021eko) azaroaren 30ean, eta hurrengo urteko azaroaren 30ean amaitu du.

Egilearen hitzetan, ertzeko begirada duen artzain baten lan kuadernoa plazaratu du Argiak: emakumezkoa, galiziarra (Euskal Herrian), ekologista, barazkijalea...

Ekitaldiaren ondoren sinatzeko zain nengoela, berarekin egon nintzen egun bateko idatziarekin egin dut topo. Irailaren 3koa da. Egun horretan lagun batekin hurbildu nintzen Boulevardera. Eta hunkigarria da lerro horiek orain irakurtzea aurtengo ekainaren 18an hil baitzen Pedro Berregui.

Donostian dagoenez, hiriari buruz ari da Josebe Atrezzo izenekoan.

«Azoka itxura galdu du Donostiako azoka ekologikoak. Gero eta nabarmenagoa da turistentzako atrezzo kutsua. Eta ez da Biolur elkarteak gauzak hala moduz egiten dituelako, inondik ere; juxtu kontrakoa, ahalegin guztia egiten du txoko goxoa prestatzen, guretzat eta gerturatzen diren herritarrentzat».

(...)

«Ez dakit zenbat turista talde pasatu diren gure aurretik, koloretako zapia lotuta duen aterkia eskuan, aurrera doan gidaren atzetik, alboetara begira, eta jatekoa ikusi orduko, martxa gelditu gabe, ahoratu eta segi».

(...)

«Neska gazte batek eman dit atentzioa, bertakoak. Telefonoz ari zen, pinpirin pasieran, topo egin du postuarekin, kontxo, gazta! Hitz egin bitartean, hartu eta segi, pinpirin. Ordurako nuen sumendia hasi da laba jaurtitzen. Egun on esan diot bizpahiru aldiz, gazta hartzen ari zela. Deseroso sentitu da, utzi egin du. Ez, nahi baduzu hartu, baina gutxienez begiratu, agurtu eta eskertu. Bai, eskerrik asko, eta alde egin du. Horrelako egoerak bata bestearen atzean».

Nik ikusi nuen nire begiekin horixe zela giroa.

Bukaeran eskerrak emateko orrialdean, gure lagun batzuk ageri dira:

«Para as pasaxes do libro que están en galego fosen lexíbeis contei coa vosa axuda, Celia e Xepe. De compartir un xantar pasamos a facer correccións ás pastoras da diáspora. Morrinha ou morriña? Unha pregunta tan simple levounos a Xico Paradelo. Grazas, Xico, por facer do Miño Minho o do viño albarinho».

Aste honetan lau aurkezpen egingo ditu Josebek: Arrasate, Lazkao, Azpeitia, Aniz... Durangoko Azokan ere egotekoa da abenduan. Gero gehiago kostatuko zaio, artaldeak eta Pikunietako gaztak bere beharra izango baitu.

Eskerrik asko, Josebe. Patxadaz irakurtzekoa da liburua eta hori da nire asmoa.

Buruko osasuna XXI. mende hasierako futbolean

Mikel Iturria 2023/11/11 13:00
Ander Izagirrek lagunduta, Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak «Subcampeón» liburua idatzi du. Ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Anoeta estadioan. Bideratzaile lanak Juan Carlos Etxeberria kazetariak egin zituen.

La salud mental en el fútbol de principios del siglo XXI, este apunte en castellano.

Buruko osasuna gauza serioa da. Umorea ere bai. Gai mingarriak jorratzeko ona izan daiteke umorea tresna gisa erabiltzea. Baina horretarako denbora pasatzen utzi behar da, gauzak behar bezala liseritzeko.

Gauzak asko aldatu dira gure gizartean azken hogei urteetan.

Zabaldu parentesia. Duela egun batzuk auzoko kiroldegiko gimnasioan. Azaroaren lehena zen. Ariketa taula bat egiten ari nintzen. Halako batean, makina batean zegoen hogeitaka urteko mutil gazte batek telefono-deia erantzun zuen.

Bere lagun bat zen. Aretoan geunden askok entzun genuen elkarrizketa. Serio-demonio hitz egin zion adiskideari. Hariaren beste aldean zegoena damututa zegoen bezperan parranda egin ez izanaz. Gimmasiokideak esaten zion parrandan ateratzen zenean gaizki pasatzen zuela. Eta egoera horri aurre egin behar ziola. Besteak beste.

Bost bat minutu luze jardun zuen solasak. Bukatu zen deia, baina minutu batzuen bueltan deitu egin zion lagunari. Lehendik garbi utzi ez zituen ideia batzuk azpimarratu zizkion.

Ez dakit zein zen lagunaren arazo zehatza. Terapia hitza entzun nuen. Ez dakit toki egokiena ote zen konbertsazio hura izateko, hainbeste jenderen aurrean. Pudore falta handia baita gaur egun. Itxi parentesia.

Ostegun iluntzean, azaroak 9, ondo markatuta nuen agendan Anoeta estadioan egitekoa zen Subcampeón liburuaren aurkezpena.

Bi egun lehenago bukatu nuen irakurraldia. Beraz, etxeko lanak eginda hurbildu nintzen goian aipatutako hirukotearen ekitaldira. Eta ni bezala jende ugari.

Futbolari profesional gisa hamabost urteko karrera egin zuen Gurrutxagak. Goitibehera baten modukoa izan zen. Oso goian hasi zen, lehen mailan: Espainiako futbol selekzioan gazte kategorian, 19 urterekin debuta gizonezkoen Realeko lehen taldean. Gero, Algeciras, Rayo Vallecano, Real Union, Zamora, Lemoa, Beasain...

Zergatik ez zituen hasiera batean futbolean aritzeko igartzen zitzaizkion dohain horiek guztiak garatu? Besteak beste, mentalki blokeatu egin zelako, eta garai hartan osasuna ez zelako burura iristen futbol taldeetan, beste hainbat alorretan bezalatsu.

Umorea gauza serioa da. Horixe idatzi dut hasieran. Gurrutxaga eta Izagirre onak dira terreno horretan ere. Baina Zuhaitz da denon aurrean biluzten dena. Anderrek laguntzen dio idatziz ondo baino hobeto geratzen.

2022ko bukaeran eskatu omen zion hitzordua Gurrutxagak. Hiru orduz aritu omen zen hizketan jokalari elgoibartarra Donostiako Okendo tabernan. Liluratu egin zuen Ander. 2023ari begira bestelako lan planak bazituen ere, dena aldatu eta Zuhaitzen goitibeherara igo zen.

Emaitza Subcampeón liburua da, Madrilgo Libros del K.O. argitaletxeak plazaratu duena urri amaieran.

Ausart jokatu du Gurrutxagak, biluztu egin da denen aurrean. Lehendik ere eginak zituen ariketa horiek antzezle gisa. Hala da. Jaio berritan izandako bihotzeko arazoak, gerora eliteko jokalari izateko bidean oztopo izan zituenak. Buruko arazoak: antsietatea, depresioa, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa. Anderrek esan bezala, sexu asko dago liburuan, baina oso txarra.

Juan Carlos Etxeberria aurkezlearen hitz hauek azpimarratzeko: «Futbola jolas bat da. Eta pertsonek jokatzen dute, ez futbolistek».

Eskerrak biei liburu eder hau egiteagatik.

Hona hemen hiru esteka:

1.- Realak berak Twitteren (kosta egiten zait X plataforma idaztea) igotako bideo laburra.

2.- Realak Youtube-n jarritako ia 20 minutuko beste bideo bat.

3.- Euskadi Irratian Iñaki Guridik egindako elkarrizketa.

🤔 'Gurru'k penalti hori jaurti izan balu...

Bitxikeri guztiak, @anderiza eta @ZGurrutxaga -ren liburuan📘

Aurkezpena 👉🏽 https://t.co/u5LOXPp1xG#RSFundazioa | #KornerFestibala pic.twitter.com/OgZq5Kuznp

— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) November 10, 2023

Bidasoa 2018-2023

Mikel Iturria 2023/10/23 23:25
Bederatzi lagun hil dira azken bost urteetan Bidasoako muga pasa nahian. Eta ez dira ibaiagatik hil: Frantziako estatuaren politika arrazistagatik baizik. Horiei eskaini die Fermin Muguruzak azken dokumentala, «Bidasoa 2018-2023».

Bidasoa 2018-2023, este apunte en castellano.

Baina horretaz hitz egin aurretik, burutik ezin kendu Israel Gazan egiten ari den sarraskia, AEBen eta EBren babesarekin, azken hau gehiago matizatu behar bada ere. Urriaren 7an hitzik gabe utzi ninduen Hamasen erasoak, baina Israelena orain arteko marka guztiak puskatzen ari da.

Donostian manifestazioa egon zen larunbatean eta irudiek 2003ko otsailean Entzutegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zigun garaira eraman ninduten. Europako hainbat hiritan ere manifestazio erraldoiak ikusi ditugu asteburuan.

Eta hau esan ondoren, goazen lerro hauek idaztera eraman nauten filmaren kontu batzuk aipatzera.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailaren bukaeran «Bidasoa 2018-2023» dokumentala, presaka eta larritasunez egindakoa «Black is Beltza: Ainhoa» animaziozko filmaren promozio-lanak utzitako tarteetan.

Urriaren 20an estreinatu zen zinema komertzialetan eta egun horretan bertan Irungo Amaia antzokian. 500 lagunek lepo bete genuen udalaren aretoa.

Ylenia Benito aurkezlearen eta Jone Unanua ekoizlearen ondoren agertu zen eszenatokian Muguruza. Hizketarako gogoz, Mexikotik etorri berri. 25 bat minutuz aritu zen euskaraz eta gaztelaniaz (jende asko dagoela hemen euskara ikasten, baina oraindik ez duela maila nahikorik eta horregatik arituko zela ele bietan zehaztu zuen).

Irailean ez nengoen etxean eta ez dakit zer agertu zen prentsan Donostiako Zinemaldiaren bueltan, baina bai ikusi nuela kafetegi batean urriko Irunero aldizkariaren azalean ageri dela Fermin filmari buruzko elkarrizketa luzean.

Berak aipatu zuen, eta egia da, paisaiak, dronez hartutako Endarlatsako irudiak adibidez, oso dotoreak direla. Hori da berak erabilitako baliabide bat.

Gari Garaialde fotokazetaria aritu da urte hauetan guztietan beste aldera pasa diren milaka lagun hauen argazkiak, erretratuak egiten. Bera ere ageri da pelikulan bere lanaren berri ematen.

Haria Amets San Millánen hitzek eta bizikletak daramate. Eta Anaitze Agirre (Irungo Harrera Sarean) zein Aintzane Lasarte (Bidasoa Etorkinekin) bikoteak jartzen diote elkarteei ahotsa, Agirre maila akademikoan giza eskubide gaietan aditua dela ahaztu gabe.

18 urte izango ditu Pilar "Janela" ginearrak, dantza du maite eta Pasaian bizi da. Ama etorri zen lehenik eta bera ondoren. Azkenik beste ahizpa.

Irunen geratu da, berriz, Essoh Roméo, alde bietako poliziekin nazkatuta eta nekatuta. Bertako neska batekin ezkondu eta ume bat dute.

A! Soinu banda, musika, Bidasoako hainbat musikarik eta taldek jartzen du.

Eta denen gainetik animazioak kontatzen digu, labur bada ere, bederatzi pertsona hil direla ibaia pasatu nahian. Elkar gurutzatutako bizitzak dokumentua kaleratu zuen SOS Arrakeriak urte hasieran eta bertan ageri dira. Heriotza datak eta adinak dokumentaletik hartu ditut.

Zuzendariak aurkezpenean esan bezala, gizarte multietnikoan bizi gara: ez gara etorkizunaz ari, jada bizi baikara halako jendartean.

Askok azpimarratu bezala elkarte hauek guztiek harro sentiarazten zaituzte. Horrelako zerbait idatzi nuen hemen bertan 2021eko abuztuan: Irungo Harrera Sarea, harrotzeko moduko proiektua.

Norbaitek kontatu behar zuen eta Fermin Muguruzak kontatu du. Eskerrak berari, Joneri eta hau posible egi(te)n duen jende guztiari.

Orain zinema aretoetan eta kultur guneetan izango duzue ikusgai. Segi eta ikusi.

In memoriam

Tessfit Temzide, 21 urte, Eritrea. 2021eko apirilaren 8an urkatu zuen bere burua Irungo  Azken Portun, Frantziako poliziak handik hona pasatu ostean.

Yaya Karamoko, 28 urte, Boli Kosta. 2021eko maiatzaren 21ean hil zen muga igerian gurutzatu nahian.

Abdoulaye Koulibaly, 18 urte, Ginea. 2021eko abuztuaren 8an hil zen muga igerian gurutzatu nahian.

Mohamed Kemal, 21 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Fayçal Hamadouche, 23 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Ahmed Belhiredj, 37 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Sohaibo Billa, 40 urte, Boli Kosta. 2021ko azaroaren 20an hil zen, Bidasoa ibaian itota.

Ibrahim Diallo, 24 urte, Senegal. 2022ko martxoaren 12an hil zen, muga igerian pasa nahian Bidasoa ibaian itota.

Abderraman Bah, 25 urte, Ginea. 2022ko ekainaren 18an hil zen, muga igerian pasa nahian Bidasoa ibaian itota.

 

Bi asteko Interrail-a

Mikel Iturria 2023/10/08 13:10
Gaztetan ez nuen Interrail bidaiarik egiteko aukerarik izan eta orain aprobetxatu dut. Bi astez ibili gara trenez Europako hainbat herrialdetan barrena. Lau geldialdi: Paris, Berlin, Praga eta Salzburgo.

Dos semanas de Interrail, este apunte en castellano.

Gero eta gutxiago gustatzen zaizkit aireportuak eta, oraingo honetan, trenez mugitzea erabaki dugu.

Uztailean hasi nintzen informazioa biltzen eta hiru gune hauek aipatu nahi ditut:

1.- Latinoamerikako norbaitek egindako Mi viaje por el mundo bloga oso erabilgarria da, ideia bat egiteko. Aintzat hartu Amerikako jendeari begira idatzia dela; hots, bidaietan trena gu baino gutxiago erabiltzen duen jendeari begira egindakoa dela.

2.- Interrail: bidaia baten plangintza (zenbat egun eta zenbat hiri) egin eta ematen dizu aukera jakiteko zein den zuretzat paserik egokiena. Kontuan izan, Hegoaldekoen kasuan, Hendaian hasten dela huraxe erabiltzeko aukera, ez Espainiako estatuan. Eta europarrok Interrail dugula eta Europatik kanpoko turistek Eurail.

3.- Rail planner aplikazioa: bidaia zer nolakoa izango zen erabaki ondoren, erosi genuen Global Pass izeneko pase bat hainbat herrialdetan ibiltzeko. Aplikazioa jaitsi eta bertan instalatu genuen pasea bera. Guretzat 7 egunekoa iradoki zigun webguneak: hots, hilabete batez zazpi egunetan hartu ditzakezu nahi adina tren, beti ere estatuetako konpainietan (Renfe, SNCF, eta abar).

Kontuan izan hainbat ibilbide (Hendaiatik Parisera, Parisetik Hendaiara, Parisetik Berlinerako beste bat...) gainkostu bat dutela: 10-14 bat euro pagatu behar dira tokiak erreserbatzeko. Gainerakoetan ezin duzu tokirik hartu eta igual etorriko zaizu beste bidaiari bat esatera toki hori berea dela. Altxatu eta kitto, ez dago bestelako arazorik.

Bi pertsonak ibilbide hau egiten trenetan 800 euro eskas gastatu ditugu (7 eguneko Global Pass delakoa).

Eta ez duzu askoz ere gehiago behar.

Beno, dirua behar da eta paperik gabeko migrante ez izatea; hauek nahikoa arazo baitituzte mugak zeharkatzeko.

Paris

Irailaren 21etik 24ra, lau gau, Munduko Errugbi Txapelketa bizitzen ari den herrialdearen hiriburuan. Eta gogoratu 2024ko udan Joku Olinpikoak izango direla bertan. Horregatik, eta beste zenbait arrazoirengatik, garesti dago ostatu hartzea Parisen.

Bost bisita kontuan hartzekoak:

1.- Miren Arzalluzek zudendutako Parisko Modaren Museoarekin egin genuen topo Eiffel dorrearen inguruetan. Eta barrura sartu ginen, bakoitzak 12 euro ordainduta. 2025eko irailarera arte egongo da ikusgai Arzalluzek berak komisariatu duen La mode en mouvement erakusketa. XIX. mende bukaeratik gaur egunera arte modak izandako garapena kontatzen du eta entretenigarria da. Hori bai Run DMC rap taldearen bideoa buklean jartzeak ez dakit zer ekarpen egiten dion erakusketari.

2.- 2019ko sutearen ondoren, itxita eta obretan dago Notre-Dame katedrala. 2024an da zabaltzekoa. Kanpoan harmailak daude eta han egon ginen begira.

3.- Sacré-Coeur elizara igo ondoren, jendetza zegoen, jaitsi eta manifestazioa handi samar batekin egin genuen topo larunbatean Moulin Rouge inguruan: arrazakeria poliziala eta sistemikoaren kontra eta askatasunen aldeko manifestazio koloretsu eta burrunbatsua.

4.- Parisen gehien gustatu zitzaidan bisita Pantheoiara egindakoa izan da (sarrera 15 euro): azken 250 urteetan Estatu frantsesak goraipatu nahi izan dituen 100 bat intelelektualen eta izen esanguratsuen gozpuzkiak daude kriptetan. Horietako sei dira emakumezkoak (tartean bertara iritsitako azkena, Simone Veil). Eta gustatu zitzaidan panorama, hiriko hainbat toki esanguratsu markatuta daude planoan eta ideia bat egiteko balio dizu. Igande eguerdian joan ginen eta ez zebilen jende askorik.

5.- Institut du Monde Arabe: igande arratsaldeko bisita. Tokia asko gustatzen zait, lehen edo bigarren bisitan ezagutu nuenetik. Erakusketa honekin egin nuen topo: Ce que la Palestine apporte au monde (sarrera 10 euro). Hiru zati ditu: Palestinako arte moderno eta garaikidearen museoko nazioarteko artisten lanak, Gazako artisten lanak (lur eremu horretan ez baitago museorik) eta Jean Genet intelektual frantsesaren maletan berak Roland Dumas-i utzitako hainbat paper. Areto batean, Mahmud Darwish poetak 1983an Aljerian Palestinako Kontseilu Nazionalaren aurrean irakurritako testuaren proiekzioa dago.

Berlin

Paris eta Berlinen artean mila kilometro baino gehiago daude. Goizeko 9:00ak pasata atera ginen Gare de L'Est estaziotik, eta Frankfurtera 13:00etan iritsi ginen. 20 minutu genituen Erfut-erako konboia hartzeko (15:30etan iritsi zena) eta azken trena hartu eta 17:45ean geunden Berlingo geltoki nagusian. Irailaren 25etik 28ra bertan, lau gau.

Asko gustatu zait hiria.

1.- Pergamon Museum (sarrera 12 euro): duela hogei bat urte joan ginenenean, bisitatu genuen museoa eta orain ere tokatu da. Urrian ixtekoa da, erreforma batzuk egin behar dituztelako (gaizki ulertu ez banuen, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako trabak kentzeko). Hiru bilduma nagusiak ikusi genituen 26an arratsaldez.

2.- Holokaustoaren oroigarria ikusi genuen ere Berlinen bertan, goizez. Ez nuen harrapatu.

3.- Irailaren 27an Sachsenhausengo kontzentrazio eremua bisitatu genuen. Berlindik ordu eta erdira dago eta goizean hiru ordu eskaini genizkion. Inoiz egona nintzen horrelako toki batean eta bai sortzen duela zirrara berezia. Batez ere, eskoletako eskurtsioetan dabiltzan gazteekin batera mugitzen bazara. Gero, gainera, 1945etik 1950era Sobietar Batasuneko NKVD-ren eremu berezia izan zen. Horren inguruko erakusketa ere badago.

Guk ez genuen bisita gidaturik hartu (Interneten badaude aukera asko). Sarrera debaldekoa da eta audio-gida batek 3,5 euro balio ditu (hainbat hizkuntza). Gainera, ingelesez ere badira esplikazioak hainbat tokitan.

4.- DDR Museum (13,5 euro sarrera): eguneroko bizimodua Ekialdeko Alemanian. Gauzak ukitu daitezke, besteak beste.

5.- Berlingo Fernsehturm edo Telebistaren dorrea (bi sarrera 51 euro): honek ere Parisko Panteoiaren ikuspegi panoramikoaren rol bera jokatzen du eta ematen du aukera ezinhobea Berlin goiko aldetik ikusteko. 200dik gora toki daude markatuta mapetan.

6.- East Side Gallery: 1989an murrua bota zutenean eginiko marrazki, graffiti eta dena delakoak, 2009an berriztu zituztenak. Entzun nuenagatik, espekulaziorako toki onean dago eta ematen du handik mugitu beharko dutela.

Praga

Irailaren 29an trena hartu 9:00ak aldera eta 13:30ak pasata geunden Pragako geltoki nagusian. Nire lehen aldia Txekian. Urriaren 1a arte, hiru gau.

1.- Bertara joan eta Pragako Gaztelua (18 euro) ez ikustea bekatua omen da. Gaztelu bat baino, hainbat eraikinez osaturiko gotorlekua. Gora edo behera, baina Karlos Zubitik pasako zara seguruenik.

2.- Frank Gehryk beste arkiteko batekin diseinatutako Etxe Dantzariaren goiko aldean egon ginen trago bat hartzen. Hiriari begira egoteko toki polita, eguraldiak laguntzen badu. Eta gu lagundu gaitu bidaian zehar.

3.- Turista saldoa Erloju Astronomikoari begira. Kontuz ibili alboko tabernetan, prezio garestiak baitituzte taberna eta jatetxe batzuek (eta txekiar koroarekin nahastu zaitezke).

4.- Larunbatean ezin (sabbat), ezta igandean ere, auzo judutarra ikusi (itxi egin zuten urriaren 1ean ere). Eta horren ordez Franz Kafka museoara (11 euro) jo genuen igande goizean. Eta merezi izan zuen bisitak, oso ondo adierazita baitago idazlearen bizitza eta bere garaia.

Salzburgo

Ezagutzen nauzuenok ez duzue sinetsiko, baina irailaren hasieran ez nuen batere asmorik Champions txapelketan Realak jokatzeko dituen partidaren bat bertan ikusteko. Urriaren 2an eta 3an Linz-era ginen joatekoak, hala tokatu zelako gure plangintzan, baina Parisen pentsatu nuen ez nintzela geratuko Salzburgotik ordu eta erdira tramankulu eskas batean futbola ikusten. Eta aldatu egin genituen planak. Eskerrak!

Urriaren 2an goizeko 10:20 aldera abiatu ginen Pragatik eta 16:00ak baino lehen ginen Mozart-en jaioterrian, Linz-en tren aldaketa eginez.

1.- Hilaren 3an goizez Mozart-en jaiotetxea bisitatu genuen. Gomendagarria oso. Ez nekien gizon honek hainbeste bidaiatu zuenik bere garaian. 35 urterekin hil zen. Ia herena (10 urte baino gehiago) pasa zituen alde batetik bestera. Horretaz gain idatzi zuen obra mardula ahaztu gabe.

2.- Eta bazkaldu ondoren Realak RB Salzburg taldearen kontra jokatutako partidari begira jarri ginen. Ez naiz ni Red Bull-en filosofiaren zalea, baina esan beharra dago oso ondo tratatu gintuztela bai klubak baita zaleek ere. Eta 0-2 irabazi ondoren, partida ederra jokatuz, batez ere lehen zatian, zer gehiago eskatu daiteke.

Hilaren 4an Mannheim-era joan ginen, Munich bidez. 45 minutuko atzerapena izan zuen tren honek, bidaia guztian bakarra. Gerora pentsatu nuen agian hobe gaua Estrasburgon pasatu izan bagenu, ederra dela esan baitidate.

Hilaren 5ean, berriz, Parisera goizez (hiru ordu), Gare de L'Est-etik Montparnasse-ra pasa (20 minutu metroan eta 10 minutu oinez) eta 12:10 inguruan Hendaiarako trenera igo. 17:00etan bertan geunden, topoa hartu eta 18:00etan etxean, Donostiako Benta Berrin.

Amaitzeko, esperientzia honek trenez gehiago bidaiatzeko gogoa piztu dit.

Interrail: 2023ko iraila eta urria

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter