Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Fermin, gogoan dut

Fermin, gogoan dut

Mikel Iturria 2024/06/22 20:15
Aritz Galarragak erabilitako formulatik tiraka, Rafa Berriorekin lotutako hainbat oroitzapen bildu nituen 2021ean. 40 urte bete ditu Fermin Muguruzak musikagintzan lehen lerroan. Ea ba.

Hona hemen 2021eko maiatzean Rafa Berriorekin egin nuena. Eta hauxe Aritz Galarragaren liburua.

Gogoan dut 1984ko ekainean bukatu berri nuela batxilergoko bigarren kurtsoa Irungo Pio Baroja Institutuan. Urte hartako ekainaren 20an Kortatuk lehen maketa kaleratu zuela ez nuen gogoan.

Kortatu

Argazkia: Theklan-ek koloreztatua (Wikipedia).

Fermin, me acuerdo. Este texto en castellano.

Gogoan dut hurrengo urteko ekainaren 20a, 1985ekoa. Hirugarren kurtsoa amaitu ondoren, udan lanean hasi nintzen bizilagun batekin: obra bat Donostiako Legazpi kalean. Gaur Lamine Yamalek duen adina nuen orduan, egun batzuk falta 17 urte betetzeko. Agustintxo lehengusua zegoen nirekin beharrean. Lan istripuan hil egin zen hura 23 urte zituela. Osasun langileen zai bizilagun batek "Merezita zenuten" esan omen zuen, hori kontatu zidaten, nik ez nuen entzun. Greba orokor eguna zen eta horregatik galdu ei zuen Boyerrek bere tokia Felipe Gonzalezen gobernuan.

Gogoan dut institutu garaian lehertu egin zela Kortatu.

Gogoan dut egun batean San Juan plazan ikusi nituela bi anaiak hirugarren batekin Moskurantz (Urdanibia plazaren ingurua).

Gogoan dut ez nintzela batere malotea eta horregatik dut memoria. Diotenez, 1980ko hamarkadaz gogoratzen garenok ez genuen garai hura behar bezala bizi.

Ez dut gogoan noiz ikusi nuen lehen aldiz Kortatu zuzenean.

Gogoan dut 1985eko urte amaieran Madrilera joan ginela, lau eguneko bidaia institutuak antolatua. Mikel Zabalza desagertu eta hilik agertu zen garaia. Kortaturen lehen kasetea behin eta berriro jarriarazi genion autobuseko txoferrari.

Gogoan dut 1986ko hasieran elkarrizketatu genuela Iñakik eta biok Treku bateria. Miguel tabernan klarete botila bat eskatu, Trekuk pagatu zuena, eta adi egon haren hitzei.

Gogoan dut Jitu 1986an bigarren diskoa, El estado de las cosas, Moskuko tabernarien artean banatzen, salgai jarri aurretik.

Gogoan dut Roberto Herreros eta Isidro Lópezen El estado de las cosas de Kortatu. 2013koa bada ere.

Gogoan dut 1986ko udan, edo hurrengoan, bezperan ezagutu nuen tipo bat lagundu nuela Iparralde hiribidean Kortatuk zuen lokalera elkarrizketa bat egitera. Uste dut ez genuela ezer lortu.

Gogoan dut Kortatu Aste Nagusiko kontzertu batean, Ondarretan. Aurretik Sanchís y Jocano bikotea.

Gogoan dut kontzertu horretan Natxo Cicatriz Hay algo aquí que va mal kantatzen bere ahots puskarekin.

Gogoan dut 1988ko urriko egun bat, Kilometroak Irunen, eta Kortaturen agur kontzertua Artaleku kiroldegian.

Gogoan dut FM biseradun kapela batekin, Public Enemyren patchea eta martins-ak soinean Moskutik zehar.

Gogoan dut Fermin gaueko saioa aurkezten Egin Irratian.

Gogoan dut 1990ekoan NGren lehen diskoa.

Gogoan dut 1990eko urrian erosi nuela baserrian sartu zen lehen musika ekipoa.

Gogoan dut urte haietan tabernetan entzuten genuela musika; horiek, lagunen gomendioek, Radio 3 kateko saioek, fanzineek eta prentsa idatziak (egunkarietako gehigarriak, aldizkariak) gidatu zuten nire jakinmina.

Gogoan dut garai hartan Bertso-Hop diskodendak ere rol garrantzitsua izan zuela bide horretan. Larunbat arratsalde askotan pasatzen nintzen bertatik. Jone, Jitu, Jabiolo eta Fermin.

Gogoan dut Julio eta Rafarekin joan ginela James Brown ikustera 1990eko hamarkada hasierako uztail batean Miarritzeko Aguilera estadiora. Jone, Fermin eta Kaki ikusi nituen bertan, baina apenas nuen harremanik oraindik beraiekin.

Gogoan dut Gure Jarrera diskoa. Kafea eta galletak ekimenak kaleratutako Kafe aleak libururako aukeratu nuen 2011n (2012an plazaratu zen liburua).

Gogoan dut Ez dezagun sal, disko hartan agertu zen kanta. Bide batez, Japonian kaleratutako album horren kopia bat du etxean.

Gogoan dut 1991ko irailaren 7an Negu Gorriak lehen aldiz zuzenean ikusi nuela Ezpeletan. Julio, Javi eta Iñakirekin joan nintzen. A ze gozatua!

Gogoan dut 1992ko abenduan Javi eta biok Parisera joan ginela, besteak beste, Negu Gorriaken kontzertu bat ikustera. Bertan zegoen Susana komantxe gidari lanetan.

Gogoan dut Bertso-Hop Info fanzinea.

Gogoan dut Jabierrek Boza barruan diskoa plazaratu zuela 1994an eta hari egin niola elkarrizketa. Trekuren ondoren nire bigarrena. Tartean unibertsitatea pasa zen.

Gogoan dut egun batean joan nintzela Bertso-Hopera eta bertan zela Manu Chao. Ferminek aurkeztu ninduen eta kristoren ilusioa egin zidan. Uste dut ez zegoela beste inor.

Gogoan dut Esan Ozenkiren bulegoa BHren aldamenean. Gero Eguzkitza kalean. Baita Metak ere. Karmele, Zulu, Jojo, Leire, Iñigo M...

Gogoan dut BH bidaiak. Bizpahiru gutxienez: baga, 1994ko abuztuan Madrilgo Las Ventas-era Red Hot Chilli Peppers ikustera; biga, Henry Rollins Band Bordeleko Barbey antzokian. Eta oker ez banago 1992ko uztail hasieran Bilbora Nirvana eta Teenage Fan Club ikustera BH antolatutako busean joan ginen, Donostian Tour hasiera zegoen bitartean.

Gogoan dut, baina ez dut urtea gogoan, Negu Gorriak kamioi baten gainean jotzen Prim kaleko Justizia jauregiaren aurrean. Intsumisoa izateagatik epaiketa zuen Mikel Anestesiak eta babesa eman zion taldeak bajistari.

Gogoan dut Javiren autoan joan ginela NG Andoaingo gaztetxean ikustera. Kristoren musika ekipoa zuen kotxean kabroiak.

Gogoan dut larunbat arratsalde batean, lehen orduan, FM Manolo Gilekin batera BH dendan zegoen telebistan NGren bideoklip bat zuzentzen. Zer sartu eta zer ez.

Gogoan dut beste larunbat arratsalde batean Javi Pez, Xabi Zirikiain eta handik gutxira hil egin zen Izeta abizeneko hirugarren bat. Zabaldu berri zen garai hartan Loreak Mendian. Elastiko bat erosi nuen eta uste dut etxean dagoela oraindik.

Gogoan dut 1993ko Borreroak baditu milaka aurpegi diskoaren bideoa. Hondarribiko itsas argiko eraikin zaharra bota baino egun batzuk lehenago grabatua.

Gogoan dut Galindo. Besteak beste, 2004ko urrian atera zen kartzelatik, Zapatero presidente zen garaian, bihotzeko arazo batzuk argudiatuta. 2021eko otsailean hil zen.

Gogoan dut Pabeko kontzertua, ez dut urtea gogoratzen. Ostirala zen. NG etxeruntz zetorren Europan barrena bira bat egin ondoren.

Gogoan dut Sorkundek eta biok Costa Ricara joan ginela 1996ko udan. Ferminen bidez ezagutu nuen Lunak Madrilen lan egiten zuen tabernatik pasa ginen bueltan.

Gogoan dut Fermin eta Dut-en arteko elkarlana, 1997an. Ireki ateak.

Gogoan dut Fermin eta Atxaga El País egunkarian. Argazkia bereziki, oker ez banago Clemente Bernad-ena, Gasteizen egindakoa. Ez dut topatu sarean.

Gogoan dut José Mercéren kontzertua ijitoz lepo zegoen Victoria Eugenian. Paio gutxi: Harkaitz Cano aitarekin, Fermin, Jone eta lau pelakatu gehiago. Espektakulua butaka patioan zegoen.

Gogoan dut, gutxi gorabehera, Ferminen bakarkako diskoak, XXI. mendean sartuta ia guztiak.

Gogoan dut Caracaseko Desorden Público taldearekin batera Bilbon BEC aurreko erakustazokan eginiko jaialdi batean. Autoz eraman nuen Jone bertara. "Valle de balas /  Vivo en un valle de balas / Valle de balas / Mi ciudad está brava".

Gogoan dut Oiartzungo Pagoa. Hainbat kontzertu eman zituen eta gaua luzatu egiten zen bertan.

Gogoan dut 2000ko azaroaren 2a. Javier Ortizen irakurle taldea (Patera) Madrilgo Santa Ana plazan geratu ginen estrainekoz. Afaldu ondoren Ruper Ordorika ikustera joan ginen Café Centralera. Han egin (ge)nuen topo Ferminekin. Kasualitatez. Manuelek gogorarazi dit mezu bidez.

Gogoan dut Ferminekin hitz egitea telefonoz (Atenasen?) bera Ramallah-tik alde egin ondoren Jassir Arafaten giza-ezkutu izan ostean.

Gogoan dut Casares Kultur Etxera gonbidatu nuela Fermin Josu Landaren Odolbildua aurkeztera 2002ko azaroan. Google-k esan dit 2002ko azaroaren 19an izan zela, Sustatun kronika laburra egin nuelako.

Gogoan dut Manu Chaorekin batera eginiko Jai-Alai Katumbi Express bira, batez ere, 2003ko abuztu amaieran Vigon egindako kontzertua.

Gogoan dut FMrekin joan nintzela Miarritzeko Atabal aretora akordatzen ez naizen reggae legenda baten emanaldira. Jada Iparraldean ezin zen erre halako aretotan eta asmatikoak, batez ere, eskertu egiten zituen halakoak.

Gogoan dut Ferminen emanaldia Mataron. 2007aren bueltan izango zen. Zai egon nintzen denbora luzez bera agurtzeko bukaeran, baina ez zen agertu kabroia. 😉

Gogoan dut 2008ko uztailean (12an dio bilatzaileak) jo zuela Tom Waitsek Kursaalen. Hura ikusi eta egun gutxira Bruce Springsteen-ek jo zuen Anoeta Estadioan. Estadioko nire azken kontzertua. Halere, 2025eko ekainean joateko asmoa dut.

Gogoan dut Palestinari buruzko Checkpoint Rock filma estreinatu zuela Giza Eskubideen Zinemaldian 2009ko apirilean. Hura izan zen Reborren azkenaurreko edizioa.

Gogoan dut, batez ere, Egiako Gazteszenan ondoren egindako boloa.

Gogoan dut 2010eko maiatzean Bil'in My Love dokumentalaren proiekzioaren ondorengo tirabirak Giza Eskubideen Zinemaldian. Lotsa pasa nuen, amorru pizarra ere bai.

Gogoan dut Al Jazeerarentzat egindako Next Music Station musika dokumental sorta.

Gogoan dut FM Willy Toledoren liburu bat aurkezten 2011n Donostiako Bilintx megadendan. Agendak txibatu dit urriaren 13an izan zela.

Gogoan dut ze nazkarekin begiratzen zioten Willyri turista español batzuk Parte Zaharreko kale batean.

Gogoan dut Izagirre zela alkate eta handik egun batzuetara etorri zela amaiETA.

Gogoan dut Zuloak filmaren grabazio eguna Egiako Bukowskin, oker ez banago 2012ko maiatzean.

Gogoan dut kontzertu baten ostean Bingen Zupiria ikusi nuela Ondarruko Kafe Antzokian. Agendak dio 2013ko apirilaren 6an izan zela.

Gogoan dut orain, agendak txibatu didalako, bi kontzertu eman zituela Ferminek 2013ko abuztuan Donostian Aste Nagusian.

Gogoan dut (tranpa eginez, bilatzaile orojakileak egin du) 2013ko irailean Zuloak + Niña Coyote + Asthmatic Lion Sound Systema Egiako Gazteszenan.

Gogoan dut Kortxoenearen aldeko kontzertua 2015eko irailean. Igandea zen, bigarren estropada eguna Kontxan. Agendak dio hilaren 13a zela. Azaroaren 3an bota zuten eraikina, tamalez.

Gogoan dut Nola?, 2015ean. Katrina ondorengo New Orleans. Agendak dio abenduaren 3an joan nintzela ikustera zabaldu berria zen Tabakalerara.

Gogoan dut 2017ko ekainaren 21a: Adarra Saria Victoria Eugenian.

Gogoan dut Zubigileak liburuaren aurkezpena Bilbon. 2018ko uztailaren 4an izan zen. Eduardo Madina eta Alfonso Zapicorekin batera Bidebarrieta betetzea lortu zuten. Kike Martin kazetaria joko banatzaile.

Gogoan dut Black is beltza, 2018an. Fermin animazio munduan sartu zenean. Erakusketa Bilboko Alondegian (Azkuna gunea) eta udan San Telmon.

Gogoan dut Negu Gorriakeko kide guztiak 2019ko abuztuan Lisabo eta NCC ikusten. Nork esan behar zigun egun horretan ikusiko nuela azken aldiz Iñigo bizirik.

Gogoan dut Iñakik deitu zidala 2019ko irailaren 5ean: Iñigo Muguruza hil egin zela.

Gogoan dut egun horretan Euskadi Irratiko goizeko magazinean sartu behar nuela. Olaia Urtiagak deitu zidan antenan komentatzeko bezperan Espainiako Itzuliko etapa irabazi zuen Mikel Iturria txirrindulariarekin konfunditu ninduela Twitterren Vueltako antolakuntzak. Ezin izan nuen.

Gogoan dut Irunera joan nintzela eta handik autobusez joan ginela Bilbora Iñigoren omenezko kontzertura, 2019ko abenduaren 17an. Iñaki etorri zen nirekin.

Gogoan dut Irungo manifestazioa 2021eko abuztuan migranteen eskubideen alde.

Gogoan dut 2022ko irailaren 23an Black is Beltza II proiekzioa Anoetako Belodromoan, Zinemaldiaren baitan. Jendetza.

Gogoan dut zorro-zorro eta premiaz egin zuela Bidasoa 2018-2023 eta hura ikustera joan ginela 2023ko urrian (zehazki hilaren 20) Irungo Amaia gunera.

Gogoan dut 2024ko apirilaren 20an iragarri zuela Ferminek kontzertu bat abenduaren 20an Bilboko Miribillan. Bi sarrera erosteko suertea izan nuen.

Gogoan dut bigarren kontzertu iragarpena etorri zela gero: abenduaren 21ean.

Gogoan dut denok bagenekiela arrakasta horren ondoren zerbait potoloa etorriko zela 2025ean.

Gogoan dut gauza asko, Fermin, baina beste asko ahaztu egin zaizkit. Fijo.

Fermin Muguruza: 40 urte

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter