Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / 1986an Kortatu taldeko Trekuri eginiko elkarrizketa bat

1986an Kortatu taldeko Trekuri eginiko elkarrizketa bat

Mikel Iturria 2013/12/16 22:10
Institutu garaian, Kortatuko bateria-jotzaileari eginiko elkarrizketa bat.

Pasa den astean irakurtzen hasi eta bukatu dut Roberto Herreros (Ladinamo, Grande-Marlaska, Fundación Robo) eta Isidro Lopezek (Ecos del Gueto eta Observatorio Metropolitano de Madrid) lau eskutara idatzitako El estado de las cosas de Kortatu: lucha, fiesta y guerra sucia liburua. Kortaturen bigarren diskoan zentratutako lana da eta hainbat ikuspuntu jasotzen ditu: protagonisten ahotsak agertzeaz gain, beste hainbat aditu eta garai haiek bizi zutenen hitzak ere biltzen dira. Denbora eta interesa baduzue, azkar irakurriko duzue.

Protagonistak aipatu ditut eta horietako bat da Treku Armendariz, Kortatuko bateria-jotzailea (nahiz eta hasieran Mattin Sorzabalbere izan lehena). Liburua irakurtzen nuen bitartean gogoratu nintzen Institutu garaian (hamazazpi urte nituela) elkarrizketatu egin nuela Treku (Iñaki Corral lagunaren kolaborazioarekin). Elkarrizketa ez da beste munduko ezer, baina niretzat balio sentimentala du eta horregatik hemen jartzea otu zait (nire lotsak gaindituz).

Unibertsitate aurretiko azken urtea zen (UBI garaiak) eta zenbaki bakarra atera genuela. Esango nuke aldizkariaren eduki gehiena gaztelaniaz zegoela eta hau izan zela euskarazko bakanetako bat.

Bi gauzek deitu didate atentzioa: baga, Euskadi hitza aipatzen da testuan eta ez dakit hori nik jarri nuen edo elkarrizketatuak bota ote zuen; biga, El País aipatzea.

Kortatu taldeko Treku bateriarekin elkarrizketa

Denek dakizuenez irundar talde hau izugarrizko arrakasta lortzen ari da urte batetik hona. Honegatik, egun batean, Treku bateriarengana hurbildu ginen. Zergatik? Ia elkarrizketa guztiak Fermin eta Iñigori egiten dizkiete, eta pentsatu genuen taldearen barruan badagoela beste pertsona bat ez hain ezaguna. Ardo botila bat Miguel Tabernan eskatu ondoren, mahai bat aukeratu eta honela hasi zen elkarrikuste hau.

Galdera: Bueno, betiko galdera, nola sortu zen Kortatu?

Treku: Hasieran ni ez nintzen taldearen barruan. Bateria bezala Mattin zegoen; ni Crimental barruan nengoen. Tipo hauek Londresera abiatu ziren eta ni beste batzuekin Europako nazio batzuk bisitatzera joan nintzen, hilabete batez. Handik iristean, 1984ko azaroan, mobidaren barruan sartu nintzen. Oso gutxitan esandako gauza garrantzitsu bat zera da, Kortatu, Fermin eta Iñigo, ez zela hasi gaur egungo asko bezala, lokaletik grabatzera; ez, beraiek joaten ziren kontzertu batera eta ia jo zezaketen galdetzen zieten antolatzaileei. Hau gauza polita da niretzat.

Galdera: Urte batean asko igo zarete. Hasieran, beste talde batzuekin disko bat atera zenuten. Gero lehenengo LP-a. disko honetatik ale asko saldu dituzue. Zenbakiak esango al dizkiguzu?

Treku: Ba ziur ez dakit. Ez dugu kontrol handirik eramaten. Hasieran, 12.000 aleetako tirada hiru egunetan bukatu zen. Gero 6.000 aleetako beste bi tirada egon dira. Baina zenbaki hauek nahiko zaharrak dira. Hemendik kanpo? Asko, batez ere Madril eta Bartzelonan. Orain bertan Bartzelona aldean asko entzuten ari da.

Galdera: Hemendik kanpo asko jo duzue. Ez da honela?

Treku: Bai, gertatu zena zera izan zen, hau erre samarra ikusten genuela eta orduan zertxobait ateratzea erabaki genuen.

Galdera: Eta zer nolako harrera izan duzue estatuan zehar?

Treku: Oso ona. Adibidez, gu eta La Polla joan baino egun bat lenoztik, Avilesen, sarrera guztiak saldurik zeuden. Haluzinaturik gelditu ginen. Bartzelonan bi aldiz jo dugu. Bigarrenean, Kiroldegian, Euskadiko beste talde batzuekin, 10.000 sarrera saldu ziren, eta jende askoz gehiago sartu zen. Polizia kanpoan zaldi gainean egon zen, hostiak joz. Egun berean Bartzelonan beste kontzertu internazionalak zeuden. Gero, Galizian, Santanderren, Burgosen, Valladoliden, Madrilen, Errioxan, Zaragozan, etabarrean ere jo dugu. Artikulu hau argitaratzeko orduan Suitza aldean ibiliko gara.

Galdera: Lehenago La Polla aipatu duzu. Zeintzuk dira hemengo taldeekin dauzkazuen harremanak?

Treku: Erderaz esan ohi den bezala: de puta madre! Benetan, jende autentikoa ezagutzen duzu honelako erroilo batean. Entzun, entzuten dituzu txaskarrillo batzuk norbaiti buruz, baina erlazioak, gurekin behintzat, oso onak dira.

Galdera: Bestalde, laster maxi-singlea atera behar duzue, ezta?

Treku: Bai, Suitzatik etorri ondoren estudioan sartuko gara. Abestiak hauek izango dira: alde batean, Desmond Tutu, bertsio bikoitza; beste aldean, Hay algo aquí que va mal eta A la calle.

Galdera: Oraintxe hasiak zarete tema berriak konposatzen. 'Ska' egiten jarraitu behar al duzue?

Treku: Ez dakit. Oraingo tema berriak ez dira ska. Baina agian berriro hasiko gara ska eginez. Hori esatea zaila da.

Galdera: Maxi-singlea alde batera utzirik, hurrengo diskoa noizko?

Treku: Lehenengo diskoa bezala, azaroan-edo. Seguraski irailean grabaketa-estudioan sartuko gara, eta hortik produktu berria aterako da.

Galdera: Pentsatu al duzue Kortaturen izena estatuan zehar zabaltzea, aktuazio gehiagorekin?

Treku: Bai, nik lana laster utzi behar dut eta. Lan batek asko lotzen zaitu. Espainiako hego aldetik dei asko ditugu.

Galdera: Honekin loturik dagoen gauza bat, telebistan atera behar al duzue?

Treku: Ez dugu gogo handirik. Gogo handia genuen Radio 3 irratiak antolatutako 24 orduetan parte hartzeko, baina bi egun falta zirenean ezetza eman ziguten, letra batzuk gogorregiak zirelako.

Poliki-poliki elkarrizketa aurrera doa eta botilaren likidoa beherantz. Zigarro baten bila altxatzen da. Guk, geure aldetik, itaunketarekin jarraitzen dugu.

Galdera: Bideoak direla eta ez direla. Gasteizko lehiaketan bideo bat aurkeztu zenuten, eta gainera bigarren saria jaso. Bideo gehiago egiteko ideiarik bai?

Treku: Ez dugu planteatu honelako gauzarik. Bideoa, korrika eta presaka, hiru egunetan egin genuen. Gainera honelako gauza bat egitea oso garestia da, 100 talego (600 euro) baino gehiago.

Galdera: Taldearen barruan aldaketaren bat egongo al da, hau da, instrumentu berririk sartuko al duzue?

Treku: Gauza hauek asko pentsatu behar dira. Dakizuenez zenbait kantatan Javi Tronpetarik jotzen du. Arrasatearra dugu eta Madrilen tronpeta ikasten ari da. Aldaketak beti damazkizu buruan, bueltak ematen. Baina oraingoz hori nahiko poliki doa.

Galdera: Musika alde baterik utzirik, politika?

Treku: Argi eta garbi dago zer garen, ezta? Baina hau dena kaleko ondorio bat dela pentsatzen dut. Bestalde, normala da, guk kaleko giroa bizi dugulako. Estatuan zehar, ba dabiltza zenbait talde kaleko letrak abesten, etab., baina gero bere portaera señorito batzuena da.

El País Semanal delakoan orain dela bi hilabete atera zen erreportajea komentatzen dugu. Kontatzen digu zer nolako giroan egin zen eta beste anekdota interesgarri batzuk. Autografoen gaiak beste anekota interesgarri eta barregarri batzuk dakartza. Badakigu zuek irundarrak izanik ez duzuela horrelakorik egingo, baina badaezpada ere jarriko dugu: ez eskatu autograforik, beraien ustez txorakeria bat delako.

Ardo botila bukatuta, han uzten dugu. Ordu bateko solasaldi atsegina amaitzera doa. Kasetaren barruan hamaika gauza polit eta dibertigarriak geratzen dira oraindik, baina hori dena paperatzea oso zaila da. Eskerrak ematea ahaztu zitzaigun, baina hemen gelditzen da idatzirik.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2014/01/06 18:37
Aipatzen duen Javi Tronpetari hori lankide izan dut Arrasateko Ospitalean. Mutil sano jatorra izateaz gain musikaren arloan jarraitzen du, abesbatza batean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter