Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Zubigileak Bilbon

Zubigileak Bilbon

Mikel Iturria 2018/07/08 11:55
Uztailaren 4an, Eduardo Madina eta Fermin Muguruzak Irungo Moskun izandako topaketari buruz Alfonso Zapico komikigileak egindako «Zubigileak» argitalpena aurkeztu zuten Bilboko Bidebarrieta liburutegian hirurek. Komikia Astiberrik kaleratu du eta ekitaldia Kike Martin kazetariak gidatu zuen.

Duela hilabete batzuk idatzi nuen hemen bertan Muguruza eta Madina zubigileak izeneko sarrera, Madinak Fermini Jotdown aldizkarirako eginiko elkarrizketari buruzkoa.

Topaketa hartan Humberto Bilbao argazkilariaz gain, Alfonso Zapico zegoen. Asturiarra komikigilea da eta goizpasa haren nondik norakoak kontatu ditu nobela grafiko batean.

Ez nuen Alfonso Zapico ezagutzen... duela hilabete inguru arte. Egun batzuk lehenago lagun batek esan zidan Zapicok «Zubigileak» komikia aurkeztuko zuela Donostiako Fnac-en.

Ez naiz oso komikizalea, baina aste horretan bertan erosi eta aski gustura irakurria nuen liburua.

Egilearekin lau hitz trukatu ondoren jakin nuen uztailaren 4an Bilboko Bidebarrietan elkartuko zirela bera eta bi protagonistak liburua aurkeztera.

Bidaia eta prentsaurrekoa

Arratsaldeko 16:30ak aldera atera da autobusa Donostiako autobus geltokitik. 17:50ak aldera, ordutegia betez, iritsi da Bilboko helmugara.

Lehen aldia da bertaratzen naizela Bilboko geltokia hankaz gora dagoenetik. Autobus berean igo da Iñaki Peña aka Patxi Lurra Zarautzen (duela hilabete batzuk Su(a) minetik bakera plazaratu du). Bi seme-alaba nagusiekin doa Bidebarrietara. Bera agurtu eta Irundik hamar minutu barru iritsiko den autobusaren zain geratu naiz.

Puntual iritsi dira Irungoak. Metroaren ordez, hobe dela tranbian joatea. Askoz hobe!

Arriaga antzokiko geralekuan jaitsi, inguruko taberna batean pintxo bat jan eta Bidebarrietara hurbildu gara. Prentsaurrekoa dago ekitaldia baino ordubete lehenago.

Astiberriko arduradunetako batek ongi etorria eman die bertaratutako komunikabideei. Badira batzuk, tartean grafikoak ere.

Uzkur daude hasieran kazetariak, baina mahaiaren bueltan eserita daudenek ez dira isil egotekoak eta erraz doa agerraldia. Bukaeran hainbat argazki eta protagonisten irudiak hartuko dituzte kameralariek.

Irudiak hartzeko kanpora eraman nahi dituzte Madina eta Muguruza, baina baten batek abisua pasa du: hamar-hamabost minutu falta dira hasteko eta pertsona asko dago zain atarian. Beraz, argazkiak barruan ateratzea erabaki dute.

Ekitaldia

Muguruza, Zapico eta Madina

Kike Martin irrati-gizona da hiruko mahaian jokoa banatuko duena.

Jone Unanuak dio toki bat duela soberan eta berarekin esertzeko lehen lerroan. Aldamenean daude Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia eta Alfonso Gil (PSE-EE) eta Lander Martinez (Podemos). Bosgarren lagun bat ere badago, emakume bat, baina ez dakit nor den. Ekitaldiaren amaieran, Bingen Zupiria (EAJ) Kultura sailburua ere hurbildu dela ikusi dut.

274 lagunentzako edukiera zuela aretoak esan zidan bertako langile batek pare bat egun lehenago telefonoz deitu nuenean jakiteko zer egin behar zen tokia hartzeko. Atzera begiratu eta eserlekuak beteta daudela ikusi dut.

Unamuno dago goitik so eta haren azpian, komiki bat eskuan duela, adi mahaikideek diotena entzuten mutiko bat. Zortzi-bederatzi urte izango ditu. Espainiako futbol taldearen elastikoa eta galtzak soinean.

Kike Martinek ongi etorria eman guztioi, mahaikideak aurkeztu eta berak dakien bezala banatuko du jokoa. Prentsaurrekoa erraz joan bada, aurkezpena bera are gehiago.

Behean itsatsiko dizuet ordubete inguruko bideoa hura entzuteko gomendioarekin. Baita euskarazko bertsioan irakurtzeko «Zubigileak».

Anekdota bat. Eduardo Madinak 7-8 urteko mutiko bat du Unax izenekoa (txikitan ezagutu zuen izen hori eta Ugalde abizeneko mutil bat eta beti izan du hura gogoko). Semeari pasa dio aitak komikia irakur dezan. Irakurri du Unaxek eta galdera batekin datorkio.

-Zuk diozu ezkerrekoak besteengatik kezkatzen direla, ezta aita?

-Tira, ez dakit nik hori esan ote dizudan, baina laburpen egokia da, bai.

-Zuk uste duzu Ferminen semea ezkerrekoa dela?

-Beno... ez dakit... baina haren ingurua ezagututa, seguraski bai.

-Zuk uste duzu Ferminen semea konturatu dela bera agertzen dela komikian eta ni ez?

Barre nabarmenak auditorioan.

Amaitu da dena, Zapicoren sinadura lortu (ale mordoa sinatu du, baina hobe aurkezpen ez hain jendetsutan eskatzea, orduan marrazkiak ere egiten baititu), hainbat lagun agurtu (Goizalde Landabaso, besteak beste) eta azkar atera gara Bidebarrietatik, berriro igo tranbiara eta, autobus geltokitik gertuko taberna batean pintxo batzuk jan ondoren, 22:00etako autobusa noiz helduko itxoiten geratu gara.

Donostian, jada bakarrik, konturatu naiz kargatu dudala bateria bolada baterako.

Uztailaren 6ko propina

Goizeko lehen kafea hartzen ari naiz lanetik gertu dagoen Koh-Tao kafetxean. Bakarrik nago, lankideak ez direlako jaitsi.

Mahaian dudan egunkaritik bista altxatu eta hara non ikusten dudan parez pare Unax Ugalde aktorea. Ez dut ezagutzen, baina eskua luzatu diot instintiboki.

Nire burua modu traketsean aurkeztu eta galdetu diot ea zer moduz joan den bezperako grabazioa (Black is beltza animaziozko filmeko ahotsetako bat da bera). Ondo joan zela dio. Orain ere estudiora doala gaineratuz. Fermin nire partez agurtzeko esan diot.

Bakoitzak bere bidea jarraitu du.

Zubigileak, tendiendo puentes en Bilbao, esta entrada en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter