Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Anari, atzera eta atzorantz nahi duen munduaren aurka

Anari, atzera eta atzorantz nahi duen munduaren aurka

Mikel Iturria 2024/07/22 17:30
Ekain Perezek "Lore hostoak" podkastean Anariri egindako elkarrizketa entzun dut azken bi egunetan. Zati bat transkribatu dut.

Apirilaren hasieran argitaratu zen EITB Podkast plataforman Ekain Perezek Anariri egindako elkarrizketa. Bi ordu eta erdi pasatxoko solasaldia da. Anarik 2024an kaleratutako Giza zarata diskoa aitzakia hartuta aritu ziren hizketan.

Anari y esta involución que nos está tocando vivir, este texto en castellano

Horretaz gain musikariak zazpi kanta hautatu zituen:

Ordubete eta bost minutu pasatxoren bueltan, disko berriko Kontinente zaharra kantua jarri zuen Ekainek.

Horri buruz galdetzen dio esatariak ondoren.

Eskubideak ez dira betirako

Ekain Perez: (...) Egia esateko, gero eta zaharkituagoak geratzen ari dira Europako edo kontinente zaharreko ideiak modernotzat dugun gizarte honetan, ezta?

Anari: Bai, ezta? Atzera eta atzorantz nahi duen mundua. Hasieratik neukan pixka bat ideia hori: seguraski bunkerra zen ideia. Eta gero bunkerraren kanpotik ditugun kapa horiek guztiak, tipula baten kapak izango balira bezala zabaltzen doazenak: kapa soziopolitikoa, kapa militarrak, polizialak, eta abar.

Eta seguraski honen muina dago azken eszenan: ze ederrago hondartzan jada eguzkia sartzen ari denean, zuri mugarik gabea otutzen zaizun itsaso hori, eta gure bunker intimo hori. Demagun Hendaiako hondartza eta ateratzen zara hortik eta ikusten duzu kale bat atzerago etorkinak, ezin dituztenak zubiak edo bideak pasa, errekan itotzen ari direnak, eta gu nola bizi garen libre ustean. Tira, ez dut uste ezer asmatzen ari naizenik tesi honetan; kapazko deskripzioa egin nahi nuen gure bunkerraren inguruan, zelofan baten modukoa.

Gai honekin lotuta eta zenbait eskubiderekin lotuta, denboraren perspektibak espero ez zenituen parabolak ematen dizkizu.

Ideologikoki ni ez naiz Gerra Zibilekoa, ni naiz Francoren garaian jaiotakoa, baina Franco hil zenean bost urte nituen. Beraz, esan daiteke Francoren osteko garaikoa naizela. Gure aurrekoek hainbat burnizko ate hautsi dituzte, eta pasatu dira. Eta esango nuke, gizartearekin batera, hazi izan garela eskubideak lortzearen ibilbide politiko eta sozial batean. Pilo bat ikasi dugu. Eta gu ere oso garai politiko gogorrean hazi izan ginen: ETAren eta borroka armatuaren garaiak, eta horren ondorena.

Gero pertsonalki ere nire bizitza, nire gorputzean, homosexualitatearen bidea. Hau da, esango nuke gauzak lortzen eta irekitzen zetozen bide batean etorri garela, eta historiaren ezusteko bira dramatiko eta penagarria da horren inboluzioa.

Gai honetaz ari garela, seguraski beti izan gara arrazistak, baina behintzat iritsiak ginen politikoki zuzenera. Orain ez, baina irakaskuntzan nabil, eta nire ikasle batek berdin dit zer pentsatzen duen, baina ezin du esan pentsatzen badu ere. Ez duzu eskubiderik hori esateko. Munduak aurrera egin dezan, dena esan beharrik ez dago.

Eta orain talka hori ere ikusi dut gazteengan. Hamabi urteko ikasle bati esan nion: “Tú de mayor vas a votar a Vox”. Voxeko ikasleak ditugu 11 eta 12 urterekin. Eta zer esan feminismoari buruz feminazi eta horrelakoak...

Lagunak eta irakasleen kontrako atake homofoboak, ikasleen kontra beti. Eta hau ezusteko oso txarra da. Eta kontinente zaharraren ideietatik hornitzen da Santiago Abascal; xenofobiatik ere abiatu dira.

Eta esan bezala atzera eta atzora nahi duen mundua. Ez dakit zehazki nora, baina gizona, gizon zuri, bai aberats eta pobre, izatearen deskolokatzetik dator hau dena. Eta bai, oso etsigarria da.

Garai desberdinak denbora berean bizitzearen errealitatea

Ekain Perez: Agian ur handitan murgiltzea da, baina geroz eta konplexuagoa dela norbanakoaren eta kolektiboaren arteko eztabaida edo analisia Europa zahar honetan, batik bat. Askotan betetzen zaigu ahoa kolektiboaren onurez hitz egiten, baina defendatzen dugun kolektibo hori beste kolektibo edo norbanako batzuk zapaltzeaz elikatzen bada, zer ari gara defendatzen?

Anari: Bai, intersekzionalitatea deitu zaion hori. Esango nuke gizarte osoari azken urteetako pentsamendu propioak eta gizarteari buruzkoak ekarri dizkion mugimendurik interesgarriena feminismoa eta transfeminismoa direla.

Eta intersekzionalitatea nik behintzat bide horretatik ikasi izan dut. Eta uste dut gutxi aitortzen zaiola, eta gizonek gutxi aitortzen dizkiotela feminismoari ekarri dituen beste hainbat gai ere.

Berriro nire burua aipatuko dut, baina iaz argitaratu nuen liburuan (Gari eta goroldiozko) badago autobus bateko eszena bat non adierazi nahi nuen garai desberdinak denbora berean bizitzearen errealitatea. Askotan ohiturak dira, askotan ideologia da, askotan denbora kontu bat bezala iruditzen zaizu.

Ikuspuntu hori askotan eman izan dit irakaskuntzak. Imaginatu Pakistango mendietatik etorri den hamar-hamaika urteko artzain bat. Bufalo emeen artzaina zela esan zidan behin ikasle batek. Hamaika urterekin etorri zen handik.

Galdetu nion ze herritakoa zen. Google Earth-en sartu nuen bere herria eta bertara joan ginen. Flipatu egin zuen. Ikusten zuen eskola, ikusten zuen herria... Ikaragarria zen berarentzat.

Niretzat sentsazioa zen mutiko horrek, bere arrebek eta lehengusuek, abioiko azkeneko bi eskaileretan ia bi mendeko saltoa egin zutela. Ematen dizu sentsazioa garai desberdinetako pertsonak bizi garela denbora berean, minutu berean.

Gero, ikasle horrek esan zidan bere benetako nahia zela Al Qaedan enrolatzea. Al Qaedako garaia da 2010a edo, gure kontra ari zirenean edo. Eta asko hitz egin nuen berarekin.

Niretzat irakaskuntza zerbait bada bizitza da. Eta gustatzen zait bizitzarekin, gizartearekin erabat pegatuta zaudelako.

Hori dena da intersekzionalitatea.

Faxismoa publizitatean

Ekain Perez: Bigilantzia kamerak, Schengen poliziak aipatzen dituzu, Europa irla blindatua bilakatu dela esanez. Hor beste eztabaida potolo bat zabaldu daiteke: segurtasuna eta askatasunaren arteko oreka. Badirudi bataren truke bestea kendu nahi digutela. Hau da, beldurraren arrazio konpartituaren soluzio gisa kamerez bigilatutako hirien segurtasunaren promesa eskaintzen digute libertate gutxiago izatearen truke.

Anari: Bai, paradoxa horretan ere bizi gara. Harrigarria da. Lehengo egunean entzuten nuen publizitatea ere baden faxismo huts hori, kamerei buruzko publizitatea gure irratietan. “Nire hondartzako etxean jarri dut ez dakit zer ez daitezen okupak sartu”. Benetan zeukan ideario osoa publizitate horrek. “Udaran ere beste etxera joaten naizenean ere seguru sentitzeko jarri dut kamera hau. Ez dakit zenbat segundotan deitzen dizute”. Tesi oso bat zuen publizitate horrek.

Hori da paradoxa eta emakumeen kasuan are gehiago. Ze ni behintzat askotan seguruago sentitzen naiz zaindutako eremuetan. Eta hor korapiloa doblea da.

Anari idatziz irakurtzea baino hobe entzutea. Solasaldi osoak merezi du eta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter