Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / (Ia) alfabeto bat Iñigo Muguruzari eskainia

(Ia) alfabeto bat Iñigo Muguruzari eskainia

Mikel Iturria 2019/12/18 19:45
Irailaren 5ean zendu zen Iñigo eta 55 urte beteko lituzkeen egunean, abenduaren 17an, omenaldia antolatu zuten familiak eta lagunek Bilboko Kafe Antzokian.

Autobusa

Arratsaldeko 17:30ean genuen hitzordua Irungo bixeran 60 bat lagunek. Batzuk besteak baino gehiago ezagutzen nituen noski, baina denok genuen harremana Iñigorekin.

Aspaldiko lagun batekin hurbildu nintzen, Iñakirekin.

Autobusean joango ginela jakin nuenean Bertso-Hop garaian 90eko hamarkadan urrutiko kontzertu handietara joateko antolatutako autobusak etorri zitzaizkidan burura. Bi gogoratzen ditut bereziki: Henry Rollins Band ikusteko Bordelera eginiko txangoa eta Red Hot Chilli Peppers Madrilen ikusteko bidaia.

Bilbo

Ferminek esan zuen Kafe Antzokiko taula gainean ezinezkoa izan zela omenaldia Irunen egitea. Amodio-gorroto harreman hori zure jaioterriarekin.

Baina Bilborekin Muguruzatarrek izan duten amodiozko harremana kontuan hartuz, eta ez hori soilik, oso egokia izan zen omenaldia Kafe Antzokian egin ahal izatea. Pena toki gutxi izan zela bertara joan nahi zuen jendetzarentzat, baina nik eskertu egin nuen, kontzentrazio erraldoiak gero eta gutxiago maite ditudalako, batez ere musika tartean dagoenean.

Catalunya

Joni D Hace Color-ek irakurri zuen testu bat Iñigo gogoratzeko. Ez nuen adi entzuteko parada izan, tabernan harrapatu ninduelako, baina ager dadila hemen Kataluniako muguruzatarren managerra ere izan zela atzoko gauean Bilboko omenaldian presente.

Delirium Tremens

Kortatu utzi zuenean, Iñigok denboraldi bat pasa zuen Nikaraguan. Handik bueltatu eta jada martxan zegoen Mutrikuko Delirium Tremens taldean hasi zen.

28 urte pasa dira DT taldea desagertu zenetik eta berriro elkartu ziren Iñigoren omenez lau kanta jotzeko. Andoni Basterretxeari eginiko elkarrizketa agertu zen asteleheneko Gara egunkarian (lotura ordainpekoa da). Interesgarria ikusteko nola ulertzen duen musika eta bizitza mutrikuarrak.

28 urte horiek ez dira alferrik pasa, baina ni Andoniren gitarrarekin eta abesteko modu horrekin geratzen naiz. Itsasora eramaten naute normalean.

Ezekiel

Iñigori ez zitzaion soilik musika interesatzen. Horren adibide Ezekiel muntaia. Oker ez banago, Sagarroi garaikoa. Hor hor zeuden Miren Gaztañaga, Ander Lipus eta Asier Ituarte garai haiek gogoratzeko obraren zati batekin.

Ez naiz gogoratzen oso ondo, baina buruak dio Irungo Amaia Antzokian ikusi nituela.

Martxel Mariskalen «Me llamo Ezequiel y así será siempre» eleberriaren egokitzapena taularatu zuten garai hartan, musika eta antzerkia nahasiz, eta horren zati bat eskaini ziguten Bilboko gauean.

Fermin

Fermin eta Iñigo. Iñigo eta Fermin.

Garai batean hainbat proiektutan elkarrekin ibilitakoak: Kortatu eta Negu Gorriak nabarmenenak.

Ez zion anaiari ohiko agurra egin nahi eta duela hiru urte, 2016ko abenduaren 17an, Iñigok izandako ideia batetik tiratu zuen Ferminek. Orduan berarekin batera musika taldetan ibilitako lagunak juntatu zituen Irungo pizzeria txiki batean, urtebetetzea ospatzeko.

Atzo horietako asko Bilboko Kafe Antzokiko taula gainean igo ziren agur esateko lagunari, talde kideari, irakasleari...

Eta horren bultzatzailea Fermin izan zen.

Gaztañaga, Miren

Ze erraztasuna duen emakume honek gauza zailenak erraz egiteko oholtza gainean. Bera izan zen emanaldia gidatu zuena eta horretaz gain Ezekiel-en hartu zuen parte eta Sagarroirekin batera bueltatu zen hainbat kanta abestera.

Ez dakit banda bat behar duen, baina antzerki munduan dabilenez, agian Asier Etxeandiak egiten duena egin dezake eta antzerkia zein musika nahastu ikuskizun batean.

Askok gozatuko genukeela esatera ausartuko naiz.

Hombre blandengue

Pablo Cabezak eginiko elkarrizketa batean esan zuen Iñigok El Fari gizon bigunen kontrakoa zela. Muguruza txikiak enbidoa hartu eta erantzun zion bera zela horietako gizon bigunetako bat.

Karmele Jaiok azken liburua Iñigori eta gizon berriei eskaini omen die.

Iñigo(rekin)

Taula gainean izan nuen harreman handiena Iñigorekin. Hau da, bera taula gainean eta ni beheko aldean hari begira. Baina Irunen toki berdintsuetatik ibiltzen ginenez, izan genuen bestelako harremanik ere. Behin baino gehiagotan joan ginen elkarrekin Donostiara zinera edo kontzertu bat ikustera.

Gogoan daukat 90eko hamarkadaren erdialdean edo behin kontzertu bat ikusteko geratu ginela Zurt tabernan. Nire buruak dio Christina Rosenvigerena zela, Antzoki Zaharreko ostegun iluntze batean. Baina beste zerbait izan zitekeen.

Abiatu ginen Irundik eta kilometro eskasa egina genuela kontrako bidetik auto bat zetorrela konturatu ginen. Iñigok argiak piztu eta klaxona jo zion, baina tipoa ez zen desbideratu. Aurrez aurre talka egin behar genuela uste genuenean, zorionez beste autoko gidariak frenoa zapaldu eta metro gutxi batzuetara baino ez ginen geratu.

Autotik atera nintzen pentsatuz gaizki zegoela beste gidaria, baina bera ere atera zen bere kotxetik eta gure kontra hasi zen, mekauenka, ni jo nahian. Gizajoak buruko gaixotasun bat zuela nabaria zen eta hala baieztatu genuen hurrengo egunean. Irun txikia baita.

Bidaia isil-isilik egin genuen hortik aurrera, ohi baino zurbilago. Ez naiz kontzertuaz gogoratzen.

Batzuetan bizitzan txiripaz egiten duzu aurrera.

Jabier

Anai nagusia. Txikienarekin hainbat proiektutan ibilitakoa, baina batez ere Joxe Ripiaun.

Taula gainean agertu zenean eskuetan orri batekin, berehala konturatu ginen Jabier ez zegoela broma askotarako.

Norbaitek «fiestón» hitza aipatu omen zion sarreran eta berak erantzun bera dolu garaian zela.

Jabierrek gogoratu zuen Karmele Jaioren dedikatoria, Irungo pizzeria txiki hura eta Iñigoren elefante baten tamainako bihotza.

Oharra: Berriak igo du Jabierren testua. «Elefante bihotza zeukan».

Kortatu

A priori, uste nuen Negu Gorriak izango zela gaua itxiko zuena. Ba ez. Ferminek Des-kontrol taldekoak gonbidatu zituen eta Pikete Lerroa ezizenarekin Kortaturen hainbat kantu jo zituzten elkarrekin gauari itxiera emateko.

Kortatu niretzat institutu garaia eta unibertsitateko lehen urteak dira. 16 urte nituen hasi nintzenean hirukotea jarraitzen eta nostalgia ondo dago, baina soilik bertatik sartu-irten azkarrak egiten badituzu.

Lurra / (Hiru) Leike

Xumeagoak izan ziren Iñigoren azken proiektuak eta azken aurrekoari Lurra izena jarri zion. Atzo Ane Garcia abeslariak gidatu zuen. Gaztetxoa zen talde hartan abeslari ibili zenean Ane eta orain hogeitaka urte ditu. Nabaritzen da, onerako.

Hiru Leike izan zen Iñigok sortu zuen azken taldea eta haurdunaldia nabarmen zuela abestu zuen Ane Odriozola kantariak Indidxabak taldeko lagunekin oraingoan.

Muguruza

Eta gaur hemen eta orain hiru anaien familiak aipatu nahi ditut.

Lehenik eta behin bikotekideak. Muxu bana Maite, Jone eta Estitxu.

Eta ekitaldian egon ziren Beñat, Unai, Irune eta Iñigoren bi alabak. Denei besarkada estu bana.

Negu Gorriak

Oraindik dardarka gogoratzen dut 1991ko irailaren hasieran Ezpeletan emandako kontzertu hura eta gorputzeko ile apurrak tente jartzen zaizkit.

Ez zuten bigarren gitarrista bat gonbidatu Iñigoren hutsunea presenteago izateko. Haiei eta denei begira egon baitzen Iñigoren erretratu bat ekitaldiak iraun zuen bitartean.

NG Brigada Peligrox gisa bataiatu zuten laukotea. Urteak pasatzen dira, baina tinko irauten du oraindik haien errepertorioak.

Publikoa

Lehendik esan dut jendez gainezka zegoela Kafe Antzokia eta hori ere pozgarria izan zen.

Ez bakarrik musikariak, publikoa ere adinean aurrera goaz eta batzuei besteei baino gehiago nabaritzen zaigu zahartu garela.

Baina ez ginen soilik zaharruno kuadrilla bat bildu. Gazteak ere izan zuten presentzia.

(Joxe) Ripiau

Maite zuen Iñigok zarata eta rocka. R-arekin jarraitzeko, Rory Gallagher adibidez. Baina maite zuen ere Karibea, Kuba eta Jamaika.

Doinu haiek euskaratzea eta festa giroa izan ziren Joxe Ripiauren ezaugarri nagusia. Makina bat festatan jo zuten, baina atzo ez zeuden festa askotarako.

Mina nagusi eta kanta bakarra. Ahotsik gabe, gainera. Hutsunea nabarmenago eginez.

Sagarroi

Rock doinuetara itzuli zen Joxe Ripiauren ondoren eta zoragarria izan zen Sagarroi taula gainean ikustea lehen aipatutako Miren Gaztañaga buru zutela.

Gozada biderkatua Asier Ituarteren tronboia hain ondo entzutea, forman.

Tenk

Aspalditik ezagutzen zuten elkar Martxel Mariskalek eta Iñigok. Oker ulertu ez banuen, Hondarribiko institutu garaitik. Elkarrekin aritu ziren Desband taldean Xabi Lopez-ekin batera.

Martxel Mariskalen spoken word proiektu berria da Tenk eta harekin batera azaldu ziren Karlos Txap Osinaga (Lisabö), goian aipatutako Xabi Lopez (Beti Mugan) eta Santi Noain.

Beste egoera batean ikusi nahiko nituzke, pozgarria baita Mariskal zertan dabilen jakitea.

Underground

Berriro demostratu zen gure eszenak zenbat zor dien gaztetxeei eta mugimendu alternatiboei.

(Bingen) Zupiria

Egun gogorra atzo EAJrentzat De Miguel auziko epaia kaleratu zelako. Baina hori beste kontu bat da. Gaur ez da tokatzen, Jordi Pujolek esango lukeen bezala.

Bingen Zupiria Kultura sailburua zegoen publiko artean. Nik sarreran ikusi nuen soilik, bigarren pisuan egon bainintzen hiru orduko ekitaldia bertatik jarraitzen.

Gogoan dut Zupiria, Deiako zuzendari garaian, Ferminen kontzertu bat ikusten Ondarroako Kafe Antzokian.

Underground bai, instituzioak ere bai. Instituzioen lana eta dirua nahitaezkoak baitira gure kultura pikutara joan ez dadin.

P.S.: Petti ere igo zen abestera, baina jada ez dut norekin aritu zen gogoratzen (eskerrik asko Ana Galarragari: Lurra taldearekin jo zuen kanta batean).

Bi kronika irakurri ditut: Garan Izkander Fernandez eta Berrian Inigo Astiz (argazki ederrak, bide batez). Zer esanik ez Gaizka Peñafiel-en hauek.

(Casi) un alfabeto para Iñigo Muguruza, este apunte en castellano.

ESKERRIK ASKO!
Gora Iñigo!
2019-XII-17
(argazkia: @gaizkapenafiel ) pic.twitter.com/2bkbz1UJn7

— Fermin Muguruza (@muguruzafm) December 18, 2019

Hamaika Telebistarentzat Koldo Otamendi, Maddi Mochales eta Jabi Juberak egindako pieza hau mimoz eta gustu handiz egina dago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter