Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Utikan dogmatikoak

Utikan dogmatikoak

Mikel Iturria 2010/05/06 06:05
Bil´in My Love dokumentala proiektatu zuten Donostian joan den astean. Amorratuta eta lotsatuta nago oraindik jende artetik hitza hartu zuten pare bat pertsonarekin.

2005ean Bil´in herrira (Zisjordania) joan zen Shai Carmeli-Pollak zuzendari israeldarra (berak ez du bere burua zinema errealizadore gisa ikusten, ekintzaile baino) bertan gertatzen zena filmatzera. Israelgo Estatua harresia egiten ari zen eta aipatu herriko lurraldeak bitan banatzen. Beste toki batzuetan bezala, herriko jendea egoera horren kontra altxatu zen. Izan ere, herriak eta familiak zatitzen baitzituen/baititu aipatu murruak.

Desobedientzia zibila, umorea eta gerrilla urbanoaren teknikak erabiliz, palestinarrak Israelgo Armadari aurre egiten saiatzen ziren (dira, irakurri Alberto Arceren artikulu hau). Palestinarrez gain, Israelgo ekintzaile (Anarchists against the Wall) eta nazioarteko aktibista batzuk parte hartzen zuten borrokan.

Ekintzaile horien artean Shai-ren anai bat zegoen. Shai-k 300 ordu grabatu zituen eta horrekin dokumentala prestatu (Claudius Films etxeak ekoitzia). Filma 2006ko uztailean estreinatu zuten Jerusalem-en eta munduan barrena dezente mugitu da hainbat jaialditan. Beraz, bide luzea eginda etorri da Bil´in, My Love filma Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldiaren VIII. ediziora.

Filmaren hasierak kolpatu egin ninduen: Palestinako baserritar bat erotzeko moduan jartzen da etxeko olibondoak errotik ateratzen dizkiotenean, dozenaka urte zituzten arbolak. Poliziak hainbat kameraren aurrean atxilotzen du gizona, bortizki.

Ekintzez gain, filmean zehar ekintzaile ezberdinekin (batez ere palestinarrak) izandako solasak agertzen dira, baina baita, harrigarria bada ere, armadak manifestarien aurka egiten duen bitartean, Shai-k armadaburuarekin dituen solasaldiak. Normalean, errealizadoreak kristorenak eta bi esaten dizkio.

Filma amaitu zenean, txalotu egin nuen. Gogotik. Ondoren, solasaldia abiatu zen: Shai (zuzendaria), Claudia Levin (ekoizlea), Fermin Muguruza (berak gomendatuta ailegatu baita filma Donostiara) eseri zien eszenatokian, Begoña del Teso moderatzaile lanetan hasi zelarik.

Lotsatu egin nintzen bi lagun, batez ere, Shai-ren kontra hasi zirenean: Israel estatu terrorista bat da, zuk zer egiten duzu Israelen, boikota egin behar zaio Israeli... eta abar. Ezin nuen sinetsi. Palestinarren borroka erretratatzen duen filma egiteagatik hainbeste arrisku hartu dituen pertsona bati? Ezin nuen sinetsi eta lotsatuta ere banago isilik geratzeagatik une hartan.

Zuzendaria bera ere harrituta zegoen: inoiz ez zitzaiola horrelakorik gertatu; Israelgo fanatikoek egin izan diotela aurre, baina inoiz ez palestinarrek edo beren aldekoek.

To eta no! Euskal Herrian gertatu behar. Horrelako defendatzaileekin jai du Palestinako herriaren kausak.

¿Dogmáticos? No, gracias. Este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter