Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / 121 kafe ale, 121 disko irakurketa

121 kafe ale, 121 disko irakurketa

Mikel Iturria 2012/10/28 21:35
Kafea eta galletak izeneko proiektuaren ekimenez 121 musikazalek beste hainbeste disko aukeratu dituzte eta horiei buruzko testu bana idatzi. Errua Leire Lopezek eta Ibon Rodriguezek dute.

Lerro hauek idatzi aurretik nire posta elektronikoan arakatu eta Ibon Rodriguezek 2010eko azaroaren 30ean idatzitako proposamena irakurri dut. 2009ko otsailaren 14an ezagutu nuen, Giorgio Bassmattik Gernikan emandako kontzertura hurbildu nintzelako. Kafea eta galletak proiektuaren laugarren boloa zen hura. Han ezagutu nuen Leire Lopez ere.

Abenduaren 8an bidali nien mezu bat esanez zein izango zen diskoa:

"Azkenean pentsatu dut zein izango den aukeratutako diskoa: Negu Gorriak-en Gure Jarrera. Kortatu eta NGren artean egon naiz dudatan, baina Gure Jarrerak eman zion hasiera Esan Ozenki diskoetxeari eta hori garrantzitsua da".

2011ko otsailean bertsio ia behin-betikoa aurreratu eta urte bereko apirilean idatzi nuen definitiboa. Hemen behean itsatsi dut.

Eta zer nahi duzue esatea liburuaren inguruan? Ederra dela emaitza. Denetarik egongo da, baina irakurritako apurrek asebete naute. Eskerrik asko Leire eta Ibon abentura honetan sartzeagatik.

121 granos de café, 121 discos, este apunte en castellano

Negu Gorriak-en Gure Jarrera diskoa: 20 urte joan dira

Disko (zahar) bat oroitzapen kaxa bat da.

 

Kortatu taldearekin, besteak beste, hasi nintzen musika munduan murgiltzen. Institutu garaiak ziren haiek eta herriko taldea zen, gainera, 1988ra arte ibilbide arrakastatsua egin zuena. Adio esan zutenean askok ez genuen ulertu zergatia (gazteegia nintzen seguraski). Halere, dagoeneko konturatuta geunden Fermin ez zela geldirik egoteko jaio.

 

Trekurekin eta Iñigo anaiarekin batera sortutako Kortatu utzi ondoren, Egin Irratiaren sortzaileetako bat izan zen Fermin. Argia aldizkarian eginiko Ehun ginen kolaborazioa aprobetxatu zuen Iñigorekin eta Kaki Arkarazorekin batera sortutako proiektuaren berri emateko.

 

2010ean publikatutako Txinaurriak diskoaren aurrekari izaniko Txerokee lanaren proiektuan hartu zuen parte Negu Gorriak-ek 1990ean, Xabier Montoiak gonbidatu baitzituen Mikel Laboaren omenezko bilduma hartan parte hartzera. Gaberako aterbea izan zen aukeratutako abestia eta kanta horretatik hartu zuen izena.


 

Jendaurrean lehen aldiz Herrera de la Manchan azaldu ziren, 1990 urte amaieran, Negu Gorriak lehen diskoa plazaratu ondoren. Gure Jarrera 1991ko apirilean publikatu zuten, Esan Ozenki sortu berriaren lehen erreferentzia. Jadanik hirukotea boskote bihurtua zen Mikel Abrego (bateria) eta Mikel Kazalis (baxua) musikariekin batera.

 

Eta 1991ko irailaren 7an ikusi nituen lehen aldiz zuzenean, Ezpeletan, taldeak Europan zehar bigarren lana ezagutzera emateko asmoz abiatutako biraren lehen kontzertu ofizialean (aurretik bi emanaldi ofizioso egin zituzten Bilboko gaztetxean eta Hernaniko La Bodegan). Ezpeletako egun hartan kartelean hiru banda aritu zirela nuen buruan, baina Dirty District paristarrak aritu zirela gonbidatu gisa dio NeguGorriak.net guneak.

 

Diskoa udaberrian argitaratua zen eta jadanik ondo baino hobeto genituen bereganatuta kanta guzti haiek. Dena den, Ezpeletara hurbildu ginen koadrilako lagunak txundituta geratu ginen aurrez aurre ikusi genuenarekin. Ez dakit salto asko egin ote nuen, nire buruan lurrari itsatsita geratu nintzela baita gordetako irudi bakarra. Inoiz ikusi gabeak baikinen bertako talde baten antzeko ikuskizunik. Handia zen taldea, bai.

 

1992ko abenduan Parisera joan nintzen egun batzuk pasatzera eta Farenheit aretoan ikusi genuen Negu Gorriak-en emanaldi berri bat. Hiesaz kutsatutako gaixoen aldeko elkarte batek antolatutako gaua zen. Bertan ikusi nuen NGzaletasuna anitza zela. Adibide gisa, nire begiekin ikusi bainuen, zapata txukunak, gona moñonoa eta gordasola apainarekin Japoniatik ex-profeso Negu Gorriaken kontzertu hura ikustera etorritako señorita japoniarra..


 

Eta Japoniatik iritsi zen urte horretan bertan, 1992an, etxean ondo gordeta dudan Gure Jarrera diskoaren edizioa, Irungo Bertso-Hop musika dendan erosia.

 

Bertso-Hop. 1989 urtearen bueltan zabaldutako proiektua. Ione, Jabiolo, Jitu eta Fermin ibili ziren urte haietan lanean, Vómito Social taldeko Víctor abeslaria ahaztu gabe komikien atalean. Bertan ikusi nuen lehen aldiz Euskal Herrikoak zirela disko nazionalak eta bazela alternatibo izaterik Luis Marianoren kanten bilduma bat salduz. Diskodenda hori oso garrantzitsua izan baitzen nire heziketa musikalean. Hori eta garai hartan musikari tartea eskaintzen zioten tabernak, noski.


 

Negugorriak.net gunean dagoen informazioari esker gogoratu dut Rock de Lux aldizkariak 1991ko urteko diskorik onena izendatu zuela Gure Jarrera. Taldearen ibilbidea markatuko zuten ezaugarri guztiak jasotzen ditu: hainbat iturrietatik edateko abilezia (B. S. O. abestian zioten bezala: sustraiak, rock, rap, reggae; hau da, Jon Maia bertsolaria eta Mano Negra nahastea edota Fugaziren Song Number One euskaratzea), hamaika kausarekin lotzeko gaitasuna (Ez dezagun sal eta porlanaren kontrako borroka; 80. hamarkadako Ertamerikako Bisitari iraultzailea; Galindoren negozioak eta Ustelkeria, taldea auzitegitik eta hormaren kontra jarri zuen prozesu judiziala). Dena bandaren ohiko soinu gordinaren pasapuretik iragazia.


 

Hogei urte pasa dira disko hau publikatu zenetik. Hamar urte jada taldeak agur esan zuenetik. Denbora ez da alferrik pasatzen, baina garaipenak geurea izaten jarraitu nahi badugu esnatzeko garaia da: sinetsi, batu eta antolatu. Bakoitzak jar dezala esaldi hau nahi duen testuinguruan. Amen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter