Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Pakita, in memoriam

Mikel Iturria 2012/08/05 19:35
Haurra nintzela, egunero bi pertsona etortzen ziren etxera. Biak goizeko 8ak baino lehen. Bata, okina zen, Pablo. Bestea, esnea partitzen ibiltzen zena, Pakita. Uztailaren 27an hil zen.

Pablo kontratatua zen eta jai izaten zuen igandeetan, baina Pakita bere kontura aritzen zen eta ez zuen barkatzen. Egunero hurbiltzen zen esne bila. Esnea hartu eta gero etxez etxe banatzen zuen.

Bere bizitza guztian lanean ikusi dut andre hau. Goizeko 5ak aldera jaikitzen zen: uda izan, negu izan, jai eta lan-egun. Horrela ibili beharra zuen? Garai batean, seguraski bai, baina gero ez zuen nezesidaderik horrela aritzeko; barruak eramango zuen bide horretatik, batek daki.

Hamasei urte nituela bihurritua izan nuen orkatilan. Berak eramaten ninduen institutura. Gogoan dut gurea bezalako baserrietan jasotako esnez beterik izaten zituela marmitak autoan, baita etxe ezberdinetan ematen zizkioten ogi zaharrak eta txerri jana ere.

Saltzeko moduan ez zegoen patata ere izaten zuen. Saltzeko ez, baina bai jateko moduan. Ezagunei eta bizilagunei ematen zien debalde.

Horrela ibili zen baserria bota zioten arte. Behirik gabe gelditu zen orduan, baina lanean jarraitu zuen.

Duela bi urte eskas edo, esklerosiak harrapatu zuen eta horren eraginez hil da. 78 urte zituen.

Pakita, in memoriam.

Zer gertatzen ari da Donostiako Udaletxean?

Mikel Iturria 2012/07/27 08:55
Arraroak oso egiten ari zaizkit Donostiako Udaletxean politikarien artean, egunak joan egunak etorri, kamera aurrean ikusten ditudan hainbat gauza.

Ez ditut gehiegi jarraitzen Donostiako Udal plenoak, baina jarraitzen ditudan apurretan iruditzen zait demaseko espektakularizazioa dagoela. "Sálvame" txiki bat.

Ezin dut sinetsi egoera normal batean Nereak Denisek dioena esan izana. Eta sineskaitza egiten zait nik ezagutzen dudan Nerea ez delako horrelakoa.

Arraroa oso egiten zait ere Denisen erreakzioa. Susanak ere jenioa badu, baina ez da pertsona gaiztoa.

Beraz, galderak baditut, baina erantzunik ez.

Zer gertatzen ari da Donostiako Udaletxean?

P.S.: Denisen bertsioa Por algo será apuntean (bide batez, blogeko komentario batzuk ere oso maila eskasekoak dira). Nerearen bertsioa Bilduren tuit honetan.

Eguneratzea. 19:30. Urak baretu direla dirudi: Demokrazia ikuskizun (Bilduren oharra) eta Denis Itxasoren komentarioa.

Pasazaite, argitaletxe berri bat Euskal Herrian

Mikel Iturria 2012/07/15 22:50
Inportazioko liburuak euskaraz kaleratuko dituen argitaletxea jaio berri da.

Barkatuko didazue, baina argitaletxe honi buruz idatzi aurretik, edizioari buruzko apunte batzuk botako ditut.

André Schiffrin estatubatuarra editorea da. Eskarmentu handikoa, gainera; 1962an hasi baitzen lanean. Aitak (beste batzuekin batera) sortutako Pantheon Books-en ibili zen 1990rarte eta urte horretan sortu zuen oraingo proiektua, The New Press.

Alicia Dujovne Ortizek idatzitako El dinero y las palabras artikuluan izan nuen Schiffrin-ek idatzitako titulu bereko liburuaren berri. Duela hilabete irakurri nuen Penínsulak kaleratutako liburua. Bi lan labur biltzen ditu: El dinero y las palabras (2010) eta La edición sin editores (1990).

Edizioaren mundua kapitalismoaren laborategi gisa aztertzen du liburuak. Izan ere, XX. mendeko bigarren zatia ondo aurreratua izan arte, oraindik XIX. mendeko argitaletxeen eredua zegoen indarrean nagusiki.

Editorearena ofizio bat zen, ez negozio bat. Liburu interesgarriak publikatu, fakturak pagatu eta mozkinen bat atera urte amaieran. % 1a, normalean.

Kapitalismoaren munstro erraldoiek edizioaren mundua begiz jo zutenean, aldiz, prestigiodun argitaletxeak erostea izan zuten xede. Eta erraldoiak sartzen ziren tokian, jada ez zen nahikoa fakturak pagatzea: urtero % 15eko irabaziak lortu behar ziren, gutxienez.

Mozkinak lortzeko egile eta titulu gutxiago izan behar katalogoan, liburuen salmenta plana minimo batzuetara iritsi behar (20.000 aleko tiradak duela 10 urte; 60.000koak egun AEBetako argitaletxe handietan), etab.

Erraldoiek merkatua kontrolatzen badute ere, liburu interesgarrienak argitaletxe independenteek kaleratzen dituzte. Arazoa baino, banaketa eta hedapena dira. Frantzian, argitaletxe txikiek urtero publikatzen diren 38.000 liburuen herena argitaratzen badute ere, salmentetan soilik %1a dira.

Honetaz gogoratu nintzen pasa den ostegunean Donostiako Kaxilda Liburudenda zabaldu berrian Pasazaite argitaletxearen lehen liburua aurkezten zuten bitartean Ion Olanok eta Josu Zabaletak. Argitaletxearen atzean Xabi Queiruga galegoa dago. Eta euskara ikasten ari den galego honek euskarara itzulitako liburuak publikatzeko proiektua abiatu du hainbat laguntzailerekin.

Lehenengo liburua Andrej Longo italiarraren Hamar da. Sustatun kontatzen dute zertan dabiltzan Pasazaite, inportazioko liburuak apuntean. Itzultzaileari dagokion tokia eman nahi diotenez, Josu Zabaletari elkarrizketa bat egin diote bideo honetan.

Zorte on eta urte askotarako Pasazaite eta Kaxilda!

Eguneraketa. Uztailak 16. 21:35. Gaur goizean Leioako Liburutegiak tuit baten bidez gogorarazi didan bezala, argitaletxe txiki gehiago sortu da azken boladan: Edo! argitaletxea eta Gaumin, besteak beste.

Las editoriales pequeñas nos dan vida (este apunte en castellano).

Miguel Angel Blanco hil zutela hamabost urte

Mikel Iturria 2012/07/11 08:30
Zortzi urte egingo ditu asteburu honetan blog honek. ETAk Blanco erail zuela hamabost urte beteko dira uztailaren 12an. Zer kontatuko nukeen garai hartan bloga izan banu? Hortik sortu da apuntea. Hortik eta gauza asko kontatzeke daudelako.

Ez dut gogoratzen nola jakin nuen Ermuako zinegotzia bahitu zuela ETAk, baina bai gogoan dudala 1997ko uztailaren 11n Hondarribian nengoela, lagun baten ezkontza ospatzen. Ostiral gauean elkartu ginen.

Gurekin batera ikasten ibilitako bat ertzaina zen. Eta Miguel Angel Blancoren bahiketari buruz aritu ginen hizketan. Tipoa goiz erretiratu zen, hurrengo egunean lan handia aurreikusten zuelako.

Ezkontzaren ondorengo eguna, Irundik Donostian izan nuen lehen etxebizitzara aldatzeko aprobetxatu genuen. Bazkalostean telebistari begira ari ginela, ajea gainetik kendu nahian, ETBko flash batek esnatu ninduen: Lasarte inguruan agertu zela arratsaldeko 16:30ak pasata zinegotziaren traza zuen pertsona bat, larriki zauritua. Goizaldean zendu zen gizona eta Dorre Bikiak erori ziren eguneko sentsazioa bera izan nuela dut gogoan. Munduaren akabera edo.

Igandean, oker ez banago, elkarretaratzea deitu zuten agintariek Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean. Hainbeste jende zegoen bilduta, ezen orduko Herri Irratia (oraingo Onda Vasca) emisoraren parean egon baikinen, plazara sartu ezinik.

Gure aurretik pasa zen Álvarez Cascos ministroa, PPko hainbat buruzagi eta bizkartzainekin, jendearen txalo artean. Gaurko egunetik begiratuta hori ere ez diot ETAri barkatzen: elkarretaratze batera joatea eta Cascos bezalako jendilajearekin topo egin behar izatea.

Lizarra-Garazikoaren ondorengo urteetan, ETAk norbait akabatzen zuenean, Donostiako Udaletxe aurrean deitutako elkarretaratzeetara joaten nintzen. Halako batean, nazkatu egin nintzen politikariek komunikabideen aurrean egiten zuten showaz eta horietara joateari utzi egin nion.

ETAri kosta egin zitzaion ulertzea agur esan behar zuela, baina azkenik zorioneko erabakia 2011ko urrian hartu zuten.

Esan bezala, gauza asko idatzi dira urte hauetan guztietan, baina beste hainbeste izango ditugu kontatzeko.

Blogari gisa, horrelako ariketak tokatzen dira noizean behin; lagun gisa, 1997ko uztailaren 11n ezkondu ziren haiek zoriontzea tokatzen den bezala.

Spain is different?

Mikel Iturria 2012/07/02 08:35
Futbola, futbola, futbola.

Ados. Espainiako Futbol Elkargoak batu duen jokalari taldea azken lau urteetako onena da. Oso ondo jokatzen dute eta Italia baina askoz hobeak izan ziren igandean. 4-0. Punto.

Poloniara eta Ukrainiara joan aurretik, jokalariek hitzartu zuten bakoitzak 300.000 euro kobratuko zituela Europako txapeldun izanez gero. Eta diru horrengatik ez zituztela zergak pagatuko Espainian. Nork aholkatzen ditu mutil hauek? Etsaiak?

Valentzia inguruan sute latzak izan dira azken egun hauetan eta egoera ez da erraza (ez bakarrik Valentzian). Horrelako momentu batean, Espainiako gobernuko presidenteak, Felipe printzea alboan zuela, Ukrainiara joatea erabaki zuen. Espainiako jokalariek golak sartzen zituzten bitartean, denak Sandro Pertinik 1982ko Espainiako mundialean egin bezala ezin protokoloa gorde.

Berriro diot: hori gertatzen zen bitartean sute itzelak Valentzia aldean. Eta ez dirudi gauzak naturalki gertatzen direla. Hau da, erakundeek (ez) hartutako erabakiek badute ondoriorik. Errekorte famosoetaz ari naiz.

Hotzean pentsatuta, astakeria da...

Baina gu ez gara hobeak. Euskal Herrian ez dago selekzioa animatzerik, baina norberaren taldeak zerbait irabazteko aukera duenean berdin jokatzen dugu.

Besterik gabe.

P.S.: gaur 20 urte hil zen Camarón.

Spain is different?, este apunte en castellano.

Iñaki Iñarrak amonari eginiko omenaldia

Mikel Iturria 2012/06/23 08:30
"Amatxo" izeneko 14 minutuko bideoa eskaini dio Iñarrak amona Pilarri.

Galdera bota zuen asteazkenean @lacajadezapatos-ek. Donostiako amona baten istorioa kontatzen zuen film laburraren bila ari zela. Handik gutxira erantzun zion @tipitto-k Amatxo izango zela berak bilatzen zuena.

Ez nuen ezagutzen Iñaki Iñarraren lana. Berri samarra da: hilabete pasatxo darama sarean soilik.

Araban 1917an jaiotako amona Pilarri eskainitako film laburra oso hunkigarria da. Ikusi ez baduzue, eskaini asteburu honetan hamalau minutu.

Silvio, Trianako rockeroa

Mikel Iturria 2012/06/16 23:35
Sevillako musikari bat, 2001ean hil zena.

Telebista aurrean nengoen futbola ikusten. Aspertuta. Halako batean, itzali egin dut telebista eta piztu egin dut ordenagailua.

Españetti Western apuntera iritsi naiz. Bertan, Sevillako Pájaro izeneko gitarrajole baten azken lanaren berri ematen zuen Javier Gallegok. Pájaro Silvio Fernández Melgarejorekin ibilia zela zioen.

Silvio ez dut gehiegi ezagutzen, baina bertako legenda bat da, musikari askok aipatzen baitute. Noizbat aritu naiz Spotify-n hari buruzko materialaren bila eta gaur 1980 disko batekin egin dut topo Al este del Edén (Silvio y Luzbel). Gainera, hiru bideo ere aurkitu ditut. Merezi dute.

"Se supone, Quintero, que un rockanrolero se mueve mejor que un nazareno.... Se supone... Existe el rock and roll y existe la Iglesia. Existe el Vaticano. Existe el roll. Existimos nosotros, aunque nosotros en realidad lo único que hacemos es verlo (...) Hay que tener roll, rooll, hasta para llevar un paso. Porque es la única manera de que no te pese nada. Porque la palabra roll significa danceo".

Ea zein den bere ama birjina galdetzen dio Quinterok:

"Mi virgen es Patrocinio. La Virgen del Patrocinio. (...) Yo soy nacionalista. De Triana. (...) ¿Dónde están los empleados?"

2001ean hil zen Silvio. Eta sarean topatu dut A la Diestra del Cielo (2007) dokumentala, Francisco Bech-ena, (Canal Sur telebistaren webgunean oso-osorik ikus daiteke: ordu eta erdikoa da). Azpialdean doaz dokumentalaren bi zatitxo (bigarrenean bere semea agertzen da).

Amaitzeko: Juan y Mediok galdetzen dio ea bera garaile edo galtzaile sentitzen ote den. Silviok erantzuten dio bera garailea dela. "Un perdedor es el que tiene ansia y un ganador el que tiene suerte". Amen.

Un rockero de Triana llamado Silvio, este apunte en castellano.

Emak Bakia baita filma egin du Oskar Alegriak

Mikel Iturria 2012/06/12 08:15
Mexiko aldean dabil Oskar bere filma aurkezten. Donostian ikusteko aukera izango dugu datorren irailean.

Apenas ezagutzen dudan Oskar Alegria errealizadore nafarra, baina hainbat tokitatik berari buruz iritsi zaizkidan hitzak beti laudoriozkoak izan dira.

Urteak pasa ditu Oskarrek Ray Man-ek 1926an Emak Bakia filma grabatzeko erabilitako etxearen atzetik eta, azkenean, lortu du lan hori guztia dokumental bihurtzea. Ez baita erraza hain ospetsua den artista bati buruzko filma egiteko baimen guztiak lortzea, besteak beste.

Lortu ditu eta uste dut denak gozatu ahal izango dugula emaitzarekin. Hemen behean doa trailerra.

Berriki Mexikon proiektatu berri dute eta hona hemen Jorge Ayalak cinedocente honi buruz idatzitakoak.

Beste ilustre batzuk ere aipatu dituzte hainbat gauza:

“Honatx Man Ray bera txoratuko lukeen filma”.
Víctor Erice, zinema zuzendaria

“Zoragarria, zentzu guztietan".
Chris Fujiwara, Undercurrent aldizkariko editorea

“Zinema adimentsua eta zintzoa: bideak gain hartzen dio helmugari”.
Corneliu Porumboiu, Cannes 2006ko Urrezko Kamera

“Haizeak eta halabeharrak eragina dute film xarmangarri honetan; baina eskua da maisu”.
Bernardo Atxaga, poeta eta idazlea

“Denboraren iragaiteari buruzko hausnarketa hunkigarria, zinema egina”.
Eric Pauwels, 2010eko Cinéma du Réel aipamen berezia

Oskar Alegria ha culminado su documental Emak Bakia baita, este apunte en castellano.

Nor izango da Donostiako alkate urtebete barru?

Mikel Iturria 2012/06/09 16:25
2011ko ekainaren 11n aukeratu zuen Donostiako plenoak Juan Karlos Izagirre bertako alkate. Jar gaitezen 2013ko ekainean.

Gogoan izango duzue Bilduk osatutako zerrenda izan zela bozkatuena eta horrek ekarri zuela Odon Elorzaren agurra (1979tik zinegotzi; 1991tik alkate).

PSE-EEk ezetz esaten badu ere, gertu ditugu Gasteizko parlamenturako hauteskundeak. Ez dirudi 2013ko udaberrian izango direnik eta gero eta gehiago aipatzen da 2012ko urria-azaroa.

Duela hainbat astez Garak argitaratutako inkesta baten arabera, Bilduk 24 eserleku lortuko lituzke, 22 EAJk, 15 PPk, 12 PSE-EEk eta 2 Ezker Anitza-IUk.

Garbi dago EAJk Ajuria-Eneara bueltatzeko ahaleginak egingo dituela. Beraz, Urkullu izango litzateke hurrengo lehendakaria eta ikusteko dago norekin elkartuko diren jeltzaleak.

Gasteizen bada jendea uste duena sozialistek ez dutela gobernua utziko. Beraz, PSE-EErekin akordioa lortuz gero, zer eskatu dezakete sozialistek trukean?

Gauza jakina da Ernesto Gascori asko gustatuko litzaiokeela Donostiako alkate izatea. Horretarako nahikoa da EAJ eta PSE-EEk aldeko botoa ematea (14 zinegotzi dituzte eta 27k osatzen dute plenoa).

Aukera gehiago ere egon daitezke: Gipuzkoako Foru Aldundian egon daitezke mugimenduak; EAJk PPrekin lor dezake akordioa; Bilduk mugimenduren bat egin dezake...

Politika fikzioa egiten ari naiz. Ados. Baina ez dut uste oso urruti nabilenik.

¿Quién será el alcalde de San Sebastián dentro de un año? Este apunte en castellano.

Raxoiren lehengusua

Mikel Iturria 2012/05/31 08:15
Klima-aldaketari buruz 2007an esandakoak.

Duela ez hainbeste, Mariano Rajoy (Raxoi) ez zen Espainiako presidentea. Ondo gogoratuko duzue urteak eman zituela PPren buru gisa, baina oposizioan. Arrisku-prima gora eta arrisku-prima behera, gaur aldaketa klimatikoaren inguruan 2007. urtean bere lehengusu bat aipatu zuela etorri zait burura.

Prima. Lehengusua. Lehengusina. Primoak gu. Nosoträsh.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter