Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Zaharrak handitzen doaz

Zaharrak handitzen doaz

Mikel Iturria 2025/08/10 09:21
Amarekin pasa dut normalean baino denbora gehiago azken bi aste hauetan. Medikuarengana eraman nuen aurreko astean. Obretan egoten diren prefabrikatu horietako baten hartu gintuen medikuak. Azken laupabost urteetan horrela izan da.
Zaharrak handitzen doaz

Irungo anbulategiko kontsulta bat

Esan bezala, amarekin medikuarengana hurbildu nintzen abuztuaren 1ean. Mediku aldaketa genuela konturatu nintzen, azken urteetako medikua jada ez zegoela ikusi bainuen webgunean hitzordua hartzeko unean. Galdetu eta esan zidaten beste anbulategi batera joan dela.

Las personas mayores van para arriba, este apunte en castellano

Berriro ere Irungo erdialdeko osasun etxearen atzealdean dagoen barrakoi prefabrikatu batean genuen hitzordua. Eta horrela pasa dira, gutxienez, laupabost urte. Prentsan irakurri nuen Jaurlaritza eta Udala adostasun batera iristekoak zirela Oñaurren beste zentro bat eraikitzeko; Irungo hirugarrena litzateke, gaur egungo eraikin zaharra eta Dunboa auzoan duela urte batzuk egindakoa kontuan hartuz.

Udan ez da arazo handirik egoten, baina imaginatu ordu laurden pasa behar baduzu zain pertsona gaixo batekin, zaharra bada okerrago, zonalde ospel batean. Gogoan dut iazko udazkenean txertoa jartzera joan ginenean zegoen giro kaskarra, hotza eta euria. 

Ahaztu gabe medikuek eta erizainek bere lanjardun osoa pasa behar dutela horrelako toki txiki eta desegokian.

Eta esango nuke kexatu bai, baina ez dugula protestarik egiten. Eta agintariek badakite ez gaudela antolatuta. Nabarmen gainera.

Uztailaren 31n, berriz, ama baino pixka bat zaharragoa den ezagun bati egin genion bisita. Hamar egun ospitalean egon ondoren, astebete eskas zeraman etxean. 95 urte ditu MJk. Bere bizilagun Ck, berriz, 89 zituela esan zigun. Hiruretatik gazteena gure ama, 88 urte  irailean.

Bere gauzetaz ari ziren patxadaz eta ni isil samar, bazter batean, adi. Halako batean, etxeko andreak esan zuen triste zegoela 30 urteko bi bilobak gutxi joaten direlako bisitan.

Irundik gertu dagoen herri batean bizi badira ere, ospitalean agertu zirela. Amonak ea ospitalea etxea baino gertuago ote zegoen galdetu ei zien. Eta ez, etxebizitza eta ospitalea bi kilometroren bueltan daude.

15 hilabete pasa omen zuten biek 95 urteko amona bisitatu gabe. Hori da amonaren bertsioa. Hala ote den? Nik ez dakit, gure amarekin ere askotan gertatzen baitzaigu bere ustez bakarrik dagoela, baina egunero du norbait gertu.

Hori bai, amonaren bertsioa benetazkoa bada, bilobek ez dute lotsik.

Zaharrak handitzen doaz, baita gu ere. Xuan Bello hil zen uztailaren 29an. 60 urte zituen. Astindua jaso nuen heriotzaren berri izan nuenean. Liburu bakarra irakurri banion ere (Hestoria Universal de Paniceiros), estimu handitan nuen idazle asturiarra. Susaren literatur emailuen bidez jakin dut batez ere poeta gisa utzi duela obra. Gugan bego, Xuan Bello.

Haurrak haunditzen doaz kantatu zuen Jabier Muguruzak eta hortik abiatuta gaurko izenburua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter