Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / EH 2.0 (I) Lokalizazioa

EH 2.0 (I) Lokalizazioa

Mikel Iturria 2006/09/23 15:00

Ostegunean Artelekun egin zen EH 2.0 mintegiaren lehen jardunaldia, Bipuntuzero elkartearen ekimenez antolatutako mintegia. Hemen jarriko ditut nik jasotako ohar batzuk. Seguraski ez da garrantzitsuena izango, baina antolatzaileek grabazioak online jarri arte...

Urriaren 1eko eguneratzea: Nire apunte guztiak jarri ditut jada sarean.

Localización

Josu Landa euskaraz

Internacionalización

Vicent Partal-ena euskaraz

Vicent Partal en castellano Joseba Kamio, glokalizazioa

MC lanetan aritu zen Patxi Gaztelumendik ongi etorria eman eta aurkezpena egin ondoren, ordu erdiko hitzaldia eskaini zigun Joseba Kamio irakasleak.

Euskal Herrian, Google bezala, beti gaude beta egoeran kontu hauetan.

Glokalizazio hitzak Japonian du jatorria.

Eguerdiko Tele 5 katearen informatiboan ikusitako gauza deigarria aipatu zuen, gaur egungo egoera laburbiltzen duena: soldadu bat, kolonbiarra, abizen euskaldunekoa, Armada espainiarreko kide, Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen indar armatuetako partaide.

Lasarte-Orian duela gutxi euskal kulturari buruz eginiko mahaingurua. Lau hizlari. Joseba Tapia eta Aritz Sound System, besteak beste. Musika beltzaren jarraitzaile amorratua da Aritz eta berarentzat Bob Marley euskal musika da. Ba da?

Euskal kultura heriotz zigorraren menpe dago eta horrek oso kreatibo bihurtzen gaitu (edo bihur gaitzake).

2.0 aktitudea da garrantzitsuena.

Jardunaldi hauetatik ikusezintasuna apurtzeko kolaborazio esparrua sortzearekin pozik legoke Joseba.

Bertsozale elkarteko kide da (Txapelketa Nagusian izan zuen Josebak komunikazio ardura). Bertsolari batzuk SGAEn daude eta besteak ez. Egile eskubide pribatiboen gaia ekarri nahi izan zuen aipamen horrekin.

Iban Arantzabal, internet eremu lokaletik

Goiena.net atariko editoreak bere esperientzia kontatu zuen. Editore multimedia da Iban, taldeak telebista, irratia, kazeta eta webgunea baititu. Kazetari multimediaren figura defenditu zuen. Izan ere, plataforma guztiak bat egitera doaz (telebista-ordenagailua, batez ere).

Azpimarratu zuen kaka asko dagoela euskal blogosferan eta hori logikoa dela, dagoen blog ugaritasuna kontutan hartuz. 101 blog ditu goiena.net komunidadeak, adibidez.

Interneten dagoen zarata ere handia da eta medio lokalek jasan beharreko presioak hor daude: herrietan denak ezagutzen dute elkar.

Udazkenean 5 urte beteko dituen Sustatun ere editore gisa aritutakoa da eta behin baino gehiagotan zentsuratzaile etiketa jarri bazioten, ez du damurik blog horretan egindako lanagatik.

Hamar-hamabost minutuko tartea izan zen galdera-erantzunak egiteko. Azpimarragarriena Iñaki Alegria irakasleak nola definitu zituen 1.0 eta 2.0: 1.0 Microsoft da eta 2.0 Google. Azken honek jada gaiztoaren rola jokatzen du sarean.

Mahaingurua: lokalizazioa Euskal Herrian

Parte hartzaileak: Gotzon Egia (Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendaria eta Eizie elkarteko kidea), Joseba Makazaga (EHUko irakaslea, UEUko partaidea), Arkaitz Zubiaga (Zabaldu.com eta Wikipedia) eta Luistxo Fernandez (CodeSyntax enpresakoa, Eibar.org-eko kidea). Moderatzailea: Iratxe Esnaola ingeniaria.

Hemen botatakoak ez ditut jasoko kronologikoki. Gaika ordenatuko ditut.

Luistxo lagunak egiten

Luistxok abiatu zuen mahaingurua, bezperan blogean aurreratu zituenak kontatuz: laburbilduz, ez ditut menuak behar euskaraz, jana behar dut. Mahaingurua aurrera joan ahala, berotzen joan zen.

Joseba Kamiori: euskaldunen ikusezintasuna aipatu zuela aprobetxatuz, Luistxok bera ez zuela ezagutzen esan eta ea non sartzen zen galdetu zion.

Euskaldunak garaiz harrapatu dugula blogen trena diotenen kontra: trenari begira gaude oraindik.

Sustatu.com erabiltzen duten euskaldun gehienek espainolez dutela konfiguratuta ordenagailua eta hori ez zaiela axola, nahiz eta egunero horri buruzko banner deigarria irakurri.

Duela hilabete batzuk EHU paralizatuta egon zen bi egunez, greba baten ondorioz, eta egoera horrek ez zuen izan inolako oihartzunik blogosferan. Aipamen bakarra Batxilergoko irakasle batek (Markos Zapiainek) egin zuela. Hori Europan sinetsi ezinezkoa da.

Arkaitz Zubiaga: Zabaldu.com eta wikipedia

Gainetik azaldu zituen Arkaitzek bi proiektu hauek. "Wikipediak dirulaguntzarik behar al du?" Luistxok botatako galderari, Arkaitzek ezetz erantzun zion. Bere ustez, laupabost lagun liberatzeak entziklopedia hori aurrera eramateko ez du proiektuaren filosofiarekin bat egiten. Luistxo ez zegoen ados kontu horrekin eta erantzun horrekin Eusko Ikaskuntza poztuko zela gaineratu zuen (dirulaguntzak banatzerako orduan Wikipedia ez dela kontrikante jakiterakoan). Dena den, bai geratu zela argi diru-iturri publikoak lortzeko modu ezberdinak egon daitezkeela eta horrek hausnarketa merezi duela.

Gotzon Egiak aipatu zuen programazioa ez dela neutrala. Arkaitzek hitz egiten zuen bitartean, webgunearen azala ikusi genuen eta ohar batek zioen "13,795" artikulu zeudela atarian jada. Hori zuzena da ingelesez, ez euskaraz, ezta frantsesez edo gazteleraz ere. Beraz, wikipedia gaizki lokalizatuta dago.

Gotzon Egia: 1+3

Boutadea hasieran: horrelako audientziaren aurrean blogik ez duen ardi beltza sentitzen zela. Exhibizionista deitu gintuen. Bere ustez, 2.0 abantaila da irakurlearentzat, batez ere, ez baita dena irakurri behar.

Itzultzailearen ikuspegia ekarri nahi izan zuen. Lan-katean du itzulpengintzak paper garrantzitsua, baina zer nahi dugun jakiteko epeak jarri eta diruaz ("vil metal") hitz egin beharra dago.

1+3 kontzeptua: webgune batean informazioa euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez jarri beharra. Bere kalkuluen arabera, orrialde bakoitzak 200 euroko kostua izango luke, bataz beste.

Neurketa kuantitatiboa baino kualitatiboa egitearen beharra. Hau da, Itzulist posta zerrenda % 100ean da euskaraz eta horrek, berez, ez du ezer adierazten. Berarentzat, Wikipediak 15.000 artikulu izatea baino garrantzitsuagoa da, gai zehatz bati buruzko artikulu baten bila joanda, hura interesgarria izatea.

Begi globalak behar ditugu, baina luma lokalak.

Joseba Makazaga: Software librea

Zergatik pagatu behar ditu Eusko Jaurlaritzak hainbeste lizentzia? Itxuraz hain atzeratua den Extremadurak linux-en alde eginiko apustua da begiratu beharreko ispilua. Ibarra lehendakari!

Luistxok gero azpimarratu zuen beste kontzeptu bat: ezagutza eta teknologia berrien demokratizazioa dakar software libreak eta ekonomian eragin positiboa du. Batzorde Teknologikoa sortzearen alde agertu zen Joseba.

Moderatzaileak Barrapunton agertutako notizia aipatu zuen: Donostiako Udalak software librearen alde egingo omen du. Gotzonek esan zuen Gipuzkoako Aldundia linux bertsio bat lokalizatzeko lanean ari dela aspaldi, baina sinesgarritasuna lortzeko nahitaezkoa dela erakunde publikoek beren ordenagailuetan jartzea lehenik.

Herri mugimendutan sortutako enpresen kulturak dituen ezaugarri positiboak aipatu zituen lagun batek. Halere, Patxi Gaztelumendik adierazi zuen Berriako kazetariek ez dutela firefox erabiltzen eta askok ez dakitela zer den. Ideologia ere aipatu zuen Gotzonek: zein da herriago Udala edo Herri Ikastola (ez publikoa)?

Gotzonek zioen teknologia bakarka erabiltzen dugula, intimidadean erabiltzen dugula ordenagailua. Software librea popularizatuko da saltoki handietan ordenagailu merkeena software libreduna denean.

Euskararen kalitatea

Euskararen kalitatea blogetan jarri zuen mahai gainean moderatzaileak. Gotzonek esan zuen blogek ikasliburuetako maila bera dutela (horrek ez du esan nahi kalitatezkoa denik bertako euskara). Makazagak zioen Xuxenek lagun dezakeela horretan, baina Alegriak ihardetsi zion Xuxenek hitz bat zuzena den edo ez esan dezakeela, ezin duela idazketaren kalitate maila hobetu.

Hurrengo jardunaldia: urriaren 28an. Internazionalizazioa.

Hona hemen jardunaldi hauen jarraipena Del.icio.us-en bidez. eh20 etiketa erabili.

etiketak: Sareko harrikadak
lll
lll dio:
2006/09/28 16:50

Bai , nik ere eskerrak

Txopi
Txopi dio:
2006/09/24 14:27

Mikel, mila esker Artelekun hitzegindakoen laburpena egiteagatik, bertara joaterik izan ez genuenok asko eskertzen bait dugu jakinean egotea.

Luistxo
Luistxo dio:
2006/09/24 11:53

Ricardo: bai, hala bota nuen, nahiko modu kategorikoan. Bilaketak egin nituen egun haietan, baina blog bilatzaileetan, eta ez nuen zure artikuluekin topo egin.

Orain badakit, berriz anekdota hau aipatu behar dudanerako, EHUko grebak izan zuela eragina EHUko irakasleen blogosferan: zeure blogean, hain zuzen ere. Nik uste dut unibertsitatea ezagueraren foko nagusi bat izan behar dela gizartean. Horrekin kontsekuentea da, guztiz, Ricardo Gomez. Bere bakardadean... beharbada.

iturri
iturri dio:
2006/09/24 00:01

Eskerrak hiruroi.

Ricardo: gaizki adierazi dut, seguruenik, Luistxok esan zuena. "Inolako oihartzunik" baino "apenas oihartzunik" izan daiteke esaldi egokiagoa. Dena den, ea berak zer dioen.

Ricardo Gómez
Ricardo Gómez dio:
2006/09/23 19:55

Nik ere eskerrak eman nahi dizkizut laburpenagatik. Uste dut bertan egoterik izan ez genuenok lehen jardunaldiaren irudi egokia lortu dugula.

Dena dela, Luistxok esandakoen harira zehaztapen bat egin nahi nuke. Markos Zapiain ez zen izan EHUko irakasleon greba euskal blogetan aipatu zuen bakarra.

Izan ere, EHUko irakasle honek ere zenbait mezu idatzi zituen orduan gai haren gainean.

Bistan da oso zaila dela (are Luistxorentzat) euskarazko blog guztietan idazten direnak jarraitzea; baina halako baieztapen bat egin aurretik (hala egin bazuen behintzat), bilaketaren bat egin zezakeen, batez ere EHUko grebaren gaitik hurbilen egon zitezkeen blogetan adibidez.

Teketen
Teketen dio:
2006/09/23 18:17

Azkenean,

topatu dugu norbait, bertan gertatutakoa laburbiltzen duena. Esker mila!

sei
sei dio:
2006/09/23 17:47

Gaur bertan galdetu didate ea zer hitz egin zen jardunaldian eta gehixeago edo gutxixeago saitatu naiz azaltzen. Dena den, jakin izan banu hau idatzita zegoela, zuzenean esteka emango nion galdetu didanari; zalantzarik gabe, nik kontatutakoak baino askoz ere hobeto laburtzen baitu artikulu honek han esandakoak. Gutxi idatzi da blogosferan lehengo eguneko ekitaldiari buruz, ezta?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter