Harri-jasotze modernoaren lehen ehun urteak
"Herri kirolei buruzko dezente liburu daude, horietako batzuk ezinbestekoak. Baina oso gutxi harriari, harri-jasotzaileei eta harri-jasotzeari buruzkoak".
Badira aste batzuk Donostian aurkeztu zela Harria 100 ekimena. Liburu bat argitaratu eta haren aurkezpena egin zuten urriaren 20an San Telmo Museoan. Eguerdi partean, ekitaldi publikoa egin zuten Victoria Eugenia Antzokian. Harri-jasotzaileak egon ziren bertan, baina baita musikariak, dantzariak, etab. Egunak segida izan zuen Manteo Kiroldegian antolatutako bazkarian. Ez omen da hemen geldituko egitasmoa eta 2013an San Telmo Museoan erakusketa bat zabalduko da.
Egun hartan ezin izan nuen aurkezpenera joan, baina atzo izan nuen liburua esku artean. Mendea bete du harri-jasotze modernoak eta ehundik gora harri-jasotzaileren berri ematen du liburuak. Argazki gehienak Joseba Urretabizkaiarenak dira, testuak Miguel Iriarterenak eta sustatzaile gisa Patxi Jauregi aritu da, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea. Sarrera testua Iñaki Perurenak moldatu du.
Liburua tapa gogorrekoa da, mardula (ezin autobusean edo trenean eraman hura irakurtzeko) eta 300 bat orrialde ditu. Webgune bidez eros daiteke (Durangoko Azokan ere bai) euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa bertsioak. Ale bakoitzak 45 euro balio ditu.
Harria 100, centenario del levantamiento de piedra, este texto en castellano.