Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / @BalerdiBalerdi (#Bentzileidi) eta @g_bassmatti (#AldeAitera)

@BalerdiBalerdi (#Bentzileidi) eta @g_bassmatti (#AldeAitera)

Mikel Iturria 2012/12/17 22:35
Ostiralean lehen aldiz ikusi nituen zuzenean nafarrak. Enegarrenez, donostiarra. Oso gau ederra.

Balerdi Balerdi taldearen disko guztiak ditut etxean. 90. hamarkadan hiru atera zituzten: Balerdi Balerdi 10 hazbetekoa, Ez gara galdu eta Hobe behin gorri ezenez beti hori. Hamarkada hartan baino, ez nituen inoiz zuzenean ikusi, nahiz eta 1994an bigarren diskoaren aitzakiarekin telefono bidezko elkarrizketa egin nion Toño Murori.

Balerdi Erdi gisa elkartu omen ziren 2009an eta aurten, 2012an, Balerdi Balerdi izena berreskuratu eta diskoa grabatu dute, udazkenean publikatu dena Gor(dasolapean): Hegoko lautadaren ertzetik.

Esan bezala, ostiralean, 2012ko abenduaren 14an, ikusi nituen lehen aldiz taula gainean. Ez ginen jende asko bildu, baina lagunarteko giro aparta sortu genuen DOKAn.

Giorgio Bassmatti aritu zen aurretik. Inoiz baino hobeto ikusi nuen Giorgio, soka gainean beti, kantuak bere txistera horretatik ateratzeko duen abilezia edo dena delakoari jarraikiz. Oso memoria txarra dut kantak gogoratzeko, baina uste dut soilik bizpahiru errepikatu zituela: bere errepertorioan klasiko bihurtu den Bizitza Erdia, tartean. Igande goizean youtubatu zuen Nick Drake-ren Zeru iparrekoa ekarriko dut hona (kontzertu egunean DJ lanetan aritu zen Beñat Sarasolak euskaratua).

Nafarrek 22:15ak inguruan entxufatu zituzten trasteak eta emanaldi zinez ederra eskaini zuten. Hiru ordu laurdenez aritu ziren jotake power pop eta rock doinuak lau haizetara zabaltzen. 23:00etan baina, desentxufatzeko tenorea iritsi zen eta unplugged jarraitu zuten (zarata eta bizilagun kontuak).

Azken diskoa izan zuten oinarri, baina ez zituzten garai batekoak ahaztu. Hirukoteak beste hainbeste laguntzaile izan zituen: Martxel (Iruñean rokanrolik ez) eta Blanka Izkue (taldekide ohia pare bat abestietan), baita Beñardo Goietxe ere ("Blankak eszenatokira igotzeko erraten badit, nik ez dakit ezetz erraten").

Giorgiok aurkeztu ninduen Toño eta agurtu egin nuen, baita Zara (Community Makarra) ere. Jende gutxi zegoela esan dut, baina ezagun asko gerturatu zen. Batzuk Beñat Sarasolak dotore lotutako kantekin jarraitu genuen dantzan (edo), baina hori beste kontu bat da eta gaueko kontuak gauean geratzen dira....

Dena den gaur egun jada ez da lehen bezala. Alde batetik, twitter dago. Eta, bestetik, bideoak youtubatzen duen jendea (soinua ez da oso ona, baina Non duzu zauria da).

Más vale una vez rojo que ciento amarillo, este apunte en castellano.

Joni Ubeda
Joni Ubeda dio:
2012/12/17 23:44
Hire baimenarekin Iturri:
Morau, Beñardo, Blanca, Ima... alboan izan nituen. Inguruan Twitter herriko hainbat lagun eta baita ezagutzen ez nituen beste zenbait ere. Emanaldian zehar batzuren eta besteren aurpegiak ikusita, argi zegoen ospakizun betean geundela. Zu non duzu zauria edota Lore etxea kantuetan jendea kantari ikustea… zer inporta du zenbat geunden?
Twitter herriko bati edo besteri irakurri izan diet kantu onena, talde onena, onena, onena, onena… joe, onena hori irakurtzean etb1-eko alderik kutreena datorkit burura. Nire ustean aldarrikatu behar dena Toño Muro kantugile, kantari eta gitarra jolea da. Musikaz zertxobait dakienak zuzenean ikusten duenean zer esaten dudan ondotxo ulertuko du. Luxu bat da euskal musikagintzan.
Ima eta nire ametsa, aspaldikoa, “A tribute to” diskoak egitea da. Nahiko lan gure diskoak egiten, eta urteak joan eta urteak etorri gure ametsari toki egin gabe jarraitzen dugu. Baina Imak Morauri eta Beñardori erronka bota zien, “egingo al dugu A tribute to Balerdi Balerdi?”. Aizue, beharbada taldean errazago litzateke.
Milesker antolatzaileei eta artistei, Dokarazetamol txuteak on egin zidalako. Lastima DJ Erdiren hasieran alde egin beharra.
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2012/12/18 00:00
Etxean bezala, Joni.

Ospakizun bat izan zen, bai. Ederki laburbildu duk gau horretako espiritua.

A tribute... asmoa ere polita da.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/12/18 07:19
Balerdi Balerdi ezagutzen

Balerdiren garaian EHtik kanpo izan nintzen eta pare bat erreferentzia besterik ez nituen, azken urteotan EITB Irratian entzunda. Orain ikasten. Eskerrik asko Iturri!
BassMaTIC
BassMaTIC dio:
2012/12/18 09:56
Gehitu nire izena atribute horretan, noski!
Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2012/12/18 09:57
Dakorrekt Joni, "Non duzu zauria" euskal kanturik onenetakoa iruditzen zait (onena ez bada).
Patxi Larrion
Patxi Larrion dio:
2012/12/18 10:38
Has gaitezen "atribute" horren eskaleta egiten. Zuk non duzu zauria bertsionatzeko itxaron zerrenda egonen da, nik hautagai bat daukat
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2012/12/18 17:19
Ummmmm zelako inbidixia!!! Eskerrik asko kronikengatik-eta.
iturri
iturri dio:
2012/12/18 23:21
Beno, ni ez naiz musikaria, baina gustatuko litzaidake "A tribute..." horretan parte hartzea. Kontatu nirekin!
Lou Topet
Lou Topet dio:
2012/12/18 23:32
Ederra izan zen kontzertua bai. Joni kontatu nirekin ere Atributerako ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter