«Besteen mina eskuarekin heltzen duzunean»
Lerro hauek idatzi aurretik Gervasio Sánchezek idatzitako "Chile en Sarajevo" apuntea irakurri dut. 25 bat urte daramatza Gervasiok munduko hainbat bazterretan gertatzen diren gerrak jarraitzen, kazetari eta argazkilari gisa. Bosniako gerran Txileko diktaduratik ihesi joandako andre baten eta haren lau semeen istorioa da apuntearen oinarria.
Egun hauetan Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe eta Mari Jose Olaziregi Guadalajaran, Mexikon, izan dira indarkeria eta literatura harremanaz hizketan. Kanpotik begiratuta, badirudi ekarpen txikia egin dezakegula euskaldunok Mexiko bezalako herrialde batean, non milaka pertsona hiltzen diren urtean biolentzia ezberdinak tarteko.
Euskal gatazka ez dela kanpoan interesatzen entzun izan diot berriki beste idazle bati. Eta, seguruenik, horrela izango da. Baina hemen, orain, azken urte hauetan gertatu denaz fikzio ona egiteko gai den idazleen lana eskertuko nuke. Mari Jose Olaziregik Mexikon aipatutako literaturaren balio terapeutikoa gutxietsi gabe.
Mikel Antzaren “Atzerri” irakurri nuen azaroan. Hasiera oso potentea iruditu zitzaidan (preso batzuk protestan Frantziako kartzela batean, denak zigor ziegatan; Antza bera sasira pasa aurretik bere lagunekin egindako azken gaupasa kontatzen; klandestinitateko hainbat bizipen, ETAn sartu ez sartu erabakia hartzeko orduan izandako burutazioak). Erdialdean edo galdu egin nintzen, baina, tira, gomendatzen dut lan hau.
Duela egun batzuk Lander Garrok idatzitako zutabe batek zirrara berezia egin zidan. “Ez dut sekula geuk egindako mina horren gertu sentitu”. Gorka Landaburu kazetariari bostekoa eman ondoren bizitutakoa kontatzen du Landerrek. "Besteen mina eskuarekin heltzen duzunean".
Landaburu azaroaren 22an Bartzelonan egon zen. Bartzelonako Unibertsitateak ETAren hainbat biktima eta ezker abertzaleko Pernando Barrena elkartu zituen. Hantxe zeuden Ernest Lluch-en alaba bat, Robert Manrique, Verónica Portillo, etab.
Biktimek nahikoa lan dute bere buruarekin eta ni ez naiz nor inori esateko nola kudeatu bere sufrimendua, baina goian aipatutako hauen keinuak ez dakit behar adina baloratzen eta eskertzen ote ditugun. Entzun, adibide gisa, Eulalia Lluch Radio Euskadin.
Sufrimendu gehiago ere bada. Noski. Aste honetan bertan aurkeztu da Euskal Memoria Fundazioaren «Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian» lana. 4.500 tortura testigantza baino gehiago jaso omen dituzte. Datu ikaragarria.
Eta hau ez da gure lurraldean ematen soilik. Horren lekuko da “Ojos que no ven” dokumentala, duela urtebete pasatxo egindakoa, 1976tik 2011 bitartean talde ultraeskuindarrek Espainiako Estatuan egindako erasoen bildumatxo bat izan nahi duena. Pelikula ikusgai dago sarean, jaitsi daitekeela dirudi (euskarazko azpitituluak ere bai). Hona hemen youtube-n jarri dutena.
«Cuando tocas con la mano el dolor de los otros», este apunte en castellano.