Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / DDT: pertsonen Internet #azoka47 #kabia

DDT: pertsonen Internet #azoka47 #kabia

Mikel Iturria 2012/12/08 17:00
Asko kostatzen zait jendaurrean hitz egitea, baina lagunei ezetz esatea ezinezkoa izaten da batzuetan. Kabi@ Durango. 2012ko abenduak 8.

Gorka Juliok gonbidatu ninduen Kabi@-n parte hartzera. “Aukeratu gaia eta jarri titulu erakargarri bat”. DDT izenburua jarri nion, baina gero bete dut gainerakoa: DDT Donostia Durango Tabu da.

 

Tabu hori emana etorri zitzaidan, ezin baita euskara hitza erabili hitzaldian zehar. Euskaraz egin behar da, baina berba aipatu gabe.

 

Pertsonen Internet hitz joko bat da. Askotan erabiltzen baita Gauzen Internet kontzeptua. Nik hemen bildu nahi nituzke urte hauetan guztietan sareari esker ezagutu ditudan pertsona batzuk. Ez daude denak, baina daudenak esanguratsuak dira.

 

DDT, Internet de las personas, este apunte en castellano.

 

1.- eibar.org eta eibartarrak (argazkia Asier Sarasuarena da).

Interneten sartu aurretik ezagutzen nuen elkartea, baina 2000 urtean edo eman nuen izena eibartarrak posta zerrendan.

Interneti buruz dakizkidan gauza asko beraiei esker dakizkit: bai eibartarrak posta zerrenda, bai gure arteko afariak, bai blog komunitatea.

2004. urtean sortu zen blog komunitatea, Luistxo Fernandezen ekimenez.

P.S.: Juan Etxenike (Xare) irundarra ere ezin ahaztu. Bidasoa posta zerrendan ere ibili nintzen haren erruz. Gaur egun Grezian dabil Juan.

 

2.- javierortiz.net

Nire Internet ibilbideko beste pertsona eta gune ezinbesteko bat.

2000ko udan zabaldu zuen webgunea Ortizek, El Mundo egunkaritik atera berri zela (zutabegile gisa jarraitu zuen 2007ra arte eta orduan joan egin zen Público-ra).

2000ko udan sortu genuen Patera izeneko posta zerrenda: Javierren irakurlez osaturiko posta zerrenda. Hiru urte luzeko ibilbidea egin zuen, tartean 25.000 mezu trukatu genituen. 2004ko apirilean lotu genuen irla batera.

2006ko urte hasieran Javierren webgunea berritu egin zuen CodeSyntax enpresak eta orduan hasi nintzen gaztelaniaz Pedradas blogean.

2009ko apirilean hil egin zen Ortiz. Geroztik egunero igotzen dugu webgunean argitaratu gabeko zutabe bat. 2013an ikusiko dugu nondik jarraitu, baina bertan badago blog komunitate ttiki eta interesgarria. Horren materialak bizituko du gunea.

3.- pasaia blues

2002 urtean irakurri nuen Harkaitz Canoren eleberria eta Susa argitaletxeak garai hartan liburuak kapituluka igotzen zituela aprobetxatuta, lehen kapitulua itzultzen hasi nintzen.

Garai hartan Canorekin nuen harremana e-mail bidezkoa zen, gehien bat, 2003ko apirilean bidali nion lehen kapitulua. Urte horretan liburua osorik itzuli genuen, baina 2012ko udaberrian argitaratu zen gaztelaniazko itzulpena.

Interneti esker egindako itzulpena izan zen.

4.- medikuak esan dit... (argazkia Joxerena da)

Sustatu.com blogaren lehen mugarrietako izan zen 2002ko irailaren 15ean irakurtzea Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala....

Gehienok edo denok jakingo duzue nola kontatu zuen bere osatze-prozesua sustatu.com-en. Gero, liburu gisa agertu zena.

 

Berarekin batera, azken bolada honetan gutxitan aipatzen dugun Anjel Lertxundi idazlea.

 

Anduren meritu diren bi kontu aipatu nahi ditut hemen eta orain: Interneti (blogosferari) begirunez begiratu zion puntako lehen euskal idazleetako bat izatea eta Internet 8. probintzia izenarekin bataiatzea.

 

5.- oier potolitoa (argazkia Elena Lakarena da).

 

Sarearen beste erabilera terapeutiko bat: 2005eko maiatzean idatzi zuen Elena Laka blogariak eibartarrak posta zerrendan seme ttikienak retinoblastoma zuela begietako batean.

 

Orduan ere, elkartasun mezu piloa jaso zituen Elenak.

 

Testuak ere bere bidea egin zuen. Nik gaztelaniaz jarri nuen eta javierortiz.net-en apunte batean aipatu zuen Ortizek.

 

6.- eh 2.0

 

2006ko irailean Arteleku gunean eginiko jardunaldiak: lokalizazioa eta internazionalizazioa ziren gai nagusiak.

 

Vicent Partal etorri zen Kataluniatik Punt Cat egitasmoari buruz hitz egitera.

 

Orduan entzun nuen lehen aldiz Puntu Eus egitasmoaz hizketan norbait.

 

Eta orduan egin nuen harremana Maite Goñi eta Gorka Julio bezalako jendearekin.

 

Josu Landak ematen duen hitzaldi bakarrenetako batera joateko aukera ahaztu gabe.

 

7.- GPSa tabu (argazkia Leire Narbaizarena da).

 

2008ko egun batean laguntza eske etorri zen Gari Araolaza eibartarrak posta zerrendara: gure hizkuntzara ekarri nahi zuen GPS-a eta ea nor zegoen esku bat botatzeko prest.

 

Apirileko ostiral arratsalde batean grabatu genituen ahotsak.

 

Aurretik, irudian ikusi bezala, Amatiño, Iban Arantzabal, Leire Narbaiza eta laurok egon ginen aginduak gure hizkuntzara ekartzen.

 

Grabazioan egon zen laguntzaile lanetan Jatsu Argarate.

 

Eguna kontzertu batekin amaitu genuen Elgetako Espaloian.

 

8.- garabia (blogak) eta Botin zentroa (munstroak)

 

Argazki hau udan atera nuen Santanderren. Aldamenean Botin zentro berria dago, izugarrizko eraikina eta kulturgunea izango dena, #diotenez.

 

Kontatu zidatenaren arabera, garabia dagoen tokian egin nahi zuen bankariak zentroa, baina herriko hainbat jende mugitu eta planteatu zuten garabi hori Santanderko ondarea dela eta ezin dela han eraiki.

 

Garabia bere tokian zegoen udan eta aldamenean eraikitzen hasi behar izan zuen Botinek.

 

Oharra: blogak etxeak direla esaten ibili naiz behin baino gehiagotan, baina igual garabi direla ere esaten hasiko naiz hemendik aurrera.

 

9.- mariano ferrer (Argazki Press-ena da argazkia).

 

Harrikadak bloga zabaldu berri nuela hartu zuen erretiroa Mariano handiak. 2004ko ekainaren 30ean utzi zituen Herri Irratiko estudioak. Nire lehenengo apuntea hari eskainia dago.

 

2007ra arte edo jarraitu zuen prentsan idazten eta orain mantentzen duen kolaborazio bakarrenetakoa Radio Euskadiko ostiraletako solasaldia da.

 

Gustatuko litzaidake gizon hau Interneten ikustea, baina ez da erraza izango.

 

10.- beste mikel iturria(k) (argazkia Euskadi Fundazioarena da).

 

Bat baino gehiago gara izen-abizena konpartitzen dugunok: bata Lesaka inguruko dantzaria da, bestea kirol kazetari baten semea...

 

Eta bada ere txirrindulari bat Mikel Iturria dena. Espero dezagun kirol ibilbide oparoa izatea.

 

Kostatu zait haren argazki bat aurkitzea, baina azkenean aurkitu dut hau, Artium museoaren aurrealdean ateratakoa.

 

Naturgas txirrindulari taldea Euskaltel-en harrobikoa da eta museo honen eredua kolokan dago eta batek daki zer gertatuko den berarekin. Txirrindularien Euskadi Fundazioak ere aldaketa garaiak bizi ditu.

 

11.- bi argazki gehiago

 

Gorkak eskatu zidan hamar diapositiba, baina nik esan nion guk gauzak dozenaka kontatzen ditugula eta hamabi urte ere pasa direla Interneten hasi nintzenetik.

 

Lehenengo argazkia aurtengo udan Portugalen ateratakoa da. Ez dakit zer ikusten duzuen zuek, baina nik arkatzak ikusten ditut. Punta zorroztu gabeko arkatzak. Atera txorroskiloa eta zorroztu zuen blogak.

 

Zertarako? Hurrengo argazkian ikusten den bezala sarea josteko. Ondarruko saregileak dira.

 

2012 12 08 DDT Pertsonen Internet

tx4rli
tx4rli dio:
2012/12/08 20:54
Jo, ze pena ezin joan izana. Earra Mikel!
leire
leire dio:
2012/12/09 00:14
Ezin joan izan naizelako, pena handia!
Baina ze polita eta sentzilloa apuntea. Asko gustatu zait! Mila esker, Iturri!
Zurekin asko ikasi dut!! Musu bat!
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2012/12/09 22:22
Mila esker @tx4rli eta @leire komentarioengatik.
Lander
Lander dio:
2012/12/10 22:34
Mikel, oso hitzaldi polita. Benetan gustora entzuten diren hoietakoa. Segi fuerte!
Desplazatua
Desplazatua dio:
2012/12/11 11:19
Eskerrik asko, Mikel. Ibilbidea aparta eta laburpena bikaina.
iturri
iturri dio:
2012/12/11 16:41
Estimatua, Desplazatua.
iturri
iturri dio:
2012/12/13 09:39
@lander , hiri ere eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter