e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Xabiroi, Angoulême-ko komiki-azokara
La cárcel de papel-en bidez jakin dut Ikastolen Elkartearen Xabiroi aldizkaria hilaren 26tik 29ra egingo den Angoulême-ko komiki azokan izango dela, Europako komiki azokarik garrantzitsuenean alegia.
"La cárcel de papel"-en Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa aipatutako azokan izango dela besterik ez dio, eta azokaren web gunean bilatuta aurkitu dudan bakarra da Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa argitaletxeko egile batzuk bertan egongo direla : Raquel Alzate, Marko Armspach, Edorta Arregi, Harkaitz Cano, Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Olliver Gileron, Juan Luis Landa, Joxean Muñoz, Manu Ortega, Patxi Pelaez eta Asisko Urmeneta. Guztiak ere Xabiroiko marrazkilari edo gidoilariak direnez, argi dago Xabiroi aldizkariarekin zerikusia duten zerbaitegatik doazela azokara. Baina aldizkaria aurkeztera, aldizkariari buruzko erakusketa bat antolatzera, lehiaketetako baten parte hartzera, aleak sinatzera edo zertara doazen ez dut inon aurkitu. Norbaitek zeozer gehiago baleki...
Blogaren atal ezberdinetara harpidetzeko aukera e-gorblogen
Blog honetan aurrerantzean atal ezberdinetara (komikiak, informatika eta beste gogoetak) harpidetzeko aukera egongo da. Horrez gain, blogeko erantzunetara harpidetzeko aukera ere egongo da.
Orain artean blog honetan (blog gehienetan bezala) blogeko artikulu guztietara harpidetzeko aukera soilik zegoen. Baina gauza oso ezberdinei buruz idazten dudanez (komikiak, informatika eta bestelako gogoetak), pentsatu nuen ziurrenik egongo dela jendea soilik ataletako baten interesatuta dagoena. Ba horientzat, orain feed ezberdinak ditu atal bakoitzak (ikusi menuko "Harpidetu" atala). Orain nahi duena soilik komikietara, edo soilik informatikara, edo soilik beste gogoetetara harpidetu daiteke. Eta, noski, nahi duenak guztietara harpidetuta jarrai dezake.
Bestalde, lehendik ere bazegoen aukera azken artikuluetako bakoitzaren erantzunetara harpidetzeko (ikusi azken artikuluek daukaten "Erantzunetara harpidetu" esteka). Baina aurrerantzean blogeko erantzun guztietara harpidetzeko aukera ere jarri dut.
On egin dagizuela!
Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
Joan den ostiralean, iazko abenduaren 30ean, Ruben Arozena "Ruben" komikigilea bihotzekoak jota zendu zen, 39 urte zituela.
Rubenek Triski eta Bi Luma komikiaren bi orrialde argitaratzen zituen hilero Ipurbeltz aldizkarian.
(Hileta elizkizunak gaur, urtarrilak 2, arratsaldeko 7etan izango dira Elgoibarko parrokian)
Ruben Arozena Elgoibarren jaio zen duela 39 urte. Ikasketak Valentzian egin zituen. Azken urteetan Bilbon bizi zen.
Ruben 17 urterekin hasi zen Ipurbeltzekin kolaboratzen, Triskilistraski pertsonaiarekin. Gero pertsonaia horri Bi Luma gehitu zitzaion, oraindik ere jarraitzen duen Triski eta Bi Luma bihurtuz. Horiez gain beste komiki batzuk ere argitaratu ditu Ipurbeltzen: 1988an Brans eta 1989tik 1994ra Aigar eta Pello gerlariak.
Horrez gain, Habe, Habeko Mik, Aizu eta Hemen aldizkarietan ere publikatu izan ditu komikiak. Eta euskara ez den beste hizkuntza batzuetan ere bai, hala nola El Víboran eta Erromako Nuova Frontieran.
Doluminak Rubenen sendiari eta Ipurbeltzeko guztieri.
(Eskerrik asko Joxean Lopetegi Lope eta Ipurbeltzekoak informazioagatik)
"Gon" gomendatuz
Artikulu honen bidez, Tanaka komikigilearen Gon komikia gomendatu nahi dizuet.
Masashi Tanaka komikilari japoniarrak bere lehen pausoak Morning magazine aldizkarian eman zituen. Arte Ederretan graduatutako manga komikilari honen "seme" ospetsu eta ezagunena Gon dinosaurio txikia da. Masashik bere trebetasunaz baliatuz animalien mundura hurbiltzen gaitu bere marrazkera zehatza eta detailez josiaz, hitzik behar ez den mundu ezberdin baina erreal batera garamatza. Krudela den bizitza basatira gonbidatzen gaitu Gonen abentura bakoitzean, baina era berean xarmanta ere bada, humore beltzaz betetako trazoetan murgiltzen gaituenean. Oso espresiboa izateaz gain (gizakien aurpegi adierazpena edo espresioa ezarri dizkie pertsonaia guztiei), marrazkien garrantzia pertsonaietan oinarritzen da, paisaiak ondo eginiko bigarren planu batean geratuaz.
Masashi-ren beste lan batzu:
- Flash, the wild west bandit (Flash, mendebalde basatiko bidelapurra)
- Unidentified Prince Object UPO (Objektu Printze Ezezaguna)
- Samurai Daibouken
- Bouken Victoria-gou
Pd: Bouken hitzak japonieraz abentura esan nahi du.
Komikiak eta euskal rock-a
Orain dela gutxi Zarama taldearen Bidea Eratzen kantako "hiri-logelak ari dira hiri-hilerrietan bihurtzen eta leihoen atzetik zakil hiltzaileen erasoa" esaldiari erreparatu nion eta Ralf König-en lanaz ari zela pentsatu nuen: aspaldi ezagutzen nituen bai kanta, bai Kondoi hiltzailea komikia, baina orain arte ez nituen biak lotu (denbora asko da Zarama entzuten ez nuela, eta garai horietan beste komiki batzuk irakurtzen nituen). Baina gero Ralf König-en komikia 1988koa zela konturatu nintzen, eta Zaramaren diskoa, berriz, 85ekoa; beraz, lotura hori ezin zen egin...
Gertaera horren ondorioz, euskal rock-ak eta komikiek zer-nolako harremana izan duten pentsatzen eta erreferentziak bilatzen hasi nintzen. Azken finean, agian ez da izango elkarrenganako eraginari buruzko tesi bat egiteko adinako mamirik, baina iruditzen zait joko polita izan daitekeela zaletasun horiek ditugunon artean bildumatxo bat egitea.
Pentsatzen dut 70. eta 80. hamarkadetan bi adierazpide hauek lotuagoak zeudela, kontrakultura bereko adierazgarriak zirela. Fanzineetan adibidez komikietaz hainbeste idazten ez zen arren komikiek betetzen zituzten orri asko, eta bertan musikaz ere asko idazten zen. Garai horretan Muskaria aldizkaria sortu zuen Roge Blascok adibidez Euskonews-eko elkarrizketa batean "Zerk bultzatu zintuen kazetaritza ikastera?" galderari horrela erantzuten dio: "Hamaika urterekin komikiak marrazten nituen eta aldizkari bat egiten nuen, lehengusuei saltzeko". Helduagoa zenean "Doctor Livingstone, supongo" telebistako saioan abentura bidaien monografiko bat egingo zuen Hugo Pratt elkarrizketatuta. Vulpess taldeko Lolesek beste elkarrizketa batean bere ezizena, Anarcoma Zorrita, Nazario komikigilearen pertsonai batetik hartu zuela dio. Del txistu a la telecaster liburuan Teniente Bluxberri taldea aipatzen da, Moebius-en Blueberry pertsonaitik hartua seguraski.
Diskoetan (Eskorbuto-renak, Cicatriz-enak, RIP-enak...) komikiak edo marrazkiak sartzea oso ohikoa zen garai horretan, agian argazkiek baino presentzia gehiago zuten, azalak ere marrazkiekin egiten baitziren: La Polla-ren lehendabiziko bi disken azala Ñako izeneko batek egin zituen, eta No somos nada diskaren azala TMEO-ko ohiko marrazkilari den Santi Orue-k egin zuen adibidez. Kanten hitzak biltzen zituzten liburuxketan ere komikiaren estetikaren moduko hizkiak agertzen ziren maiz. Baldin Bada-ren lehen diskoan ere, Diputazio Okupazio kanta komiki batekin dator. Horietako asko ez ziren komikiak, irudiak ziren, baina ez da erraza garai haietan muga non zegoen definitzea.
Irudia: Santi Orue
Zaramaren kasuari jarraiki, Indarrez diskoan Gabi marrazkilariaren komikien bidez adierazten dira kanten letrak. Roberto Moso-k Interneten argitaratu zuen Flores en la basura eleberrian, Álvarez Rabo-ren komiki bat agertzen da sarreran eta euskaraz argitaratu zuen edizioan Asisko-ren marrazki bat sartu dute.
Eta Raboren haritik tiraka, ustekabe galanta hartu nuen honetaz konturatzean: Hertzainak taldearen Salda Badago diskoaren azala marrazkilari horrek berak egin zuen (nahiz eta garai horretan Alvarez Plagaro izenpean sinatu).
Irudia: Álvarez Rabo
Itoiz taldearen Lo egin kantan "Lemoiz inguratu pirata eta sioux Bizargorri ta Asterix jake erregeari ontzi eta zaldiz" eta "Mafalda eta Zakili enamoraturik" esaldietan komiki pertsonaiak aipatzen dira.
Asterix ere protagonista da No somos nada kantuan: danok ezagutzen dugu "Kristo aurreko 50. urtean gaude. Erromatarrek Galia osoa armaz hartuta daukate... Osoa? Ez!" esaldia, baina La Pollakoen ustez edabe magikoa ez da Panoramix-ek egindakoa, eta diskoari hasiera ematen dion kantan "Una aldea poblada por irreductibles Galos resiste ahora y siempre al invasor con una poción magica que los hace invencibles: el cerebro!" oihukatzen dute.
Baina American Splendor filmak aukera eman digu erreferentzia nagusienetako bat berriro gogoratzeko: Kortatu-ren lehen diskoan, Mr. Snoid entre sus amigos los humanos kanta topa dezakegu, Robert Crumb marrazkilariaren pertsonaia baten istorioan oinarritua, eta La cultura kanta egiteko egile beraren Fritz Katua-ren komiki bateko hitzak erabili zituzten (ikusi artikuluaren portadako komikia):
"Ay qué a gusto, me iría ahora a la cama
pero hay que estudiar
tengo examen mañana
Cualquiera diría que los exámenes son
el fin al que dedican su propia vida.
¡Qué aburrimiento, qué tontería!
Tendré que tomarme una anfetamina
Y recuerdo el tiempo
cuando todo esto me resultaba
constructivo, inspirador y educativo.
Uno cree que aprender es importante
y se convierte en un jodido intelectual
que trata de serlo más que los demás
uno se pasa años y años
con la nariz metida entre los libros
Mientras el mundo se escapa frente a uno"
Disko horretako beste lotura bat Don Vito y la revuelta en el frenopático da, Montesol marrazkilariaren pertsonaia bat aipatzen baitu.
Beste datu hau www.muguruzafm.com atarian topatu dut: Kortaturen diskografian, El estado de las cosas diskoan, Nivel 30 kantaren bidez "Ranxerox" komikia sortu zuen Stefano Tamburini-ri omenaldia egiten zaio.
Negu Gorriak taldean ere komikiek bere lekua izan zuten: Napartheid kanta ez legoke inon Napartheid fantzinerik gabe, eta Borreroak baditu milaka aurpegi disko beltzean Asisko Urmenetak egindako marrazkien bidez agertzen dira kanten hitzak.
Iñigo Muguruza-ren komikizaletasunaz nonbait irakurri dut, eta lehendabiziko CDan bere marrazki batzuk tartekatzen dira. Zinemazalea ere badela entzun dudanez ez dakit Joxe Ripiau-k jotzen zuen Clouseau inspektorea nondik sortu zen. Segur aski, Napartheiden ikusi ahal izan dugun Pedro Mayo komikia kantaren ondoren sortua izango da; edo argitaratua, behintzat. Bestalde, Sagarroi taldearen logoa Asisko Urmenetak egin du.
Tijuana in Blue taldearen Vidas ejemplares cap. 19 kantan "habrá que hacer una historieta de esto" esaldi famatua agertzen da, eta istorioa Carlos Azagra marrazkilariari buruzkoa da (argitaratutako DVDan Azagra bera agertzen da). Makinavaja kanta Ivá-ren pertsonaia batean oinarrituta dago. Tijuanaren logotipoak komikiaren eragin nabarmena du.
Irudia: ?
Jokin Larrea Kojon Prieto y Los Huajolotes taldeko kide izan da, baxujolea zehazki, eta taldearen ibilerak bildu izan ditu komiki batzuetan. La Polla taldearen Hoy es el futuro eta Alaitz eta Maider-en Inshala-n komikiak ere egin ditu.
Morau kantariak Hugo Pratt-en pertsonai gogoratuena aipatzen du Blanka kantan: "eta Korto Maltesse ikusi dute mozkorrik emagalduen auzoan". Morauren CDetako marrazkiak Mattin-ek egin izan ditu, bai eta Txukalda azken diskoaren portada ere, bi hauen arteko harremana luzea da, eta badu komikiekin harremana: begira, bestela, Argiako elkarrizketa baten zer dioen Morauk berak:
GALDERA: Nondik dator Morau ezizena?
ERANTZUNA: Argiarekin zerikusi handia du. Garai batean, Mattin marrazkilariak eta biok Superertzaina izeneko komiki-tira egiten genuen Argian. Mattin ere ezizena denez, nik ere ezizena behar nuela erabaki eta Morau aukeratu genuen.
Napartheid fantzineak musikari buruzko monografikoa egin zuen, eta marrazkilariek Mikel Laboa-ren kantak komikiratu zituzten beste ale batean. Negu Gorriak eta Kojon Prietoren singelak argitaratu zituzten ere.
Erreferentzia modernoagoa, garaian eta estetikan, Betagarri-k ematen digu: Arren erro zaharra CDan Manga komikiak dira nagusi, hitzen liburuxka atzetik aurrera irakurtzea gomendatzen da, kanten hurrenkera Japonian bezala atzetik aurrera baitago, eta Akira pertsonaiaren kutsua duen norbaiten istorioa kontatzen zaigu. Komikiaren ideia Betagarri taldearena da, eta marrazkilaria Eddy Rodriguez Quillay da.
Skunk taldearen Kinky diskoan superheroien antza hartzen dute musikariek marazkien bidez. BAP!!-ek Negu Gorriak taldearen alde egin zen bideo-bilduman kristoren bideoklipa egin zuen, Batman telesaileko kanta oinarritzat hartuta, taldekideak Bap!man, Robin, Joker maltzurra eta Milakaurpegiz mozorrotuta. La Pollak, aldiz, Barman! oihukatzen zuen.
Eta, oraingoz, bukatzeko, komikilari-musikari edo musikari-komikilari kasu aipagarriena datorkit burura: Mauro Entrialgo Fat Esteban eta Esteban Light musika taldeetako kide izan da. Bestalde, Balerdi Balerdi taldearen logoa egin zuen, eta Curiosidades del mundo del Rock izenburupean komiki batzuk egin ditu. Kantak eta bideoak ikusteko aukera, mauroentrialgo.com orrian.
Zerrenda hori egiteko, hainbat iturri erabili ditut: nire CD, komiki eta oroitzapenak; lagunen aipamenak; Donostiako liburutegietako CD eta komiki bildumak, Google bilatzailea...
Ziur blog honetako irakurleen artean erreferentzia eta informazio gehiago bil dezakegula; aipatutakoen artean akatsik badago, zuzendu... Ea azkenean tesi hori egiteko uste baino material gehiago dagoen...
"Goienkaria"-n agertu naiz
Joan den ostiraleko Goienkariako Goienka2a kultura gehigarrian geek-ei (edo teknologia berrien zaleei) buruzko erreportajea egin zuten, eta ni izan nintzen bertan agertu zirenetako bat.
Astelehenean Goienkariako Leire Kortabarriak idatzi zidan blogeko kontaktu orritik, ea geek-ei buruz egin nahi zuen erreportaje batean agertzeko elkarrizketa bat egin ziezadakeen telefonoz. Astelehen arratsaldean bertan egin zidan elkarrizketa. Ongi joan zen dena, oso eroso sentitu nintzen eta gauza piloa kontatu nizkion. Halere, gero kezka gelditu zitzaidan, hori guztiori nola geldituko zen erreportajean, edo azalpen teknikoak-eta ongi ulertuko ote zizkidan. Baina Leirek oso lan ona egin du: nik esandako guztitik garrantzitsuena zena ateratzen jakin du eta ongi azaldu du guztia. Horrez gain, informatikari eta teknologiazaleen gaineko aurreiritziak gezurtatzen saiatu da artikuluan, normalean medio orokorretan alderantziz egiten dutenean. Aupa Leire!
Artikulurako hurrengo egunean argazki bat bidaltzeko ere eskatu zidan Leirek, posible balitz telebista ikusi eta grabatzeko erabiltzen dudan ordenagailuarekin (ikusi hau, hau, hau, hau, hau edo hau) edo horrelako zerbaitetan. Ez nuen hori egin, ez nuelako uste ongi geldituko zenik: biak (ordenagailua eta ni) argazki bakarrean ongi ateratzea ez da erraza, eta gainera ez da erraza ordenagailu txiki hori DVD erreproduzigailu arrunt batetik ezberdintzea. Beraz, etxeko beste ordenagailuarekin, hau da, nire gauza eta lanetarako erabiltzen dudan beste ordenagailuarekin, atera zidan argazkia Alaitz neskalagunak. Bere gurasoek utzi behar izan ziguten argazki-kamera digitala, nik ez baitut (mesedez, ez nazazue geek-en klubetik bota!). Ordenagailuko pantailan niri buruzko gauza esanguratsu batzuk erakutsi nahi izan nituen, baina ez dakit azkenean aldizkarian zer diren nabaritzen den: nire bi seme Ximun eta Hur Hendaiako hondartzan jolasten agertzen diren argazki bat (kamera digitalik ez badut ere, argazki guztiak ordenagailura pasatzen ditut), nire blogaren irudi bat nire komikirik gogokoena den Watchmen-i buruz idatzi nuen artikulua erakusten duena, eta internetetik jaitsitako Mazinger Z seriearen irudi bat.
Erreportajean nitaz gain Mutilmedia-ko neska-mutilak ere agertzen dira. Erreportajeari buruzko artikulua idatzi dute euren blogetan mutilmediakoek eurek eta Klik bikoitzako Imamonek (Goienkariako langilea dena). Gainera, Imamonek PDF formatuan jarri du erreportajea bere blogean.
A, eta azken gauzatxo bat: artikuluko izenburuko esaldia nik esandakotik hartu du Leirek!
Getxoko IV. Komiki Azoka, abenduaren 2tik 4ra
Getxoko IV. Komiki Azoka izango da asteburu honetan, abenduaren 2tik 4ra. Areetako Geltokiko Plazan jarriko den 2.500 metro koadroko karpan izango da, eta ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:30etara izango da. 60 postu baino gehiago egongo dira bertan eta horrez gain egitarau mardula dago antolatuta, egile ugariren partehartzearekin.
Aurtengo edizioak Olmo (Don Celes-en egilea) eta Bilboko Tótem liburudenda omendu nahi ditu. Hainbat erakusketa ere egongo dira azokan: Don Celes-i eskainitako monografikoa, Ricardo Martínezi buruzkoa (Ricardo & Nacho bikoteko kidea, Goomer pertsonaiaren sortzailea eta aurtengo kartelaren egilea), TOS aldizkariari eskainitakoa, "El Balanzin" izenekoa eta "Samuráis, otros tiempos, otras culturas" izenekoa.
Bertan izango diren egileen artean, Horacio Altuna argentinarra, Carlos Ezquerra (Dredd Epailearen marrazkiak egindakoa, besteren artean) eta Joe Kelly eta Pascual Ferry (Marvel eta DC-n aritutakoak) nabarmentzen dituzte antolatzaileek, baina askoz gehiago ere egongo dira: José Luis Martín, Óscar Nebreda, Albert Monteys, Manel Fontdevilla, Ismael Álvarez, Fabrice Neaud, David Rubín, Raquel Alzate (azken honi buruz hitz egin genuen blog honetan aurreko baten), Fermín Solís, Juanjo el rápido, Javier de Isusi, Pepo Pérez, Ken Niimura, Pedro Rodríguez, Rober Garay eta Manuel Bartual.
Horrez gain, nobedadeen aurkezpenak, egileen sinaketak, mahainguruak, proiekzioak eta zine-zikloak izango dira. Eta Algortako eta Romoko erakusketa-aretoetan eta Getxoko zenbait lokaletan sei erakusketa izango dira: Kike Martínez, Dani Maiz, Raquel Alzate, Martín de Diego eta Alex Orbe.
Egitarau ederra benetan! Ea joaterik dudan...
Bilbotik zuzenean moblogeatzen IV
Eibartarrak posta-zerrendakoak
Ezkerretik eskuinera: Ni neu, Luistxo, Etiam, Xabier, Eneko eta Jose del Moral
Bilbotik zuzenean moblogeatzen III
Jendea posteatzen, nabigatzen, berba egiten...