Urte amaiera honetan, euskarazko komikien uzta oparo bezain ona
Getxoko Komiki Azoka, Durangoko Azoka eta Gabonak direla-eta, euskaraz argitaratzen diren komiki apurretatik gehienak urte bukaeran aurkezten dira. Eta aurtengo amaiera hau bereziki ona da gainera, bai kantitateari bai kalitateari dagokionez, hainbat sail ezagun bezain bikainen ale berriak atera baitira: Numenak, Saiak, De Rerum Natura, Gaston...
Sauré etxeak bi album berri atera ditu. Bata, Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak sail apartaren bigarren alea, Alaba. Lehenengo alea, Aita, blog honetan komentatu genuen duela urte bat. Bestea Martínez de Antoñana eta Mosqueraren Harri-pintatzaileak, Artearen historiak sailaren 1. alea.
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria ere beste bi nobedaderekin dator. Lehena, azken bi urteetan zehar aldizkariaren orrietan agertzen joan den Saiak istorioa, album formatuan eta oso edizio txukunean. Joxean Muñozen gidoia eta Juan Luis Landaren irudiak dituen istorio hau blog honetan aspalditik komentatzeko dudan Irati sail ederraren laugarren alea da. Bigarrena, aldizkariaren ale berezia da, ohikoez aparteko istorio labur eta egileekin: Unai Iturriaga eta Alex San Vicenteren Haur besoetakoa, Patxi Zubizarreta eta Pepe Farruqoren Tradizioa eta traizioa, Arantxa Iturbe eta Manu Ortegaren Ustekabeko oporrak, Asiskoren Desertorkina, Raquel Alzateren Burbuilak, Dani Fanoren Mundu modernoa XP4.2 eta Olatz Salaberriaren Zakurraren biolina! testua.
Elkar argitaletxearen eskutik, aldiz, Zaldieroa-k Berria egunkarian egunero ateratzen duen De rerum natura komiki-bandaren bigarren bilduma datorkigu, De rerum natura 2, Azken Antxoa, Euskal Taliban Jatorra, Mieltxo Plastilina Irakaslea, Gizon Jakintsua, La Pelota Basqua eta beste pertsonaia bitxiek osatutako eta jada askorentzat erreferente den unibertso berezi horren erakusgarria.
Eta amaitzeko, Bretainiako Yoran Embanner argitaletxeak komikiaren historian eragin nabarmena izan duen Franquin-en Gaston Lagaffe pertsonaiaren abenturen 10. albuma euskaraz ere atera du, duela gutxi Dabilenharria-k blog honetan kontatzen zigunez.
Ikusten duzuenez, nobedade sorta bikaina. Euskaraz azken urteotan ateratzen ari diren komiki-sailetatik gehien atsegin ditudan ia guztiak daude, Pololoak soilik falta da...
Durangoko Azokan izango duzue guztiak erosteko aukera, edo bestela Olentzerori eskatu!