Hiru sari Zazpi@2007-n!
Joxe Rojas Teknopatak antolatutako Zazpi@2007 lehiaketa, 2007ko euskal interneteko 7 berrikuntza, ekarpen edo gertaera nagusiak aukeratzea helburu duena, amaitu berri da. Blog hau hautagaien artean zegoen eta ez da zazpi irabazleen artean geratu (eta nahiago dut horrela, ez zuen ezer pintatzen hor, ez baita 2007koa). Baina partaide naizen hiru proiektu bai gelditu dira sarituen artean. Ezin kexatu, beraz!
Lehenengoa Elebila euskarazko bilatzailea gelditu da. Elekak komertzializatutako bilatzaile honen proiektua nik zuzendu eta garatu nuen lan egiten dudan Elhuyar Fundazioko I+G sailean.
Bigarren gelditu denean ere, Euskalbar Firefoxerako barran alegia, parte hartzen dut. Baina oso parte hartze txikia, lanean egin ditudan web guneak (ZT Corpusa, CorpEus eta Elebila) kontsultatzeko botoiak jarri besterik ez dut egin. Euskalbar zoragarriaren benetako errudunak Juanan Pereyra, Julen Ruiz eta Asier Sarasua dira. Eskerrik asko eta zorionak beraiei!
Bukatzeko, laugarren gelditu den Eibar.org-en partaide ere banaiz. Hemen ere oso parte hartze txikia dut, bloga dut bertan eta ezer gutxi gehiago (beno, bai, pelmada ematen diet, beti eskaera eta arazoekin). Elkarte aitzindari hau osatzen duten guztiei ere zorionak eta mila esker!
Eta nola ez, zorionak beste irabazle eta hautagai guztiei ere!
Noski, zeure bloga ez da igaz sortutakoa, baina 2007ko onenen artean proposau neban neuk, hau da, igaz egoazan blog guztien artean zeurea nabarmendu neban.
Zoridxonak, bestela!