Xabiroi aldizkariaren bi ale berezi
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren azken bi zenbakiak ale bereziak izan dira, oso denbora tarte txikian argitaratuak. Aldizkariaren ohiko aleak, jarraipena izaten duten istorioak kontatzen dituztenak, urtean hiru izaten badira, bi hilabeteko tartean bi ale berezi atera dira, ohikoez kanpoko istorioekin.
Azaroan irten zen ale berezietako bat, urtero bezala. Bertan ondoko istorio laburrak agertu ziren: Haur besoetakoa, Unai Iturriagaren gidoia eta Alex San Vicenteren irudiekin; Tradizioa eta traizioa, Patxi Zubizarretak asmatua eta Pepe Farruqok marraztua; Ustekabeko oporrak, Arantxa Iturberen istorioa eta Manu Ortegaren marrazkiekin; Asiskoren Desertorkina; Raquel Alzateren Burbuilak; Dani Fanoren Mundu modernoa XP4.2; eta Olatz Salaberriaren Zakurraren biolina! izenburuko hitzaurrea, Dani Fanok ilustratua.
Eta orain urtarrilean beste ale berezi bat atera dute, berariaz matrikulazio kanpainarako banatzeko, eduki hauekin: Albisteen txokoa, nik neuk egina; Manu Ortegaren Haizea; "M" arrotza, A.K. Seltzer-en gidoia eta Iñaki G. Holgadoren irudiekin; Haratago, Olierrek asmatua eta Markok marraztua; Asiskoren Hor konpost; Loperen Einstein inspektorea: Heuxkaltzaina; Julen Ribasen Mutila eta botila; KomikiTAUN elkarrizketen atalean Juan Luis Landa, Iñaki G. Holgado eta Harkaitz Cano; Arthur Suydamen Mudwogs: Haurtxoa hezten; eta Zaldi Eroaren Arranotxu.
Urtarrileko ale berezi hau beste bereziak baino bereziagoa da, Ikastolen Elkarteak matrikulazio kanpainarako bereziki eskatua baita, Xabiroin eta komikian sinesten duen seinale, horrek jendea ikastoletara erakarriko duela pentsatzen du-eta. Eskerrik asko horregatik Ikastolen Elkarteari! Gainera, ale hau Ikastoletako ikasle guztiei banatu zaie, eta ohiko aleek DBHn eta Batxilergoan banatuta berez tirada handia badute (15.000 ale inguru), honek hirukoitza izan du. Egileentzat, Xabiroirentzat eta komikiarentzat orokorrean erakusleiho eta propaganda bikaina! Eta bestalde, ale hau denbora errekorrean egin behar izan da, eta hala ere erronka ondo gainditu da, betiko kalitate handiari eutsi baitzaio. Zorionak Dani Fano koordinatzaileari eta talde guztiari!
Iep! Jo ba azken bereziaren alerik ikusiko bazenu gorde niretzat bale? Oraindik umerik ez dugunontzat zaila da lortzea...