Iritsi da!
Duela gutxi OLPC proiektuari buruz idatzi nuen artikulu baten komentatu nuen nola eskatu nuen nire XO ordenagailua Give One Get One kanpainaren bidez (bi ordenagailu eramangarri ordaindu, bat norberarentzat eta bestea hirugarren munduko haur batentzat). Ba gaur iritsi da!
Irikitakoan, pena pixka bat hartu dut bateria kargatzeko biradera edo tiratzeko soka ez duela ikusita... Gero interneten begiratuta ikusi dut horrela abisatuta zeukatela, hori hirugarren munduko haurrentzakoetan soilik dagoela. Baina tira, berdin dio!
Bestela, lehen inpresioa ona izan da, egia esan dena espero nuen bezala izan da: txikia eta arina da, eramangarriak behar duen moduan; ez ditu beste sistema batzuk adina aplikazio, baina beharrik ere ez, eramangarri baten behar diren aplikazioak baditu, nahiz eta bertsio arinagoak izan, eta bestela web aplikazioak erabil daitezke; kamera, mikrofonoa eta wi-fi konexioa ditu; disko gogorrik edo CD/DVD irakurgailurik ez du, baina USB portuak horiek konektatzeko bai.
Gehien harritu nauena izan da hezkuntzarako eta ikasteko zein aplikazio onak dituen, eta elkarlanerako zein ondo prestatuta! Aplikazioak bai baina elkarlanerako aukera ezingo dute gure haurrek erabili, gelan edo inguruan beste inork ez baitu (nik dakidala behintzat;-)
Orain osagarriak lortu, jarri eta probatu behar ditut (entxufe estatubatuarrentzako egokigailua, wi-fi router-a, sagua...) eta gero askoz gehiago erabili eta probatu, ondoren blog honetan azterketa sakonago bat idazteko. Stay tuned!
Ordenagailua, bai hardware bai software aldetik, hirugarren munduko umeentzat berariaz diseinatuta dago, eta erabilera horretarako da egokiena. Hardwareari dagokionez, gogorra, txikia, arina, eta kontsumo txikikoa da, eta software aldetik haurrek ikasteko aplikazio asko eta oso onak ditu, gainera denak elkarlanerako eta partekatzeko aukerarekin. Adinari dagokionez, nik uste adin tarte oso zabalerako dela. Nire 5 eta 3 urteko semeak ibiltzeko moduko aplikazioak ditu (bikoteak aurkitu, marraztu...) eta beste batzuk askoz aurreratuagoak (musika konposatzeko idazteko...), Interneten nabigatzeko aukeraz gain.
Baina ez dut uste haurrentzat soilik denik, nik adibidez ez dut beraientzat erosi, niretzat baizik. Etxean jada beste ordenagailu bat badaukazu, beste eramangarriak gehiegi dira, eta XO moduko zerbait da nik beti bilatu izan dudana: txikia, arina, merkea, kontsumo txikikoa eta interneten nabigatzea, zerbait idaztea eta ezer gutxi gehiago ahalbidetuko didana. Erantzun hau, adibidez, bertatik idatzi dizut.