e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago
Patxi Gallegoren Pololoak saileko bigarren ale hau aurrekoaren jarraipena dateke istorioan, baina ez horratio estiloan. Lehenak izan zuen arrakastaren ostean, eta bigarren lanen gainean beti izaten diren espektatiba eta erantzukizunak ezagututa, aurreko haren ildo beretik jotzea litzateke errazena. Alabaina, Patxik muzin egin dio bide seguruari, eta beste mota bateko lan bat eginez arriskatu da. Eta berriz ere erronkatik onik atera da, lan borobil bat eginez.
Bigarren lan hau ere komikia dugu, ausarta, irreberentea eta sexualki esplizitua, baina bestela ez du zerikusi handirik aurrekoarekin. Pololoak I - Poxpoliñen lurriña lanean komikia, benetako komikia, hiruzpalau istoriotxo labur ziren, baina obraren muina noizbehinka ilustrazioz eta komiki-bandez lagundutako nobela modukoa zen, trilogiaren pertsonaia nagusien perfilak definitzen zituena. Eta istorio horretan zehar euskal nortasunaren analisi sakona egiten zuen, tonu ironikoan, narrazio mota horrek ahalbidetzen duen erritmo geldoagoaz baliatuz.
Oraingoan, ordea, komiki klasiko huts-hutsa osatu du, hari nagusi bakar eta definitu batekin (nahiz eta noizbehinka flashback-ak ere badiren), eta holakoari dagokionez, beste erritmo eta bizitasun bat du, ederki lortua, komikizale jatorrontzat agian gustukoagoa. Gainera, alde batera uzten ditu lehengo satiraz mozorrotutako filosofatze saioak, eta hura bezain zaila (edo agian zailagoa) den asmo bati heltzen dio, maitemintze baten istorioa kontatzeari alegia, eta aproba hau ere gainditzea lortzen du, ene ustez.
Baditu, ordea, tramaz gain, aurreko lanarekin antzekotasun batzuk: hura bezain barre eragilea eta sexualki esplizitua da. Umoreari dagokionez, esango nuke agian aurrekoa baino barregarriagoa dela, bigarren mailako pertsonaien bidez batez ere (Aldanondo-Kortaja, guardazobilak, Aznar-Oreja...). Lehen lanaren komentarioan aipatutako influentziei (Arale, Ralf König, Superlópez...) orain hentai-a batzen zaie, Mari eta lamiaren irudietan erabili duena.
Bestalde, obrako une askotan (aurreko alean ere bai pixka bat, baina honetan gehiago) istorioari musika jartzen dio Patxik, gehienetan euskal abesti tradizionalak. Ez da komikietan asko erabiltzen den baliabidea, ez baita erraza ongi geratzea, baina nire gusturako behintzat oso ondo lotu ditu abestiak kontatu nahi den amodiozko istorioarekin. Amaierako zatian, Laboaren Sorterriko koblak abestiarekin lagunduta kontatzen duen zatian, kanta ederra buruan entzun dezakezu eta besoko ileak tente jartzen zaizkizu! Filmetako zeluloide-pelikuletan nola, hala itsatsi dio Gallegok benetazko soinu-banda paperaren zelulosari.
Ez dago dudarik azken bizpahiru urteetan euskarazko komikigintzak, beste tokietakoak bezalaxe, loraldia bizi duela, lan oso onak ari baitira argia ikusten eta ez gutxi gainera (asko ere ez, e, nire gusturako bederen): Gartxot, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak... Pololoak saileko bigarren ale bikain, eder eta barregarri hau ere hori konfirmatzera dator.
(Liburu honi buruz beste medioetan agertutakoa Elkarlanean etxearen hemerotekan irakur dezakezu)
Fitxa |
---|
Izenburua: Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa Gidoia eta irudiak: Patxi Gallego Argitaletxea: Elkarlanean Urtea: 2006 ISBN: 84-9783-359-7 |
Getxoko V. Komiki Azoka aste bukaera honetan
Abenduaren 1etik 3ra bitartean (gaurtik igandera, beraz) Getxoko V. Komiki Azoka egingo da. Argitaletxe, komiki-denda, fanzine eta abarren 65 standez gain, beste ekitaldi ugari egongo da: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzea, proiekzioak, tailerrak...
Oharra: Artikulu hau asteazkenean egin nuen orduan argitaratzeko asmoz, baina Eibar.org-ek azken bi egunetan izandako arazoengatik ezin izan dut orain arte argitaratu.
Areetako Geltokiko Plazako 2.500 metro koadroko karpan egongo dira erakustokiak. Ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:30etara izango da.
Hauek izango dira egongo diren beste ekitaldiak:
Omenaldiak
- Portugalete Uri Gorena komiki-lehiaketa
- Víctor Mora, Capitán Trueno, Jabato edo Corsario de Hierro pertsonaien sortzailea
Karpako erakusketak
- Salvador Larroca, Marvel etxearentzat X-Men-en hainbat komikiren egileari buruzkoa
- Albert Monteys eta Manel Fontdevila, El Jueves aldizkariarentzat egindako lanengatik ezagunak diren bi lagun hauei buruzkoa
- 20/20: Art Toys, Art Toys fenomenoari buruzkoa
- ...De ellas, hainbat herrialdetako emakume irudigile batzueri buruzkoa
Erakusketak inguruetan
- El Balanzín II aldizkariari buruzkoa
- Tailerreko ikasleena
- Rober Garay
- Simónides
- Roberto González
Aurkezpenak
- Newuniversal Marvel-en azken lanaren aurkezpen mundiala (Salvador Larroca)
- Comics made in Spain, kanpoan aritutako Espainiako komikigileen historia (Koldo Azpitarte)
- Manurro II: Retorno a Elmestrillo, Rober Garay-ren azken komikia
Zine zikloak
- Animaziozko zinea
- "Cortos de tebeo" zikloa
- "Ensalada de cortometrajes" zikloa
Tailerrak
- Komikia (bi maila)
- Makilajea eta efektu bereziak
- Manga
Gonbidatuak
- Víctor Mora
- Salvador Larroca
- Juan Giménez
- Phil Jimenez
- Albert Monteys
- Manel Fontdevila
- Ken Niimura
- Adrián López
- Jesús Saiz
- David López
- Javier Pina
- Sandra Uve
- Mauro Entrialgo
- Manuel Bartual
- David Rubín
- Paco Roca
- Man
- Paul Grist
EGITARAUA
Ostirala, 2006ko abenduaren 1a
GOIZEZ
- 11:15: Azokaren hasiera + Víctor Morari eta Portugalete Uri Gorena Komiki Lehiaketari omenaldiak
- 12:30: ANIME maratoia (marrazki bizidunak)
ARRATSALDEZ
- 17:05: Proiekzioa: Cómo se hizo: "Arthur y los Minimoys"
- 17:30 - 19:30: Manga elkarteen lehiaketa: Wireless-gunea: partaide anitzeko jokoak. Joko-gunea: bideo-jokoen kontsola. Proiekzioak. Friki-trivial
- 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: Javier de Isusi, Paco Roca, David Rubín (Astiberriren postuan)
- 19:30 - 21:30: Karaoke lehiaketa
Larunbata, 2006ko abenduaren 2a
GOIZEZ
- 11:05: Proiekzioa: ANIMAZIO ZINEA (formatu anitzeko film laburrak: flash, stop-motion…). "Cirugía", "Tadeo Jones", "La leyenda del espantapájaros", "Citoplasmas en medio ácido", "Otro corto con niños"…
- 11:45: Nobedade-aurkezpena: ASTIBERRI. Parte-hartzaileak: Javier de Isusi, Raquel Alzate, David Rubín, Sandra Uve, Mauro Entrialgo, Paco Roca, Laureano Domínguez
- 12:00: PAUL GRISTekin topaketa. DOLMEN / CABEZABAJOren nobedade-aurkezpena. SINATZE-TXANDAK: Paul Grist, Phil Jimenez (sinatze-gunea)
- 12:30 - 14:00: SINATZE-TXANDAK: David Rubín, Mauro Entrialgo, Javier de Isusi (Astiberriren postuan)
- 12:45: JUAN GIMÉNEZekin topaketa. Moderatzaileak: Ángel de la Calle, Jorge Iván Argiz
- 13:00: SINATZE-TXANDAK: Salvador Larroca (sinatze-gunea)
- 13:25: Nobedade-aurkezpena: GLÉNAT. Parte-hartzaileak: Man, Félix Sabaté
- 13:45: Nobedade-aurkezpena: LA CÚPULA. Parte-hartzailea: José M. Berenguer
- 14:00: Aurkezpena: XABIROI - "MANURRO II: RETORNO A ELMESTRILLO". Parte-hartzaileak: Rober Garay, Dani Fano, Iñaki G. Holgado
- 14:15: Aurkezpena: "LOS CARTELES DEL TMEO". Parte-hartzaileak: Santi Orúe / Larri
ARRATSALDEZ
- 17:00: SINATZE-TXANDAK: Jesús Saiz, David López, Javier Pina (sinatze-gunea)
- 17:05: Nobedade-aurkezpena: ICED LANDS. Parte-hartzaileak: Natxo Apaolaza, Kaiet Estrada
- 17:20: Nobedade-aurkezpena: PLANETA. Parte-hartzaileak: David Hernando, Anabel Espada
- 17:35: Nobedade-aurkezpena: NORMA. Parte-hartzailea: Carles Miralles
- 17:50: Mahai-ingurua: "Cine, cómic y otras hierbas". Hizlariak: Joaquín Reyes (La Hora Chanante), Koldo Serra, Sandra Uve, Juanma Bajo Ulloa. Moderatzailea: Borja Crespo
- 18:00: SINATZE-TXANDAK: Juan Gimenez, Phil Jimenez (sinatze-gunea)
- 18:45: SALVADOR LARROCArekin topaketa + "NEWUNIVERSAL" SAILAREN MUNDU-AURKEZPENA. Moderatzailea: Koldo Azpitarte
- 19:00: SINATZE-TXANDAK: Manel Fontdevilla, Albert Monteys (sinatze-gunea)
- 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: Sandra Uve, Mauro Entrialgo, Javier de Isusi (Astiberriren postuan)
- 19:25: PHIL JIMENEZekin topaketa. Moderatzaileak: Jorge Iván Argiz, Raúl Sastre
- 20:00: Liburu-aurkezpena: "CÓMICS MADE IN SPAIN". Autorea: Koldo Azpitarte
- 20:15: Mahai-ingurua: "Dibujando para USA". Parte-hartzaileak: David López, Jesús Saiz eta Javier Pina. Moderatzaileak: Germán Menéndez eta Koldo Azpitarte
Igandea, 2006ko abenduaren 3a
GOIZEZ
- 11:15: Mangari buruzko hitzaldia: "Entender el cómic oriental" (+ ikusentzunezko materiala). Ken Niimuraren eskutik
- 12:00: SINATZE-TXANDAK: Manel Fontdevilla, Albert Monteys (sinatze-gunea)
- 12:30 - 14:00: SINATZE-TXANDAK: Javier de Isusi, Sandra Uve, Raquel Alzate (Astiberriren postuan)
- 12:45: MANEL FONTDEVILArekin eta ALBERT MONTEYSekin topaketa. Moderatzailea: Manuel Bartual
- 13:00: SINATZE-TXANDAK: Salvador Larroca, Juan Giménez (sinatze-gunea)
- 13:30: Mahai-ingurua : "Mundo Blog: cómic e Internet". Parte-hartzaileak: Mauro Entrialgo, Ricardo Mena, Jorge Iván Argiz, Manuel Bartual. Moderatzailea: Borja Crespo
ARRATSALDEZ
- 17:05: Proiekzioa: "CORTOS DE TEBEO" : "Casa", "Macarra", "Blas", "Domingo", "La abducción de Asunción", "Amigas con miga", " Quevidamastriste.com", "Desde mis ventanas", "Mi clase de 8 EGB-A", "Martians Go Home!", "Una extraña invasión galáctica", "Pajeros", "Estrábicos"…
- 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: David Rubín, Sandra Uve, Mauro Entrialgo (Astiberriren postuan)
- 19:45: Proiekzioa: "Ensalada de cortometrajes" : "Coolness", "Corrientes circulares", "Sintonía", "Yeah!, Yeah!, Yeah!", "El futuro está en el porno"…
- 20:30: MANGA elkarteen lehiaketa: cosplay (mozorroak)
Bi egun "Euskadi Fantastikoa II" erakusketan
Duela bi aste birritan egon nintzen Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, Juan Luis Landa eta Marko Armspach euskal komikigileen lanari buruzko Euskadi Fantastikoa II erakusketan. Lehena asteartea 7an, Markorekin izandako bisita gidatuan, eta bigarrena asteazkenean, Euskadi Irratiko Tere Belokirekin Arratsaldekoa irratsaiorako elkarrizketa bat egiten. Elkarrizketa hemen duzue, entzun nahi baduzue.
Markok gidatutako bisitan 15 pertsona inguru izan ginen, tartean euskal komikien munduko jende ezaguna: Marko bera, Iñaki G. Holgado (aurtengo erakusketaren antolatzailea da, eta iazko erakusketa bere lanari eskainia zen), Dani Fano (komikigilea eta Ikastolen Elkarteko Xabiroi komiki-aldizkariaren koordinatzailea) eta Juanma Diaz de Gereñu (Habeko Mik: euskal komiki ahalegina liburuaren egilea, EHUko irakaslea eta hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaboratzailea). Horiez gain egon ginen Markoren alaba, Mikel Iturria (Eibar.org blog komunitateko kidea eta Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria), Irungo komiki-eskola bateko lau kide, beste hiruzpalau lagun eta ni.
Oso bisita interesgarria izan zen. Ordu eta laurden inguruan Markok bere lan-prozesua azaldua zigun, batez ere Agence barbare bere azken lanean oinarrituta. Bamboo Éditions argitaletxe frantziarrarentzat azken urteetan egiten aritu den lana da, lau liburukitan banatua dagoena eta Olier gidoigile duena. Erakusketan zeuden irudiez gain, karpeta bat eraman zuen bere laneko hainbat zirriborrorekin, prozesuori hobeto azaltzeko. Esan zigun komiki-liburu bat egiten duenean hiru aldiz marrazten duela dena: lehenengo zirriborroa arkatzez egiten du, gero berriz zirriborro zehatzago bat, hau ere arkatzez, eta bukatzeko tintara pasatu eta ordenagailuan koloreztatu. Azalpen guztiok euskaraz eta umore onean eman zituen.
Gero Iñaki eta Danik Juan Luisen lana azaldu zuten, Juan Luis bera ez baitzen joan. Hauek azpimarratu zuten zein detailezalea den Juan Luis bere marrazkietan, eta zein teknika bitxi erabiltzen dituen detaile txiki horiek marraztu ahal izateko (ezin dizuet zehaztu zeintzuk, ez baitut gogoan eta ez bainaiz horretan aditua). Hau ere oso ongi egon zen.
Eta hurrengo egunean berriz itzuli nintzen erakusketara, oraingo honetan Tere Belokirekin Euskadi Irratirako elkarrizketa bat egitera. Tereren asmoa hainbat gairen inguruan berba egitekoa zen: blog honi buruz, komikiei buruz orokorrean, erakusketari buruz... Guztira 25 minutu inguru egon ginen hizketan. Ni oso gustura sentitu nintzen denbora osoan. Enfokea ez zen izan "friki batzuen afizio hori", komikiak kultur adierazpide garrantzitsu baina infrabaloratu gisa erakustea baizik. Aurrez ez nekien galderak zeintzuk izango ziren eta horregatik, a posteriori ikusita, ez nintzen erantzun batzuekin guztiz gustura gelditu, baina tira, pentsatzen dut sentsazio hori beti geldituko dela... Elkarrizketa aurreko asteko astelehenean bota zuten, baina nik ezin izan nuen orduan entzun, justu ordu erdi horretan Guardia Zibilaren kontrol batean nengoen, errepide ertzean basora begira, badakizue... Oraintsu iritsi zait Terek bidalitako CDa, eta emaitza ez zait txarra iruditu. Hemen duzue entzungai, eta hemen jaisteko, ea zer iruditzen zaizuen zuei...
"Numenak - Aita", euskal mitologia, historia eta gaur egungo errealitatea maisuki nahasten dituen komiki ederra
Iazko Durangoko azokan, Sauré argitaletxearen stand-a begiratzen nenbilen, hainbat komiki erosteko asmotan. Bazegoen berri bat ezagutzen ez nuena, nire atentzioa deitzeko ez izenburu arraroak ez azalak laguntzen zutena. Baina han ondoan suertatu zen Arrasateko lagun batek stand-ekoari zerbait gomenda ziezaion eskatu zion, eta azken honek aipatu zion Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak - Aita. Stand-eko beste komiki guztiak batera baino askoz gehiago saltzen ari omen zen eta Arrasaten kokatua omen zegoen. Nahikoa izan zen hori (batez ere bigarrena!) nik erosteko, eta komiki zoragarri hau deskubritzeko.
Numenak - Aita komikian kontatzen den istorioan, euskal tradizoa eta mitologiarekin batera gaur egungo kontuak ere nahasten dira. Alaitz eta Iratxe Arrasateko bi neska dira, euskal mitoei garrantzirik ematen ez dietenak, eta horiekiko errespetu faltagatik euren burua numen edo pertsonaia mitologikoekin abentura baten nahastuta aurkitzen dutenak. Paraleloan pertsonaia mitologiko horietako batzuren iragana kontatzen da, euskal jauntxoen eta gaztelarren arteko guduen garaikoak, Mari jainkosa Diego jaunarekin ezkonduta gizakien artean bizi zenekoa.
Istorioa erakargarria da oso, asko interesatzen zaizkidan gaien ingurukoa, eta oso ondo kontatua dago. Bide batez, euskal historia eta mitologia nahaste horrek niri ikaragarri gustatzen zaidan beste komiki bat gogorarazten dit, Juan Luis Landaren El ciclo de Irati hain zuzen ere. Hartan Eneko Aritzaren eta azken lamiaren arteko maitasun istorioa kontatzen da eta... tira, ez dut jarraituko, aspalditik daukat horren komentarioa egiteko, ea noiz egiten dudan!
Irudiak ere arras politak dira. Julen Ribas-ek arkatzarekin egindako irudiei, entintatu gabe, Unai Busturiak kolorea ematen die ordenagailuz. Lortutako efektua, arkatzaren zirriborroaren itxura "zikina" eta ordenagailuzko kolorearen modernotasuna, oso aproposa da tradizioa eta gaur egungoa nahasten dituen istorio batentzat, ene iduriko. Komikiaren sortze-prozesuaren fase ezberdin horiek (arkatza, kolorea...) eta azken emaitza erakusten duten bozeto batzuk daude amaierako eranskin baten, oso interesgarriak.
Irudietan, gainera, Arrasateko toki ezagun ugari agertzen dira (jada desagertu diren batzuk barne), beraz zer gehiago eska lezake ni moduko arrasatear herrimindu batek ba?
Bi egileak gazteak direla eta teknologia berriak ezagutzen dituztela nabaria da, ez bakarrik ordenagailu bidezko koloreztatzean (hori gaur egun ia komikigile guztiek erabiltzen dute): Numenak bloga ireki zuten komiki-liburua argitaratu zenean, nahiz eta geroztik apenas jarraipena eman dioten.
Badirudi, gainera, komiki-liburu hau oso arrakastatsua izaten ari dela. Durangoko azokako postukoak esan zigunaz gain, Diario Vasco-ko artikulu honetan aipatzen dute Durangoko azokan Sauré-ren standean salduena izan zela (guri esan bezala), kritika onak jasotzen ari zela eta Angoulêmeko azokan aurkeztekoak zirela, itxaropentsu. Agian lortuko ote zuten nazioartean argitaratzeko kontraturen bat? Aldaketa16-ko beste artikulu honetan ere oso ondo jartzen dute ("ikusgarria bezain zirraragarria"), eta baita katalanezko beste honetan ere.
Irudia: Julen Ribas / Unai Busturia
Komiki-liburu zinez bikaina, beraz. Baina dena ezingo da ona izan, ezta? Zerbait txarra izatekotan, nik bi gauzatxo aipatuko nituzke, sarreran esan ditudanak: bata izenburua (ez du barruko istorioa iradokitzen, hau da, ez du mitologiarekin zerikusirik duela sujeritzen, edo niri ez behintzat, ez bainuen numen hitza ezagutzen) eta bestea azala (nahiko iluna izateaz gain, honek ere ez du, nire ustez, mitologiarekiko loturarik iradokitzen). Tira, eta horrez gain, hiruzpalau biñetetako bunbuiloek testuak elkartrukatuta dituztela (ondoko irudian duzue adibide bat), baina horretaz gaur egun oso komiki gutxi libratzen dela uste dut...
Komiki hau trilogia bateko lehen atala da, eta hurrengoa ez da 2007a baino lehen espero. Ez dakit itxoin ahal izango dudan!
Poliki-poliki euskarazko helduentzako komikigintza ari da gorpuzten eta duintasunez gainera (Pololoak, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak hauxe...), baina oraingoz ale bakan batzuk besterik ez dira ateratzen urtean... Suposatzen dut oraingoz oso komikigile gutxi dedikatzen direla honetara profesionalki eta esklusiboki. Ea egoera hobetzen joaten den!
Fitxa |
---|
Izenburua: Numenak - Aita Gidoia: Unai Busturia Irudiak: Julen Ribas Kolorea: Unai Busturia Argitaletxea: Sauré Urtea: 2005 ISBN: 84-95225-58-1 |
Paul Auster eta Euskararen Herria
Paul Auster (1947) elebarrigile, olerkari, antzerkigile eta zinemagile newyorktarra ezaguna egin zan 1987an, 40 urtegaz, The New York Trilogy osatzen daben hiru liburuak argitaratu ondoren. 2004an, hiru lan horietako bat komiki bihurtu eben Paul Karasik idazleak eta David Mazzucchelli komikigileak, City of Glass, the Graphic Novel izenagaz. 2005eko jatorrizko argitaraldian, ganera, Art Spiegelman komikigilearena (Maus bikainaren egilea) da sarrerako berbaurrea.
Aurton, Paul Auster birritan hurbildu dabe geurera, Euskararen Herrira, eta lelengoa ustekabe ederra baldin bazan (Brooklyngo erokeriak, zeinen bidez Auster deskubridu neban), azkena are ezustekoagoa izan da: Kristalezko Hiria komikia.
New York-eko idazleak 2005ean argitaratu zuen Brooklyn follies liburua, jatorrizko bertsinoan. Eta 2006an, lana "estatuespainarreratzean" egileak berak hartu ei eban erabaki ederra: gazteleraz ez ezik, katalunieraz, galizieraz eta euskaraz ere argitaratuko eban, aldi berean ganera. Praktikan, lehenik galegoz (Brooklyn Follies, Galaxia argitaletxea) kaleratu eben kurioski otsailaren 27an, eta egun bat geroago espainieraz (Brooklyn Follies, Anagrama) eta katalanez (Bogeries de Brooklyn, El Balancí).
Brooklyngo erokeriak, Oskar Arana aramaioarrak itzulita, Alberdaniak atara eban argitara martxoan. Neuk pare bat hilabete geroago irakurri neban, eta harrapatzen zaituen elebarri luze eta mamitsu horietakoa dalako sentsazinoagaz gelditu nintzan, alkarregaz gurutzatzen diran dozena erdi bat petsonaiaren istorioak kontatzen dituela. Paul Auster hor ezagutu neban neuk eta lelengo ustekabea hartu neban.
Bigarrena, lehen esan legez, orain dala gitxi hartu dot, Txalaparta argitaletxearen katalogoan kuxkuxeatzen: orain dala 20 urte idatzitako New Yorkeko Trilogia hartako City of Glass liburuaren komikiaren bertsino euskaratuta. "Kristalezko Hiria" izena deuko, Harkaitz Canok itzulitakoa. (Oharra: ez dot lortu libururako zuzeneko esteka, Txalaparta-ren webgunean "Auster" bilatuta agertzen da).
Azkenik, komentau barik ezin utzi Aitor Alonso vitoriarra eta haren bloga. Morroi honek deuko mundu mailan blogik osatuenetarikoa (osatuena ez esatearren) Austerreri buruz, gazteleraz izan be. Bloga benetan ikusgarria da, eta idazleari buruz ez ezik Sophie Auster haren alaba musikaria eta aktoreaz eta beste hainbat konturen ganean ibiltzen da blogari gasteiztarra. "Baina" bat deuko mutilak, eta horrexegaitik "vitoriarra" abizena paratu deutsat goian. Brooklyn follies-en itzulpenen albistea komentatzean, Aitorreri ahaztu izan jakon bere urian erresistente batzuk erabiltzen tematzen diran hizkuntzaz, eta beste arabar batek egindako itzulpenaz berba erdirik be ez dau idazten. Blogean sartu eta komentauko deutsat.
Hurrengorarte!
Ruben Arozenaren lanari buruzko erakusketa antolatu dute EHUko bere lankideek
Iazko urte amaieran eman genuen hemen Ruben Arozena komikigilearen heriotzaren berri tristea. 1966an jaioa, Arte Ederretako doktorea zen eta EHUko Arte Ederretako Fakultatean irakasle. Pintura landu zuen nagusiki, baina komikiak ere egin zituen. Ipurbeltz, Habe, Habeko Mik, Aizu, Hemen, El víbora eta Bronx aldizkarietan argitaratu zituen.
Orain jakin dut Berriaren bitartez bere lankideek bere lanari buruzko erakusketa antolatu dutela. Leioako campuseko erakustaretoan dago, liburutegi nagusian, azaroaren 24a arte.
Donostiako III. Komiki Jardunaldiak
Aurten ere, urriaren 28tik azaroaren 4ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Astearen barruan Donostiako III. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 28tik abenduaren 9ra izango direnak. Aurten hiru erakusketez osatua egongo da: "Wrightson: Beldurraren maisua", "Paco Alcázar: Nik egin nuen!" eta "Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach".
"Wrightson: Beldurraren maisua" izeneko erakusketa Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian izango da, eta Bernie Wrigthson-i buruzkoa da, beldurrezko komikitan espezialitatuko marrazkilaria eta The swamp thing-en sortzailea.
"Paco Alcázar: Nik egin nuen!" izenekoa Okendo Kultur Etxean eta Vito 021 Galerian izango da, eta Paco Alcázar-en lanari buruzkoa da.
Azkenik, "Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach" izeneko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean izango da (zeinaren zuzendari Mikel Iturria Eibar.org blog komunitateko kidea den; bide batez, mila esker berriz ere informazio eta laguntzagatik Iturri! ;-), euskal egile internazionalenetako biri buruz. Juan Luis Landa nire egile gogokoenetako bat da, per secula seculorum hemen komentatzeko daukadan El ciclo de Irati ederraren egilea eta Xabiroi aldizkariko kolaboratzailea, nahiz eta ziurrenik ezagunagoa izan Toti Martinez de Lezearen mitologiari buruzko liburuak ilustratzeagatik. Marko Armspach ere Xabiroiko partaidea da eta Gartxot komikiaren egileetako bat.
Iaz ere hitz egin genizuen hemen jardunaldioi buruz.
Hona hemen erakusketen egutegi, helbide eta ordutegiak:
Wrightson: Beldurraren maisua
Udal Liburutegi Nagusia
- Urriaren 28tik azaroaren 25era: astelehenetik ostiralera 10:00 - 20:30, larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Urriaren 29a: 10:00 - 20:30
Paco Alcázar: Nik egin nuen!
Okendo Kultur Etxea
- Urriaren 28tik azaroaren 4ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 6tik abenduaren 9ra: astelehenetik ostiralera 16:00 - 20:30, larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
Vito 021 Galeria
- Urriaren 28tik abenduaren 9ra: astelehenetik ostegunera 10:00 - 14:00 eta 15:30 - 18:30, ostiraletan 10:00 - 15:00
Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach
Ernest Lluch Kultur Etxea
- Urriaren 28tik azaroaren 4ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
- Azaroaren 6tik 25era: astelehenetik ostiralera 16:00 - 20:30, larunbatak 16:30-20:30
"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa" kalean da
Gaur goizean kalean errekadutan ari zela, Alaitz neskalagunak ustekabean liburudenda bateko eskaparatean ikusi du Patxi Gallegoren Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa komiki-liburua, Pololoak I - Poxpoliñen lurriñarekin hasitako trilogiaren bigarren zatia. Ez genekien aterata zegoenik ere! Ikustea eta erostea, dena bat izan da, noski.
Abenduko partidatik Patxirekin egon gabe nintzen, eta nituen azken berriak ziren udaberrian ateratzekoa zela bigarren zatia. Denbora aurrera zihoan eta ezer ez... Eta horrela, bat-batean, denda baten aurkitu dugu!
Xabinaitor-en abenturen lehen zatia agertu zenean, kanpaina mediatiko nahiko handia egin zen, eta horregatik poztu egin ginen blog honetan, euskarazko helduentzako komikiei medioetan presentzia eta garrantzia ematea beti ona delakoan (bestela gero, normala denez, komikia saltzen ez dela diote eta beste urte askoan ez dute ezer ateratzen). Baina oraingoan nik behintzat ez dut ezer entzun, pena litzateke ba... Tira, oraindik egiteko izango dute promozio kanpaina? Agian kasu egin digute, ze orduan kexatu ere egin ginen aurkezpena egin eta gero inon lortzerik ez zegoelako...
Lehen atala primerakoa iruditu zitzaidan, eta beste hau ere ziur hala izango dela, irakurtzeko irrikitan nago! Hala ere, lehen zatia berrirakurtzeko aprobetxatuko dut, eta bigarrenak horren ondoren izan beharko du. Amaitutakoan, irakurriko duzue hemen kritika.
Argazkigintza eta DRM-a
Ostiralean, urtero bezala, nire jaioterrira bueltatu nintzen egun handirako, eta han koadrilako batek kontsulta informatiko bat egin zidan. Kontua da bere anaiaren ezkontzan argazkilari bat kontratatu zutela erreportaje grafikoa egiteko eta honek, amaitutakoan, argazki album inprimatua emateaz gain, CD bat ere eman ziela ateratako argazki guztiekin, eta esan ziela CD horretako argazkiak euren ordenagailuan ikusi ahal izango zituztela baina ez zuela funtzionatuko edozein argazki-dendara paperezko kopiak egitera joanez gero, paperezko kopiak egin nahi bazituzten derrigorrez berarengana jo beharko zutela, eta ongi ordaindu noski. Lagunak jakin nahi zuen ea hori egia den eta ea babes hori hauts zitekeen. Nik ezin nion lagundu, hori guztia berria baitzen niretzat.
Badirudi DRM sistemak argazkigintzaren munduan erabiltzen ari direla. Aurpegia behar da gero, zuk ordaindutako eta zu agertzen zaren argazkien jabetza argazkilariarena dela esatea ere!
DRM (Digital Rights Management edo Eskubideen Kudeaketa Digitala) sistemak asko aplikatzen ari dira azkenaldian. Euskarri digitaletan dagoen multimedia edukietako egile-eskubideak babesteko sistemak omen dira, eta funtsean kopiak egitea saihestea (edo gutxienez zailtzea) dute helburu. Horren adibideak dira DVDek aspalditik duten CSS sistema eta eremukako banaketa, gaur egungo CD askok HiFi ekipoetan soilik edo ordenagailuko musika-erreproduzigailu jakin batzuekin soilik funtzionatzeko daukaten babesa, edo iTunes denda musika ezagunean erositako abestiak izatea iPod-ean entzun ditzakegun bakarrak.
Arazoa da DRM sistemek beste eskubide batzuk ahazten dituztela, bezero edo eroslearenak hain zuzen ere. Horrela, DVDJon-ek CSS sistema apurtu zuen arte Linux zeukatenek ezin zituzten legalki erositako DVDak euren ordenagailuetan ikusi, gaur egungo babestutako musika CD horietako asko ezin dira Linux sistema baten entzun (edo batzuetan ezta kotxean ere!), eta abar.
Hala eta guztiz ere, agian uler nezake musika edo film baten egileak edo jabeak bere lan hori babestu nahi izatea eta egile-eskubideak errespeta daitezen eskatzea. Edo baita argazkilari batek hori nahi izatea, bereak diren argazkiekin. Baina aipatu dudan argazkigintzako kasua gehiegizkoa iruditzen zait. Argazkilari hori bezeroak kontratatu du beretzat lan bat egin dezan eta argazkilariak jada kobratu du lan horregatik, beraz bere lanaren emaitza kontratatu duenarena da, ez? Bestela, frigorifiko bat egin duen langileak esan ahalko lioke enpresari frigorifikoa berea dela... Are gehiago, egile-eskubideez gain irudi-eskubideak ere badaudela uste dut, eta horiek kontuan izanik, argazkilaria izan beharko litzateke irudi horiek bertan agertzen direnen baimenik gabe erabili ezin dituena, ez?
Ba al dakizue ea argazkilariek benetan horrelako DRM sistemak erabiltzen dituzten, ala soilik hordagoa botatzen dute bertara joan zaitezen kopiak egitera? Zabaldua al dago hori argazkilari guztien artean, ala larru gogorra duten gutxi batzuk soilik dira? Legala al da hori egitea? Zer gertatzen da beste laborategi batera bazoaz kopiak egitera, hau da, zein da jartzen duten babes konkretua? Eta garrantzitsuena, ba al dakizue nola hauts daitekeen babesa?
(Eskerrik asko Urrutia!)
"Watchmen" eta "Persepolis", pantaila handirako bidean
Kasualitatea, pare bat eguneko tartean izan dut Watchmen eta Persepolis komikietan oinarrituta film bana egingo duten berri. Watchmen inoiz egin den komikirik onena da nire ustez, eta Persepolis nire gogokoenetako bat. Bien inguruan behin baino gehiagotan hitz egin dugu blog honetan.
Watchmen
Watchmen Alan Moore jeinuaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen komikia da. Behin baino gehiagotan egin dugu berba nobela grafiko honi buruz blog honetan (ikus "Watchmen", inoizko komikirik onena, "Watchmen" 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen artean, "Time" aldizkariaren arabera eta "Watchmen" 20 nobela geek-enen artean). Horietako lehenengoan, duela urtebete baino gehiago, jadanik aipatu genuen Watchmen-en zinemaratzea, eta hau genion horri buruz: "Watchmen bera ere zinemara eramateko bazeukan proiektu bat nahiko aurreratuta Paramount etxeak, Paul Greengrass-ek zuzentzeko. Interneteko komikizaleen foroetan iritzi orokorra zen hobe zela ezer ez egitea, obra horren xehetasunak, zorroztasuna eta kalitatea zinera ezin zirela eraman, eta are gutxiago Hollywood-ek! Zaleak pozik uzteko, foro bat eta guzti ireki zuten zuzendariarekin zuzenean filmari buruz berba egiteko. Baina azkenean uztailean bertan behera utzi dute proiektua eta beste estudio batzuei eskaini die. Eurek beste arrazoi batzuk argudiatzen dituzte, baina ez dakit... Interneten bidez batu eta antolatuta herriak duen botereaz konturatzen hasi al dira boteretsuak?". Inozoa ni, orain berriz ere martxan dago Watchmen filma egiteko proiektu bat.
Edonola ere, Watchmen filmaren proiektuak gorabehera asko izan ditu azken urteetan, bi arrazoirengatik pentsatzen dut: goian aipatu bezala, zaleen artean kultuko komikia delako eta bere adaptazio on bat egitea zaila ikusten delako, eta Alan Mooreri bere filmen adaptazioak egitea gustatzen ez zaiolako (aurrez egin diren From Hell eta The League of Extraordinary Gentlemen kaskarrak ikusi eta gero, ez du nahi bere komikietan oinarritutako filmerik egiterik, baina eskubideak argitaletxeek dituztelako eta ekidin ezin duelako, gutxienez bere izena kredituetan agertzea debekatzen du eta berari dagokion diruaren zatia marrazkigileari ematen dio). Proiektua Hollywood-eko estudio askotatik pasatu da (Universal, Paramount eta orain Warner), eta zuzendari posible asko izan ditu (Terry Gilliam Monty Python-eko kidea, Darren Aronofsky, Paul Greengrass United 93-ren zuzendaria), baina badirudi azkenean Warner eta Zack Snyder behin-betikoak izango direla.
Zack Snyder-ek 2004ean The dawn of the dead filma zuzendu zuen, 1978ko beldurrezko kultuko filmaren remake-a. Eta berriki 300 amaitu du, Frank Miller-en Termopiletako guduari buruzko 300 komikiaren adaptazioa. Honek zaleei filmarenganako konfidantza edo itxaropen pixka bat eman diela dirudi (hemen irakur daitekeenez), Frank Millerri ere ez baitzaio gustatzen bere obrak zinemaratzea (Sin City filma egitea ez zuen onartu Robert Rodríguez-en berarekin batera zuzentzeko eskaintza iritsi zitzaion arte), eta Snyder-ek 300 egitea onartu du.
Nire aldetik, filma egiten denean, V for Vendetta-rekin izan nituen kontzientzia arazo berdinekin jarraituko dut: nire Moore mirestuarenganako errespetuagatik filma ikusi gabe agoantatuko al dut? Ez dakit, hura oraindik ez dut ikusi, baina Watchmen... Kritikatu ahal izateko ikustearen aitzakia erabiliko dut-edo...
Beste erreferentzia batzuk:
Persepolis
Persepolis Marjane Satrapi emakume irandar europartuaren komiki ezagunena da, lau liburukitan Irango errealitatea ikuspegi autobiografikotik kontatzen duena. Komiki hau ere blog honetan behin baino gehiagotan aipatu dugu (ikusi "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna eta Marjane Satrapi, berriz irabazle Angoulêmen).
Con C de Arte blogaren bidez jakin dudanez, honen filma ere egiten ari dira. Animaziozko filma izango da, Satrapik berak zuzenduko du Vincent Paronnaud-en laguntzarekin eta Chiara Mastroianni eta Catherine Deneuve-ren ahotsak izango ditu. Hau bai, hau ez dut zalantzarik ikusi nahi dudala!
Beste erreferentzia batzuk: