Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Angulema, euskal komikiaren Meka

e-gor 2016/03/13 21:25
Urtero euskal komikigile eta zale ugarik erromesaldia egiten dute hango komiki-azokara

Angulemakoa da, zalantzarik gabe, Europako komiki-azokarik handien eta garrantzitsuena. Musulmanak gutxienez bizitzan behin Mekara nola, hala nahi izaten du europar komikizale orok, den tokikoa dela, bertara joan. Baina Angulema Euskal Herritik hurbil samar izaki, euskaldun anitz joaten da urtarrileko azken aste bukaeran Angulemako jaialdira, komiki egile zein zale, bakarrik edo taldean, lanera ala disfrutatzera, eta horietako asko ohituraz.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian 2016/02/16an argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Ez da erraza Angulemako komiki-jaialdian inoiz izan ez den norbaiti haren tamaina eta garrantziaren ideia transmititzea. Bost karpa ezberdin daude hirian zehar banatuta, horietako batzuk tamainaz Durangoko Azokako Landako eraikinaren parekoak; antolakuntzak paratutako hainbat erakusketa ere egoten dira areto ezberdinetan (elizetan barne!); ekitaldi ugari antolatzen dira (aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak...); hiriko saltokien erakusleihoak, Gabonak bailiran, komiki-gaiez apainduta daude; kaleen izenak erakusten dituzten plakak komikien bunbuiloetan sartuta ageri dira; eta, batez ere, jendea eta jendea nonahi. Edozein komikizaleren paradisua! Eta halako tokia guretik hain gertu egonik, ez da harritzekoa urtero euskal herritar ugari han aurkitzea, egile eta editoreak lanera eta zaleak beraien pasioa bizitzera etorriak.

Gorka Basterretxea (Zuloa liburudenda): “Esperientzia oso polita da, asko disfrutatzen dugu: karpak, erakusketa potente horiek...”

Zaleen espediziorik beteranoena Gasteiztik joaten dena izango da ziurrenik. Gasteiz eta Angulemako hiriak senidetuta daudenez, duela hogei bat urtetik hona-edo autobusa antolatu izan du Gasteizko Udalak komiki-azokan aste bukaera pasatzeko. 2013an, baina, udalak bertan behera utzi zuen, eta antolakuntzaren lekukoa Zuloa liburu-dendakoek (espedizioko ohiko parte-hartzaile zirenak) hartu zuten. Hango Gorka Basterretxearen hitzetan, “50 inguru joan ohi gara; lo egitekoa Angulemakoek hartzen digute, handik 20 bat kilometrora dagoen kanpin bateko bungalow batzuetan, eta planaren barruan sarrera guztiak (karpak, erakusketak...) ere barne daude”. Aurtengoan, baina, ez dira joan. Parisko atentatuak direla-eta, izena emandako hainbat jende atzera bota zen, ez zekiten giroa nola egongo zen... Azkenean penarekin gelditu dira eta hurrengo urtean berriz ere joateko asmoa dute. Izan ere, “esperientzia oso polita da, asko disfrutatzen dugu: karpak, erakusketa potente horiek...”, diosku Basterretxeak. “Hemengo jende eta argitaletxeekin egoten zara: batean Xabiroikoak, bestean Fermin Muguruza [Black is beltza saltzen egon zen 2015ean]... eta duela 5 bat urte-edo Moebius ezagutu genuen! Ikaragarria da horrelako maisu bati eskua ematea. Batzuetan hemengo autoreei harremanak egiten laguntzera ere joan izan gara, eta barruko mundua ezagutzen duzu horrela.”

Dani Fano (Xabiroi aldizkaria): “Pribilegiatuak gara Europako azokarik handiena hain hurbil izateagatik”

Azken urteetan beti joan izan den beste koadrila bat Xabiroi komiki-aldizkarikoena da. Bertako egile eta hurbileko edo lagunez osatutako taldetxo bat aldizkaria sortu zen urtean hasi ziren bidaia egiten, duela 10 urte, lehenagotik ere bertako hainbat lagun taldetxotan etorri izan baziren ere. Xabiroiko koordinatzaile Dani Fanok dioenez, “erromesaldia egitera etortzen gara, izan ere, pribilegiatuak gara Europako azokarik handiena (eta mundu mailan ere, handiena ez bada, bai ederrena) hain hurbil izateagatik”. Taldeko egileetako batzuk aprobetxatzen dute beraien lana mugitzeko eta Frantziako merkatuan saltzen saiatzeko, eta Xabiroi moduan ere egin izan da saiakeraren bat urtero ateratzen diren albumak han norbaitek argitara ditzan. Baina espedizioaren helburu nagusia ez da hori: “komikigileok etxean egiten dugu lan, isolamenduan, eta gure arteko eta editoreekiko harremanak telefonoz eta e-mailez dira; hau izaten da lankideekin egoteko, beraietaz ikasteko eta beraiekin ongi pasatzeko aukeretako bat”, Fanoren arabera. Euskal komikigileen komunitatea trinkotzeko ere balio du urteroko irtenaldi honek, bere ustez, eta horrela elkarrekin proiektu berriei (H28 aldizkaria, Zapart! jaialdia...) ekiteko.

Xabiroi Anguleman
Xabiroikoen espedizio bat (Argazkia: Maite Landatxe)

"Pilak kargatuta"

“Pilak kargatuta itzultzen zara, ideia berri mordo batez eta marrazteko ilusio berpiztuz”

Fanok dioskunez, “pilak kargatuta itzultzen zara: etxean urte guztia lanean bakarrik aritzen zaren arren, ikusten duzu ez zaudela bakarrik, zerbait handiagoren parte zarela, badaudela beste egile batzuk, argitaletxeak, zaleak... Ideia berri mordo batez eta marrazteko ilusio berpiztuz bueltatzen zara”.

Mikel Begoña (gidoilaria): “Aitzakia proiektuak aurkeztearena bada ere, bertako saltsa asko gustatzen zaigu, giro ederra izaten da”

Justu espresio hori erabili du Mikel Begoña komiki-gidoilariak ere, “etxerako bidean, proiektu berriak martxan jartzeko pilak ondo kargatu dituzula konturatzen zara”. Izan ere, Begoña azken aldian ia urtero joaten da, lanera baina baita giroaz gozatzera ere: “aitzakia proiektuak aurkeztearena bada ere, bertako saltsa asko gustatzen zaigu, giro ederra izaten da”. Lehenengoz 2009an joan zen, stand bat hartu zuen autoeditatutako Berunezko itsasoa komikia saltzeko eta Tristísima ceniza proiektua bertoko editoreei aurkezteko asmoarekin. Eta negoziotara bertara joateak benetan merezi duela dio: lehen aldi hartan euskarazko Berunezko itsasoa komikiaren ale gehiago saldu omen zituen han Durangon baino, “eta standaren prezioa Durangon baino %90 merkeagoa zen gainera!”. Bestalde, Norma eta Cambourakis argitaletxeetako editoreak ezagutu zituen han eta horien bidez argitaratu zuen Iñaket marrazkilariarekin hurrengo urtean Tristísima ceniza eta urte bi beranduago El pico de los cuervos. “Frantziako komiki merkatua mundu mailan dagoen indartsuenetarikoa da, eta Angulema merkatu horren ikur nagusia da; Frantzian argitaratzeari esker, hirugarren komiki bat argitaratzea lortu dugu ere Espainia eta Italian (Ötzi - Por un puñado de ámbar) eta hainbat komiki azoketara gonbidatu izan gaituzte.” Argitaletxeei proiektuak aurkezteko zitak aurrez lotuta izatea guztiz komenigarria dela dio, “jaialdiko giroa estresagarria izaten da eta editorearen aurrean azaltzeko momentua ez duzu inoiz aurkitzen; onena, ordua eskatu eta lasaitasunez kafe bat hartu proiektua lasaitasunez saltzeko edo behintzat saiatzeko”. Argitaletxeekiko bilerak kafetegi batean, komikiak saltzeko karpan argitaletxeek dauzkaten stand edo bilera-geletan edo egile-eskubideen karpan izan daitezke: “gehienbat, egile-eskubideen karpan, editoreek euren artean herrialde ezberdinetan argitaratzeko eskubideak negoziatzen dituzte, baina autoreak ere bertatik pasa daitezke proiektuak erakutsiz, eta hemen bai komenigarria dela aurretik zita eskatzea; normalean eguena eta barikuan baino ez dira izaten eta ondoren gehienak badoaz; baina azoka osoa egile-eskubide merkatu handi bat izan daiteke; gure aurtengo zitak, adibidez, Le Nouveau Mondeko karpan daude [argitaletxe txiki, alternatibo eta inportaziokoenean]”.

Mikel eta Iñaket Anguleman
Mikel Begoña eta Iñaket Anguleman 2010ean (Argazkia: Mikel Begoña)

Laureano Domínguez (Astiberri argitaletxea): “Benetan merezi du, asko saltzen dugu, baina lan gogorra da, aurretik eginak izaten ditugu hitzorduak eta ordu erdiro ditugu lau egunez, jaialdia bisitatzeko denborarik ere ez dugu”

Egile-eskubideen karpa hori ondo baino hobeto ezagutzen du Bilboko Astiberri argitaletxeko Laureano Domínguezek. Astiberrik Espainiako egileen obra asko beste herrialde batzuetan eta beste argitaletxe batzuekin argitaratzea lortzen du, eta kanpoko lan asko ateratzen ditu Espainian, Angulemako egile-eskubideen karpan egindako kontaktuei esker. Dominguezek dioenez, “argitaletxea sortu zenetik hasi ginen joaten, 2001ean; stand-a eta bileretarako mahaia izaten dugu egile-eskubideen karpan”. Hara joateak benetan merezi duela dio. Lehen argitaletxe europarrak soilik izaten ziren, baina orain amerikarrak eta independenteak ere egoten dira, Frankfurt-eko azokan ez bezala. Eta beraiei dagokienez, tratu asko eta onak lortzen dituzte. “Hasieran ez, gure katalogoa mugatua zen, baina 2011 ingurutik aurrera asko saltzen dugu; baina lan gogorra da, aurretik eginak izaten ditugu hitzorduak eta ordu erdiro ditugu lau egunez, jaialdia bisitatzeko denborarik ere ez dugu”.

Gregorio Muro Harriet (komiki-gidoilaria eta -argitaratzailea): “Angulemarako bidaien bidez, 10 urtean hogeita piko album atera nituen Frantzian”

Eta Angulemara negozioak egitera etortzen esperientzia handia duen beste bat Gregorio Muro Harriet gidoilaria dugu. 80ko hamarkadan jada etortzen zen: “1981ean Bartzelonako Komiki-Azokaren lehen ediziora joan nintzen, Fructuosorekin Ipurbeltzerako egindako gauzatxo batzuekin, gaztelaniaz publikatu eta horretaz bizi ahal izateko ilusioarekin. Niri asko gustatzen zitzaidan komikia, eta euskaratik soilik ezin zen bizi. Han ez genuen ezer lortu, gure hasierako marrazkiak nahiko naïfak baitziren. Baina profesionalak nola mugitzen ziren ikusi genuen behintzat. Eta Juan Giménez marrazkigile argentinarra ezagutu nuen han, hasi berria zen eta Glénat editore frantziarrarekin hitz nahi zuen, orduan argitaletxe txikia zuena, eta bien arteko itzultzaile lanetan aritu nintzen. Biak hasi berriak ziren eta biak erraldoiak dira orain. Eta hitz egin genuen Angulemara joateko aukeraz, eta 1982an joan ginen. Ordura arte 8-10 orriko istorio laburrak egiten genituen Ipurbeltzentzat, baina Angulemarako espreski prestatu genituen Justin Hiriarten azala eta lehen orriak, albuma egiteko asmoarekin. Eta Glénat-i gustatu zitzaion, eta hor hasi zen dena. Hortik aurrera urtero joan ginen gauza berriekin, eta 10 urtean hogeita piko album atera nituen Frantzian”. Angulemara Frantzian argitaratzeko nahian etortzea oso ezberdina zen orduan, Muroren arabera: “Orduan ez zegoen egile-eskubideen karparik, eta argitaletxeen karpara joaten ginen. Eta posta elektronikorik ez zenez, ez genuen aurrez hitzordurik, beraz marrazkien karpeta besapean hartuta joaten ginen zuzenean argitaletxeengana, lehen egunean hitzorduak lotzera”. Eta orain? “Orain asko aldatu da hori, dena aurretiko zitaz lotuta izan behar duzu. Bestalde, gauza askoz gehiago argitaratzen da baina ale gutxiago saltzen. Eta komikiek orokorrean konpetentzia handiagoa dute: orduan ez zegoen ordenagailu edo bideojokorik apenas, Internetik ez, sare sozialik ez, mugikorrik ez, telebista kate bizpahiru besterik ez... Haur baten aisiarako kultur-aukerak komikia, literatura, zinema eta telebista kate gutxi batzuk besterik ez ziren.” Eta urteetan egile moduan etorri ondoren, aurten argitaletxe moduan dator. “Azken hogei urteetan komikiaren mundutik aparte aritu naiz, zinema eta telebistan. Orain erretiroa hartzen dut, baina gauza sortzaileak egiten jarraitu nahi dut, komiki mundura itzulita. Orduan, duela hiruzpalau urte Angulemara zaletu gisa itzuli nintzen mundu hori berriz esploratzera, eta hala etorri naiz azken urteetan. Eta ikusi dut gauza zaila dagoela: superprodukzioa eta saturazioa dago eta, beraz, lehen baino askoz ale gutxiago saltzen dira, kalitate ikaragarria duen jende asko dago, sartzea zaila da... Horregatik, argitaratzaile bihurtzea eta nire burua autoeditatzea pentsatu nuen. Hasteko, lehengo materiala berrargitaratu nahi dut. Justin Hiriart jada egin dut, orain Sorgin seinalea eta Ion eta Mirka prestatzen ari naiz. Hemen Glénatekin egotera nator Simon Besaluzeren eskubideak berreskuratzera, proiektu berri batzuk ere badakartzat Frantzian argitaratzeko asmoz eta hemengo lan batzuen eskubideak lortu nahi ditut han nik ateratzeko. Urtero gauza gutxitxo batzuk egitea da asmoa, gaztelaniaz eta euskaraz.” Angulemari eta Frantzian argitaratzeari esker komiki munduko egile handi asko ezagutzeko eta haien lagun egiteko aukera izan du Murok: Alberto Breccia, Moebius, William Vance, Corteggiani, Juillard...

Xabiroi 39

e-gor 2016/02/28 22:10
Ohiko edukiez gain, kolaboratzaile eta sail berriak dakartza
Xabiroi 39

Irudia: Asisko

Atera da Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren otsaileko zenbakia, 39.a hain zuzen ere. Ohiko edukiez gain, sail eta kolaboratzaile berriak ere aurkituko ditugu bertan:

On egin ba!

Smartwachak, adimena (esku)muturrera miniaturizatua

e-gor 2016/01/25 21:05
Smartphone-en eta tableten ondoren, beste gailu-mota bat ari da agertzen duela urtebetetik edo: smartwatch edo eskumuturreko erloju adimenduna. Smartphoneak telefono bat baino askoz gehiago diren bezala, smartwatchak ere ohiko erlojuez harago doaz. Eskumuturrean eramateko ordenagailu txikiak dira, eta hainbat sentsore eta haririk gabeko konexio dituzte. Baina kontzeptua smartphonearena ez bezalakoa da, nahitaez, tamainaren muga dela eta.
Smartwachak, adimena (esku)muturrera miniaturizatua

Hurrenez hurren, Sony Smartwatch, Apple Watch eta Samsung Galaxy Gear. Argazkia: Sony / Apple / Samsung

(Elhuyar aldizkariko 2014ko urriko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Duela ia bi urte idatzi genuen atal honetan Jantzita eramateko informatika izenburuko artikulua. Orduan bolo-bolo zebilen janzteko gailua Google Glass zen, Googlek egindako betaurreko adimendunak alegia, eta horretan zentratu genuen artikulua. Geroztik, baina, betaurrekoek ez dute hainbeste aurrera egin: Google Glass oraindik ez dago salgai publiko zabalarentzat, eta proba gisa atera dituzten gailuek jendartearen parte baten aurkako jarrera aurkitu dute pribatutasuna dela eta (horiekin inoiz ezin baitaiteke jakin noiz ari den bideoa grabatzen). Aldiz, artikulu hartan azal-azaletik eta etorkizunerako joera gisa aipatzen genuen beste wearable batek (horrela deritze jantzita eramateko gailu informatiko horiei orain), smartwatch edo eskumuturreko erloju adimendunak alegia, bide luzeagoa egin du ordutik hona.

Izan ere, erloju adimendun ugari ari dira merkaturatzen elektronika-enpresak iaztik: Samsung Galaxy Gear, Sony Smartwatch, Pebble, LG G Watch, Moto 360, Sony Ericsson Live View... eta irailean iragarri du Applek hurrengo urtearen hasierarako aterako duela Apple Watch.

Smartwatchen ezaugarriak

Eman zaien izenagatik smartphoneen ahalbide eta ezaugarri berak dituztela irudi lukeen arren, kasu gehienetan ez da horrela. Salbuespenak salbuespen, kontzeptu nahiko ezberdina da, halabeharrez: ezinezkoa da telefono mugikorrek dituzten hardware-atal eta funtzio guztiak askoz txikiagoak izaten diren erloju baten tamainan sartzea, eta bateria txikiekin ere ez litzateke posible izango egungo mugikorren eginbide guztiak luzaro iraunaraztea.

Hala, gehienek ez dute izaten telefono mugikorren sarerako konexiorik, eta, beraz, ezta Interneteko konexiorik ere. Ez dira gailu beregainak, Bluetooth bidez konektatzen dira gure telefono mugikorrera eta orduan lortzen dute beren ahalmen guztia. Ukipen-pantailarik ere ez dute izaten edo, izatekotan, ez behintzat teklatu birtualarekin (tamainagatik logikoa denez), eta horregatik ez dute balio izaten mezuak, txioak, guatxapak edo beste ezer idazteko.

Horiek horrela, beren funtzio nagusia da telefonoaren bidez informazioa eta oharrak bistaratzea, esaterako, eguraldia, posta elektronikoa, agenda, txioak, mezuak.... Eta, horretarako, bibragailua izan ohi dute, eskumuturrean izanik ezerk ihes egin ez dezan. Gero mezuoi erantzuteko edo beste edozertarako, mugikorrera jo behar da. Gehienek telefonoaren hainbat eginkizunen urruneko aginte gisa ere funtzionatzen dute (adibidez, musika-erreproduzitzailearena). Eta telefono-konexiorik ez badute, erloju hutsa izateaz gain, kirola egitean informazioa erregistratu eta horrelakoak egin ditzakete, GPS bidez (dutenek) edo bestela.

Esan bezala, badaude salbuespenak. Batzuek mikrofonoa izaten dute eta telefonoaren Bluetooth konexioaren bidez deiak erlojutik bertatik egin ditzakegu. Gailu gutxi batzuetatik mezuak ere idatz daitezke, ukipen-pantailako teklatu birtualaren bidez edo ahots-ezagutza bidez. Eta batzuek kamera ere izaten dute. Beste batzuek NFC konexioa izaten dute, ordainketetarako (hitz egin genuen horretaz 2011ko irailean), edo beste erloju edo telefonoekin informazioa partekatzeko. Gailuren bat badago (QOne, adibidez) guztiz beregaina dena; SIM txartel bat jar dakioke eta, hala, deiak egin eta Internet eduki dezake. Baina batek ere ez ditu horiek denak eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta gutxiago irauten du berez ere gutxi irauten duen bateriak.

Merkatuan arrakasta?

Badira urte pare bat horrelako gailuak salgai daudela, baina esan daiteke haien presentzia gizartean anekdotikoa dela. Nik neuk ez dut ezagutzen erloju adimenduna duen inor! Hala ere, Applek berea ateratzeak gauzak alda ditzake akaso. MP3 erreproduzigailuak, smartphoneak eta tabletak ez zituen Applek asmatu, baina iPoda, iPhonea eta iPada erabakigarriak izan ziren gailu horien hedapenean, enpresa horren ahalmen eragile niretzat ulertezin hori dela eta.

Niri neuri zalantza asko sortzen dizkidate eskumuturreko erloju adimendunek. Esan bezala, tamaina muga handiegia da, miniaturizazioa muturreraino eramaten da gailu horietan, eta horren kausa dira bere desabantaila denak. Batetik, informazioa jasotzeko gailuak dira nagusiki, eta informazioa sar daitekeenetan, ez dut nire burua ikusten horrelako teklatu batean idazten, telefonoetan ere oso gaizki moldatzen bainaiz. Bestetik, bateria txikia izan beharrak ere sarri kargatu beharra dakar: egun gutxi batzuk besterik ez du irauten, batzuek egun bakarra (Applek ere bereaz onartu duenez). Eta orain erlojuak ere egunero kargatu behar baditugu... Tinta elektronikozko pantaila duen Pebble da salbuespena, baina zuri-beltzean izatearen ordainetan (beharbada horrek ekarriko al du aspalditik eskatzen ari garen koloretako tinta elektronikoaren garapena?). Horrez gain, telefonorik gabe ez funtzionatzea ere muga handia da, beste batzuek ere pentsatzen duten bezala. Eta guztiz beregainak direnetan, bateriaren mugaren arazoa areagotzen da. Bestalde, horrelako erlojurik txikiena ere erloju normalak baino askoz handiagoa da. Eta, azkenik, ezin utzi aipatu gabe prezioa: 100 eta piko eurotik gora balio dute denek, eta Applerenak 300dik gora! Imajinatzen duzue erloju bategatik diru hori ordaintzea? Baina, tira, lehen ere ez nuen uste inork 700 eurotik gora ordainduko zuenik telefono bategatik, eta hara... Guztira, batzuek 1.000 eurotik gora izango dituzte telefonoaren eta erlojuaren artean!

Beraz, nire epai negatiboa ikusita, ia ziurra da smartwatchek arrakasta izango dutela, nire txoko hau huts egin duten iragarpenen bilduma baita. Pentsatzen hasia nago nire iritzi eta gustuak ez datozela bat gehiengoarenekin, eta friki samarra naizela... ;-)

Xabiroik webgune berritua dauka!

e-gor 2016/01/20 22:05
Eta iazko beste hiru zenbakien berri (ekainekoa, urrikoa eta abendukoa)
Xabiroik webgune berritua dauka!

Irudia: Xabiroi

Xabiroi aldizkariak webgune berria estreinatu du! Eta dotorea eta praktikoa da zinez. Bertan zenbaki guztien azalak edo laginak ikus ditzakezu, zenbaki atzeratuak eskatu, harpidetu, albumen laginak ikusi, albumak eskatu, egileen webguneetara jo... Benetan elegantea eta erabilgarria! Joan eta kuxkuxeatu! Hau duzu helbidea: http://www.xabiroi.eus/.

Bestalde, atzerapen handiarekin, baina Xabiroiko azken zenbakien berri ere eman nahi dizuet, iazko otsaileko zenbakitik ez bainituen zenbaki berriak aipatzen... Hiru atera dira geroztik, 36tik 38ra bitartekoak, 2015eko ekaina, urria eta abenduari dagozkionak hain zuzen ere. Guztietan ohikoa den eduki hau aurkituko dugu:

  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Manu Ortegaren Haizea banda

Ekaineko zenbakian eduki hauek datoz:

Urrikoan beste hauek:

Eta abendukoan:

  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Gregorio Muro Harriet eta Raquel Alzateren Sirena eta sagarra 7 orriko istorioa
  • Adur Larreari Gabriel Aresti - BioGrafikoa komikiaren inguruan egindako elkarrizketa
  • Gotzargi 6 orriko istorioa, Mikel Begoñaren gidoia, Alex Orberen irudiak eta Sedyasen koloreekin
  • Antton Olariagaren Belar jalea bi orriko istorioa

Badakizu, zenbaki hauetakoren bat falta bazaizu, webgunetik eska dezakezu! ;-)

...eta orain bai, 2015eko azken euskarazko komikiak!

e-gor 2015/12/14 22:30
Jord Bayarrik haurrei zuzenduta egindako hiru zientzialariren komiki-biografiak euskaratu ditu Ikaselkar argitaletxeak
...eta orain bai, 2015eko azken euskarazko komikiak!

Irudia: Jordi Bayarri

Amaitu zelakoan? Bai zera! Beste 6 euskarazko komiki!

e-gor 2015/12/05 16:20
H28-ren "urtikaria", De Rerum Natura 6, Dublindarra, Ilargiraino, Oletakorta eta Iraganera Bidaia

Javier de Isusiren "Asylum", errefuxiatuen tragediaz

e-gor 2015/12/03 22:45
CEAR-Euskadik atera du, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin elkarteak, euskara eta gaztelaniazko edizio banatan
Javier de Isusiren "Asylum", errefuxiatuen tragediaz

Irudia: Javier de Isusi

Justin Hiriart, osorik berrargitaratua

e-gor 2015/12/02 21:35
Gregorio Muro Harriet eta Francisco Fructuosok 80ko hamarkadan egindako balea-arrantzaleei buruzko serieko bost albumak integral batean atera ditu Ereinek
Justin Hiriart, osorik berrargitaratua

Irudia: Francisco Fructuoso

Gregorio Muro Harriet izango da, ziurrenik, euskal komikigilerik emankor, ezagun, saritu eta esportatuena. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran hainbat komiki bakarrean egin zituen Ipurbeltz aldizkarian eta Erein argitaletxean (Iker eta Ixone saila, Tom eta Wandi saila...). Baina gero beste marrazkigile batzuentzat gidoiak soilik egitera pasatu zen, eta 80ko hamarkadan lan asko egin zituen, Ipurbeltz eta Habeko Mik aldizkarietan zein album formatuan hemen edo kanpoan argitaratu zirenak: 3 sudurluzeakDuk Rampy, Sorgin seinalea, Eguzkiaren izerdia, Simon Besaluze eta Ion eta Mirka sailak, Hontza, Hermes, Indianoa... Gero, 90eko hamarkadatik aurrera zinemagintzara pasatu zen.

Hala ere, komikigintzari dagokionez, segur aski Justin Hiriart seriea izango da Harrieten lanik ezagunena, Francisco Fructuosok marraztua. Nik behintzat (eta badakit beste askok ere baietz) txikitan irakurri genituen euskal balea-arrantzale honen istorioen oso oroitzapen onak ditut. Bere garaian euskaraz lehen hiru albumak atera zituen Ereinek (Itsas gorritan, Izotzetako tranpa eta Sekretua) eta azken biak (Brulota eta Satanen itsasontzia) Ipurbeltzen atera ziren atalka, baina beste hizkuntza eta herrialde ugaritan ere argitaratu zen. Hainbat nazioarteko sari ere jaso zituen, eta laugarren albuma Angulemako sari nagusirako ere egon zen izendatuta. Orain, Ereinek bost albumak atera ditu edizio oso baten.

Abenturazko komikia izan arren, eta genero horren barruan oso ona izan arren, Justin Hiriart ez da ohiko abentura-komiki hutsa. Harrieten hitzetan, euskal balea-arrantzaleei buruzko komiki serie bat egitea erabaki zuen, baina aldi berean horrek kontzientzia txarra sortzen zion, garai hartan Muro bera mugimendu ekologistetan militatzen ari baitzen, justu baleak salbatzearen aldeko kanpainak egiten zirenean. Horregatik, beste ikuspegi bat ematea bururatu zitzaion, eta Justin protagonistak, Amerikako indiarren bitartez, naturarekin bat bizitzeko eta behar dena soilik ehizatzeko kontzientzia hartzen du. Hala, naturarekiko harremana, Amerikako indigenak (indiarrak, inuitak...) eta abarrak oso presente daude Justin Hiriarten.

Itsasoa da komikiko beste protagonistetako bat. Izan ere, itsasoa bera, itsasontziak, baleak, txalupak... errealismo handiz marraztu ditu Fructuosok. Bourgeonen lanarekin (Les passagers du vent) konparatu izan dute. Dokumentazio lan handia dago horren atzean.

Luxu handia da euskal komikigintzaren klasiko handi hau horrelako edizio oso batean izatea. Ez galdu.

Arestiren bizitza komikira ekarri du Adur Larreak

e-gor 2015/12/01 21:50
Erroa argitaletxearekin egin du "Gabriel Aresti - BioGrafikoa"
Arestiren bizitza komikira ekarri du Adur Larreak

Irudia: Adur Larrea

"Nork", Andoni Egañaren heriotzaren ikerketa komikiratua

e-gor 2015/11/30 22:45
"Bertsolari" aldizkariak atera du, Xabi Payaren gidoiarekin eta Patxi Gallegoren irudiekin
"Nork", Andoni Egañaren heriotzaren ikerketa komikiratua

Irudia: Patxi Gallego

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10