...eta orain bai, 2015eko azken euskarazko komikiak!
2015ean ateratako beste hiru komiki hauek pasatu egin zitzaizkidan! 2012an Jordi Bayarri komikigilea zientzialarien bizitza kontatzen duten hainbat komiki egiten hasi zen, haurrei zuzendutakoak eta gaztelaniaz, crowdfunding bidez autofinantzatuta. Geroztik Charles Darwin, Galileo Galilei, Isaac Newton, Marie Curie eta Santiago Ramón y Cajali buruzko komiki bana atera du. Orain Ikaselkar argitaletxeak horietako hiru atera ditu euskaraz: Marie Curie - Radioaren aktibitatea, Galileo - Izarren mezularia eta Newton - Grabitatea ekinean.
Beraz, memoriak huts egiten ez badigu, ausartuko gara esatera 2015a blog hau egiten denetik izan den urterik oparoena izan dela euskarazko komikiei dagokienez, eta ez soilik kantitatez, komikien kalitate aldetik ere oso ona kontsidera dezakegula orokorrean iazko uzta (nahiz eta esaldi hau gero eta sinesgaitzagoa den sagardotegi garaiaren inaugurazioan urtero esaten dutelako ;-). Jarrai dezala horrela!