Javier de Isusiren "Asylum", errefuxiatuen tragediaz
Errefuxiatuen gaia puri-purian dagoenean atera da, CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) elkartearen eskutik eta Javier de Isusi bilbotarrak (Los viajes de Juan Sin Tierra, Baleak ikusi ditut...) egina, justu gai hori lantzen duen Asylum komikia. Kasualitatea izango da eta ez bilatutako kontua, komiki baten lanketa prozesua luzea baita eta aspaldi lantzen hasitako proiektua izango da ziur komiki hau, baina ezin zen momentu egokiagoan etorri.
Siriako gerratik ihesi Europara errefuxiatuak iristen ari diren honetan, politikariei eta zenbait komunikabideri entzunda emanen luke horrek guretzat tragedia bat suposatzen duela. Komiki honek gogorarazten digu tragedia beraiek pairatzen dutela, eta euskaldun eta espainiar asko Gerra Zibilean eta europar ugari II. Mundu Gerran errefuxiatu gisa joan zirela beste herrialde batzuetara.
Hori lortzeko, Isusik maisuki tartekatzen ditu gaur egun beren herrialdeetatik ihesi babes bila iritsitako lau pertsonen istorioak (behartutako ezkontza batetik ihesi prostituzio sare baten eskuetan eroritako nigeriarra, homosexualen kontrako lege eta erasoengatik etorritako ugandarra, Kongoko gerratik ihesitakoa eta Ciudad Juárezeko desagerpenak salatzen zituen kazetaria) Gerra Zibiletik ihesi lehenengo Frantziara eta gero Venezuelara joandako euskaldunarenarekin. Isusiren akuarela ederrekin, komiki zinez hunkigarria gertatzen da. Kontzientzia batzuk astinduko ahal ditu!