Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Hainbat komiki-lehiaketen irabazleak argitaratuta

e-gor 2014/06/09 22:40
Ganorabako 2014 eta Portugalete Uri Urena XXVIII

Ganorabako 2014 eta Portugalete Uri Urena XXVIII komiki-lehiaketen irabazleak jakinarazi dira. Ganorabako Manuel Ortegak irabazi du Cuento en blanco y negro lanarekin, eta Portugaletekoa Alba Sánchez eta Meritxell Quiñonerok Mi mamá lanarengatik. Beste saridunak eta, Ganorabakoren kasuan, baita lan sarituak ere, online ikus ditzakezue. Zorionak guztiei!

Modulartasunaren itzulera

e-gor 2014/05/20 22:30
Gure etxe eta lantokietan ezagutu genituen lehen gailu informatikoak mahai gaineko ordenagailuak izan ziren, eta jaun eta jabe izan ziren urte askoan. Haietako gehienak modularrak ziren, hau da, banatu zitezkeen partez osatuta zeuden: mikroprozesadorea, plaka, memoria, disko gogorra, soinu-txartela, txartel grafikoa, pantaila... Baina, gaur egun, bestelako gailu digital ugari erabiltzen ditugu, adibidez, eramangarriak, tabletak edo smartphoneak, eta haietan guztietan osagai horiek denak (edo gehienak) banaezinak dira. Horrek desabantaila ugari ditu; nabariena, zerbait haustean dena bota behar izatea. Hala ere, baliteke laster joera horri berriz buelta ematea.
Modulartasunaren itzulera

Irudia: Phonebloks - CC-BY-SA

(Elhuyar aldizkariko 2014ko otsaileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Mahai gaineko ordenagailuek bestelako gailuekiko duten abantaila nagusia modulartasuna da, nire iritziz. Marka jakinetako aurrez muntatutako modelo batzuetan izan ezik, mahai gaineko ordenagailuen parteak banagarriak izaten dira. Plaka nagusia, mikroprozesadorea, memoria, disko gogorra, txartel grafikoa, pantaila eta beste osagai asko kendu egin daitezke, eta beste bateragarri batzuez ordezkatu. Horrek abantaila ugari ditu, nabaria denez: zatietako bat hautsiz gero, hori soilik ordezkatu behar izatea, gailu erabat gure beharretara egokitua muntatu ahal izatea, nahi dugunean gailua nahi dugun eran hobetzea...

Dena batera izatearen desabantailak

Urte batzuetatik hona, baina, mahai gaineko ordenagailuak ez dira ditugun ordenagailu bakarrak. Gaur egun, ordenagailu eramangarriek, tabletek eta baita telefono mugikorrek ere betetzen dituzte lehen mahai gainekoek betetzen zituzten funtzio asko. Eta gailu horietako gehienetan osagai asko modu banaezinean integratuta datoz. Pantaila, teklatua eta horrelako batzuk, agian, banatu eta ordezkatu daitezke, baina aipatutako beste osagai guztiak (eta, gailuaren arabera, beste batzuk ere bai, hala nola GPSa, Bluetooth-a, WiFi-a...) plakan bertan soldatuta doaz. Horren arrazoia, jakina, gailu txikiagoak egin ahal izatea da, eta hori du sistema honek abantaila nagusia. Baina alderdi negatiboak ere ez dira gutxi.

Erabiltzailearen ikuspegitik, mahai gaineko ordenagailuen aipatutako abantailarik ez dugu: osagai txiki bat hautsita ere, sarri gailu berria erosi behar izaten dugu; ezin dugu nahi duguna aukeratu osagai bakoitzerako, ekoizleen modelo jakinetako konbinazio apurren artean hautatu behar dugu; eta gailuaren atal bat hobetu nahi dugunean, ezin dugu egin.

Ingurumenerako ere kaltegarria da. Zati bat hausten delako guztia bota behar badugu edo osagai hobe bat nahi dugulako gailu guztiz berri bat erosi eta zaharra osorik bota behar badugu, askoz ere hondakin gehiago sortzen dira. Komertzio txikiei ere kalte egiten die. Mahai gaineko ordenagailuekin, informatika-dendek gure beharretara egokitutako osagaiak aukeratzen lagundu dezakete, eta berek muntatu; edo, gailua hautsiz gero, berek aztertu, ordezko pieza eskatu eta konponketa egin diezagukete. Beste ereduan, funtzio gutxiago dituzte...

Gailu modular berriak laster?

Horretaz guztiaz konturatuta eta horri buelta eman nahian sortu zen 2013ko udazkenean Phonebloks komunitatea, oraingoz telefono mugikorren arloan lan egiteko asmoarekin. Phonebloks-en helburua da smartphoneak erabat modular bihurtzea. Udazkenean sortu zen, eta, lehen pauso gisa, kontzientziatzeko eta laguntzaile-/kolaboratzaile-sare bat lortzeko kanpaina arrakastatsu bat egin zuten. Ondoren, hainbat telefono fabrikatzailerekin hitz egin zuten, eta jakin zuten Motorola (gaur egun, Googlerena da) ideia berarekin lanean ari zela, telefono modular libreak egiteko asmotan, Project Ara izeneko proiektuan. Hala, biak elkarrekin ari dira lanean orain. Baina beren asmoa ez da soilik telefono modular bat egitea, telefono modularrak egiteko plataforma ireki bat garatzea baizik, gero edonork egin ahal izan ditzan plataforma horrentzako moduluak. Eta Motorolak plataforma horren gainean bere Ara telefonoa egiteko asmoa du, 3D-ko inprimaketaz baliatuz.

Eta hori ez da telefono modularren inguruko iniziatiba bakarra. PuzzlePhone ekimena ere asmo berarekin dabil, telefono modularren PPCS (Puzzle Phone Compatible Standard) estandar irekia definitu nahirik.

Beste arlo batzuetan ere zabaldu da ideia. Adibidez, Razer bideo-jokoen zaleentzako PCak egiten dituen enpresa PC modular bat egiteko asmotan dabil. Lehen esan dugun bezala, mahai gaineko PCak modularrak dira, baina Razer enpresak modulartasuna beste maila batera eraman nahi du. Moduluak bihurkinik gabe edo ordenagailua ireki beharrik gabe erraz-erraz konektatu edo deskonektatu ahal izatea nahi dute. Hala, bideo-jokalari mokofinentzat izango litzatekeen produktu bat egin nahi dute; jokoaren arabera, memoria gehiago, txartel grafiko hobea, edo disko gogor handiagoa jartzeko aukera izango lukeena.

Nahiz eta oraindik inork ez duen gailu jakinik atera, argi dago gailu digital berrien modulartasuna agente askoren interesa piztu duen gaia dela. Bidean dauden asmoek aurrera egiten badute eta erabiltzaileok proposamen horiei ongi erantzunez gero, baliteke informatikaren modulartasunaren itzuleraren atarian egotea.

Astiberrik Javier de Isusiren komiki berria, "Baleak ikusi ditut", euskaraz ere atera du

e-gor 2014/05/15 22:35
Maiatzaren 16an eta 17an aurkeztuko dute Bilbon eta Donostian
Astiberrik Javier de Isusiren komiki berria, "Baleak ikusi ditut", euskaraz ere atera du

Irudia: Javier de Isusi

Bilboko Astiberri etxea Espainiako komiki-argitaletxe onenetakoa da. Beti kalitate oso handiko lanak ateratzen ditu, beraiek sortuak nahiz itzuliak, sari asko irabazten dituztenak. Zoritxarrez, lanak euskaraz oso gutxitan ateratzen dituzte. Baina oraingoan, Javier de Isusiren azken eleberri grafikoa euskaraz ere atera dute. Pozteko berria, egile horrek 2004 eta 2010 artean ateratako Los viajes de Juan sin Tierra lau komiki-liburuko sailak (Latinoamerikako hainbat herrialdetan kokatutako eta bere bidaietan oinarritutako abenturak) kritika onak eta hainbat sari jaso baitzituen.

Komiki berri honek Baleak ikusi ditut dauka izenburua, eta azken 40 urteotako euskal-espainiar gatazkaren ikuspegi zabal bat eman nahi du. Hiru pertsonaia nagusiren inguruan jirabiratzen du istorioak: kartzelan elkar ezagutu duten etakide ohi bat eta GALeko kide ohi bat eta etakidearen txikitako lagun bat zeinari ETAk aita hil zion. Gertaera erreal batean inspiratu da Isusi eta ohi bezala asko dokumentatu, baina fikziozko istorioa da. Euskararako itzulpena Bego Montoriok egin du.

Jendaurreko bi aurkezpen iragarri dituzte momentuz. Lehena bihar, maiatzak 16, arratsaldeko 19:00tan Bilboko Camara liburudendan (Euskalduna kalea, 6) eta bigarrena etzi, maiatzak 17, eguerdiko 12:00tan Luis Gasca Bildumaren egoitzan (Errege Katolikoen kalea, 16). Bietan Javier de Isusi bera eta Juan Gutierrez (Gernika Gogoratuz bakearen aldeko aztertegiaren sortzailea) izango dira, eta Bilbon Kike Martin Radio Euskadiko kazetaria eta Donostian Dani Fano komikigile eta Xabiroiko koordinatzailea. Saioen amaieran, Isusik bere lanak sinatuko ditu.

Berri ona beraz Astiberrik lanak euskaraz publikatzea, eta ea gehiagotan errepikatzen den!

Informatikaren irakaskuntzaz

e-gor 2014/05/15 18:05
Gailu digitalez eta webgunez gero eta inguratuago gauden gizarte honetan, pentsatzekoa da informatikarekin zerikusia duten lanpostuek etorkizun ona izango dutela (eta hala diote hainbat ikerketa eta analisik); baina, paradoxikoki, informatikako unibertsitate-ikasketetan gero eta jende gutxiago ari da, gurean zein nazioartean. Zalantzarik gabe, horretan eragina duen faktoreetako bat da unibertsitate aurreko ikasketetan informatikako ikasgaietan ematen denak sortzen duen ideia okerra. Izan ere, orokorrean, erabilera da irakasten dena, eta ez ordenagailuen funtzionamendua, programazioa eta abar. Eta ez da izango adin horietan horiek irakasteko bide edo baliabiderik ez dagoelako, artikulu honetan ikusiko dugun bezala.
Informatikaren irakaskuntzaz

Irudia: CC-BY-SA MIT / Elhuyar

(Elhuyar aldizkariko 2014ko urtarrileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Gailu digitalez eta webgunez gero eta inguratuago gauden gizarte honetan, pentsatzekoa da informatikarekin zerikusia duten lanpostuek etorkizun ona izango dutela (eta hala diote hainbat ikerketa eta analisik); baina, paradoxikoki, informatikako unibertsitate-ikasketetan gero eta jende gutxiago ari da, gurean zein nazioartean. Izango du zerikusirik horretan informatikariok dugun friki fama, edo soldatez-eta esaten direnak; baina, zalantzarik gabe, horretan eragina duen faktoreetako bat da unibertsitate aurreko ikasketetan informatikako ikasgaietan ematen denak sortzen duen ideia okerra. Izan ere, orokorrean, erabilera da irakasten dena, eta ez ordenagailuen funtzionamendua, programazioa eta abar. Eta ez da izango adin horietan horiek irakasteko bide edo baliabiderik ez dagoelako, artikulu honetan ikusiko dugun bezala.

Informatika oso azkar ari da sartzen irakaskuntzaren munduan azken urteotan: Eskola 2.0 programa eta haren netbook-ak, arbel digitalak, Internet konexioa... Kritika ugari ere jaso du horrek, anitzek baitiote baliabide materialetan xahutu dela diru guztia, horiek kudeatu eta mantentzeko beharreko giza baliabideak eta irakasleen trebakuntza bazter utzita.

Baina irakaskuntza orokorrean informatika behar bezain ongi baliatu ez bada ere, esango nuke informatikaren irakaskuntza okerrago egokitu dela garai berri hauetara. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ordenagailuak erabiltzen irakasten da: Word eta Powerpoint maneiatzen, Interneten ibiltzen, blog bat egiten, irudiak editatzen... Horrelakoak berez ikasten dira, beste edozein ikasgaitan edo eguneroko bizitzan erabili behar direlako. Baina teknologiarekiko edo benetako informatikarekiko zaletasuna izan lezakeen jendeari hori, normala denez, aspergarria gertatzen zaio eta informatika-ikasketetatik urruntzera eraman lezake, ikasketetan horrelakoak emango dituztela eta jada badakizkiela pentsatuta. Izan ere, gaur egun, gazte asko karrera ikasteko garaira irits daitezke benetako informatikara hurbildu ere egin gabe. Informatika, izatez, ez baita ordenagailuak erabiltzen ikastea, horiek nola funtzionatzen duten ulertu eta menderatzea eta programatzen jakitea baizik. Egongo da pentsatuko duenik programatzea bizitzan ez zaiola baliagarria gertatuko ia inori, informatikara dedikatzen ez bada behintzat. Baina berdin gertatzen da fisika, kimika, biologia eta beste askorekin, eta ematen dira.

Programatzen ikasteko baliabideak

Eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan programazioa edo programatzeko behar diren oinarri eta kontzeptuak irakasten ez badira, ez da horretarako tresna edo baliabide faltagatik. Duela urte asko, gure ikasle-garaietan, Logo dortoka edo Karel robotaren bidez erakusten zizkiguten horiek, marrazketako edo mundu birtual bateko ariketa batzuk komando sekuentzial, baldintzazko instrukzio eta adierazpen iteratiboen bidez konpontzeko eskatuz. Tresna onak dira, baina gaur egun badira alternatiba hobeak, osoagoak eta erakargarriagoak.

Egun, txikitatik programatzen ikasteko dagoen softwarerik ezagun eta erabiliena, ziur asko, Scratch izango da. MITek sortutako software (ia) libre horretan, agertoki bat dugu -guk nahi ditugun itxurak har ditzakeena-, eta hainbat pertsonaia sor ditzakegu -guk nahi ditugun mozorro edo posturak har ditzaketenak-. Eta horietako bakoitzarentzat, bloke bisualetan antolatutako komando-sekuentzien bidezko gidoi batekin, izango duten portaera definituz joaten gara. Hala, mugitu, itxura edo jarrera aldatu, itxaron, hitz egin eta horrelako komandoak erabilita, antzerki edo filmak egin daitezke; eta bestelako komandoak erabilita -teklen sakatzearen detekzioa, baldintzazkoak, kolisioen detekzioa, aldagaiak...-, baita jokoak edo istorio interaktiboak ere. Gainera, sortzen diren filma edo jokoak oso erraz partekatzea ahalbidetzen du, besteok disfrutatu, jolastu edo ikasteko. Horrela, tresna on eta polit horren bidez, programazioaren kontzeptuak bereganatzen ditu haurrak. Sistema eragile askotan dago eskuragarri, eta euskaraz ere badago.

Scratchen oso antzeko beste tresna bat Etoys da, Alan Kayk Disneyn zegoela sortua 1996an (Kay da objektuei orientatutako programazioaren aitzindarietako bat, eta ordenagailu eramangarri edo tableten kontzeptuaren eta erabiltzaile-interfaze grafikoaren kontzeptuaren sortzailea). Gaur egun Scratch bezain zabaldua ez badago ere, OLPC proiektuaren ordenagailuetan erabiltzen da adibidez. Eta beste tresna asko ere badaude, hala nola Crunchzilla Code Monster, Waterbear, RoboMind, Alice, Squeak, Guido van Robot...

Hardwarea, robotika...

Informatikaren irakaskuntzan asko erabiltzen den beste gailu bat aurreko zenbakian aipatutako Arduino hardware libreko plaka da. Haren sarrera analogiko eta digitaletan sentsoreak edo etengailuak jartzen ditugu, eta irteeretan, motor edo eragingailuak; programa bat idazten dugu, eta nahi dugun aparatua edo gailu elektronikoa lortu. Oso ezaguna eta erabilia da Raspberry Pi ere. Bi milioi unitate baino gehiago saldu dituen gailu hau Arduinoren antzeko plaka merke bat da (nahiz eta ez den guztiz librea), baina sarrera eta irteerako konexio sofistikatuagoak ditu: USB, HDMI... Beraz, hori benetako ordenagailu bat da, zeinari Linux sistema bat kargatu eta erabilera jakin bat eman baitiezaiokegu (multimediako zentroa, etxeko zerbitzaria...); baina informatika irakasteko ere erabil daiteke eta erabiltzen da. Raspberry Pi oinarri duten ordenagailuen kit-ak ere badaude, esaterako, Kano.

Robotika ere erabil daiteke informatika irakasteko. Lego etxeak, adibidez, Mindstorms izeneko linea du. Zenbait Lego pieza, kontrolagailu programagarri bat, sentsore batzuk eta hainbat motorrez osatutako kit bat da. Robot ezberdinak munta ditzakegu horrekin, eta gauza ezberdinak egiteko programatu: soinuei erantzun, lurreko marra bati jarraitu... Edo haur txikiagoentzat, Play-i robot programagarriak daude.

Bestelako gailu asko ere badaude, informatika irakasteko balia daitezkeenak. RepRap moduko 3Dko inprimagailu libreak, adibidez. Eta Bigshot bezalako argazki-kamera digitalak muntatzea oso interesgarria izan daiteke haurrentzat, eta hardwareko kontzeptuak irakasteko balio dezake.

Egoera aldatzekotan?

Artikuluaren hasieran informatika karreraren matrikulazioaren eta informatikaren irakaskuntzaren egoeraz irakurketa pesimista egin badut ere, egoera hori alda daitekeela pentsatzeko arrazoiak egon daitezke. Izan ere, informatikaren irakaskuntzaren egoeraren kezka orokorra da. Vikas Gupta Google-ko langile ohiaren hitzak irakurri bestela: "Informatikako ikasketen egoera okertuz joan da AEBan azken 20 urteetan. [...] Zergatik ez dugu ezer egiten gure haurrak informatikan interesatu daitezen?". Edo Eben Uptoni Vilnius-eko ICT 2013 jardunaldietan entzun nizkionak. Haren esanean, Erresuma Batuan duela 30 urte BBC ordenagailuak sartu ziren ikastetxeetan, eta haiekin ibilitakoek uste zuten informatikaz dena zekitela; hala ere, informatikako ikasketak egiten zituzten, berritasuna zirelako. Eta gaineratu zuen gaur egungo gazteak, ikastetxeetan ofimatika ikasten dutelako edo telefono eta tabletak erabiltzen dituztelako, dena badakitelakoan daudela, eta, gainera, ez dutela berritasunaren eragingarririk. Aipatu ditudan bi pertsona horiek beren kezka konponbidean jartzeko lan egin dute, eta batak Play-i roboten enpresa eta besteak Raspberry Pi Fundazioa sortu dituzte.

Gero eta ekimen gehiago egiten dira jendea informatikaren garrantziaz ohartarazteko eta informatika jendeari erakargarri bihurtzeko. Adibidez, abenduaren 9tik 15era Computer Science Education Week (Informatikaren Irakaskuntzako Astea) antolatu zuten mundu mailan. Eta horren barruan, ekintzarik garrantzitsuena Hour of Code edo Programazioaren Ordua izan zen, jendea (batez ere, ikasleak) ordubetez programatzen jarri zuen ekimena. Jende garrantzitsu askok sustatu du ekimena (Shakira abeslaria, Ashton Kutcher aktorea, Barack Obama bera...), eta 15 milioi pertsonak baino gehiagok hartu du parte.

Kontzientziazio-lan guzti hau emaitzak ematen hasi da. Erresuma Batuan, datorren urtetik aurrera, Lehen eta Bigarren Hezkuntza osoan zehar, programatzen ikasteko eskolak jasoko dituzte haur guzti-guztiek, 5 urtetik hasi eta 16 urteraino. Programatzen ikasiko dute, kodea arazten, algoritmoak egiten eta inplementatzen, teknologia modu seguruan eta errespetuz erabiltzen, logika boolearra... Erabaki hori ez dute hartu soilik etorkizuneko lan-beharretarako eskulana izateko, programazioa oinarrizko trebetasun asko lantzeko balio duen diziplina delako baizik (matematika, arazo-konponketa...). Horrelako erabaki bat hartu duen munduko lehen herrialdea da Erresuma Batua; ez ahal da azkena izango!

Hardware librea

e-gor 2014/04/10 22:10
Seguruenik, denok entzun dugu inoiz "software librea" terminoa. Batzuentzat, friki batzuek erabiltzen dituzten sistema eragile eta bestelako programak besterik ez da; dakitenek badakite askoz gehiago dela, baina, entzun, guztiok entzun dugu zerbait horri buruz. Hardware librea berriagoa eta ezezagunagoa da, baina gero eta gehiago zabaltzen ari da, eta etorkizunean zeresan handia emango du.
Hardware librea

Irudia: Wikimedia Commons

(Elhuyar aldizkariko 2013ko abenduko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Ez al duzue sentsazioa gailu elektronikoak, eta baita bestelakoak ere, gero eta itxiagoak eta ilunagoak direla? Lehen aparatuak (telebistak, ordenagailuak...) ireki, funtzionamendua ulertu, konpondu eta berriz muntatu egin zitezkeen; baina, gaur egun, gero eta zailagoa da. Eta ez da soilik aparatuek konplexutasunean irabazi dutelako, nahita egin dute hori fabrikatzaileek: ez dakarte torlojurik irekitzeko, eta hautsi beste aukerarik ez dago; irekiz gero, bermea galtzen da; osagai guztiak plaka bakarrean integratuta doaz... Haustura gertatzen bada, nahiz eta atal txiki batena izan, dendara eraman beste aukerarik ez da izaten. Han, dendakoak ere egoera berean egoten dira sarri: fabrikatzaileari bidali besterik ezin dute egin, edo esaten dute hobe eta merkeagoa dela beste bat erostea. Eta hori ez da gertatzen soilik ordenagailu eramangarriak edo tableta moduko gailu elektronikoekin; etxetresnetan edo autoetan gero eta maizago gertatzen den irudipena dut.

Aldi berean, gero eta gehiegikeria handiagoak ikusten dira patenteekin eta jabego intelektuala babesteko beste sistemekin. Egun, benetako asmakizunak babestu baino, kontzeptu oso lausoak edo aurrez existitzen ziren ideiak ere patentatzen dituzte enpresa handiek, enpresa berrien eta aurrerapenaren kalterako.

Horrek guztiak boterea, autonomia eta aurrezteko aukera kentzen dizkigu erabiltzaile eta kontsumitzaileoi, eta baita saltzaile txiki eta beste bitartekoei ere. Eta ahalmen eta kontrol gero eta handiagoa hartzen dituzte ekoizleek eta marka handiek. Haien eskuetan gelditzen gara denok.

Software librearen bidetik, hardware librea

Lehenago, softwarearen munduan ere gertatu zen fenomeno hori, 2012ko martxoan esaten genizuenez. Ordenagailuak unibertsitateetan eta horrelako tokietan besterik ez zeuden garaietan, hacker filosofia zen nagusi, eta softwarea modu irekian partekatzea ohikoa zen. Baina 1980ko hamarkadatik aurrera, softwarea patentagarria bihurtu zen eta ordenagailuak etxeetan hedatu ziren. Eta negozio-aukera bihurtu ziren unetik, enpresak softwarearen kode bitarra edo konpilatua soilik saltzen hasi ziren, eta erabilera-lizentzia batekin banatzen. Lizentzia horietan, softwarea erabiltzeko -eta ez beste ezertarako- baimena ematen digute; hau da, softwarea erabil dezakegu, baina ez da gurea, eta ezin dugu aldatu, konpondu edo hobetu, ezta guretzat soilik egiten badugu ere. Gutxi gorabehera gaur egun hardwarearekin, hau da, gailuekin, gertatzen den gauza bera.

Baina gero software librearen mugimendua sortu zen, softwarea exekutatzeaz gain hura aztertzeko, hobetzeko eta are birbanatzeko eskubidea aldarrikatzen duena. Horretarako, nahitaezkoa da softwarearen iturburu-kodea irekia izatea. Filosofia horri jarraikiz, jende eta enpresa askok programa ugari garatu dituzte. Linux sistema eragilea izan zen aitzindarietakoa, eta, ondoren, oinarrizko programa asko garatu dira (Firefox nabigatzailea, LibreOffice ofimatika suitea...). Mahai gaineko ordenagailuetan horiek ez dute zabalkunde handiegirik, baina software librea nagusi da beste arlo askotan, hala nola superordenagailuetan, webeko azpiegituran, telefono mugikorretan eta abar.

Hardwarearekin, orain, filosofia bera duen mugimendu bat sortu da: hardware librea. Mugimendu horretan, gailu teknologikoen hardwareari buruzko informazio guztia (planoak, eskemak, zirkuitu integratuen diseinua, muntatzeko argibideak...) eta software guztia irekiak eta libreak dira. Hala, software librearekin bezala, gailuok edozein enpresa txikik ekoitzi, saldu, aldatu, hobetu eta birbanatu ditzake, eta aurrerapena sustatzen da eta monopolioak saihesten. Eta erabiltzaileok ere gailuen gaineko kontrola eskuratzen dugu, haiekin nahi duguna egin baitezakegu: muntatu, ireki, aztertu, konpondu, hobetu...

Arduino, gure gailu elektroniko propioak egiteko

Hardware librearen munduan, Arduino dugu aitzindari eta ezagunenetako bat. Arduino hardware libreko plaka batek eta mikrokontrolagailu batek osatzen dute, garapeneko ingurune batez gainera. Hainbat sarrera analogiko eta digital ditu, non sentsoreak edo etengailuak konekta baititzakegu, eta hainbat irteera, motorrak edo eragingailuak konektatzeko. Osagai guztiak merkeak dira, eta guk munta dezakegu Arduino plaka bat, osagaiak erosi eta planoak ikusita; edo jada osatutakoa eros dezakegu. Azkenean, ordenagailu txiki eta merke bat da; baina ordenagailuen ohiko sarrera (teklatua, sagua...) edo irteeren (pantaila, inprimagailua...) ordez, guk nahi ditugun sentsore eta motoreak jar ditzakegu.

Hala, sarrera-irteeretan behar ditugun sentsore, motor eta abarrak konektatuta, eta garapeneko ingurunearen bidez programa bat idatzita, nahi dugun etxetresna, aparatua edo gailu elektronikoa egin dezakegu. Hain behar espezifiko arrarotarako den eta inongo ekoizlek egingo ez lukeen baina gure beharretara ederto egokitzen den aparatu hori, bada, guk geuk egin dezakegu. Horrelakorik baliatu nahi izanez gero, Internet beteta dago jendeak Arduinorekin egindako gailuen plano, instrukzio eta bideoekin, eta Arduinoren webgunean bertan jendeak partekatutako mordoxka bat dago: garajeko atea telefono mugikorrarekin irekitzeko gailua, leihoak ixten dituena trena pasatzen denean zaratarik ez izateko, robotak... Ideia zoroak ere milaka daude, baina Arduinorekin egin litezkeenak dira: iluntzen duenean argiak pizteko eta pertsianak ixteko gailua, komuneko haizagailua martxan jartzen duena metanoa detektatutakoan...

Eskola askotan erabiltzen da Arduino, informatika eta elektronika irakasteko, eta baita enpresetan prototipoak egiteko ere. Arduinori buruzko dokumental bat ere badago (Arduino The Documentary).

Mota guztietako hardwarea, libre

Arduino oso oinarrizko plaka programagarri txiki bat da, harekin gero nork bere gailu elektronikoa egiteko balio duena. Baina horrek eskatzen du ausartzea, eta elektronika eta informatikako gutxieneko ezagutza batzuk izatea. Oso egokia gailuen tripetan eskuak sartzea gustatzen zaigun hackerrentzat, baina ez hainbeste, akaso, azken erabiltzaileentzat.

Hala ere, gaur egun, edonolako gailuak aurki daitezke hardware libre gisa: ordenagailuak (asko eta mota askotakoak), tabletak, smartphoneak, argazki- eta bideo-kamerak, irratiak, ordenagailuen osagaiak (PUZak, txartel grafikoak...), 3D inprimagailuak, robotak, bideokontsolak... eta baita automobilak ere!

Hardware librea oso interesgarria da gailuak erosteaz eta erabiltzeaz gain haien gaineko kontrola izatea atsegin dugunontzat: desmuntatu, nola funtzionatzen duen jakin, konpondu... Horregatik, oso aproposa da hezkuntzarako, edo garabidean dauden herrialdeetako jendeak aukera izan dezan gailu elektronikoak izateko. Oraingoz berri samarra bada ere, teknologia libreari buruz asko entzungo dugu etorkizunean.

Hiztegigintza teknologiaz modernizatzen

e-gor 2014/04/01 22:10
Hiztegigintzan, beste ia edozein jardueratan bezala, aldaketa sakonak gertatu dira azken urteotan teknologiaren eskutik. Papera oinarri eta helburu izatetik (paperean zeuden testuak aztertzen ziren hiztegiak egiteko eta emaitza paperezko hiztegiak ziren) eta eskuzko lan handia eskatzetik, pasatu gara testu eta corpus elektronikoak erabiltzera, prozesuaren zati handi bat automatizatzera eta argitaratzeko euskarri digitalak erabiltzera, CDak eta Internet adibidez (eta, kasu batzuetan, esklusiboki). Elhuyarreko hiztegigintzan ere eman dugu modernizazio-pauso hori, hizkuntza-teknologiak lagun.
Hiztegigintza teknologiaz modernizatzen

Irudia: Elhuyar Fundazioa

(Elhuyar aldizkariko 2013ko azaroko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Elhuyarreko lau sail nagusietako bat Hizkuntza eta Teknologia izenekoa da. Haren barruan, beste hiru azpisail daude: itzulpen-zerbitzuak, hiztegigintza eta hizkuntza-teknologiak. Hizkuntza-teknologiak asko dira, eta arlo ugaritan dira erabilgarriak. Eta guk ere arlo askotarako baliagarri direnak ikertu, garatu eta merkaturatzen ditugu; baina, normala denez, Elhuyarren beste arloetarako baliagarri direnak lantzen ditugu bereziki. Esaterako, itzulpen-zerbitzuetan lehia-abantaila eman dezaketen itzulpen automatikoa eta itzulpen-memorien teknologiak lantzen ditugu, eta hiztegigintzarako interesgarriak diren teknologia aunitz ere bai.

Lan-prozesua errazten: terminologia erauzketa, konbinazioen erauzketa, hiztegi automatikoak...

Hiztegigintzan egin beharreko lanetako bat hitz-hautaketa da. Horretan laguntzeko tresnak garatu ditugu, testu-corpusak emanda, teknika linguistiko eta estatistikoak konbinatuz, haietako hitz, termino edo kolokazio esanguratsuenak erauzten dituztenak.

Tresna horietako bat Erauzterm da. Euskarazko arlo jakin bateko corpus espezializatu bat emanik, Erauztermek han agertzen diren arlo horretako terminoak detektatzen ditu. Tresna automatikoa den neurrian, ez da perfektua; baina gero eskuz errepaso bat egiteko interfazea dauka.

ElexBI tresnak antzeko zerbait egiten du, baina elebitan. Corpus paralelo bat emanik (elkarren itzulpen diren testuen bilduma, esaldi mailan lerrokatuta), hango termino-baliokidetzak erauzten ditu, hau da, bi hizkuntzetako termino-bikoteak. Tresna hori web zerbitzu gisa jarria dugu, Itzulterm izenarekin. Eta tresna hori erabiliz egin da Lanbide Heziketako hiztegia.

AzerHitz-ek ere ElexBI-ren gauza bera egiten du, baina lehengaitzat corpus paraleloak hartu beharrean (corpus paraleloak ez baitaude nahi beste edo ez baitira nahi bezain handiak, batez ere arlo espezializatuetan edo hizkuntza-pare jakinetan), corpus konparagarriak erabiltzen ditu. Horiek, elkarren itzulpen izan gabe, gai bera tratatzen duten testu-bilduma eleaniztunak dira. Corpus-mota horretatik terminologia elebiduna erauzteko gai da AzerHitz.

Testuetatik informazio lexikografikoa ateratzeko beste tresna bat Konbitz da. Hark euskarazko testuetatik ohiko konbinazioak, kolokazioak, fraseologia eta horrelakoak erauzten ditu. Oraingoz, izen-izen, izen-adjektibo eta izen-aditz konbinazio ohikoenak ateratzen ditu.

PiboLex tresna ere badugu, hiztegi berriak sortzen dituena bi hiztegi eta zubi-hizkuntza bat erabilita. Harekin sortutako euskarazko bost hiztegi online jarri genituen automatikoki eraikitako hiztegien atarian, uztailean kontatzen genizuenez.

Lanerako lehengaia, corpusak

Ikusi duzuenez, teknologia horietako askok corpusen beharra dute, eta horregatik da corpusgintza digitala asko lantzen ditugun arloetako bat. EHUko IXA Taldearekin batera, Zientzia eta Teknologiaren Corpusa sortu genuen; Eroski Fundazioarentzat Consumer aldizkariko corpus eleanitza osatu genuen; eta Euskaltzaindiarentzat Lexikoaren Behatokiko Corpusa osatzen ari gara IXA Taldearekin eta UZEIrekin batera.

Hala ere, corpusak egitea garestia denez, corpusak osatzeko weba erabili ahal izateko tresnak sortzen ari gara azken urteotan. Internet corpus gisa kontsultatu ahal izateko, CorpEus web zerbitzua jarri genuen online duela urte batzuk. Eta webetik automatikoki corpus orokor handiak, corpus espezializatuak, corpus paraleloak eta corpus konparagarriak sortzeko tresnak ere baditugu. Webetik automatikoki eraikitako euskarazko corpus orokor handi bat, euskara-gaztelania corpus paralelo handi bat eta lehen aipatutako Konbitz tresnaren bidez corpus orokor handitik erauzitako konbinazioak kontsultagai jarri genituen Web-corpusen Atarian, otsailean kontatu genizuen bezala.

Elhuyar Hiztegien webgune berria

Hiztegigintzako lan-prozesua errazteaz eta lehengaitarako corpus elektronikoz hornitzeaz gain, teknologiak, oro har, eta hizkuntza-teknologiek, bereziki, asko hobetu dezakete hiztegi-erabiltzaileen esperientzia. Duela urte batzuk hiztegiak webean jartzen hasi zirenetik, gehienetan eskaini izan da bilaketa-kutxen aukera, bilaketa azkarrak egin ahal izateko, alfabetikoki ordenatutako zerrenda batean bilatzera joan beharrean (nahiz eta badauden egon hiztegien PDFak online jarri besterik egiten ez dutenak). Baina bilaketa egin ondoren eskaintzen diren emaitzak papereko hiztegiek eskaintzen dituztenak bezalakoak izaten dira. Berriki aurkeztu den Elhuyar Hiztegien webgune berrian (http://hiztegiak.elhuyar.org/), non euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak baitaude, haratago joan nahi izan dugu, eta aukera aurreratuagoak eskaini.

Adibidez, bilatu den hitz bat nola esaten den entzun daiteke, bi aukera baliatuta: Forvo webgunean erabiltzaileek grabatutako audioen bidez, edo TTS (text-to-speech edo ahots-sintesia) teknologiaren bidez, hau da, ordenagailuz sortutako ahots sintetikoa baliatuz. Erabiltzen dugun TTS sistema AhoTTS da, EHUko Aholab Taldeak garatutakoa eta guk merkaturatzen duguna.

Horrez gain, hitz bat bilatu nahi dugunean, hitza tekleatzen hasi ahala, hasiera hori duten hitzen zerrenda erakusten digu; hala, ez dago dena idatzi beharrik, eta oker idazteko aukerak murrizten dira.

Bestalde, hitzen adibideei dagokienez, hiztegian egileek sartzen dituzten ohikoez gain, lehen aipatu dugun webetik erauzitako euskara-gaztelania corpus paraleloan aurkitzen diren adibideak ikusteko aukera ematen du webgune berri honek. Adibide horiek ez dira helburu-hizkuntzakoak soilik, elkarren itzulpen diren esaldi pareak baizik.

Gainera, jatorri-hizkuntzako sarreren gaineko ohiko bilaketaz gain, helburu-hizkuntzako sarreretan bilatzeko aukera ere ematen da. Eta etorkizunean adibideetan ere bilatzeko aukera eskaini nahi da.

Hiztegia pertsonalizatzeko aukerak ere eskaintzen dira, hala nola egindako azken bilaketak gordetzea, bilaketa batzuk norberaren gogokoenen zerrenda batean gordetzea eta abar.

Oraingoz berrikuntza horiekin argitaratu badugu ere, etorkizunean poliki-poliki gauza gehiago sartzeko asmoa dago. Adibidez, zuzenean gorago aipatu dugun konbinazioen bilatzailera joateko aukera, beste hiztegi eta corpus batzuetako emaitzak ere erakustea, hitz bat gaizki idatzi denean zuzena proposatzea, bilatutako hitzaren deklinazioak edota inflexioak erakustea…

Eta are gehiago etorkizun!

Gainera, datozen urteetan are gehiago teknologizatu nahi dugu gure hiztegigintza-saila. Corpusgintzan jarraitzen dugu corpusak automatikoki eraikitako tresnak hobetzen eta berriak egiten, eta horiekin gero eta corpus gehiago, handiagoak eta hizkuntza-pare berrietakoak osatzen. Gure asmoa da corpus berri horiek ere online jartzea Web-corpusen Atarian.

Baina berrikuntza nagusia hiztegigintzaren automatizazioaren arlotik etorriko da. Orain arte landu ditugun mota horretako teknologia gehienek hiztegirako hitz eta terminoak eta haien ordainak erauzten zituzten corpusetatik; baina, horiez gain, hiztegi batek definizioak, adierak eta adibideak behar ditu. Bada, orain hasi gara horiek modu automatikoan lortzeko modua ere lantzen, hau da, hitz baten definizioak, adierak eta horietarako adibide egokiak testuetatik edota webetik automatikoki erauzten.

Lehenagotik genituen hizkuntza-teknologiak ustiatzen jarraituz eta abiarazi berri ditugunak garatuz, Elhuyarren hiztegigintza punta-puntakoa izatea lortu nahi dugu, mundu gero eta globalizatuago honetan euskarak beste hizkuntzekin harremanetan jarraitu ahal izan dezan.

Euskal komikigileek Frantziako merkatuan ateratako albumak

e-gor 2014/03/24 20:55
Julen Ribasek, Mikel Begoña eta Iñaketek eta Markok 5 album atera dituzte azken urtean
Euskal komikigileek Frantziako merkatuan ateratako albumak

Irudia: Julen Ribas / Iñaket / Marko

Euskal komiki-merkatua eta -industria txikiak dira oso, eta bertako komikigileak kanpoan argitaratu beharrean aurkitzen dira. Frantziako merkatua da handienetako bat eta, aldi berean, baita exigenteenetako bat ere. Baina gure egileek han arrakastaz publikatzen jarraitzen dute.

Julen Ribasek (Azken garaipena Euskadi literatura saria irabazitako komikiaren marrazkilaria), esaterako, bi album kaleratu ditu Frantzian 2013an Ankama argitaletxearekin. Kerubim 1 eta Kerubim 2 dira, biak Eric Hérenguelen gidoiarekin.

Mikel Begoña (Komikeri blogaren egilea) gidoilari eta Iñaket marrazkilari dituen El pico de los cuervos - Matar a Franco (duela gutxi hitz egin genizuen berataz) ere herrialde hartan atera da, Cambourakis argitaletxearen eskutik eta Le bec des corbeaux - Abattre Franco izenburuarekin.

Azkenik, Markok serie berri bat hasi du Bamboo argitaletxean Béka gidoilariarekin, herrialde ezberdinetan zeharko bidaiak umorez kontatzen dituena. Iaz eta aurten artean lehen bi albumak atera ditu: Voyage en Chine eta Voyage en Inde.

Zorionak denei eta segi horrela! Eta ea noizbait euskaraz ere ikusten ditugun!

Jose Antonio Retolaza, Kili-Kili komiki-aldizkariaren sortzailea, hil da

e-gor 2014/03/21 00:15
Joan den astean zendu zen ohorezko euskaltzaina

Jose Antonio Retolaza joan den astean, martxoak 12, hil zen Bilbon, 84 urterekin. Euskaltzale handia, euskarazko lehen meza eman zuen 1959an eta ohorezko euskaltzaina zen.

Baina 40 urtetik gora ditugun komikizaleonzat eragin handia izan zuen gizona da, berak sortu baitzuen Kili-Kili komiki-aldizkaria. 1966an sortu zenetik 1969an itxi zuten arte aldizkari ilustratua zen, 2.000 aleko tirada izatera iritsi zena. 1977an birsortu zen komiki-aldizkari gisa, euskara batua eta bizkaierazko bertsioekin. Honen tirada 50.000 alekoa izatera iritsi zen, eta 2004 inguruan desagertu zen. Batez ere komiki itzuliak argitaratzen ziren bertan (Mortadelo eta Filemon, Asterix...).

Bere sorreran ezagutu genuen guk, haurretan, Ipurbeltzen garai bertsuan. Harpidetuta ginen, eta beti noiz iritsiko zain egoten nintzen ni. Baina, egia esan, ez dut gogoan zein bertsio jasotzen genuen Arrasateko gure etxean... Edonola ere, komiki-aldizkari garrantzitsua izan zen Kili-Kili, ez nire bizitzan soilik, baizik eta baita euskal komikigintzan eta euskalgintzan orokorrean ere. Agur, ohore eta eskerrik asko, Jose Antonio Retolaza.

Xabiroi 31 hemen da!

e-gor 2014/03/11 21:50
Eduki gozagarriz betea, beti bezala
Xabiroi 31 hemen da!

Irudia: Lope

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak 31. zenbakia atera du. Hau da bertan aurkituko duzuena:

On egin deizuela!

Anaia Handi digitala

e-gor 2014/03/07 14:30
Poliki-poliki eta ia oharkabean, gure komunikazioak, tramite administratibo eta finantzarioak eta beste gauza ugari, aurrez aurre edo paperezko komunikazio bidez egin beharrean, ordenagailu eta Internet bidez egitera pasatu gara. Beti izan gara jakitun horrek gure pribatutasuna arriskuan jar zezakeela, komunikazio eta datu digital horiek baliabide informatiko ahaltsuak dituztenek -gobernuek, alegia- errazago eskuratzeko moduan jartzen ari ginela. Izan ere, prozesamendu- eta biltegiratze-ahalmen nahikoarekin sarean zehar doan guztia bidean atzeman, gorde eta tratatu daiteke; hizkuntza-teknologiek ere (ahots ezagutza, itzulpen automatikoa…) komunikazio horiek prozesatu eta ulertzen lagun dezakete; eta gainera, arrastorik utzi gabe egin daiteke. Baina sinetsi nahi izan dugu herritarron zerbitzura dagoen administrazioak ez lukeela egingo paperean idatzitako gutunak ireki eta irakurtzearen pareko litzatekeen hori soilik erraz eta gu ohartu gabe egin dezakeelako, eta pribatutasunerako eskubidea errespetatuko zuela. Bada Edward Snowden AEBko CIA eta NSA agentzietako langile ohiak azken hilabeteotan agerian utzitakoek berretsi digute aspalditik Anaia Handiaren kontrolpean bizi garela.
(Elhuyar aldizkariko 2013ko urriko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Aurtengo lehen seihilekoan zehar, Interneteko komunikazioen segurtasunari buruzko hiru artikulu idatzi ditugu, eta argitu dugu nola bermatu ditzakegun konfidentzialtasuna, autentifikazioa eta anonimotasuna. Jende gehienak ez ditu erabiltzen horietan azaldutako metodo aurreratuak Interneten modu erabat anonimoan nabigatzeko, mezu elektronikoak digitalki sinatzeko edo e-mailak enkriptatzeko. Baina behintzat badakigu pasahitzak edo kontu korrontearen zenbakiak eskatzen dituzten web-zerbitzuek, posta elektronikoak bidaltzea ahalbidetzen duten web-zerbitzuek, edo telekonferentzia-programek kriptografia erabiltzen dutela gure komunikazio horien pribatutasuna bermatzeko. Zehazki, kriptografia asimetrikoa edo gako publiko bidezko kriptografia erabiltzen da normalean, oso segurutzat hartzen dena, eta horrek ziurtatzen du hirugarrenek ezingo dituztela komunikazio horiek atzeman eta gure informazioa eskuratu.

Snowdenek agerian utzitakoak: PRISM, XKeyscore, Tempora...

Edozein hirugarrenek ez, baina gobernuak ez dira edonor. Baliabide gehiago dituzte, eta ez informatikoak soilik. Kriptografia-metodo horiek hausten saiatu beharrean, errazago zaie zerbitzu horiei zuzenean eskatzea. AEBtako CIA eta NSA informazio- eta segurtasun-agentzietako langile ohiak, Edward Snowdenek, aurtengo maiatzean eman zien PRISM programaren berri The Guardian eta The Washington Post egunkariei, NSAko barne-transparentzia batzuekin frogatuta, eta ekainean argitaratu zuten haiek. Programa horren bidez, Interneteko 9 enpresa handiren bezeroen datu guztietarako sarbidea lortzen omen du 2007tik NSAk. Eta enpresa horiek ez dira edozein: Microsoft, Yahoo!, Google, Facebook, Paltalk, Youtube, AOL, Skype eta Apple (eta Dropbox programan laster sartzekotan omen zen).

Enpresa horiek guztiek ukatu egin dute bezeroen datuak NSAri ematen dizkiotela. Baina AEBko gobernuak programaren existentzia ziurtatu du: batetik, Snowden auzitara eraman du espioitza eta gobernuaren jabegoaren lapurreta karguak leporatuta (Errusiak asilo politikoa eman dio, eta han bizi da egun); bestetik, bere herritarrak lasaitu nahi izan ditu, esanez atzerritarren komunikazioak irakurtzeko soilik erabiltzen dela.

Ekainean, Snowdenek Tempora programaren berri eman zuen, The Guardianen bidez. Programa hori Erresuma Batuko GCHQ segurtasun-agentziaren (NSAren parekoa) programa da, PRISM programaren antzekoa: hiritarren komunikazioak eta informazioa biltzen ditu. Gainera, gero NSAri ematen omen diote informazioa. Eta uztaila eta abuztuan, XKeyscore sistemaren berri eman zuen Snowdenek The Sydney Morning Herald eta O Globo egunkarietan argitaratutako artikulu banaren bidez. NSAren software honek aukera ematen du atzerritarren Interneteko datu eta informazioak bilatu eta aztertzeko. Eta Australia eta Zeelanda Berriko gobernuek ere parte hartzen omen dute.

Espekulazio ugari

Snowdenen filtrazioek soka luzea ekarri dute. Maiatzetik hona hilero eman du argitara eskandalu berri bat Snowdenek berak; baina behin hautsak harrotuta, badirudi paranoia zabaldu dela, eta beste espekulazio ugari ere aireratu dituzte komunikabideek gaiaren inguruan.

Ikusirik NSAk PRISM programako enpresa handi horien guztien datuetarako sarbidea duela eta enpresok informazioa ematen diotela ukatzen dutela, zurrumurruak zabaldu ziren irailean, zeinek baitzioten agian NSAk huts bat aurkitu zuela gako publiko bidezko kriptografian eta horretaz baliatzen zela HTTPS bidezko trafikoa desenkriptatzeko. Hori egia balitz, hau da, benetan gako publiko bidezko kriptografian huts bat balego, eta huts hori ezagun bihurtuko balitz eta huts horretaz probesteko beharrezko baliabideak edonork edo ia edonork (eta ez bakarrik NSAk) eskuratzeko modukoak balira, benetan ikaragarria litzateke: webeko komunikazioen konfidentzialtasuna ezingo litzateke bermatu, edonork ikusi ahal izango lituzke pasahitzak, kontu korronteen zenbakiak eta mezuak... Ezagutzen dugun weba desagertuko egingo litzateke.

Zorionez, badirudi ez dela horrela. Hainbat arrazoi daude pentsatzeko gako publiko bidezko kriptografia segurua dela, eta horren inplementazio jakin batzuen hutsez edo konpainia batzuen praktika okerrez baliatuz lortzen duela informazioa NSAk (adibidez, hutsak aurkitu ondoren konpondu diren softwareen bertsio zaharrak erabiltzea, gako laburregiak erabiltzea, edo gako pribatuak modu ez nahikoa seguruan gordetzea); gauzak ongi eginez gero, metodoak segurua izaten jarraitzen du. Gainera, enpresek informazioa borondatez entregatzeak eta gezurretan aritzeak aukera askoz probableagoa dirudi, kriptografia asimetrikoa hautsi izanak baino. Horrela ez balitz, ez lirateke ibiliko beste enpresa askori ere datuak eskatzen.

Irailean zabaldutako beste zurrumurru batek zioen NSAk nolabaiteko atzeko ate bat ireki Linux sistema eragilearen (Interneteko zerbitzarietan gehien erabiltzen dena) ausazko zenbakien sorkuntza-metodoan. Gako publiko bidezko kriptografian, gako pribatua ausaz lortutako bi zenbaki lehenek osatzen dute. Erabateko ausazkotasun informatikoa ezinezkoa da, baina orokorrean badira nahiko ausazkotasun handia lortzeko moduak, eta horiek erabiltzen dira kriptografian. Hala ere, ausazkotasun hori murriztuko balitz, edo ausazkotasun horrek patroi ezagun batzuei erantzungo balie, errazagoa litzateke gako pribatu bat asmatzea.

Linuxen kolaboratzaileetako batzuek kezka agertua zuten Linuxen ausazkotasun-iturrietako bat RdRand zelako, ausazko zenbakiak Intel mikroprozesagailuan hardware bidez sortzen dituen funtzioa. Haien ustez, ausazko zenbakien sorkuntza hardware bidezkoa zenez, ezin zen ikuskatu eta ikusi ea esaten zuena egiten zuen benetan. PRISM eta abarren berri izan zutenean, hainbatek bi eta bi batu eta pentsatu zuten agian Intelen txipek ez zutela egiten esaten zuena, NSAk ezagutzen zuen algoritmo bat inplementatu baizik. Hala, NSAk web-zerbitzu gehienen gako pribatuak lortzeko bidea izango zuen Inteli eta hark Linuxen jarritako atzeko ate horri esker. Konspiranoikoegia dirudi, ezta? Hala ere, Linuxen kolaboratzaileetako batzuek utzi egin zioten bertan laguntzeari, eta eskaera bat ere egon zen Change.org-en RdRand Linuxetik erretiratzeko. Baina Linus Torvaldsek, Linuxen asmatzaile eta egungo koordinatzaile nagusiak, gogor erantzun zien, hori ausazkotasun-iturrietako bat besterik ez zela esanez eta arrazoirik gabeko beldurrak zabaltzea leporatuz.

Bestalde, Der Spiegel astekariak argitaratu zuen, irailean hori ere, haien arabera Snowdenen paperetan oinarrituta, Visa eta beste kreditu-txartel batzuen bidez egindako transakzio guztietarako sarbidea ere bazuela NSAk. Ezin jakin hori egia den. Baina ia astero ari dira agertzen horrelako susmo eta teoria berriak.

Nola babestu gure pribatutasuna?

Komunikazio digitalen intertzeptazio hori, jakina, segurtasunaren izenean egiten dute. Baina, normalean, okerreko bidean dabilenak neurriak hartzen ditu, eta badaki mezuak eta jarduera sekretupean gordetzen. Eta, azkenean, gobernuek espiatzen dituztenak gu, herritar xumeak, gara. Askok esango du berdin zaiola, ez dela ezer okerrik egiten ari. Baina gure komunikazio digitalak atzitzea pribatutasuna larriki haustea da; mundu analogikoan, gutunak ireki eta irakurtzearen edo telefono-deiak ziztatu eta entzutearen parekoa. Ez genuke horrelakorik onartuko, ezta?

Horregatik, PRISM ezagutarazi zutenetik, eskubide zibilen, askatasunen eta pribatutasunaren aldeko elkarte eta erakundeak haren aurka agertzen ari dira, gizartea kontzientziatu eta mobilizatzen, eta PRISM saihestu eta jendeari pribatutasuna babesteko bideak erakusten. Adibidez, Prism-break.org webguneak bide batzuk erakusten ditu, NSAk gure komunikazio eta datuak atzi ez ditzan. Funtsean, hasieran aipatutako sail honetako artikuluetan ematen genituen jarraibideak segitzean datza (HTTPS erabiltzea, posta GPG edo PGP bidez enkriptatzea, sinadura digitala erabiltzea eta Tor bidez modu anonimoan nabigatzea), eta, horrez gain, PRISM programan dauden enpresen zerbitzu edo softwareen ordez beste aukera batzuk erabiltzea. Softwarearen kasuan, software librea gomendatzen dute beti, iturburu-kodea bistan egotea baita bide bakarra softwareak egiten duenaz ziur egoteko.

Ordenagailuen sistema eragileei dagokienez, Linux da fidagarria den bakarra. Eta, telefonoenei dagokienez, Googlek kontrolatzen ez dituen Androiden aldaerak edo aurreko hilean aipatzen genizuen Firefox OS. iOS eta Windows Phonek ez dute alternatibarik, iPhoneak eta Windows duten smarthponeak ez erostea gomendatzen dute. Nabigatzeko, Firefox, Tor browser eta beste batzuk daude aukeran (baina ez, Explorer, Chrome, Safari edo Opera). Posta programa moduan Thunderbird dugu, eta web-posta nahi izanez gero, MyKolab eta beste zerbitzu batzuk; Gmail, Outlook edo Yahoo! erabiltzekotan, gomendatzen dute Mailvelope Firefoxerako gehigarria erabiltzea (GPG inplementatzen duena). Bilatzaileen artean, aholkatzen dute DuckDuckGo eta beste zerbitzu batzuk erabiltzea ohikoenen ordez, eta, mapei dagokienez, OpenStreetMap. Eta horrela, beste zerbitzu-mota askotarako gomendioak aurki ditzakegu webgunean.

Badirudi neurri batean behintzat Snowden aferak pribatutasunaren garrantziaz ohartarazteko balio izan duela, eta gorago aipatu ditugun zerbitzu alternatibo, anonimo eta kriptografikoen erabilerak igoera nabaria izan du azken hilabeteotan. Herritarron espioitza digital hau ezagutzeak balio dezala, gutxienez, gure kontzientziak astintzeko, eta, alternatibak bilatzeaz harago, gure zerbitzura egon beharko luketen administrazioek praktika horiek alde batera utz ditzaten behartzen hasteko.

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10