Tirabirak, euskal gatazkari buruzko komiki-zinten egitasmo transmedia
Tirabirak Euskal Herriko Unibertsitateko EMAN ikerketa taldeak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako programarentzat landu duen egitasmoa da, euskal gatazka deiturikoaren inguruko komiki-zintak protagonista direlarik. Egitasmo transmedia da, hainbat elementuz osatua: ikerketa, erakusketa ibiltaria, artxibo interaktiboa, elkarrizketak, webdoka, ikastaroa, ekitaldiak eta beste.
Erakusketa ibiltaria da proiektu honen lehen emaitza. 1977tik gaur egunera arte komunikabideetan agertutako 448 komiki-zinta aukeratu dituzte horretarako. Otsaila eta martxoan Bilbon egon ondoren, orain Leioan dago, EHUko liburutegian, eta ondoren Gasteiz, Donostia eta Iruñetik ere pasatuko da. Baina erakusketaz gain, beste osagarri hauek ere izango ditu egitasmoak: artxibo interaktiboa, zinten egileei elkarrizketak, zintetako gertakizunen inguruko EITBko artxibo-irudiak, web dokumental interaktiboa, bestelako ekitaldiak...
Erakusketarako aukeratutako binetak online ikus daitezke egitasmoaren webguneko artxiboko atalean.