Athletic Fundazioak "Diamanteak, urrea eta ikatza" komikia argitaratu du
Athletic Fundazioak Letrak & Futbola literatura, komikia, kazetaritza eta futbola topaketak antolatu ditu hurrengo asterako, azaroaren 2tik 6rako. Bertan hainbat ekitaldi izango dira (antzerki lan bat eta futbola, kazetaritza eta literatura gai izango duten zenbait hitzaldi). Eta okasiorako bi komiki ere argitaratu dituzte, bat gaztelaniaz (Santiago García eta Pablo Ríosen El portero) eta bestea euskaraz.
Euskarazkoak Diamanteak, urrea eta ikatza du izenburua, eta gidoia Unai Iturriagak egin du eta marrazkiak Alfonso Zapicorenak dira. Egia esan, erakunde batek enkargatutako komikia den aldetik, erakundearen historia kontatzen duen komiki normalean aspergarri horietako bat izango zela pentsatzen nuen, baina keba! Fikziozko istorio polit eta hunkigarria kontatzen digute autoreek. Eta ausarta ere iruditu zait, frankismoa, homosexualitatea eta futbolaren gaia lantzen baita bertan.
10.000 aleko tirada egin dute eta egunotan dohainik banatzeko asmoa dute, liburu dendetan libururen bat erosten duenari, metroan libururen bat irakurtzen doanari... oparituz. Eta baliteke Getxoko Komiki Azokan ere eskuratzeko aukeraren bat egotea. Ea bat eskuratzea lortzen duzun!