Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Euskarazko komiki lehiaketak: Parrapean eta Galtzakomik

e-gor 2014/10/22 22:40
Irekita daude bietan parte hartzeko epeak

Euskarazko komikien bi lehiaketatan parte hartzeko epeak irekita daude.

Parrapean Komiki Lehiaketak lehenengo edizioa du aurten. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak lehenbizikoz antolatu dituen Parrapean Komiki Egunak topaketen baitan kokatzen da (laster izango duzue informazio gehiago hemen topaketa hauen inguruan). 14 eta 17 urte arteko gazteek bakarka edo taldeka har dezakete parte bertan, eta lanak azaroaren 15era arte aurkez daitezke. Oinarri zehatzak, hemen.

Tolosako Galtzaundi Euskara Elkarteak antolatzen duen Galtzakomik lehiaketak, aldiz, VII. edizioa du aurtengoa. Hemen edonork har dezake parte, eta azaroaren 28a bitarte dago lanak bidaltzeko epea zabalik. Honen oinarriak, hemen.

Parte hartzen ez baduzu ez duzu irabaziko... ;-)

Komikiguneko bisita gidatua eta "Komiki bildumak: zabalkundea eta jarduerak" mahai-ingurua Koldo Mitxelena Kulturunean

e-gor 2014/10/20 21:11
Liburutegien Egunaren harira, ostegunean 23

Liburutegien Egunaren harira, ostegun honetan, hilak 23, komikiaren inguruko bi ekitaldi antolatu ditu Koldo Mitxelena Kulturuneak.

Hasteko, arratsaldeko 18:00etan, duela gutxi inauguratutako Komikiguneko bisita gidatua egingo da, elebitan. Gogoratu, helbidea Donostiako Errege Katolikoak kaleko 16a da.

Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Komiki bildumak: zabalkundea eta jarduerakizenburudun mahai-ingurua egingo da Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian, parte hartzaile hauekin:

Plan bikaina pintxo-poteoaren aurrerako! ;-)

Errealitate birtualaren bigarren aukera

e-gor 2014/10/14 21:50
Errealitate birtualaren kontzeptua aspaldikoa da, eta hamarkadak dira errealitate birtualeko sistemak eta gailuak garatzen hasi zirela. Baina haietako batek ere ez zuen lortu emaitza benetan onik, eta are gutxiago arrakastarik merkatuan; hala, bada, azken urteotan, gutxi hitz egin da teknologia honetaz. Edonola, teknologiak asko egin du aurrera, eta benetan ongi dabiltzan gailu eta sistemak agertu dira azkenaldi honetan. Errealitate birtualaren behin betiko lehertzearen atarian ote gaude?
(Elhuyar aldizkariko 2014ko martxoko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Smartphone, tableta eta betaurreko adimendunen mundu honetan, errealitate areagotua, hau da, ikusten ari garen errealitateari informazio gehigarria eranstea, da teknologia izarra (2009ko abenduko artikuluan jardun genuen horretaz). Baina gailu horiek etorri aurretik errealitate birtuala zen modan zegoena.

Errealitate birtuala zera da: ordenagailu eta bestelako gailuen bidez itxurazko errealitate bat sortzea eta erabiltzaileari beste errealitate horretan dagoelako sentsazioa ematea. Normalean, mundu birtual horretaz aparteko beste ezer ikustea galarazten duten betaurreko batzuek eta gure mugimenduak detektatzeko gorputzean jartzen diren sentsore batzuek (mundu birtualean gure mugimenduak erreproduzitzeko) osatzen dute errealitate birtualeko sistema. Teknologia honen aplikazio agerikoenetako bat bideo-jokoena da, baina aplikazio praktiko ugari ere baditu, adibidez, gidatzen ikasteko (auto, hegazkin zein bestelako ibilgailuak) edo medikuntzan (ebakuntzetan edo sorospen-lanetan trebatzeko, ebakuntza robotikoan...).

60ko hamarkadaren inguruan hasi ziren ikertzen teknologia honekin, eta 80 eta 90eko hamarkadetan, gailu komertzialak egiteko saiakera anitz izan ziren. Baina guztiek porrot egin zuten eta, horren kausaz, azken urteotan ez da apenas entzun errealitate birtualeko konturik. Porrot haien arrazoiak ugariak dira: batetik, orduko betaurreko eta sentsoreak handiegi eta pisutsuegiak ziren; bestetik, orduan lortzen ziren grafikoen kalitatea ez zen oso ona; horrez gain, orduko ordenagailuak ez ziren behar bezain azkarrak, eta sentsoreen erantzun-denbora eta mundu birtualeko mugimenduak mantsoak izaten ziren; eta azkenik, sistemak garestiak izan ohi ziren. Finean, orduko teknologia ez zegoen nahikoa heldua errealitate birtualarentzat. Azkenean, hainbeste hutsegiteren eraginez, errealitate birtualeko sistemak erabilera profesional jakinetara mugatu ziren, eta ez dira erabili bideo-jokoetan eta masiboki. Publiko orokorrarentzako era horretako teknologiak gailu mugikorretan eta errealitate areagotuan zentratu dira.

Oculus Rift, modako gailua

Baina ordutik hona asko aurreratu dute aipatutako teknologiek. Egiten diren sintesi-irudiak oso kalitate onekoak dira, eta 3D teknologia asko garatu da, 2011ko uztailean kontatzen genizuenez. Ordenagailuak eta txartel grafikoak ere askoz azkarragoak dira. Posizio- eta mugimendu-sentsoreak ere oso miniaturizatuta daude (telefono mugikorretan ere badaude), soinu efektuek ere asko egin dute aurrera...

Testuinguru berri honetan, hasi dira berriz ere errealitate birtualeko sistemak agertzen. Fama handia hartu duen bat eta mundu guztiaren ahotan dabilena Oculus Rift da. Betaurreko hauek pantaila bat jartzen digute begi bakoitzaren aurrean, eta, pantaila bakoitzean irudi desberdin bat erakutsiz, efektu estereoskopikoa edo 3D efektua lortzen da. Pantailek gure ikuseremu osoa hartzen dute eta, lente batzuen bitartez, irudi kurbatua erakusten digute; hala, oso efektu errealista eta murgiltze-sentsazioa lortzen da. Gainera, posizio- eta mugimendu-sentsoreak ere baditu, eta pantailetan proiektatzen den irudiak gure buruaren mugimenduei erantzuten die. Azkenik, kasko estereoak ere baditu belarrietarako.

Probatu duten guztiek oso ongi hitz egiten dute Oculus Rift-i buruz, eta 2014ko CES azokan (Consumer Electronics Show, munduko kontsumoko informatika eta elektronikako azoka garrantzitsuena) gailu onenaren saria jaso du. Oraindik ez dago salgai, baina garatzaileentzako kita eskuragarri dago bideo-jokoen egileek gailuarentzako jokoak egin ditzaten; finantziazio ugari dute, eta laster komertzializatzeko asmoa. Bideo-jokoen enpresa asko ari dira beren jokoak Oculus Rift-entzat prestatzen edo egokitzen. Steam ere (PCko jokoen banaketarako plataformetan liderra) Oculus Rift-ekin ibil dadin probak egiten hasiak dira.

Oculus Rift ez da, hala ere, errealitate birtuala geratzeko itzuli dela adierazten duen zantzu bakarra. Valve enpresa, aipatutako Steam plataformaren jabea, konbentzituta dago errealitate birtualak aisiaren mundua irauliko duela datozen bi urteetan. Eta Oculus Rift-en antzeko sistema propioa garatzen ere ari da.

Bestelako gailuak ere bai

Hala ere, Oculus Rift bezalako gailuek gure buruaren mugimenduei erantzun eta ikusi eta entzuten duguna horren arabera egokitzen dute oso modu errealistan; baina errealitate birtualeko sentsazioa erabatekoa izateko, ez da nahikoa gure ikuspuntua teklatuaren bidez aldatu beharrean buruaren mugimenduen arabera aldatzea. Horrez gain, gure besoen mugimenduei (tiroak, ukabilkadak, bolantea...) eta gure hankenei ere (norantz goazen, zer abiaduratan, jauziak...) erantzun beharko litzaieke.

Besoena aspaldi konponduta dago, 2011ko ekaineko artikuluan esan genizuenez: Wii kontsolak aspalditik detektatzen ditu horien mugimenduak Wiimote agintearen azelerometroekin oso modu naturalean; edo berrikiago, Xbox kontsolak Kinect kamerarekin, inolako aginteren beharrik gabe.

Hanken mugimendua detektatzeko gailuak ere agertu dira. Horietan, funtsean, plataforma bat dago, oso zoru labainkorra eta zutoin batzuk dituena: zutoin horietatik ateratzen diren euskarri batzuek gerritik heltzen digute, eta zorutik ateratzea galarazi, nahiz eta posible dugun biratzea. Hala, nahi dugun norabidean ibil gaitezke edo egin dezakegu lasterka, baina tokitik mugitu gabe. Plataformak norabidea eta abiadura detektatu eta bideo-jokoari jakinarazten dizkio, eta horrek mugimenduaren arabera erantzuten du. Honelako gailuen adibideak dira Virtuix Omni eta Cyberith Virtualizer.

Aipatu ditugun sistema ezberdinen konbinazioak (hau da, Oculus Rift bezalako gailu bat, besoen mugimendua detektatzeko Wiimote-a edo Kinect-a moduko zerbait, eta hankena detektatzeko plataforma horietako bat) errealitate birtualeko benetako sentsazioa eman behar du. Horrelako sistema osoekin eta bideo-jokoekin probak egiten ari dira, eta Interneten bideo benetan ikusgarriak daude. Oraingoz, prototipoak besterik ez dira, baina espero dezagun laster horrelakoak ikusiko ditugula kalean! Tira, semeengatik diot, e... ;-)

Komikigunearen aurkezpena, bihar 9, 11:00etan

e-gor 2014/10/08 22:35
Lehen Luis Gasca Bilduma zena Koldo Mitxelenako Komikigunea izango da aurrerantzean

Orain arte Luis Gasca Bilduma egon den lokalean (Errege Katolikoak 16) eta bilduma hau hasierako oinarri duela, hori baino askoz gehiago izango da aurrerantzean Koldo Mitxelenako Komikigunea: komikien gordailu, ikertoki, bilera eta aurkezpenentzako egoitza... Zehaztasun gehiago, bihar goizeko 11:00etan bertan egingo den aurkezpenean.

Zaldieroaren hitzaldia Twitter-eko txioetan oinarritutako zinten inguruan

e-gor 2014/10/06 20:50
Donostiako Garoa liburudendan, asteazkenean arratsaldeko 19:00etan
Zaldieroaren hitzaldia Twitter-eko txioetan oinarritutako zinten inguruan

Irudia: Zaldieroa

Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak egunero Berria egunkarian egiten dituen zintak aski ezagunak dira, eta bertako pertsonaia eta tematika asko ere bai. Tematika hauetan orijinal eta interesgarrienetako bat Twitter-en hainbat jendek botatako txioak gidoitzat hartuta egiten dituen zinta-sortak dira, zalantzarik gabe.

Bada, zinta horien inguruko hitzaldia emango du Zaldieroak Donostiako Garoa liburudenda berrian, asteazken honetan, hilak 8, arratsaldeko 19:00etan. Hitzordu ezin galduzkoa!

Komikien hizkuntzari buruzko ikastaroa Joseviskyren eskutik

e-gor 2014/09/30 22:15
Tolosako liburutegian izango da, astelehenero 2 orduz, urria eta azaroan
Komikien hizkuntzari buruzko ikastaroa Joseviskyren eskutik

Irudia: Josevisky

Xabiroin kolaboratu izan duen eta, besteren artean, KKLRD online komikiak (www.kklrd.com) ere egiten dituen Joseba Larratxe Joseviskyk Komikia: mugimendu ikusezina izenburuko ikastaroa emango du, komikiaren hizkuntza ezagutu, ulertu eta menperatzen irakasteko helburuarekin.

Ikastaroa Tolosako liburutegian izango da eta 16 orduko iraupena izango du, 2 orduko 8 saiotan banatuta. Saiook astelehenetan izango dira 18:00etatik 20:00etara, urriaren 6tik hasita. Matrikulak 20 euro balioko ditu. Informazio gehiagorako eta izena emateko: gazteria@tolosakoudala.net.

Aukera ezin hobea komikiaren munduan gehiago barneratzeko. Animatu!

BaionaKomiki festibala

e-gor 2014/09/28 11:20
Lehenbizikoz egingo da urriaren 4 eta 5ean
BaionaKomiki festibala

Irudia: BaionaKomiki / Tabary

Datorren urriaren 4 eta 5erako antolatu dute lehenbiziko aldiz BaionaKomiki festibala. Goizeko 10:00etatik 18:30etara egongo da irekita Baionako Maison des Associations-en, eta komikien salmenta eta sinaketa egongo da bertan, beste ekitaldi batzuez gain: tailerrak, foroa, sari-emanaldia... Larunbat gauean kontzertu marraztua ere izango da. Programa osoa ikusgai dago Baionako Udalaren webgunean (frantsesez soilik). Eta egun horietako ekitaldiez gain, aurreko eta ondoko egunetan hainbat erakusketa ere izango dira.

Euskal Herriko prentsa-marrazkilarien inguruko solasaldi marraztua, "Cartooning for peace" nazioarteko erakusketa ibiltaria inauguratzeko

e-gor 2014/09/09 22:25
Ostegunean 19tan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, Oroz, Mattin eta Asiskorekin

Etzi osteguna, arratsaldeko 19:00tan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko Ganbara aretoan, Euskal Herriko prentsa-marrazkilarien begirada izeneko "solasaldi marraztua" egongo da, hori dena delarik ere, baina partehartzaileak ikusita, ziur interesgarria eta entretenitua izango dela: Oroz, Mattin eta Asisko izango dira hizlari/marrazkilariak. Areto horretan bertan den eta egun horretan inauguratuko den Cartooning for Peace erakusketarekin (prentsa-marrazkilarien askatasunaren aldeko nazioarteko erakusketa ibiltaria) lotutako ekimena da hau.

Xabiroiren 32. zenbakia argitaratuta

e-gor 2014/07/20 14:30
Pierre Christini elkarrizketa, Julen Ribasen istorioa eta beste eduki ugari
 Xabiroiren 32. zenbakia argitaratuta

Irudia: Guillermo Gonzalez

Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, 32. zenbakira iritsi da. Eduki hau aurkituko dugu bertan:

  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • Patxi Zubizarretaren gidoia eta Manu Ortegaren irudiak dituen Zatoz nirekin 7 orriko istorioa
  • Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sailaren 2 orri

Ea gustuko duzuen!

"Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza", UEUko Udako Ikastaroetan

e-gor 2014/06/30 21:20
Eibarren, uztailaren 16 eta 17an

Udako Euskal Unibertsitateak, bere aurtengo Udako Ikastaroen barruan, Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza izenburudun ikastaro ezin interesgarriagoa antolatu du. Eibarko Markeskoa Jauregian izango da, uztailaren 16 eta 17an, 9:00tatik 14:00tara.

Ikastaroaren deskribapen hau egiten dute ikastaroaren web orrian: "Ikastaro honek literatura-irakasleak, literatura-eragileak edo literaturazaleak komikiaren artera hurbiltzea du helburu nagusi, betiere komikigintzaren eta literaturgintzaren arteko zubi-lana gogoan izanda. Bide horretan, hiru zutabe nagusi izango ditu ikastaroak: Lehenik, komikiaren inguruko ezagutza orokor zenbait eskainiko dizkigute alorreko adituek (komikiaren narrazio-teknikak, komikiaren bilakaera historikoa...). Bigarrenik, komikigile eta gidoigileek bere obraren eta jardunaren inguruan hitz egingo digute, ekarpen horiek irakurtzeko eta interpretatzeko informazio gehiago izateko. Hirugarrenik, komikia lantzeko proposamen didaktiko zenbait aurkeztuko dizkigute literatura-irakasleek".

Irakasle hauek izango ditu ikastaroak: Amaia Serrano Mariezkurrena, Asisko Urmeneta, Bego Montorio Uribarren, Dani Fano, Iratxe Retolaza Gutierrez, Jon Mantzisidor, Jon Martin Colorado, Josune Muñoz, Maite Gurrutxaga eta Mikel Ayerbe Sudupe.

Ikastaroaren helburua, hau ere bere webetik hartua, "komikigintzaren eta literaturaren arteko zubi-lan horretan sakontzeko honako hiru gaitasun hauetan trebatzea da: komikigintzaren narrazio-teknikak, estetikak eta kodeak ezagutzea; literatura testuen eta komiki-lanen arteko zubiak egiten trebatzea; eta komikiaren irakurketan eta irakurketa literarioan gaitzea, bi arte adierazpideen arteko aldeak zein antzekotasunak gogoan izanda".

Metodologiari dagokionez, "hiru saio mota egongo dira ikastaro honetan: batetik, komikiaren teoriaz jabetuko gara, betiere adibide jakin batzuk oinarritzat hartuz; bestetik, artista jakin batzuekin solasean aritzeko aukera izango dugu, haien esperientziaren berri izan, eta haien jardunaren inguruko elkarrizketa sustatuz; eta azkenik, saio praktikoagoak izango ditugu, komikien irakurketa eta irakurketa literarioa jorratzeko. Bestalde, parte-hartzaileei material osagarria banatuko zaie ikastaroan zehar, literaturaren irakaskuntzan komikia lantzeko baliabide zenbait eskuragarri izateko".

Eta hona egitaraua:

2014-07-16
OrduaEdukiakIrakaslea
09:00-10:00 Komikiaren arteaz Jon Mantzisidor
10:00-11:00 Komikigintza eta narrazio-teknikak Jon Martin Colorado
11:00-11:30 Atsedena
11:30-12:30 Komikigilearen ajeak Dani Fano
12:30-13:30 'Habiak', komikirako bidea Maite Gurrutxaga
13:30-14:00 Laburpena eta azken gogoetak Iratxe Retolaza Gutierrez, Amaia Serrano Mariezkurrena
2014-07-17
OrduaEdukiakIrakaslea
09:00-10:00 Lehen abantaila: gidoilariari ez ohi zaio haren partea pagatu Asisko Urmeneta
10:00-11:00 Komiki itzuliak Bego Montorio Uribarren
11:00-11:30 Atsedena
11:30-12:30 Komikigintza eta irakurbide literarioak: proposamen didaktikoak (I) Mikel Ayerbe Sudupe
12:30-13:30 Begiradak komikian: proposamen didaktikoak (II) Josune Muñoz
13:30-14:00 Laburpena eta azken gogoetak Iratxe Retolaza Gutierrez, Amaia Serrano Mariezkurrena

Esan bezala, oso ikastaro interesgarria. Kristoren pena dut, oporretan izango naizelako eta ezin izango naizelako joan...

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10