Amaitu zelakoan? Bai zera! Beste 6 euskarazko komiki!
Blog hau martxan jarri nuenetik pasatutako 10 urteetan, ez dut gogoratzen udazkenik euskarazko hainbeste komiki atera direnik! Berri ona zalantzarik gabe, baina bere buruari euskarazko nobedade guztien berri ematearen lana eman dion kronista honentzat estresagarria ere bada... ;-) Guztien berri Durangoko Azoka baino lehen emateko asmoz, bloga jarraitzen duzuenok ikusiko zenuten azkenaldian maiztasun handiagoz eta azken astean egunero ematen nuela komiki baten berri (Asterix - Zesarren papiroa, Diamanteak, urrea eta ikatza, Kortsarioen ostatua, Nork, Gabriel Aresti - BioGrafikoa, Justin Hiriart, Asylum...), eta hala ere beste 6 geratu zaizkit azken egunerako. Hemen duzue denen berri.
Batetik, hor duzue H28ren "urtikaria". Hilero 28an ateratzen den euskal hilabetekari saretirikoak behingoagatik papetirikoa bihurtzea erabaki du, eta urteko txisterik onenen antologia batekin zenbaki berezia atera dute paperean. Crowdfunding kanpaina abiatu zuten, eta bertan parte hartutakoek Durango jaso ahal izango dute euren ale sinatua, baina bestela ere erosteko aukera izango da bertan.
Bestetik, bi urtean behin ohi duen legez, Zaldieroak ere Berrian argitaratzen dituen zinten beste antologia bat atera du Elkarekin, De Rerum Natura 6. Bere pertsonaien bidez aktualitatearen analisi eta kritika zorrotz eta umoretsua egiten digu Zaldieroak, eta bilduma honetan horien arteko azkenaldiko onenetakoak gogoratu ahal izango ditugu.
Astiberrik Alfonso Zapicoren Dublinés lanaren euskarazko bertsioa dakarkigu, Dublindarra. Lan mardul honetan James Joyce idazle irlandarraren (Ulysses, Dubliners...) biografia kontatzen zaigu.
Horrez gain, Ataramiñek, euskal errepresaliatuen lanak argitaratzen dituen elkarteak, Mikel Orbegozoren (Preso nago eta Preso nago 2) Ilargiraino komikia atera du. Copyleft lizentziapean atera du eta paperean saltzeaz gain sarean ere irakur daiteke.
REAS Euskadik eta Alboan elkarteek Oletakorta - Ekonomia solidarioko abentura bat atera dute, Amaia Ballesterosek egina. Komiki hau osorik deskarga daiteke saretik.
Azkenik, Andoaingo Udalak, herriaren sorreraren 400. urteurrena ospatzeko, sorrera hori kontatzen duen Iraganera bidaia komikia argitaratu du, non 3615. urteko biztanle batzuk 2000 urte iraganera joaten diren herriaren sorrera bertatik bertara ikustera. Jon Verdejo eta Ainhoa Aiertzarena da gidoia eta Ainara Audikanarenak irudiak.
Tira ba, orain jada baduzue euskaraz aurten atera den guztiaren berri. Durangotik poltsa beteta eta poltsikoa hustuta itzultzeko adina komiki bai, beraz kontuz! ;-)