Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Maiatza

Artxiboa Maiatza 2010

Labezomorroen irudi-aldaketa

Azkenean, hainbat kanpo zein barne krisialdiren ondotik, labezomorroek kostata baina onartu behar izan zuten irudi txarra zutela. Jendeak ez zituela lar maite. Eta irudiz aldatzea erabaki zuten, baita irudi-aholkulari bila aritu ere. Onena aurkitu arte.

Irudi-aholkulariak era oso profesionalez lan-egitasmoa aurkeztu zien  demorik landuenaz. Lehenik diagnostikoa, egiazko egoera bertatik bertara aztertzeko, eta gero, ondotik,  jarduera-proposamena. Aurrekontua ez zen inondik ere merkea, baina labezomorroek erabaki zuten egoera hartan ez zegoela luzaro jarraitzerik eta, aurrera egingo balute, hil-ala-bizikoa zela zerbait egin beharra.

Bi hilabete luze behar izan zituen kontsultariak hainbat inkesta egin, informazioa bildu, erantzunak interpretatu, dena metodologiarik aukerakoenaren arabera galbahetu eta arazoaren ardatzik, giltzik zein  maratilarik   funtsezkoenak laburbiltzeko.

Txostena argia eta esanguratsua bezain mortala izan zen. Merkatuaren eta iritzi publikoaren adierazkin guztien arabera labezomorroak beltzak ziren, zoko zikinetan aritu ohi ziren, ilunpean eta ezkutuan bizi, ez zuten jendearekin harremanik, umeek ez zituzten maite, emakumeek sekulako higuina zien eta gizonezkoek, berriz, mespretxu nabarmena. Txosten beldurgarria gero. Zerbait egin beharra zegoen. Zer egin, ordea?

Irudi-kontsultariak lasaitu zituen, dena kontrolpean zegoela eta hurrengo hiruzpalau astetan jarduera-proposamena aurkeztuko ziela agindu bezala, diagnostikoa erabat landua baitzen, norabide argiak eskaintzen zituen eta tunelaren barrenean argi-izpiak sumatzeko arrazoi dezente baitzegoen.

Bost astebete geroago aholkulariak labezomorroen goi-zuzendaritza bilarazi zuen eta power point koloretsuaz jarduera-proposamena aurkeztu. Lehen eta behingoz irudi korporatiboa aldatu behar zen. Ez zegoen aurrenengo aurrekontuetan sartuta baina zalantzarik ez gero merezi zuena. Aurrerantzean,  “labezomorroak” izen zaharkituari muzin egin eta Mozorro-klabea delakoa indarrean jarri, betidaniko hizki berberen ordena modurik kreatiboenaz eraberritu ostean. Logotipoaren itxura, aldiz, goitik behera aldatu beharko. Ez zen aurrerantzean beltza izango, tximelataren denetariko margoez baizik eta, hain zuzen ere –hona mataza guztien korapiloa!-- aurrera begira landu beharreko irudia tximeletarena izango zen. Tximeletarena?

Bai, Tximeletarena. Ikerketa guztiek zindo bezain sendo frogatzen zuten jendeak –gehientsuenek bai, behintzat--  tximeletak gogoko zituela, tximeletak lorez lore aritu ohi zirela, beti ere argitan, udaberri-girotan, pinpilinpauxan hegan,  eta hil ostean ere, jendeak koloretako kaxetan gorde ohi zituela, maitasun handiz jagon beharraren beharrez.

Labezomorroak ikaragarri poztu ziren, zoragarri begitandu zitzaien jarduera-proposamena, izugarri eskertu zuten kontsultariaren sorketa-lan baliotsua, faktura ordaindu zioten pozarren eta agur esan aurretik, algara bizitan zihardutela, norbaitek galdetu zuen apal asko:

-- Eta… orain zer? Hau nola egiten da?

Eta irudi-kontsultariak, atea itxi ahala:

-- Ah bai, hori bai, hori egunean-egunean ikusi behar da.

Amatiño 2010/05/30

"L’enfant terrible"arenak

Bai, egia da, 1982ko urritik abendura bitartean prestatu genuen telebista-programazioa elebiduna izan zen. Urteberriko aurreneko saioak euskaraz zein gaztelaniaz izan ziren horregatik.

Urtarril hartan erabaki zen, ordea, ordurarteko esperientzia guztiek arras frogatzen zutela komunikabide elebidun denetan beti amaitzen zela gaztelania gailentzen euskararen kaltetan. Alegia, erdaldunek onartu lezaketen euskara-kopurua hutsaren hurrengoa dela euskaldunentzat, eta euskaldunek gutxienekotzat jotako euskara, aldiz, lar dela erdaldunentzat. Arrazoi soil bezain sakon honi esker sortu zen ETB1 elebakarra eta horregatik, hain zuzen, gaur arte iraun.

Orain, ostera, badira hainbat euskaltzale argi, aditu, jakitun, maisu eta ez dakit zer gehiago, euskararen gizarte-normaltzearen onetan komunikabide publiko elebidunen apustua egin nahi dutenak. Segurutik oso bizkorrak izango dira baina ez dute batere erantzukizunik, l'enfant terrible hutsak dira. Eman bai ideiak eta gero, errua, adituen proposamen onak kudeatzen ez omen dakiten politikoena izango da.

Argia, 2010-05-30

 

ETBren lehen emanaldiaren hasiera. Ondoren egunkari-zuzendarien arteko mahai-ingurua

Amatiño 2010/05/28

Geratu beharrik gabeko abiada handiko trena

Mendebaldarrok, europarrok bai behintzat, hainbat urtez uste izan dugu txinatarrak, kopiatzaile onak izan arren, asmatzaile eta eraberritzaile eskasak zirela. Horra non, ordea, Txinako ingeniaritzak asmatu duen ezinezkoa: geltokietan geratu beharrik izango ez duen abiada handiko trena.

Abiada handiko tren txinatarrak –bala-trenaren  tankerakoak, alegia— izugarri azkar ibili nahi du. Ez du denborarik galdu nahi. Baina Beijing eta Guangzhou hirien artean 30 geltoki daude eta denetan geratu beharko balu sekulako gastua eragingo luke denboraz zein energiaz.

Denboraz, esaterako, bi minutu baino ez balitz ere geratuko geltoki bakoitzean, guztira ordubete egon beharko luke geldirik, aipatu bi hirien artean,  bala-trenak geratzeko eta berriro abiada azkarra lortzeko behar duen denbora luze samarra kontuan hartu gabe. 

Arazoa konponduko litzateke, jakina, trena sekula geratuko ez balitz. Baina, geratzen ez baldin bada, zertarako dira geltokiak? Zer egin 30 geltoki horietako baten batean geratu nahi luketen bidaiariekin? Txinatarrek asmatu beharrekoa asmatu dute.  Ezinezkoa asmatu dute: geratu beharrik gabe bidaiariak geltokiz geltoki jaso eta utzi ahal izango dituen tren bizkorra.

Bidaiariaren nasa ez da egongo trenbidearen maila berean, tren-gainaren mailan baizik. Eta, geltoki bakoitzean tren-bagoi bana egongo da, non bidaiariek sartu ahal izango duten. Trenak berriz, ohiko bagoiez gainera, beste bat eramango du gainean, eta geltoki bakoitzetik pasatu ahala, bertan dagoena geratu beharrik gabe hartuko du eta goian daramana utzi. Goiko bagoian sartu berri diren bidaiariek ez dute beheko bagoietara jaitsi besterik izango aurrera jarraitu ahal izateko eta goiko bagoira igo baino ez, hurrengo geltokian geratu nahi izanez gero.

Ulertu ez baduzu,  hemen aurkitu dezakezu beste bertsio bat  txinera mandarinez

 

Amatiño 2010/05/27

Juan V. Araquistain eta Robin Hood

Liburu zaharrak ordenatze-lanetan agertu zait Juan Venancio Araquistain letraduaren “Tradiciones Vasco-Cántabras” (Tolosa, 1866) liburua. Ez dut nonbait zakarrera bota beharreko paperetatik lar aldendu eta semeak esan dit: “Aita, hau be botatzeko?” Benetan, itxuraz behintzat, botatzeko meritu guztiak egin dituenetakoa ematen du baina, oraindik, ez zaio tanatoriora eramateko ordurik heldu.

Juan V. Araquistain 1830an jaio zen Deban. Familia oneko semea --aita hainbat urtez bertako alkate— Valladoliden egin zituen lege-ikasketak eta jabetza-erregistratzailea izan zen Azpeitian zein  Tolosan. Ahaide Nagusien giro-hondarrean hazi eta hezitako azken jauntxoetakoa, Tolosan hil zen 1906an. Gaur egungo Debako Arakistain plaza ez omen dagokio berari baina bai, ostera, orain seizazpi urte eraikitako monolitoaren lau aurpegietako bat. Alegia, Ekaingo zaldia, balearen arrantza, Santiago bidea eta Araquistain bera.

Beste hainbat idazlan utzi zituen arren, Tradiciones Vasco-Cántabras delakoa da segurutik bere obrarik ezezagunena. Antzinako ipuinak, elezaharrak, kondairak, legendak eta handikien tradizio-istorioak izugarri gogoko izan zituen  eta baita haietako zortzi elkarrekin argitaratu ere: Gau-illa, Hurcamendi, La emparadada de Irarrazábal, Los Cántabros (I- Hirnio eta II- Roma), Las tres olas, Beotibar-co celaya, La Hilandera de la capilla eta La Dama de Morumendi, zeinetatik bost erabat errotuak dauden Deba inguruan, Alos Torrea, Irarrazabal Etxea edota Zubeltzuneko Kattalina, Kaperako Irulearen alaba, esaterako.

Genero erromantiko honen jatorria Aita Larramendiren aldarrietan gorpuztutako  “vasco-cantabrismo” delakoan kokatu behar omen da, Jean Martin Hiribarren (1810-1866) lapurtarrak argitara eman zuen  “ESKALDUNAC. Iberia, Cantabria, Eskal-Herriac, Eskal-Herri bakhotcha eta hari darraicona”  (Baiona, 1853) liburuaren hildo beretik.

Hainbati jaramonik egingo badiogu, Araquistainen liburua ohe-ondoan izaten omen zuen Sabino Aranak eta bada guzti honetaz baliatu nahi izan duenik euskal aldarrikapenen oinarrian bide dauden mitoak gutxiesteko. Alegia, lehenik mitoak gutxietsi eta gero, aldarriak. Seguru gero Aranak gogotik irakurriko zituela “vasco-cantabrismoa”ren teoria guztiak  baina arinkeria hutsa litzateke uste izatea abandarraren liburu eta artikulu-ekoizpen ugaria, euskararekiko jarrera sutsua eta programa politiko landua, debarrak gaztelaniaz bildutako zortzi elezaharrotatik sortu zitezkeenik.

Izan ere, ez dut uste inondik ere ezelango aldarrikapenik egiteko Debako jauntxoaren batere laguntzarik behar dugunik baina, edozein modutan, mitoak gutxietsi nahi dituenak badu segurutik makinatxo bat galantagorik eta ospetsuagorik, Cid zalduna, Santiago apostolua, Roldan printzea edota egunotan zinemaz zinema dugun Robin basazaina. Hain zuzen ere, filmaren hasieran Locksleyneko Robini berari atxikitzen zaizkio ingeles peto-petoaren hiru ezaugarriak: zintzoa, ausarta eta inozo samarra. Ez zen gero Robin Hood euskalduna izango, ezta?

Amaitzeko, ez dago Juan V. Araquistain idazlearen izen ona nik hemen esango dudanaren zain baina, gutxienez, onartu beharko, gaur egungo debarrik gehienen oroimenean bizirik dirauten zenbait elezahar eta kontakizun  duela mende t’erdiko herriko semearen emariari zor zaizkiola, eta altxor gomutagarri hori, nik dakidanez, ez duela beste edozein herrik.

Agur eta ohore, beraz, Juan Venancio Araquistain jaun txit agurgarriari.

 Vascocántabras550

Ez dakit normala ote zen XIX. mendean baina liburu honek ez zuen moldiztegi-gillotinarik ezagutu

Amatiño 2010/05/27

"Zure beharra daukat"

Axunek amantala jarriko du gerri-inguruan eta, etsipenak jota, esango: tortilla-patatasa? Eta senarrak buruaz bai erantzun-keinua egingo. Une horretan amaitzen da Axunen bi hilabete t´erdiko abentura, 80 egun eta orain hau!

Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren filmean ez dago gaiztorik, ezta erdipurdiko okerrik ere. Denak dira on samarrak. Hori bai, Maite (Mariasun Pagoaga) kontserbatorioko irakasle lesbiana une oro denetaz konturatzen da; Axun (Itziar Aizpuru) etxekoandre adiskidea, berriz, nekez eta berandu egoeraz jabetzen; eta beronen senarra, Juan Mari (Jose Ramon Argoitia), azkenik, inoiz ez eta ezertaz. Ez gero gizonengandik ezer konplexuegirik itxaro, bakar-bakarrik geratzeko beldurra baino ez: Zure beharra daukat.

80 egunean film goxoa da, duina eta, batez ere, sinesgarria. Segurutik Maite eta Axunen maitasunak haratago jo lezakeen, baina ez litzateke horren sinesgarri izango. Agian Axunek besterik erabaki zezakeen, baina nekez gero adin horretako emakumeak gure gaur egungo gizartean. Amaiera ere sinesgarria, erabat sinesgarria... hirurogeitaka urte ditugunontzat, jakina, ez baitakit zer arraio pentsatu dezaketen seme-alabek!

Nolabaiteko naturaltasun eta posibilismo horretan datza, behar bada, filmaren alderdirik emankorrena, baina baita, aldi berean, ahulenetakoa ere, naturaltasunaren naturaltasunez ez baitu azkenean behar bezainbat emoziorik sortarazten. Dena da lau-laua, gora-behera handirik gabekoa. Maldari eusten dio, bai, baina sekula arrisku-pittinik hartzeke.

Egileek edozein bazterretan identifikatu ditzakegun pertsonaiak nahi izan omen dute azaldu. Nik ez dut Axunen parekorik ezagutzen baina bai, ostera, Maiteren antzeko norbait eta Juan Mari senarra bezalakorik, berriz, dozenaka. Onak bai, on hutsak ere bai, kristoren bihotz samurrekoak zer esanik ez, baina euren inguru-minguruan gertatzen denaz batere arduratzen ez diren gizonezkoak, arrautzarik frijitzen ere ez dakitenak eta emaztearekin dibertitzen ikasi nahi izan ez dutenak… makinatxo bat. Noizik behin zure beharra daukat esan eta kitto. Egiari batere zorrik gabe, gainera.

Ondo Itziar Aizpuru (Axun), sendo Jose Ramon Argoitia (Juan Mari) eta mundiala gero Mariasun Pagoaga (Maite). Arraro edo, irlarako joan-etorria. Auskalo Donostia ezagutzen ez duen ikusentzuleari behar hainbat informazio ematen ote zaion  pasarte osoaren nondik norakoa ulertzeko.

Azpimarragarria, berriz, euskalki ikuspuntua, filmean zehar hizkera normaldua gipuzkera osotua eta batuaren arteko moldea delarik, “azentua” omen duena getariarra baita eta ez, aldiz, arrasatearra.

Larunbat arratsaldean bost lagun zine-aretoan. Euskal komunikabideen aldeko aldarrikatzaile sutsuek pankartaren bat prestatzen ziharduten nonbait.

    

                                           Maite (Mariasun Pagoaga) eta Axun (Itziar Aizpuru)

Amatiño 2010/05/25

Hiru eskaintza

Liburuak ordenatzen, autoreon eskaintza eta guztiko batzuk agertu ohi dira lantzean behin. Zenbait konpromiso hutsalez idatzitakoak, beste zenbait egilearen beraren senaren adierazgarri, baita hainbat pasarte ahazturen gogoangarri ere. Hiru aukeratu ditut.

Joakin Arostegi

Aurrena Joakin Arostegi Orioko apaizak egindakoa,  1972n, Aita Agustin Kardaberazen heriotzaren berrehungarren urtebetetzea zela eta, Kardaberaz Bazkunak (Manuel Lekuona, Lino Akesolo, Santi Onaindia, Pedro Berrondo, Tellechea Idigoras etab.)  argitara emandako lan-bildumaren atarian. Zera dio:

Amatiño maiteari: Euskal Erriko agure zarren izenean.
1972-VI-5
Arostegi’tar Jokin

Joakin Arostegik 96 urte inguru ditu gaur egun eta Donostiako apaiz zaharren egoitzan bizi da.  Andu Lertxundiren esanetan apaiz gutxi ezagutu diat bera bezain ireki eta toleranterik. Baita apala ere, 1972an agure zahartzat jo baitzuen bere burua, nahiz eta garai hartan 58 urte besterik ez izan. Nik dezente gehiago ditut orain eta ikaragarri kostatzen zait neurea zahartzat onartzea eta zer esanik ez, gero, aguretzat jotzea.

Inguruan dituenek adierazi didatenez, oraindik ere gazte jarraitzen omen du. Hiru urte baino ez dira bere artikulu-bilduma argitaratu zena. Zorionak, Joakin, eta eutsi goiari.

Miguel Sánchez Ostiz

Bigarrena, berriz, Miguel Sánchez Ostiz idazleak bere hamar orrialdeko (eta segurutik lehendabiziko) poema-liburuxkaren hasieran eskainitakoa:

Para Luis Alberto. Por la visita y los ánimos que me ha dado.
Ekaina, 74
Miguel Sanchez Ostiz

Garai hartan Migelek 23 urte besterik ez zituen eta nik, berriz, 28 eta Zeruko Argia astekariaren “Zenbat Gara” informazio-sailean buru-belarri murgildua. Ustekabean ezagutu genuen elkar eta, geroztik, Migelek bide luze eta oparoa jorratu du idazle gisa. Betidanik gustatu izan zaizkit bere eszeptizismoa eta bere gauzak kontatzeko modua. Ez dut uste sekula inoren animoen beharretan egon denik, indarra eta kemena barne-barnetik zetozkion.  Gracias, Miguel.

Muchas veces quisiera olvidar mis dos manos, mis pies, mi cabeza. Despotenciar mis rodillas y quedarme a cuerpo entero desprendido, comparándome a la tierra. Pero veo procesiones alucinadas de cuerdos imperfectos. Y pelos que lloran borrachos de tinta. Y demasiada catedral levantada en una mano. Y ciudades con resaca. Y versos despojados abiertos en poro de hambre –ausencia de pálpito vivo--. Y las narices se me llenan de humo viejo y aquí está el aliento de una deshabitada cordillera preñada de aullidos. (Pamplona. Junio, 1974)

Jorge Oteiza

Hirugarrena, azkenik, Jorge Oteiza eskultorearena. Oso bere-berea da, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz. Ez du datarik (zertarako ote?) baina, itxura guztien arabera, ni ETBn zuzendari nintzenekoa eta, antza, "Teleberri" albistegia hasi berria edo. Beraz, 1985-1986 urteetakoa.

Amatiño adizkide con afecto con Telebeparraz beste batean ikusiko gera.
Besarkada batekin.
Oteitza

Halakoa zen, “l’enfant terrible” samarra.  Ia 95 urtez hil arren, ez zuen sekula agure izaterik lortu.

                    Oteiza

Amatiño 2010/05/24

Beti horrela izan da

Bestelako hausnarketa sakonagorik gabe “beti horrela izan da” delako formulazioari, kultura esaten zaio, edo tradizioa. Bai tximino ezjakinen artean eta baita, antza denez, edozenbat mendetako zibilizazioetan ere. Zezenketen kasuan, esaterako.

Cornada2

Kultura ala tradizioa ote?

Zientzilari taldeak sartu omen zituen bost tximino laborategi-gelan eta, erdi-erdian, behetik gorako enbor gainean hainbat banana eseki. Baita nolabaiteko sistema ezarri ere, tximinoren batek gora igo eta bananak ikutu bezain laster, sekulako ur-jasa handiari amain emango ziona.

Banana bila gora egin zuen lehen tximinoari ez omen zioten beste lauek ezer egin, etsi-etsian erabat busti arren. Hainbat igoaldiren ostean konturatu ziren, ostera, enborretik gora abiatu, bananak hartu eta ondoko zaparradaren arteko lotura estuaz eta, halakoren batean, gorantza abiatzeko keinua egin zuenari sekulako egurra eman zioten beste lauek, gehiago gora joan ez zedin.  Handik aurrera beste horrenbeste gertatu zen geroztik ahalegindu zirenekin, igotzeko tentaldia gainditezina izan arren are latzagoa baitzen gorantzako bidea ekiditzeko gainerako lauek ematen zioten makila-salda. Horrela ikasi zuten beti ere hobe zela bakea, behean geratzea alegia, gorantzako abenturetan aritzea baino.

Zenbait astebete geroago, zientzilariek barruko tximino bat atera eta beste bat sartu zuten haren ordezko. Baita euri-jasa sistema kendu ere. Tximino sartu berria bertaratu bezain laster jabetu zen goian zeuden bananez, baita igotzeari ekiteko plantak egin ere, baina konturatu zenerako demaseko jipoia jaso zuen, zer zela-eta inondik ere berak ulertu ez arren. Hurrengo egunetan beste hiruzpalau aldiz saiatu zen gaixoa,  baina beste horrenbesteko astindua eman zioten gelakideek. Berriz ere bakeak egin arte.

Ondoko egunetan zientzilariek hasierako beste tximinoetako bat atera zuten eta ordezko berria sartarazi. Berriro ezjakinaren ahalegina eta gainontzeko guztien egurra, bakeak egin arte. Horrela, egunak joan eta egunak etorri, hasierako bost tximinoak atera zituzten eta inoiz ur-jasarik ezagutu gabeko bost berriak bertan utzi. Ezein tximinori ez zitzaion ordea banana bila igotzerik otu, beti ere ondotxo ikasia zuten jipoiaren beldur.

Tximinoek hizketan balekite eta norbaitek zergatik ez ziren banana hartzera igotzen galdetuko balie, ez lukete jakingo zergatik. Segurutik erantzungo lukete: Beti horrela izan  da.

Bestelako hausnarketa sakonagorik gabe “beti horrela izan da” delako formulazioari, kultura esaten zaio, edo tradizioa. Bai tximino ezjakinen artean eta baita, antza denez, hainbat mendetako zibilizazioetan ere. Zezenketen kasuan, esaterako.

 

Amatiño 2010/05/23

Erakunde guztiak AHTren alde: Joño! Bingo!

Ez dago eza baino hoberik aldarria suspertzeko, ez dago ezina baino eraginkorragorik premia areagotzeko. Horra non erakunde guztiak elkarrekin bat etorri diren azkenean, behingoz, AHTren premia, interesa, beharrizana eta onura aho batez gogorarazteko. Tira ba… eta horrelako zertxobait lehenxeago egin izan balute?

Oraindik orain hiruzpalau urte besterik joan ez direnez gero, gogoan ditut handik eta hemendik zenbait komunikabidek eskatzen zizkidan artikuluak, ez ni gai horretan  jakitun edo iaio nintzelako, nonbait besterik aurkitzen ez zutelako baino. Gogoan ditut handik eta hemendik jasotako gutunak, mezuak eta emailak, auskalo zein azpijanen mesedetan ari omen nintzelako. Baita, alderantziz, eskerroneko deiak ere, egitasmoaren faboretan jendaurrean agertu izana nolabaiteko meritutzarra zelakoan edo.

Orain, berriz, krisialdiak erakarri dezakeen aurrekontu-murrizketa dela-eta, eraikuntza-egutegia atzeratuko ote den susmoa zabaldu denean, Eusko Legebiltzarra, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Diputatu Nagusiak, Nafarroako Gobernua, Eudel, Merkatal Ganbarak, enpresari-elkarteak, trenbide berriaren inguruko edozenbat alkate… denok aho batez zorioneko Abiada Handiko Trenaren alde. Beharrezkoa omen da, etorkizun-ardatza, garapen-oinarria, lan-postu sortzailea, ongizate-eragilea, gizarte-egituratzailea... Joño! Eta non arraio egon dira orain arte?

Aipatu erakunde horietako buruzagiek esango dute beraiek beti egon direla alde. Bai, behar bada alde bai, baina baita isil samar ere, ahalik eta zuhurren. Eta hitzegin beharra tokatu izan zaienean, bakoitza bere aldetik, bere doinutxoan, inondik ere ez ozen, sekula ez elkarrekin, inoiz ez aho batez, ez behintzat batera, are gutxiago aldi berean.

Nik ez dakit Pasaiako portua, Hondarribiko aireportua, Donostialdeko erraustegia, Gipuzkoari legokiokeen energia-zentrala edo dena delakoa egin behar ote diren ala ez. Baina, zernahi delarik, hartu beharreko erabakia erakunde guztiek garaiz, denboraz eta aho batez hartuko balute, beste kuku batek egingo liguke kuku. Demokrazian nekez gerta dakieke hiritarrei susmo zorabiagarriagorik beti nora ezean, erabakiak hartu ezinean eta hartutakoak defenditzeko lotsaz diharduten erakundeen petralkeria baino.

 

Hau aukera bat da

Eta hau beste bat

Amatiño 2010/05/22

Zapping egitea eta poligamia

Aurreko asteburuko DEIAren gehigarrian irakurri nuen Xabier Mendigurenen “Poligamo baten aitorpena”. Lege zaharraren antzera orria eskuz moztu eta ordenadore aurrean laga nuen noizbaiteko blogen batean aipatzekotan, nik neuk neure erantzuna bai baitut Xabierren “bizioaren” nondik norakoa azaltzeko. Hala ere horra non, gaur, Xabierren gogoeta Eibar.org peoran bertan jasoa. Ondo jasoa, alafede!

Azkenaldian poligamo hutsa bihurtuta nagoela aitortzen du Xabierrek. Garai batean irakurle monogamo kontsekutiboa (liburu asko irakurri arren, eta aldiro beraz aldatu, batekin zegoen bitartean beti fidel beste inor gogoan hartu gabe) baina orain, berriz: bizioa?, adin ertainaren krisia?, aukeren gehiegia?, beren orrialde birjinetatik keinu egiten zidaten liburu gaxteen azal liluragarriak?, kontrazaletako aupamen sujerikorrak?, azal biguneko edizioen prezio merkea? Zer gerta ere, gero eta liburu gehiago irakurtzen omen ditu gure Xabierrek, nahas-mahas, aldi berean. Poligamiara jotzen duela alegia.

Aitortu behar dut ni betidanik izan naizela poligamo samarra, liburu-kontutan ezezik, baita bizitzaren beste hainbat afizio, zaletasun, lan-mota, ohitura, pasarte eta lagun-girotan ere. Bizitza monogamia antzuan alferrik galtzeko baino konplexuegia da. Behin, lagun artean, apaiz katoliko zintzoa tarteko zela, norbaitek ulertezintzat salatu zuen sexu-kontutan arrak zein emeak aldi berean gustuko zituen adiskidea. Eta abadeak berriz, zera esan zuen: Bai, behar bada arrazoi duk, baina maitasuna honen urri dugun gizarte honetan ez duk gero erraza horren alderdi ezberdinak maitatzeko ahalmen handi hori duena besterik gabe gutxiestea. Geroztik, inoiz izandako zalantza izpiak uxatu zitzaizkidan.

Baina gatozen liburutara. Nik aspaldi galdu nuen liburuak banan-banan eta osorik irakurtzeko derrigortasuna. Baita ustez idazlerik onenaren irakurgaia aspergarritzat jotzeko konplexua ere. Literaturak, zineak, antzerkiak, kazetaritzak edo telebistak, bertsolariaren bat-bateko bertsoak bezalaxe, lehenengoan behar du ulergarri, sinesgarri, gozagarri, betegarri edo eskuragarri izan. Ez dago bigarren aukerarik. Nik ez diet behintzat ematen. Ez lehen eta are gutxiago orain.

“Are gutxiago orain” –diot, Xabierrek bere baitan zer dela eta ulertzen ez duen arren, gure denbora arras zatikatu, sakabanatu, bizkortu eta segmentatu delako; pazientzia, aldiz, gutxitu, murriztu, txikertu, agortu eta ahitu; eta aldakuntza-guraria, berriz, gehitu, handitu, aniztu eta ugaldu. Telefilmetan zine-pelikuletan baino askoz ere irudi naroago eta sekuentzia labur gehiago dagoen bezalaxe, gure bizitzan ere gauza diferente gehiago egin nahi dugu denbora laburragoan. Jendeak ez du esne-berbarik nahi, ezta egunero menu berbera ere. Gaur egungo egunkariak eta duela hogei urtekoak alderatu besterik ez dago. Gero eta “santu” gehiago, testu gutxiago eta bariazio joriago. Ez dakit hau txarra ala ona den, horrela gertatzen ari dena baino. Aspalditxo formulatua gainera, ez naiz ezer deskubritzen ari.

Gaur egun inoiz baino zine gehiago ikusten da, baina inoiz ez da historian izan filmak sekula osorik ikusten ez dituen orain bezainbat jenderik. Telebistako ikusentzuleen artean askoz ere gehiago dira honez gero dena delako programa amaitzeka oheratzen garenok, amaitu arte fidel-fidel irauten dutenak baino. Eta, aldi berean, sekula ez da gaur bezainbat genero ezberdinik kontsumitu, ez formato batetik bestera egun bezain erraz pasatu, ezta jira eta buelta denak elkarrekin nahas-mahastu eta lehengo lepotik ostera berrekin ere.

Gaur egungo futbolaren arazoetako bat partiden larregizko luzapena da. Gure etxeetako arasak sekula osorik irakurri, ikusi edo entzun gabeko liburuez, bideoez, DVDz edo CDz  beteta daude. Eta ni telebistaurreko blogaria naiz. Ez dakit ikusten ditudan huskeriak aldi berean blogak idazteko bezain xinpleak direlako, edota idazten ditudan errazkeria arolek ez didatelako telebista jarraitzerik eragozten.

Begira (ez gero inori  esan), ni San Mamesera joaten naizenean, lehenengo zatia tribunan eserita ikusi ohi dut eta bigarrena Euskadi Irratiz entzuten etxeratu izaten naiz. Ikuskizun berbera, bi ikuspegiz. Zapping egiteko modu bat gehiago besterik ez da. Izan ere, zer da poligamia zapping egitea baino?

Ah… kopa-finala Sevillak irabazi du.

 

Poligamia

Zapping egitea, poligamia eta zezenak, kultura-ohiturak omen...

Amatiño 2010/05/19

“Two lovers”: etsi ere erabaki da

Cannesko Zinemaldian (2008) aurkeztu zenetik hona, “Two lovers” filmak urte bi oso behar izan ditu euskal karteldegietaraino iritsi ahal izateko. Tarte lar luzea banaketa-sistema guztiz lasterra den garai honetan. James Gray zuzendariak horrenbeste maite duen François Truffaut-en “Los cuatrocientos golpes” (Cannes, 1959) filmak ez zuen duela mende erdi denbora gehiago behar izan bide berbera egiteko, Bilbon ikusi bainuen nik 1961eko udaberrian, zineklubzale estudiante tunante nintzela. Antoine Doinel protagonistak 12 urte zituen eta nik, berriz, 15 besterik ez. James Gray zortzi urte geroago jaio zen.

James Gray ez da ezelan ere zuzendari oparoa, bost film baino ez ditu-eta azken hamasei urteotan egin. Denak ere landu samarrak, hori bai.  Honako honetan ere  erreferentziez josita burutu du Two lovers (Maitale bi).  Etxebarruko (Brooklyn) patioko irudiek La ventana indiscreta (Hitchcock, 1954) gogorarazten digute, goialdeko terrazak Vertigo (Hitchcock, 1958) filmeko dorre-gaina eta, jakina, bukaerako hondartzak Los cuatrocientos golpes (Truffaut, 1959) pelikularen amaiera. Baina sekulako aldeaz, hamabi urteko Antoine Doinel (Jean-Pierre Léaud) gaztetxoak kamerari nabarmen begiratzen dion artean, Leonard Kraditor (Joaquín Phoenix)  heldua ez baita, aldiz, begiradarik altxatzen ere ausartzen. Antoine mutikoarentzat itsasoa egun-argiz irekitzen zaion etorkizun zabalaren lekuko da, aldarrikatzen duen askatasunaren adierazgarri.  Leonard gizonarentzat, berriz,  gau ilunez maitasun-ametsak birrintzen dizkion itsaso beltza, ezinbestez amore eman beharraren seinale malurusa baino ez.

Two lovers (espainiar bertsioan ez dute izenbururik itzuli, bai ordea Hego Ameriketan, Los amantes) zine-zinea da, melodrama hutsa, ikusentzulea artegatuko duena, egonezina eragingo diona. Protagonistak bi maitaleen artean (bera zaintzeko gertu dagoen guraso judu eta kontserbadoreen alaba bata, amorante ezkondu eta guzti hainbat katramilatan sartuta dagoen pizpirina bestea) hautatu beharrean aurkitzen du bere burua  eta Gray zuzendariak erakusten digu, berriz, zein zaila den erabakiak hartzea, are zailago asmatzea eta, besterik uste arren, zein samurra, aldiz, etsipena. Etsi izana ere erabakitzeko modu bat da.

Hain zuzen ere, filmak  azaldu nahi du gizonezko maiteminduaren ahuleria eta argitasun urria, iritziz aldatzeko erraztasuna eta baztertu berri den hariari ostera ere heltzeko gaitasuna; zenbait minutu lehenago gutxietsitako mataza berreskuratzeko, beste behin, arrapaladan, egokitu beharreko sasilogika. Eta,  horrez gainera, gertatua gertatu, aurreko guztia gutxi bailitzan, azken erabakia onena eta norberarena dela norberak sinestea. Edo sinetsi beharra.

Aparteko distirarik gabe, egoki eta zuzen Gwyneth Paltrow (Michelle) eta Vinessa Shaw (Sandra) emakume biak, baina arras bikain gero Joaquin Phoenix (Leonard) nolabaiteko jokamolde ziklotimiko horretan (bere buruaz beste egiten ahalegindu ondoren ez du arazorik gurasoen lagunekin afaltzen jartzeko). Montgomery Clift zena gogorarazten digu baina zatia bihurriago, beti ere mesfidantzatxoa sortarazten duen ezpain ebakia tarteko.

                        

Amatiño 2010/05/18

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30