Hiru eskaintza
Joakin Arostegi
Aurrena Joakin Arostegi Orioko apaizak egindakoa, 1972n, Aita Agustin Kardaberazen heriotzaren berrehungarren urtebetetzea zela eta, Kardaberaz Bazkunak (Manuel Lekuona, Lino Akesolo, Santi Onaindia, Pedro Berrondo, Tellechea Idigoras etab.) argitara emandako lan-bildumaren atarian. Zera dio:
Amatiño maiteari: Euskal Erriko agure zarren izenean.
1972-VI-5
Arostegi’tar Jokin
Joakin Arostegik 96 urte inguru ditu gaur egun eta Donostiako apaiz zaharren egoitzan bizi da. Andu Lertxundiren esanetan apaiz gutxi ezagutu diat bera bezain ireki eta toleranterik. Baita apala ere, 1972an agure zahartzat jo baitzuen bere burua, nahiz eta garai hartan 58 urte besterik ez izan. Nik dezente gehiago ditut orain eta ikaragarri kostatzen zait neurea zahartzat onartzea eta zer esanik ez, gero, aguretzat jotzea.
Inguruan dituenek adierazi didatenez, oraindik ere gazte jarraitzen omen du. Hiru urte baino ez dira bere artikulu-bilduma argitaratu zena. Zorionak, Joakin, eta eutsi goiari.
Miguel Sánchez Ostiz
Bigarrena, berriz, Miguel Sánchez Ostiz idazleak bere hamar orrialdeko (eta segurutik lehendabiziko) poema-liburuxkaren hasieran eskainitakoa:
Para Luis Alberto. Por la visita y los ánimos que me ha dado.
Ekaina, 74
Miguel Sanchez Ostiz
Garai hartan Migelek 23 urte besterik ez zituen eta nik, berriz, 28 eta Zeruko Argia astekariaren “Zenbat Gara” informazio-sailean buru-belarri murgildua. Ustekabean ezagutu genuen elkar eta, geroztik, Migelek bide luze eta oparoa jorratu du idazle gisa. Betidanik gustatu izan zaizkit bere eszeptizismoa eta bere gauzak kontatzeko modua. Ez dut uste sekula inoren animoen beharretan egon denik, indarra eta kemena barne-barnetik zetozkion. Gracias, Miguel.
Muchas veces quisiera olvidar mis dos manos, mis pies, mi cabeza. Despotenciar mis rodillas y quedarme a cuerpo entero desprendido, comparándome a la tierra. Pero veo procesiones alucinadas de cuerdos imperfectos. Y pelos que lloran borrachos de tinta. Y demasiada catedral levantada en una mano. Y ciudades con resaca. Y versos despojados abiertos en poro de hambre –ausencia de pálpito vivo--. Y las narices se me llenan de humo viejo y aquí está el aliento de una deshabitada cordillera preñada de aullidos. (Pamplona. Junio, 1974)
Jorge Oteiza
Hirugarrena, azkenik, Jorge Oteiza eskultorearena. Oso bere-berea da, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz. Ez du datarik (zertarako ote?) baina, itxura guztien arabera, ni ETBn zuzendari nintzenekoa eta, antza, "Teleberri" albistegia hasi berria edo. Beraz, 1985-1986 urteetakoa.
Amatiño adizkide con afecto con Telebeparraz beste batean ikusiko gera.
Besarkada batekin.
Oteitza
Halakoa zen, “l’enfant terrible” samarra. Ia 95 urtez hil arren, ez zuen sekula agure izaterik lortu.
Oraintxe bertan emailez jakin dudanez, aurreko larunbatean hil zen Jokin Arostegi.
Emailgileak diostan bezala: "Bazoazak —joan dituk!— guk ezagutu genuen apaiz kasta bereizi haren azken arrastoak…".
Goian bego.