“Two lovers”: etsi ere erabaki da
James Gray ez da ezelan ere zuzendari oparoa, bost film baino ez ditu-eta azken hamasei urteotan egin. Denak ere landu samarrak, hori bai. Honako honetan ere erreferentziez josita burutu du Two lovers (Maitale bi). Etxebarruko (Brooklyn) patioko irudiek La ventana indiscreta (Hitchcock, 1954) gogorarazten digute, goialdeko terrazak Vertigo (Hitchcock, 1958) filmeko dorre-gaina eta, jakina, bukaerako hondartzak Los cuatrocientos golpes (Truffaut, 1959) pelikularen amaiera. Baina sekulako aldeaz, hamabi urteko Antoine Doinel (Jean-Pierre Léaud) gaztetxoak kamerari nabarmen begiratzen dion artean, Leonard Kraditor (Joaquín Phoenix) heldua ez baita, aldiz, begiradarik altxatzen ere ausartzen. Antoine mutikoarentzat itsasoa egun-argiz irekitzen zaion etorkizun zabalaren lekuko da, aldarrikatzen duen askatasunaren adierazgarri. Leonard gizonarentzat, berriz, gau ilunez maitasun-ametsak birrintzen dizkion itsaso beltza, ezinbestez amore eman beharraren seinale malurusa baino ez.
Two lovers (espainiar bertsioan ez dute izenbururik itzuli, bai ordea Hego Ameriketan, Los amantes) zine-zinea da, melodrama hutsa, ikusentzulea artegatuko duena, egonezina eragingo diona. Protagonistak bi maitaleen artean (bera zaintzeko gertu dagoen guraso judu eta kontserbadoreen alaba bata, amorante ezkondu eta guzti hainbat katramilatan sartuta dagoen pizpirina bestea) hautatu beharrean aurkitzen du bere burua eta Gray zuzendariak erakusten digu, berriz, zein zaila den erabakiak hartzea, are zailago asmatzea eta, besterik uste arren, zein samurra, aldiz, etsipena. Etsi izana ere erabakitzeko modu bat da.
Hain zuzen ere, filmak azaldu nahi du gizonezko maiteminduaren ahuleria eta argitasun urria, iritziz aldatzeko erraztasuna eta baztertu berri den hariari ostera ere heltzeko gaitasuna; zenbait minutu lehenago gutxietsitako mataza berreskuratzeko, beste behin, arrapaladan, egokitu beharreko sasilogika. Eta, horrez gainera, gertatua gertatu, aurreko guztia gutxi bailitzan, azken erabakia onena eta norberarena dela norberak sinestea. Edo sinetsi beharra.
Aparteko distirarik gabe, egoki eta zuzen Gwyneth Paltrow (Michelle) eta Vinessa Shaw (Sandra) emakume biak, baina arras bikain gero Joaquin Phoenix (Leonard) nolabaiteko jokamolde ziklotimiko horretan (bere buruaz beste egiten ahalegindu ondoren ez du arazorik gurasoen lagunekin afaltzen jartzeko). Montgomery Clift zena gogorarazten digu baina zatia bihurriago, beti ere mesfidantzatxoa sortarazten duen ezpain ebakia tarteko.