Erakunde guztiak AHTren alde: Joño! Bingo!
Oraindik orain hiruzpalau urte besterik joan ez direnez gero, gogoan ditut handik eta hemendik zenbait komunikabidek eskatzen zizkidan artikuluak, ez ni gai horretan jakitun edo iaio nintzelako, nonbait besterik aurkitzen ez zutelako baino. Gogoan ditut handik eta hemendik jasotako gutunak, mezuak eta emailak, auskalo zein azpijanen mesedetan ari omen nintzelako. Baita, alderantziz, eskerroneko deiak ere, egitasmoaren faboretan jendaurrean agertu izana nolabaiteko meritutzarra zelakoan edo.
Orain, berriz, krisialdiak erakarri dezakeen aurrekontu-murrizketa dela-eta, eraikuntza-egutegia atzeratuko ote den susmoa zabaldu denean, Eusko Legebiltzarra, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Diputatu Nagusiak, Nafarroako Gobernua, Eudel, Merkatal Ganbarak, enpresari-elkarteak, trenbide berriaren inguruko edozenbat alkate… denok aho batez zorioneko Abiada Handiko Trenaren alde. Beharrezkoa omen da, etorkizun-ardatza, garapen-oinarria, lan-postu sortzailea, ongizate-eragilea, gizarte-egituratzailea... Joño! Eta non arraio egon dira orain arte?
Aipatu erakunde horietako buruzagiek esango dute beraiek beti egon direla alde. Bai, behar bada alde bai, baina baita isil samar ere, ahalik eta zuhurren. Eta hitzegin beharra tokatu izan zaienean, bakoitza bere aldetik, bere doinutxoan, inondik ere ez ozen, sekula ez elkarrekin, inoiz ez aho batez, ez behintzat batera, are gutxiago aldi berean.
Nik ez dakit Pasaiako portua, Hondarribiko aireportua, Donostialdeko erraustegia, Gipuzkoari legokiokeen energia-zentrala edo dena delakoa egin behar ote diren ala ez. Baina, zernahi delarik, hartu beharreko erabakia erakunde guztiek garaiz, denboraz eta aho batez hartuko balute, beste kuku batek egingo liguke kuku. Demokrazian nekez gerta dakieke hiritarrei susmo zorabiagarriagorik beti nora ezean, erabakiak hartu ezinean eta hartutakoak defenditzeko lotsaz diharduten erakundeen petralkeria baino.
Hau aukera bat da
Eta hau beste bat
Zure malgutasunik eza begi bistakoa da, ni ez bainaiz ari oilarraren kukurrukuaz, kukuaren kukuaz baizik. Labaienek 1969an argitara emandako "California ku-ku" idazlanaz eta nik EIBAR aldizkarian duela bizpahiru hamarkada idatzitako "California ku-ku, Eibar ka-ka" delako artikuluaz, alegia. Zuk jarraitu bai lokuzio zaharrak dogmatzat hartzen eta XIX mendeko Eusko Trenaz baliatzen, eta utzi gaitzazu besteok, bakean, aurrera egiten.
Egia da bai, AHTek lur-kopuru "izugarriak" okupatuko dituela, gutxi gora behera indarrean ditugun autopistek okupatzen dutenaren herenaren erdia. Ez gehiago ez, ez gutxiago.
Auskalo zeintzu diren zuk salatu nahi dituzun "besteen interesak", baina segurutik Deskargako errepidea egin zutenean gurdi-negozioa galdu zuen Antzuolako baserritarraren interesa baino sozialagoa izango da.