"Zure beharra daukat"
Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren filmean ez dago gaiztorik, ezta erdipurdiko okerrik ere. Denak dira on samarrak. Hori bai, Maite (Mariasun Pagoaga) kontserbatorioko irakasle lesbiana une oro denetaz konturatzen da; Axun (Itziar Aizpuru) etxekoandre adiskidea, berriz, nekez eta berandu egoeraz jabetzen; eta beronen senarra, Juan Mari (Jose Ramon Argoitia), azkenik, inoiz ez eta ezertaz. Ez gero gizonengandik ezer konplexuegirik itxaro, bakar-bakarrik geratzeko beldurra baino ez: Zure beharra daukat.
80 egunean film goxoa da, duina eta, batez ere, sinesgarria. Segurutik Maite eta Axunen maitasunak haratago jo lezakeen, baina ez litzateke horren sinesgarri izango. Agian Axunek besterik erabaki zezakeen, baina nekez gero adin horretako emakumeak gure gaur egungo gizartean. Amaiera ere sinesgarria, erabat sinesgarria... hirurogeitaka urte ditugunontzat, jakina, ez baitakit zer arraio pentsatu dezaketen seme-alabek!
Nolabaiteko naturaltasun eta posibilismo horretan datza, behar bada, filmaren alderdirik emankorrena, baina baita, aldi berean, ahulenetakoa ere, naturaltasunaren naturaltasunez ez baitu azkenean behar bezainbat emoziorik sortarazten. Dena da lau-laua, gora-behera handirik gabekoa. Maldari eusten dio, bai, baina sekula arrisku-pittinik hartzeke.
Egileek edozein bazterretan identifikatu ditzakegun pertsonaiak nahi izan omen dute azaldu. Nik ez dut Axunen parekorik ezagutzen baina bai, ostera, Maiteren antzeko norbait eta Juan Mari senarra bezalakorik, berriz, dozenaka. Onak bai, on hutsak ere bai, kristoren bihotz samurrekoak zer esanik ez, baina euren inguru-minguruan gertatzen denaz batere arduratzen ez diren gizonezkoak, arrautzarik frijitzen ere ez dakitenak eta emaztearekin dibertitzen ikasi nahi izan ez dutenak… makinatxo bat. Noizik behin zure beharra daukat esan eta kitto. Egiari batere zorrik gabe, gainera.
Ondo Itziar Aizpuru (Axun), sendo Jose Ramon Argoitia (Juan Mari) eta mundiala gero Mariasun Pagoaga (Maite). Arraro edo, irlarako joan-etorria. Auskalo Donostia ezagutzen ez duen ikusentzuleari behar hainbat informazio ematen ote zaion pasarte osoaren nondik norakoa ulertzeko.
Azpimarragarria, berriz, euskalki ikuspuntua, filmean zehar hizkera normaldua gipuzkera osotua eta batuaren arteko moldea delarik, “azentua” omen duena getariarra baita eta ez, aldiz, arrasatearra.
Larunbat arratsaldean bost lagun zine-aretoan. Euskal komunikabideen aldeko aldarrikatzaile sutsuek pankartaren bat prestatzen ziharduten nonbait.
Maite (Mariasun Pagoaga) eta Axun (Itziar Aizpuru)
Iturri onetik jakin izan dudanez, hitzez hitz, "aspaldiko urtetako takilarik kaxkarrena izan da joan den asteburukoa". Benetan berriketa gabeko eguraldia. Eta honek ez zuen nonbait batere lagundu.
Gaur, ordea, euri-zaparrada dezente izan dugu. Datorren asteburuan ere eguraldi txarrik egingo al du, euskal zinegintzaren onetan baino ez bada ere?