Juan V. Araquistain eta Robin Hood
Juan V. Araquistain 1830an jaio zen Deban. Familia oneko semea --aita hainbat urtez bertako alkate— Valladoliden egin zituen lege-ikasketak eta jabetza-erregistratzailea izan zen Azpeitian zein Tolosan. Ahaide Nagusien giro-hondarrean hazi eta hezitako azken jauntxoetakoa, Tolosan hil zen 1906an. Gaur egungo Debako Arakistain plaza ez omen dagokio berari baina bai, ostera, orain seizazpi urte eraikitako monolitoaren lau aurpegietako bat. Alegia, Ekaingo zaldia, balearen arrantza, Santiago bidea eta Araquistain bera.
Beste hainbat idazlan utzi zituen arren, Tradiciones Vasco-Cántabras delakoa da segurutik bere obrarik ezezagunena. Antzinako ipuinak, elezaharrak, kondairak, legendak eta handikien tradizio-istorioak izugarri gogoko izan zituen eta baita haietako zortzi elkarrekin argitaratu ere: Gau-illa, Hurcamendi, La emparadada de Irarrazábal, Los Cántabros (I- Hirnio eta II- Roma), Las tres olas, Beotibar-co celaya, La Hilandera de la capilla eta La Dama de Morumendi, zeinetatik bost erabat errotuak dauden Deba inguruan, Alos Torrea, Irarrazabal Etxea edota Zubeltzuneko Kattalina, Kaperako Irulearen alaba, esaterako.
Genero erromantiko honen jatorria Aita Larramendiren aldarrietan gorpuztutako “vasco-cantabrismo” delakoan kokatu behar omen da, Jean Martin Hiribarren (1810-1866) lapurtarrak argitara eman zuen “ESKALDUNAC. Iberia, Cantabria, Eskal-Herriac, Eskal-Herri bakhotcha eta hari darraicona” (Baiona, 1853) liburuaren hildo beretik.
Hainbati jaramonik egingo badiogu, Araquistainen liburua ohe-ondoan izaten omen zuen Sabino Aranak eta bada guzti honetaz baliatu nahi izan duenik euskal aldarrikapenen oinarrian bide dauden mitoak gutxiesteko. Alegia, lehenik mitoak gutxietsi eta gero, aldarriak. Seguru gero Aranak gogotik irakurriko zituela “vasco-cantabrismoa”ren teoria guztiak baina arinkeria hutsa litzateke uste izatea abandarraren liburu eta artikulu-ekoizpen ugaria, euskararekiko jarrera sutsua eta programa politiko landua, debarrak gaztelaniaz bildutako zortzi elezaharrotatik sortu zitezkeenik.
Izan ere, ez dut uste inondik ere ezelango aldarrikapenik egiteko Debako jauntxoaren batere laguntzarik behar dugunik baina, edozein modutan, mitoak gutxietsi nahi dituenak badu segurutik makinatxo bat galantagorik eta ospetsuagorik, Cid zalduna, Santiago apostolua, Roldan printzea edota egunotan zinemaz zinema dugun Robin basazaina. Hain zuzen ere, filmaren hasieran Locksleyneko Robini berari atxikitzen zaizkio ingeles peto-petoaren hiru ezaugarriak: zintzoa, ausarta eta inozo samarra. Ez zen gero Robin Hood euskalduna izango, ezta?
Amaitzeko, ez dago Juan V. Araquistain idazlearen izen ona nik hemen esango dudanaren zain baina, gutxienez, onartu beharko, gaur egungo debarrik gehienen oroimenean bizirik dirauten zenbait elezahar eta kontakizun duela mende t’erdiko herriko semearen emariari zor zaizkiola, eta altxor gomutagarri hori, nik dakidanez, ez duela beste edozein herrik.
Agur eta ohore, beraz, Juan Venancio Araquistain jaun txit agurgarriari.
Ez dakit normala ote zen XIX. mendean baina liburu honek ez zuen moldiztegi-gillotinarik ezagutu
Gillotinatu bako liburuak bastante normalak izan dira XX. mendearen lehen erdialdian. XIX.enean orduan normalago. Ez dago txarto fotografia.