Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2008 Apirila

Artxiboa Apirila 2008

Populismoa

Sarri entzuten da gure artean gero eta handiagoa dela politika eta hiritarren arteko distantzia. Zenbaitek uste du kritika hau aurrerakoitasunaren izenean egiten dela eta nik uste dut, ostera, antisistema xamarra dela.

Politikak denbora eta bitartekotza demokratikoak eskatzen ditu. Eta politikari beharrezko denbora eta bitartekotza demokratiko horiek ukatzen dizkionak populismo merketan baino ez dihardu. Alegia, politikarik gabeko politikan eta herririk gabeko herrigintzan.

Populismoa urbitsetan dabil, eroso asko, gaur egungo gizarte mediatikoan.  Populismoa da behin eta berriz herriaren eskubideak azpimarratzea eta inoiz ez, aldiz,  herriaren betekizunak gogoratzea. Populismoa da gizartearen konplexutasuna ezkutatzea eta esne-berben gurpil zoroan sekula izango ez diren soluzioak eskaintzea.

Gure paradoxa zeharo nabarmena da: Erakundezaleei leporatzen zaizkie distantzia, utzikeria eta geldokeria eta, hala ere, erakundeen eskutik etorri da azken hogeita hamar urteotan etorri den guztia. Populistak dira, berriz, danerako presa omen dutenak, guztia orain, hemen, osoa eta berehala egin behar dela diotenak eta, hain zuzen ere, urteak joan eta urteak etorri, azken hogeita hamar urteotan ezer –ezer gero-- lortu ez dutenak. 

Ia goizeko zortziak dira. Egunak aspaldi argitu du. Esnatzeko ordua da. Ulertu nahi duenak ulertu dezala.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008-04-29          

                                                 

Amatiño 2008/04/29

Landaburu

Atzo, San Prudentzio bezperan, Arabako Foru Diputazioak 'Arabako Domina' emango dio Jabier de Landaburu zenaren familiari, “euskal herriaren zein Arabaren onetan eta euskal baloreen suspergarri” egindako lan eskergaren gomutaz.

Landaburu Gasteizen jaio zen 1907an eta Parisen hil, atzerriratua, 1963an. Bere  familia osoa ezagutu nuen nik umetan. Ez nuen askorik ulertzen  zer egiten zuen aitarik gabeko seme-alaba umezurtz mordo harek Zarautzen, baina banenkien sekula aipatzen ez zen arrazoiren bategatik aitak ez zuela beraiekin etortzerik.

Askoz ere geroago jakin nuen, berriz, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari-orde izan zela, diputatu jeltzalea Madrilen, Eusko Ikaskuntzaren bazkide eta autonomi-estatutuaren eragile, Arabako politikoen artean euskara-sustatzailerik nabarmenena eta garai hartako europazalerik amorratuena.

La causa del Pueblo Vasco saiakeraren egile, Jabier Landaburuk osatu zuen --Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo,  Jesus Maria Leizaola eta beste zenbaitekin batera-- euskal abertzaletasunak eman duen belaunaldirik sendoenetakoa. Jende jakituna, prestatua eta posibilista, nazioarteko bokazioaren jabe eta etorkizuna sumatzeko gauza. Sekula ez dugu jakingo zer gertatu ote zitekeen gerrarik eta osteko diktadurarik izan ez balitz baina, aldi berean –gerra guztien gainetik eta eragozpen guztien azpitik--, itzelezko belaunaldi harek frogatu zuen oinarrizko baloreen defentsa eta duintasuna.

Inondik ere ahazterik ez dugunez, belaunaldi harek landu zituen, estreinako, orain pil-pilean ditugun kontzeptu politikoak, alegia: nazio zibikoa, muga gabeko Europa, aniztasuna, nazioarteko elkartasuna, giza-eskubideak, pertsonaren balorea, indarkeriarik eta mehatxurik eza, burujabetza partekatua eta abar.

Jaioko dira berriak...

Deia, 2008.04.28

  Javier de Landaburu

Amatiño 2008/04/27

Gatazka morala, ez politikoa

Igande goizaldeko ordu txikietan ETAk Elgoibarko sozialisten egoitza erasotu zuen. Eta bertako “casa-del-pueblua” lehertzeaz gainera, auzo guztia izutu zuen eta euskal gizartearen parterik handiena amorratu arazi. Azken hamaika hilabeteotan sozialisten aurkako seigarren ekintza bortitza, Arrasateko zinegotziaren erailketa tarteko.

Zer esan honelakoetan...? Ez da gero erraza gauza berririk esatea baina, betiko betikoen isiltasunaren aurrean, behar bada aukera-maukeran datorkigu  Anjel Lertxundi idazleak orain sei urte Hasier Etxeberria elgoibartarrari esandakoa:

“Indarkeriak euskaldunoi ekarri digun ondarerik gaiztoena balio moralen desintegrazioa da. Zuzena ez denari ez dela zuzena esateko kemena lapurtu digu indarkeriak. Euskal gizarteak ez du, ordea, gaitza morala denik onartu, beldurra ematen baitio ispiluari begiratu eta aitortzea: gaixo nago. Ez dugu morala politikaren kriseilu jartzen ikasi. Horregatik, gure gaurko gatazka morala da, ez politikoa”.

Zaharra berri, Anduk esandakoa. Zaharra berri ETAren indarkeria eta, baita ere, zaharra berri zuzena ez denari zuzena ez dela esateko kemenik, irizpiderik eta moralik gabe geratu diren euskaldunen balorerik eza.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.04.22

 Bost idazle, 195. orrialdean. Alberdania, 2002

Amatiño 2008/04/22

Rudolf Trebitsch eta euskal ahotsak

Elkarrekin zer ikusirik ez izan arren, aldi berean zer ikusi asko duten ekintza bi aurkeztu ziren aurreko astean euskalgintzaren inguruan. Batetik, Donostian, Badihardugu Euskara Elkarteak “Euskal Herriko ahotsak” egitasmoa aurkeztu zuen eta bestetik, Vienan, Bilboko Euskal Museoak Rudolf Trebitschen euskal grabazioen zabalkundea aztertu.

Rudolf Trebitsch austriarra 1913an etorri zen Euskal Herrira gramofonoa galtzarbean zekarrela eta zenbait euskalkiren grabazioak egin zituen, guztira 130 minutu, 64 diskotan. Aurretik beste horrenbeste egina zen Irlandan, Galesen, Bretainian, Eskozian eta Laponian. Asier Sarasua eibartarrak, berriz,  2004 urtean ekin zion Ahotsak egitasmoari eta azken lau urteotan adineko 986 hizlariren grabazioak eragin ditu 62 herritan, 1176 audioz eta 1021 bideoz.

Trebitschek arriskutan sumatzen zituen Europako zenbait hizkuntza zahar grabatu zituen betiko galdu aurretik, eta Sarasuaren eraginpeko taldeak, ostera, behar bada nekez iraungo duten herri-hizkerak gorde eta katalogatu nahi izan ditu, beranduegi baino lehen.

Trebitschek, Julio Urkijo, Telesforo Aranzadi, Gregorio Mujika, Resurreccion Maria Azkue eta George Lacombe erudito ospetsuen laguntza izan zuen, eta Sarasuak, aldiz, Serafin Basauri, Juan Martin Elexpuru, Aintzane Agirrebeña, Iban Arantzabal, Jaione Isazelaia, Leire Okaranza, Itziar Alberdi eta Egoitz Unamuno behargin amorratuena. Batak berekaxa, besteak berriz, talde-lanean.

Seguru gero teknologiak dezente aldatu direla azken ehun urteotan eta bistakoa da orduan goitik behera egiten zirenak orain behetik gora egiten direla. Baina, zer gerta ere, balio duena egitea da. Garaian garaiko erara.

Ea, beste ehun urte baino lehen, Euskal Museoa Trebitschen eta Ahotsak egitasmoaren altxorrak elkarrekin biltzeko gauza den. Eta, aukeran, hobe hemen Vienan baino.

Deia, 2008.04.20

 

      Rudolf Trebitsch          Asier Sarasua

Amatiño 2008/04/20

Eskarpinak

Gaur ezin izan jittuat uretara juateko neoprenozko eskarpiñak jantzi. Behin eta barriro ahalegindu arren, atzenian ezin, bihar besteko inddarrik ez atzaparretan. Gabonen ostian hasi nitzuan eziñian baina, zelan edo halan, kostata, astero lortu izan juat... gaur arte. Gaur, ostera, pot, neka-neka egin eta ezin, nahiz-ta mortalak egin eta izardittan amaittu. Zahartzarua.

Horixe dok, hain zuzen be, gaztian eta zaharran arteko aldia. Nere illobarik nausiñak noiz helduko jiharduk egun guztian zihar. Noiz peorako tinbrera helduko, noiz argixa emetatzera allegauko, noiz bere alturan ez daguanik behinguan eskuratuko.  Munduan neurrixak haundiegixak dittuk beretzat baina, iñok esan biharrik barik be, bajakik noiz-edo-noiz helduko dala. Nik, ostera, iñok esan biharrik barik be, bajakixat gero eta gitxiago ahal izango dotela. Nere illobia, noiz goixari helduko, eta bere aitxitxa, ostera, zelan goixari eutsiko. Bata maldan gora, egunero ikasten; bestia maldan behera, ikasittakua egunero ahaztutzen.

Zaharrori geratzen jakun inddarrik bakarrenetakua amorrua dok, zailldu biharra, etsi gura ez izana, makurtu nahirik eza. Izan be, ez gero uste izan eskarpiñ barik oiñutsik bañau naizenik. Berakatz-sopa xehetzeko sukaldian erabili izaten doten egurrezko koillara luzekiña hartu --hoteletako armarixo hutsetan egoten dan kaltzadore modukua--  eta... dsanba, barrura. Tradiziñua eta innobaziñua, ezin gero alkarreaz hobeto uztartu.

Dana dala, holako kaltzadoren bat erosi biharko juat edo, bestela, hurrengo hotelekua ostu, lantzian behin  granujakerixan bat egitteko baiño ez badok be.

            

Amatiño 2008/04/20

Aproba bako teorema

Erailketa politikoak salatzeko gertu ez dagoen ezker abertzaleak argi eta garbi esan du ez duela ETAren kontrako salaketarik egingo, ez omen lukeelako ezertarako balio izango. Bapo. Orduan, iritzia iritzi, ezin besteko lehen galdera honako hau baino ez da: zelan daki ezker abertzale horrek ETAren kontrako salaketak ez lukeela ezertarako balioko... ez baldin badu sekula santa aprobarik egin? Zelan daki?

Nik alderantziz uste dut, ostera. Hau da, ez duela aprobarik ere egiten, aldez aurretik guztiok –guztiok gero-- dakigulako demaseko balioa izango lukeena. Eta, hain zuzen,  benetan balio aparta izango lukeenez gero, ez diotela uzten aprobarik ere egiten.

Gainera, ezertarako balioko ez lukeelakoan,  borroka armatua salatu nahi ez duen ezker abertzale berberorrek sekulako esperientzia handia du gainerako guztien bizkar hamaika salaketa egiteko orduan. Beraz, jarrera ezberdin horrek zer esangura du: egiten  dituen salaketa guzti horiek zerbaitetarako balio dutela? Gainerako guztiengandik zerbait itxaro duela? Alegia, ETA dela ez entzun egingo liokeen bakarra?

 Argia, 2008-04-20

 

 

Amatiño 2008/04/17

Berlusconi, italiarren gidari

Silvio Berlusconi izango da berriro Italiako Lehen Ministroa. Bai, Italia arte-ondarerik baliotsuenaren jabe da, Europako Batasunaren sortzaileetakoa eta munduko ekonomiarik aberatsenetakoa. Horren historia handiko herriak zelan arraio aukeratu dezake agintari nagusitzat korrupzioak jotako enpresari gezurti, lotsabako eta harroputza?

Batetik, gogoan izan  Berlusconi dela Italiako telebista pribaturik gehienen jabea. Edozein diktadurak prentsa kontrolatu nahi izaten du eta adierazpen-askatasuna uxatu. Berlusconi aspaldi konturatu zen, ostera, zentsura ez dagoela modan eta, komunikabideak zentsuratu beharrean, demokratikoago zela komunikabideak erostea... eta kitto. Eta ez komunikabide guztiak, telebistak soil-soilik baizik. Berlusconiri bosta axola zaio egunkariak irakurtzen dituzten lau katuen botoa. Badaki jenderik gehienak telebista besterik ez duela ikusten, telebista arina gainera, koloretako pantaila ez baita hausnarketa  astunik egiteko plazarik aproposena.

Bestetik, Berlusconiren telebista entretenigarri hori ikusten duen  jendeak uste du, nonbait, Berlusconi gauza izan denez gero dirua barra-barra egiteko... zein Berlusconi bera baino egokiagorik italiar guztien ondasunei ere etekinik handiena ateratzeko?

Hau da, italiarrek erabaki dute telebistarik ikusgarriena Berlusconirena dela eta, gainera, Berlusconiren interes ekonomiko partikularrak eta Italiaren interes ekonomiko orokorrak  berberak direla. Alegia, Berlusconi dela Italiako ondasun espiritual eta materialaren gidaririk onena. 

Ba, oso ondo...

  Silvio Berlusconi

Amatiño 2008/04/15

Arraro samarra naizelako edo

Aitortu behar dizuet ez dudala ulertzen Arrasateko alkatea aldatzeko mozioa dela-eta sortu den iskanbila. Eta ez naiz arrazoi politikoetan sartzen, mozioa bera aurkezteko edo ez aurkezteko erabakian baino.

Zenbaiti entzunez gero, badirudi Arrasaten alkatea aldatu nahi izana edo, hobeto esan, ANVri alkatesa kendu nahi izatea, traizio mortala dela, aberriaren kontrako eraso bortitza. Eta, ez dakit ba nik horrenbesterako ote den.

Eusko Alderdi Jeltzaleari Azpeitiko alkatetza kendu zitzaion, hamazazpi zinegotzitatik zortzi lortu arren, eta, nik dakidanez, ez zen mundua erori. Beste horrenbeste gertatu zen Zumaian, Arteagan, Igorren edo Muskizen. Eta denok isilik misilik, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Harrigarria gero zergatik ANVri alkatea kentzea apokaliptiko samarra den eta PNVri kentzea, ostera, joko demokratiko hutsa baino ez. Zenbaitek esango du kasu diferenteak direla. Jakina diferenteak direna, norberari tokatzen zaionean beti iruditzen zaigu diferente. Izan ere, auskalo arrazoi diferenteak ote diren baina, beti ere, arrazoi politikoak, ezta? Ez gehiago eta ez gutxiago.

Eta ulertu ere ez dut ulertzen zergatik zenbait jeltzale gehiago kexatu den Arrasaten ANVri alkatetza kentzeagatik, Azpeitian ANVk PNVri berari kentzeagatik baino. Nik behintzat ez dut ulertzen. Baina, tira, behar bada, ni arraro samarra naizelako edo izango da...

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.04.15

 

Amatiño 2008/04/15

Egiptoko ikuspegia

Ahmed Zuheir Jalas gazteak bost hizkuntza dakiz eta Nilo ibaialdeko turismo-gidaria da. Lanbidea ikaragarri gustatzen zaio, bai bere herri-ondarea kanpotarrei erakusteko aukera ematen diolako eta baita kanpotarrak ezagutzeko beta ere eskaintzen diolako.

Ahmed hizkuntzaren araberako taldeak osatzen ahalegindu izaten da. Ingelesak ingelesekin, frantsesak frantsesekin, italiarrak italiarrekin eta espainiarrak espainiarrekin. Horrela, txanda bakoitzean hizkuntza bakarra erabiltzeaz gainera, talde bakoitzaren klitxeak aipatu ahal izaten ditu,  inor mintzeko arriskurik gabe.

Ahmedek esperientziaz daki ingelesek ingelesek moduan pentsatzen dutela, frantsesek ez dutela Frantzia saltzeko eta italiarrak oso italiarrak direna. Baina, harrigarri samarra den arren, lege honek ez bide du espainiarrekin funtzionatzen.

Ahmed Filologia Hispanicaz lizentziatua da eta harro asko daki zein ederto egiten duen espainieraz. Hala ere, autobus barruko mikrofonoa eskuan hartu eta espainiera ederrean hitzegiteari ekiten dionean, nekez ulertzen du nola arraio atzekaldean daramatzan turistek espainiera ez diren beste bizpahiru hizkuntzatan berba egiten duten, barra-barra eta normaltasun osoz.

Ez da hizkuntza kontua bakarrik. Bere azalpenetan espainiar topikoez baliatzen ahalegintzen den bakoitzean, harri eta zur geratzen da handik eta hemendik jasotzen dituen purrustadak, trufak eta marmarrak direla-eta.

Auskalo gero zazpi egunetako joan-etorrian espainiar turistek ezer ikasten ote duten antzinako Egiptoaz baina, asteak joan eta asteak etorri, Ahmed Zuheir Jalas gidariak ezin hobeto ikasten du gaur egungo espainiar aniztasunaz. Eta Egiptotik atera beharrik gabe.

Deia, 2008.04.14

  Egiptoko Turismo Bulegoa

Amatiño 2008/04/13

Azaldu, ulertu, zuritu eta onartu

Era bateko zein besteko zenbait gertakari ez salatzeko, aitzakia bila jardun ohi dugu sarri. Nahiz eta tratu txarrak, tortura, korrupzioa edo krimena izan, beti da norbait arazoa erlatibizatzeko prest eta, gertakaririk larriena salatu aurretik, hauziaren jatorrira jo behar dugula esaten duena.

Bai, hauziaren muinera jo beharra... seguru. Baina baita hainbat nahaste-borraste gainditu eta oinarrizko irizpideak finkatu beharra ere. Izan ere, ez dugu  beti bereiztu nahi izaten azaldu, ulertu, zuritu eta onartu aditzen arteko aldea.

Azaldu, dena azaldu eta esplikatu daiteke. Edozein tratu txar, tortura, korrupzio edo hilketa, azaldu eta esplikatu daiteke, ipuina kontatzen den moduan.

Ulertu ere, ulertzerik bada. Sarraskirik handienak ere bere jatorria, bere giroa eta bere nondik norakoa du. Horretarako daude, hain zuzen, soziologia, psikologia eta psikiatria.

Honek ez du esangura, ostera, dena esplikatzeko eta ulertzeko gertu egon arren, dena zuritu beharrean gaudenik. Gauza bat da pertsona edo talde baten jokamoldea ulertzea eta, beste bat. euren ekintzak zuritzea edo justifikatzea. Horretarako ditugu giza-baloreak, irizpideen jabe izan gaitezen alegia.

Eta ondo esplikatu eta dezente ulertu arren, batere justifikaziorik ez duten jokamoldeak ezin izango ditugu gero onartu, ontzat eman edo gure egin, ezta?

Beraz, ez gero gauzak nahastu: Azaldu, ulertu, zuritu eta onartu lau dimentsio diferenteak dira, eta laurak bereizten jakin behar da. Eta bereizketak salatzen ausartu.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.04.08

   Umberto Eco   

GUERRA DE PALABRAS. A paso de cangrejo. Umberto Eco. Barcelona, 2007

Amatiño 2008/04/08

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04