Populismoa
Politikak denbora eta bitartekotza demokratikoak eskatzen ditu. Eta politikari beharrezko denbora eta bitartekotza demokratiko horiek ukatzen dizkionak populismo merketan baino ez dihardu. Alegia, politikarik gabeko politikan eta herririk gabeko herrigintzan.
Populismoa urbitsetan dabil, eroso asko, gaur egungo gizarte mediatikoan. Populismoa da behin eta berriz herriaren eskubideak azpimarratzea eta inoiz ez, aldiz, herriaren betekizunak gogoratzea. Populismoa da gizartearen konplexutasuna ezkutatzea eta esne-berben gurpil zoroan sekula izango ez diren soluzioak eskaintzea.
Gure paradoxa zeharo nabarmena da: Erakundezaleei leporatzen zaizkie distantzia, utzikeria eta geldokeria eta, hala ere, erakundeen eskutik etorri da azken hogeita hamar urteotan etorri den guztia. Populistak dira, berriz, danerako presa omen dutenak, guztia orain, hemen, osoa eta berehala egin behar dela diotenak eta, hain zuzen ere, urteak joan eta urteak etorri, azken hogeita hamar urteotan ezer –ezer gero-- lortu ez dutenak.
Ia goizeko zortziak dira. Egunak aspaldi argitu du. Esnatzeko ordua da. Ulertu nahi duenak ulertu dezala.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008-04-29