Egiptoko ikuspegia
Ahmed hizkuntzaren araberako taldeak osatzen ahalegindu izaten da. Ingelesak ingelesekin, frantsesak frantsesekin, italiarrak italiarrekin eta espainiarrak espainiarrekin. Horrela, txanda bakoitzean hizkuntza bakarra erabiltzeaz gainera, talde bakoitzaren klitxeak aipatu ahal izaten ditu, inor mintzeko arriskurik gabe.
Ahmedek esperientziaz daki ingelesek ingelesek moduan pentsatzen dutela, frantsesek ez dutela Frantzia saltzeko eta italiarrak oso italiarrak direna. Baina, harrigarri samarra den arren, lege honek ez bide du espainiarrekin funtzionatzen.
Ahmed Filologia Hispanicaz lizentziatua da eta harro asko daki zein ederto egiten duen espainieraz. Hala ere, autobus barruko mikrofonoa eskuan hartu eta espainiera ederrean hitzegiteari ekiten dionean, nekez ulertzen du nola arraio atzekaldean daramatzan turistek espainiera ez diren beste bizpahiru hizkuntzatan berba egiten duten, barra-barra eta normaltasun osoz.
Ez da hizkuntza kontua bakarrik. Bere azalpenetan espainiar topikoez baliatzen ahalegintzen den bakoitzean, harri eta zur geratzen da handik eta hemendik jasotzen dituen purrustadak, trufak eta marmarrak direla-eta.
Auskalo gero zazpi egunetako joan-etorrian espainiar turistek ezer ikasten ote duten antzinako Egiptoaz baina, asteak joan eta asteak etorri, Ahmed Zuheir Jalas gidariak ezin hobeto ikasten du gaur egungo espainiar aniztasunaz. Eta Egiptotik atera beharrik gabe.
Deia, 2008.04.14