Plazentziarrak eta Lekeittiarrak
Mikelen bittartez jakin dot, Joxe Farozainak aittatu zebala, Kirmen Uribek idatzi zebala:
Lekeitiarra: horrela deitzen omen zaio Ondarroan azken jakiari, platerean jan barik geratzen denari.
Kontxo, ba, Eibarren "Plaentziarra" deitzen jako horri. Hau da, tabernan azeittuna platerkadia atara eta mahai gaiñian gelditzen dan azken azeittuna horri: "Maite, plaentxiarra zuretako".
Ondarruan eta Eibarren, albo-herrikuak lotsabakuak.
Ahotsak.com proiekturako langile bila
Hauxe da Badihardugu.com webgunian kaleratu daben iragarkixa:
Badihardugu Euskara Elkarteak hiru arlo desberdinetarako lan-poltsa osatu nahi du. Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidali beharko dute kurrikuluma uztailaren 15a baino lehen.
Badihardugu Euskera Elkarteak lan-poltsa osatu nahi du datozen urteotan izan ditzakeen beharrak betetzeko. Hiru arlo hauetarako osatu nahi da lan-poltsa:
- Elkartearen administrazioa (kontabilitatea, txostengintza...)
- Alderdi filologikoa (Ahotsak.com proiektuaren barruan transkribapenak edo kodifikazioak egin)
- Kazetari lanak (Ahotsak.com proiektuaren barruan, jende nagusiari elkarrizketak egin, bideo eta audio pasarteak editatu...).
Hiru arloetako lanek badute harremana eta, beraz, hiruretarako gaitasuna baloratuko da. Beharrezkoa izango da gidabaimena izatea, batez ere, azken punturako, Euskal Herriko edozein herritan egokitu daitezkeelako elkarrizketak. Beste bi puntuetan lan-lekua finkoa izango da (Eibarren). Honekin batera, honakoak baloratuko dira:
- Euskara maila ona.
- Euskalkiren baten ezagutza.
- Informatika kontuetan eta, batez ere, interneten jantzia izatea.
Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidal dezakete euren kurrikuluma. Kurrikulumak bidaltzeko epea 2008ko uztailaren 15ean itxiko da.
...eta kitto aldizkariko hizkera irizpideak
Azken asteotan inkesta edo galdeketa bat egin du ...eta kitto aldizkariak: zer egin aldizkaria hobetzeko?
Nik ohar pare bat bidali dizkiet, denak ere hizkuntza irizpideekin zerikusia dutenak. Oro har, ez dut garbi ikusten noiz eta nola erabiltzen duten Eibarko euskara aldizkarian.
- Zorion-agurren tartea eibartarrez dago idatzita, baina nabarmena da ez duela zuzentzaileak gainbegiratzen. "Zorionak, 28 urte bete zenittualako" bezalako esaldi eta aditzik ez dago Eibarren. Izan ere, atal horren izena bera ere ez da oso eibartarra (... eta musu bat zuretako...). Eibarren "laztanak" ematen ditugu "musuak" baino gehiago (eta ematekotan, mosuak emango genituzke, ez musuak).
- Batua edo eibartarra erabiltzeko irizpidea ere (noiz zein erabili) ez zait oso zuzena iruditzen. Atalaren arabera erabiltzen dute bata edo beste. Atal batzuk beti dira batuan; beste batzuk beti eibatarrez. Nolabaiteko zentzua ikusten diot horri, jakina, baina gehienetan gauza "arraroak" gertatzen dira. Esate baterako, orain dela gutxi, Aintzane Agirrebeñari elkarrizketa egin zioten. Galderak eibartarrez izango ziren, ziurrenik, eta erantzunak seguru-seguru. Elkarrizketaren gaia bera ere Eibarko euskara zen. Ba, elkarrizketa hori euskara batuan irakurri behar izan genuen (atalak horrela aginduta). Beste zenbaitetan, ostera, aldizkariko beste atal batzuetan, idazle edo artista gipuzkoarrak (edo euskaldunberriak) Eibarko euskara jatorrean hitz egiten ikusi ditugu. Uste dut irizpide horrek sinesgarritasuna kentzen diotela elkarrizketa eta albisteei.
Bide batez, webgunaren inguruko zenbait ohar txiki ere bidali dizkiet:
- Albistegiak ez dauka RSS jariorik.
- Albisteetan data falta da eta ez dago "Albisteak" atalik eta ezin dira aurkitu albiste zaharrak.
- Orrialde guztietan URL bakarra dago, frame bidez, edo bestela, loturak beste leiho batean irekitzen badira, dnsti izeneko webgune batera eruaten gaitu.
- Goiburuan etakitto.com agertzen da, handi-handi, eta webgunea ez da hori, etakitto.org baizik.
- Aldizkariko hainbat atal ez dira agertzen webgunean eta faltan bota ditut, gehienbat zorion agurren tartea.
Tira! Egurra bakarrik ez, e? Kritikak eskatu dituzte eta horixe bidali dut, baina esan behar dut aldizkaria gustura irakurtzen dudala, astero-astero, eta webgunea ere asko hobetu dela azken aldaketekin. Animo eta eskerrik asko zuen lanagatik.
Barren
Lokailu hau da, zalantzarik gabe, Eibarren erabiltzen ditugunen artean berezienetakoa. Izan ere, Eibar inguruko herrietan (Ermua, Soraluze, Elgoibar eta Mendaro) asko erabili arren, ingurune honetatik kanpo ez da ia ezagutzen (Bergara aldean, esate baterako).
Badirudi ba(da) arren esapidearen laburdura izan daitekeela, eta bigarren perpausaren azken muturrean
kokatzen da beti. Normalean, aldez aurretik adierazitako zerbaiti erantzunez-edo egiten diren perpausetan agertzen da. Gaztelaniazko “pero si..” esapidearen pareko da. Adibideetan ikus daitekeen moduan, zenbaitetan baina ager daiteke aurretik, perpausa indartzeko (harridurazko perpausetan, batez ere).
Pixkat jaikitze bat euki zeban Espaiñiak ekonomikamente. Eta bihargiñak be geldittu giñan, “ene, baiña lana dakagu barren, honegaz”, “ondo goiazak”.
Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan barren!
Batzuk aberatsaguak eta bestiak pobriak izanda be, danok gizonak gara barren!
Zelan eurixa diharduala? Baiña ointxe euzkixa zeguan barren!
Aurkaritzako lokailua
Barren lokailua aurkaritzako lokailuen artean sartzen da. Izenak berak erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako lokailuak. Beraz, alde horretatik baina-ren pareko dira nolabait.
Lokailuen arteko talderik handiena da berau, eta Eibarren bertan beste makinatxo bat daukagu: berriz, bixen bittartian, ostera, barren, halan be (hala ere), hala eta guzti be (hala eta guztiz ere), edozein modutan be, dana dala, horraitxio eta artian. Inguruko herri “gipuzkoarragoetan” aurki daitekeen nola(ta)nai ere ez da Eibarren erabiltzen.
Euskal Herriko Ahotsak aurkeztu dugu

Donostiako Koldo Mitxelenan elkartu ginen atzo goizena eta bertan bildutako hedabideei azaldu genien zer den Ahotsak egitasmoa. Beste toki batzuetan aipatu da hori guztiori, besteak beste, Sustatu, edo Goiena webguneetan, eta Arantzabalen, Luistxoren eta Azpiren blogetan. Gutxi gehituko dugu horren inguruan. Egunkari batzuetara lotura, asko jota:
Proiektua hobeto ezagutu nahi duenak, Ahotsak.com webgunean dauka informazio guztia eta parte hartzeko aukera.
Aipatu nahiko nituzkeen lau gauza labur:
- Telebistaren eragina. EITBko albistegietan agertu ginen eta badirudi mundu guztiak ikusi gintuela. Izugarria.
- Jendearen harrera. Azken 24 orduetan dozenaka mezu jaso ditugu (telefonoz, e-mailez...) jendearen zorionak eta eskertza jasotzen, laguntza eskaintzen... Mila-mila esker guztiori.
- Eskerrik asko. Eskerrik beroena proiektu honetan lagundu duzuen eta laguntzen ari zareten guztioi. Udalak, elkarteak, laguntzaileak... eta Codesyntaxi, bereziki Nandori, Zaloari eta Josuri.
- Primerako taldekideak. Aintzane, Juan Martin, Serafin, Iban, Jaione, Leire, Egoitz... plazer bat da zuekin elkarlanean jardutea. Benetan.
Lanean jarraitzeko indarra ematen du horrek guztiorrek. Izan ere, lanean aspalditik dihardugun arren, hasi besterik ez gara egin. Zenbat dagoen egiteko! Ai ama!
Proiektu honen atzetik Badihardugu euskara elkartea dago, eta horrela sartu nintzen ni ere. Hainbat herritan ibili izan gara elkarrizketak egiten, materiala lantzen, eta abar. Baina proiektu honen ezaugarririk azpimarragarriena auzolana da, jendearen partaidetza. Proiektu irekia da, eta horretan datza bere aberastasuna eta berezitasuna. Irekia, gainera, bi zentzutan:
- Proiektu honetako informazioa guztion esku geratzen da, guztion ondare da-eta.
- Proiektu honetan edonork har dezake parte, materiala bidaltzen, elkarrizketak egiten, edonola laguntzen... Auzolanean egindako proiektua da, edo horrela izatea nahiko genuke.
ETBn kaleratutako bideoa
Eibarko udalaren kultur aldizkarian gaztelania nagusitzen
Eibarko udaleko kultura sailak Ekultura izeneko argitalpen bat kaleratzen du hilero. Agenda moduko bat da: hilean zehar Eibarren izango ditugun ekitaldien laburpena. Ez dakit zer eragin izango duen herrian, baina niri gustatzen zait eta erabilgarria dela esango nuke.
Aldizkaritxo horren hizkuntza politika ere zuzena begitantzen zait: elebiduna da. Baina benetan elebiduna. Artikulu batzuk gaztelaniaz daude eta beste batzuk euskaraz. Kitto. Erdaldunek ere somatu dezatela tarteka beste hizkuntza batzuk ere badirela. Beti pentsatu izan dut horixe dela bidea horrelako ekimenetan.
Zoritxarrez, azkenaldian gaztelania hasi da nagusitzen euskararen gainetik. Orain arte nahiko parekatuta egon ondoren, azken 2-3 aleetan euskara zokoratuta geratzen hasi da. Euskarazko eduki gutxiago, eta gainera bigarren mailako edukietarako sarritan: elkarrizketak, umeen kontuak, laburpenak... Informazioa, berriz, gaztelaniaz.
Hementxe dituzue azkenengo ale biak:
Apirileko alean, esate baterako:
- Zirkoa eta txontxongiloak: elebiduna (informazioa erderaz, elkarrizketa euskaraz)
- Carmen opera: erdaraz
- Bilboko txistularien artikulua: erdaraz (laburpena euskaraz)
- Paulino Lañagaren liburua: erdaraz (testua eta biografia); elkarrizketa labur-laburra euskaraz
- Liburutegi berria: erdaraz (haurren inguruko atal labur-laburra euskaraz)
- SD Eibar el_documental: erdaraz (laburpena euskaraz)
- Inalanbrikak: euskaraz
Espero dut datozen hileetan lehengo bidera itzultzea (edo, are gehiago, euskara, behingoz, gaztelaniaren gainetik jartzea).
*Oharra: azkenaldixan dragia ipinitta ibili naiz eta blog hau nahiko geldirik egon da. Kendu dot draga-zirixa eta ia abixadia hartzen hasten naizen. Ez da seinale txarra izango.
Kaixuak Eibarren; badator edurra
Azken astiotan behin baiño gehixagotan esan deskue edurra zetorrela, baiña kale. Kaixorik be ez dot ikusi gure buru gaiñian. Atzo bai. Atzo Debatik gora sartu ziran, itsasoko giro txarretik barrura, babesera. Urkuzuko parke gaiñian ikusi nittuan arratsaldian, eta gaur goixian Azittain inguruan.
Eta hasi da edurra.
Cuando el grajo vuela bajo, hace un frío del carajo. Eibarren ez dago belatxingarik. Edurra eta hotza datozenian kaixuak ikusten doguz.
Dragia ipinitta ibili
Draga esaten zaio Eibarren (eta inguruko herrietan) frenoari. Gaur egun balazta eta galga nagusitu dira euskara estandarrean (eta hitz modernoagoak, disko-balazta, galga-likidoa...), baina gurdien garaian, draga erabiltzen zen Eibarren gurdiei eusteko (azken batean, gurpila geldiarazten zuen egur zati bat).
Joan dira gurdiak eta joan dira garai bateko dragak, baina jende nagusiak oraindik erabiltzen du draga hitza, batez ere esakera honetan: dragia ipinitta ibili.
dragia ipinitta ibili · trabatuta ibili edo ezinean, behar baino motelago eta nekezago.
Taosa
Azkenaldian Zumaian egin ditugun ibileretan hitz berria aurkitu dut: taosa.
Kostaldean sortzen den lainoa da taosa, eguraldi ona izan arren, kostako herriak eta hondartzak estaltzen dituen behelaino hori.
Aste honetan ere izan dute Zumaian, eta horrela erakutsi digu Baleike aldizkariak, Taosa 2008 izenburupean.
Hiztegietan ez dut aurkitu. Urola kostako gainontzeko herrietan ere, antza, ez da erabiltzen. Zumaian, aldiz, bertako-bertako dute taosa.
Interneten ere erreferentzia gutxi aurkitu dut, eta denak ere Zumaiari lotutakoak. Besteak beste, Luix Unanue argazkilariaren bat, Taosa ilunabarrean.
Zumaiako kostaldeak ematen du, bai, argazkietarako.
Koko-jantzi
Eibartik kanpo (eta baitta Eibarren be), harrigarrixa eitten jakue koko-jantzi berbia. "Koko-jantzi? zer da koko-jantzi?". Ba, disfrazatu, mozorrotu.
Hain harrigarrixa be ez da, azken batian gauza berbera diralako koko-jantzi eta mozorrotu: zomorro itxura hartu. Hau da, vestirse de bicho, hori da-eta aratuste tradizionaletan eitten dana.
Izan be, disfraza eta zomorro itxuria euskalki gehixenetan topauko doguz alkarrekin. Hurrengo berba guztiak disfraza esan gura dabe, baina baitta bicho be:
- mozorroa
- zomorroa, zamorroa
- zamua, txamua
- koko(-jantzia)
- kukumarro(-jantzia)
- mamua
Erro desberdinekua dirudi, lehenengo begiratuan behintzat, Gipuzkoako txantxo (txantxotu).
Argazkixan, Manex koko-jantzitta, zentzu bikotxian, har edo koko jantzitta zeguan-eta.