a>e /__u, i/
Gure inguruko hizkera gehienetan a>e /__u, i/ bilakaera gertatzen da. Zer esan gura du horrek? Ba, u eta i bokalen ostean, a>e ahoskatzen dela (txarrixe, etxie, bixer, ataye...). Bizkaiko ia herri guztietan gertatzen da hori (kostako Mundaka eta Lekeitio, eta gure inguruko Ermua eta Elorrio dira salbuespen bakarrak). Debagoieneko hizkera gehienetan ere arau da asimilazio hori, eta baita Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat eskualdetan ere.
Hala ere, gure inguru guztian hain indartsua den arau hori, arau baino salbuespen da Eibarren, eta bere alboko Ermua, Elorrio, Soraluze, Bergara eta Elgetarekin egiten du bat berezitasun horretan. Eibarren ez gertatzen a>e /__u, i/ bilakaera hori. Hemen adibide bat: Selaixan dabisenian esta kasorik be! Iskua an dao ta... Len-len iskua egoten suan amen. Iskua etxian! "Beixa iskuan eske dao ba" ta artu beixa ta iskua, txabolara ero bere lekura eruan, ta iskotu ta... Gero beterinarixuak ipintzen eutzen. Baiña len, koño! Iskua nun dauan...! Tokatzen bada amen igual isko majua, ba, bueno...! Arikittatik be igual geurera. Urrengo noberak iskorik es ta "i!" Arikittan ero Barrundixan ero beste... "Banajatok!" ta "Bai, ekarri!" Iskua nun tokatzen san... Ausuetan, etxian es baeuan ba...
Hala ere, ez da erraza fenomeno hau aztertu eta azaltzea, eta salbuespenak aurkitzea erraza da. Izan ere, arau honek ez du herri guztietan eta ingurune guztietan berdin funtzionatzen. Eibarren ere berdina gertatzen da: hiztun batzuek eta ingurune batzuetan erabiltzen dute, ingurune horiek definitzea zaila delarik. Oro har, kalean nekez entzungo dugu (edo ia inoiz ere ez), baina baserritar edadetu batzuen artean jaso ahal izan ditugu adibide batzuk, gehienetan hitz solte bakanetan: ikesi, iketz, ikeratu, beittensiño, miestu, iguel, juen...
Hori bai, Aginaga auzoan, Markinako hizkeraren eraginez, bilakaera hori arrunta ez eze, arau ere badela esan daiteke. Adibiderako, Zumaran baserriko Euxebi Gisasolaren pasarte hau:
Ta txarrixek... serak... urdaixek be danak gatzes ein biar iseten sien. Bi edo iru egun euki tta barriro buelta emon ta gatza barriro. Ta gero ipini arri aundi batzuk gaiñien ta gatza artzen eben ta gero bein gatza artutakuen, urte gustien arek kitto! Arek es sien galtzen.