Eibarko berbak euskera batuan
Gauza jakiña da mendebaleko euskalkixan berba eitten dogunon artian konplexu linguistikua oso zabalduta dagola. "Guk etxakixagu euskeraz. Tolosakua bai euskera ona!". Holakotxiak entzungo detseguz gure inguruko asko eta askori.
Euskera batuan jarduteko orduan be, jokera hori nabarmena da, eta gure eguneroko berbak be alde batera laga eta kanpotik jasotakuak hartzen doguz. Euskera batuan berbetan edo idazten hastiakin batera, aldaketia automatikua da. amama, gehienbat, jardun, abade... ahaztu, eta berehala hasiko gara amona, batez ere, aritu, apaiz... esaten.
Kanpotik berbak hartziari ez detsat kalterik ikusten, jakina. Aberasgarrixa da eta euskeria indartzeko derrigorrezkua. Baina beti be, guriak ahaztu eta baztartu barik.
Eibarko berbak euskera batuan atalian berba zerrenda bat sartu dot. Zutabe batian, gaur egun euskera batuan nagusitzen diharduen berbia; bestian, gure eguneroko berbetan erabiltzen doguna, eta batuan be aurrekua bezin erabilgarrixa dana.
Zarauzko euskara
Orain dala pare bat hilabete esan genduan Zarauzko udalak beka deialdi bat egin zebala, herriko ahozko ondarea eta hizkera (Zarauzko euskara) jasotzeko. Udalak emon dau beran erabagixan barri, eta lantalde bati egokittu jako lan hori eitteko arduria; tartian ni neu. Juan zan astian egin da prentsaurrekua, eta aukeratutako proiektua hasi da lanian.
Bost laguneko lantaldia osatu dogu. Honetxek gara: Belen Maiz eta Miren Zabaleta zarauztar filologuak, Zarautzen bizi dan Fernando Muniozguren eibartarra, Aintzane Agirrebeña filologua eta ni neu. Jaiotzez, bizitzaz eta hizkeraz eibartar izan arren, amona zarauztarra dakatena. Bertako euskeria be etxekua dakat, hortaz. Urtebete emon deskue Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko; ia zelan urtetzen daben. Gogua eta indarra, behintzat, ez jaku faltako. Blog honetan bertan be emongo dogu ikerketa horren barri.
Diario Vascotik hartu dogu albistia:
Zarauzko euskarari buruzko ikerketa dagoeneko martxan da. Udalak beka-deialdia otsailean egin zuen eta epaimahaiak aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, ikerketa lana Belen Maiz, Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Fernando Muniozguren eta Aintzane Agirrebeñak osatutako taldeari esleitzea erabaki du.
Epaimahaia, Udaleko euskera batzordeburua eta teknikariaz gain, Jose Luis Ormaetxea Txipi
eta Jesus Mari Makazagak osatu dute, azken bi hauek Euskal Filologiako irakasle eta honelako lanetan adituak direnak. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du talde honek aurkeztutako proposamenaren aurrean, proiektua oso egokitzat joaz eta taldea eskarmendtu handikoa dela aipatuz.
Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, ikerketa lana euskaraz egingo da eta originala izan beharko du, bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanik. Lana egiteko, 12 hilabeteko epea izango dute ikerketa burutzeko.
Lanaren edukiari dagokionez, Zarauzko ahozko euskara, aditza (hitanoa barne), deklinabidea, fonetika, hiztegia, esamoldeak eta esaera zaharrak jaso beharko dira gutxienez eta bertako euskaraz idatzitako testu edo dokumentuen inbentarioa edo zerrenda ere egin beharko da.
Beste herri batzuetan antzerako lanak egin izan dira, "baina guk lan sendo bat nahi dugu burutu. Arro eta gustora gaude zein taldeei eman zaion beka", adierazi zuen Imanol Lasak, Euskara departamenduko zinegotziak, pasa den ostiralean, taldearen aurkezpenean.
Ekitaldi berean taldeko partaideek lanaren metodologia eman zuten ezagutzera. Belen Maiz-ek jakitera eman zuenez, proiektuaren helburu eta asmo nagusiak Zarautz inguruko ahozko ondarea jasotzea, galzorian dagoen ondorea jasotzea izango da. "Hizkerari eta baita kultur ondareari dagokionez, Zarautzen aldaketa asko eman dira alderdi linguistikotik eta baita alderdi etnologikotik. Generazio berriek oso gutxi dakite gure aitona-amonen bizitzaz, hizkeraz... Jendeak erabiltzeko lan bat egingo dugu, ez armarioan gordeta edukitzeko".
Metodologiari dagokionez, lau urratsetan banatuko dutela lana adierazi zuen Asier Serranok. Aurrelan moduan, orainarte egindakoa jaso. Horrekin batera, bibliografia aztertu eta galdetegi bat osatu. Dena den, garrantzi-tsuena kontaktoak egitea izango zaie. "Aukeraketa egokia egitea funtzeskoa zaigu. Gure asmoa 100 zarauztar ingururekin hitzegitea litzateke", aurreratu zuen irakasle honek. Elkarrizketetan aspaldiko kontuak eta bertako euskera jaso eta ondoren hori katalogatu, sailkatu, digitalizatu eta azken finean jasotako guztia nolabait antolatzea eta jendeari ezagutaraztea izango dute helburu. "Gure asmoa ez da publikazio huts bat egitea, jaso eta modu antolatu batean uztea, erabiliera emateko".
Muniozguren-ek, Udalari eskerrak eman zizkion eta aldi berean deia luzatu zuen, alegia, herrian norbaitek ekarpenen bat egiteko gai dela ikusten badu. Garbi dagoena zera da, honelako azterketa lanak orain egin behar direla. Hemendik urte batzuetara berandu izan daiteke.
Azpeitiko haur hizkera
Azpeittiko Baite euskera elkartiak herriko haur-hizkera jasotzeko lantxo bat egin dau. Berbak batu ez ezik, Interneten be ipini dittu, danon eskura.
Helbide honetan dago, Uztarria.com webgunian
Berba batzuk Azpeitti ingurukuak bertakuak dira, baina gehixenak Eibarren be erabiltzen diranak.
Bertatik etaratako informaziño piskat:
-----------
Baite Euskara Elkarteak 2003an haurrei zuzenduriko ekimena aurrera eramatea erabaki zuen. Arrazoia, haur hizkera euskaraz galtzen ari ote zen beldurra izan zen.
Haurrei euskaraz nola hitz egin izan den jaso eta hiztegitxoa osatu zuen. Hiztegia bi zatitan atera zen Baite aldizkarian. Honela zioen orduan Baite-k:
"Zeini ez ote diote txikitan "lolo" esan?, edo "pupua"?... Hala ere, badirudi haur hizkera euskaraz galtzen ari dela. Hori dela eta, Baite Euskara Elkarteak hitz batzuk bildu ditu, eta aldizkarian argitaratu".
Orain uztarriaren webgunean jarri dira edonork eskura izan dezan.
------------
Aitta besuetakuak eta puntakuak
Horra hor dantzan dabizen beste berba bi: aittabesuetako (amabesuetako) eta aittapuntako (amapuntako).
Eibarren aittabesuetakua eta amabesuetakua dira formarik normalenak. Jende gehixenak horretxek erabiltzen dittu. Toribio Etxebarriak be ez daka besterik beran hiztegixan.
Halan da be, aittapuntako eta amapuntako be erabiltzen dira. Aitaponteko jatorriz, baina aittapuntako ahoz.
Eibar eta Debabarrena ingurukuak baino, Debagoienekuak dira gehixago horrek berbok, Soraluzetik hasi eta Gatzaga eta Oñatiraiño horixe besterik ez darabixelako. Badirudi Goierri inguruan be horixe darabixela.
Berbak ez dake mugarik, eta Soraluzetik Eibarrera bidia jarraittu besterik ez dauke.
Etzin, etzan ala etzun?
Oier Gorosabelek Eibartarrak zerrendan egindako galdera baten ostian, berba horren inguruko mezu trukia euki genduan posta-zerrenda horretan bertan.
Etzin esaten da Eibarren? ala etzan? eta etzun?
Ba, Eibarren hirurak esaten dira. Etzin da formarik arruntena, seguru asko. Toribio Etxebarriak horixe darabil (horixe bakarrik), eta gaur egun be, seguru asko, gehixen horixe entzungo da.
Etzan be normala da. Inguruko herrixetan be erabiltzen da, Debabarrena osuan, esate baterako, (Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku...) eta Eibarren be asko erabiltzen da, bai aditz moduan, bai beste izen batzuk sortzeko (etzangarrixa, etzanaldixa...).
Eta etzun gitxiago erabiltzen dan arren, basarrittarren inguruan eta gehixenbat Agiñaga inguruan erabiltzen da. Mogelek be horixe darabil.
Horretara, hiru aldaerak erabiltzen dira Eibarren: etzin, etzan eta etzun.
Seguru asko hiru aldaeren erabilera-esparruen erdixan dagolako Eibar. Debagoienan etzin darabixe, Debabarrenan etzan, eta Bizkai alderutz etzun.
Hamentxe Oierren lehenengo mezua
Nere lehenengo komentarixua
Amatiñoren mezu bat
Eta azkenengo mezua
Bigotedun txinbuak kumak egin dittu leihopian
Urtero moduan, aurten be habixia ipini desku bigotedun txinbuak leihopian. Hamar urte izango dira honezkero. Pentsatzen dot ez dala urtero bikote bardiña izango, baiña urtero-urtero, maiatza inguruan hantxe agertzen dira gure etxostian dagon basora. Hantxe ibiltzen dira, gora-ta-behera, parian dabizen euli, eltxo eta mitxeleta guztien atzetik.
Goiko erretratua orain dala pare bat urtekua da. Orduan 3 kuma etara zittuen; aurtenguan be, 3 bai gitxienez. Hantxe dabiz gaur be kurriska batian; bigotedun txinbuak ixiltzia ez da erreza gero!
Izen zientifikua Muscicapa striata; euskera baturako eulitxori grisa aukeratu da. Baina Eibarko izena polittagua begittantzen jata: bigotedun txinbua. Moko azpixan dakazen lumatxo fin batzuengaittik ipinittako izena.
Egunuak
Eibarko agiri zaharrak begiratzen, sarrittan topauko dogu eguno berbia. Euno, heuno, eguno... bizpahiru formatan agertzen da agiri zaharretan. Garixa ereintzeko erabiltzen ziran herri-lurrak ziran. Erdi-aroko kontu ezezaguna dirudi, baina berbiak bizirik dirau toponimo moduan. Santa Kurutz eta Itturrua basarrixen arteko zelaixeri, oindiokan be, egunuak esaten jakue, garixa oin dala 40 urte inguru kendu eta zelai bihurtuta. Berba berezixa, Eibarko agirixetan bakarrik agertzen dana; ez hiztegixetan, ez beste iñungo agirixetan.
Ume berbetia
Oin dala urtebete jaixo zan Maddi, eta harrezkero neretzat ezezaguna zan ume-berbetia ikasten hasi naiz. Nere ama irakasle ona da. Apa, popo, kiki, koko, txitxi, txutxu eta antzerako berbak sartu dira nere bizitzan.
Beste guraso batzuen artian egotia be egokittu jata, eta konturatu naiz zelan gustatzen jakun danori txikigarrixekin berba eittia: yogurtxo bat jan, patxo bat emon... dana da ttikittua eta kuttuna umiekin berba egin bihar dogunian.
Eta zein da gaur egungo modia? Ba, erderazko berbak eta txikigarrixa erabiltzia: besito bat emon, ikusi gatito maittia, ai nere kariñito politta.
Horrek bihotzerria emoten desta. Aitortzen dot, EusTaliban hutsa izango naiz, baina holan da. Eta oindiokan hotzikara haundixaguak sartzen jataz euskerazko berbak erabiltzen diranian: Emon patxito amatxori!, Ai, bihotzito!. Nun dago amatxito?
Ez dot soportatzen.
Deutsat / Detsat / Dotsat
Nor-Nori-Nork aditzak sortzeko orduan, nion-dizkiot-nizkion... itxurakuak erabiltzen dira euskera batuan. Horrek formok erdikaldeko euskalki eta hizkeretan erabiltzen dira. Mendebaldeko formak, berriz, eutsi aditzaren bittartez sortzen dira, eta hortik datoz deutsat (diot), neutsazen (nizkion), gentsan (genion), eta abarrak. Gure inguruan dotsat, notsan itxurakuak erabiltzen dira. Eibarren, baiña, ez bata eta ez bestia.
Mendebaldeko berbeten ezaugarri orokorra da Nor-Nori-Nork aditzaren paradigmak sortzeko eutsi aditza erabiltzia. Halandabe, lekuan lekuko aldaerak dagoz: Bizkaiko erdikaldian eta sartaldian -eu- da errua (deutsat); sortaldian (gure inguruko herri eta eskualdietan), ostera, -o- bokaldun formak sortzen dira:
- deutsaraz -- dotsaraz (dizkiot)
- geuntsan -- gontsan (genion)
- zeutsazun -- zotsazun (zenion)
Holaxen eitten dabe Eibar inguruko herri guztietan: Lea-Artibai inguruan, Durangaldeko toki batzuetan, Debagoienan...
Eibar, baina, berezixa da, eta -e- bokaldun formak erabiltzen dira gehixenetan: detsat, gentsan, baletsa...
Oso ezaugarri berezixa da, gure modoko berbetia dauken Soraluzen eta Ermuan be dotsat-notsan itxurako formak erabiltzen dittuelako.
Eibarren be, basarrittarren artian, eta gehixenbat Agiñagan, entzutzen dira -o-dun formak, baina salbuespena dira.
Azken urtiotan, eta nik asmau ezin doten errezoiren batengaittik, gaztien artian gero eta gehixago dagoz zabaltzen horrek formok. Jatorriz Ermua, Soraluze edo Debagoienakuak diran aldaerak.
Mando /-ua
Mandua: Telebisiñuana? Astuan parekua? Bai, baiña beste zeozer be bai. -mando atzizkixak beste esangura bat dauka gure artian: haundixa, garaua, normala baiño gehixago dana... Holaxe usamandua (paloma torcaz), erlamandua (abejorro), eta eulimandua (moscardón). Ez nahastau mandaeulixa (mosca borriquera), eta etxian be ikusiko dogun eulimandua.