Eibarko euskara eta gazteak
Oin dala 3 hilabete inguru Eibarko euskara liburua kaleratu genduan. Beste kontu batzuen artian, Eibarko euskeria gaztien artian be aztertu genduan. Hantxe idatzittako kontu batzuk hamentxe be azalduko dittut.
-------------------
Eibarko euskararen ezaugarriak gazteen artean
Oro har, esango genuke, Eibarko euskara oraindik ere bizirik dagoela gazteen artean, eta herriko berbetaren ezaugarri nagusiak oraindik ere gordetzen direla. Dena dela, liburu honetan aipatu ditugun ezaugarri asko eta asko ahulduta daude belaunaldi berrien jardunean, eta beste hainbat desagertuta (liburuan bertan ere aipatu ditugu).
Arrazoi nagusiak, gure ustez, hiru dira:
1- batetik, hizkuntza estandarrak eta alfabetizaziok ekarri duen homogeneizazioa
2- bestetik, transmisioan izan den etena, eta gazte askok duten erreferentzia falta (guraso erdaldunak edo beste herri batzuetakoak)
3- azkenik, belaunaldi gazteek, oro har, hizkuntza eta hizkera gehienetan duten hizkuntza-maila apalagoa, aurreko belaunaldiena baino murritzagoa.
Horren guztiaren ondorioz, gaur egun Eibarko gazte euskaldunek darabilten "eibarrerak", ondorengo ezaugarriak ditu aurreko belaunaldienarekin alderatuta:
- - euskara estandarraren eragin nabarmena dago, batez ere lexikoan (barixakua > ostirala; martixa > martxua)
- - hizkera murritzagoa, elementu gutxiagokoa (hitanoa edo subjuntiboa ez dira erabiltzen, sintaxian askoz baliabide gutxiago erabiltzen dira, eta abar)
- - beste euskalki edo hizkera batzuen eragina (detsat > dotsat; genduan > giñuan)
- - Eibarko euskarara hurreratzeko saio "okerrak" (anaia > anaixa).
Halere, galtzen ari diren ezaugarri gehientsuenak, lehendik ere galtzen ari zirenak dira, nagusiek ere gutxi erabiltzen dituztenak eta muga-mugakoak direnak; belaunaldi zaharretan hasitako bidea indartu besterik ez da egin gazteen artean. Horrekin batera, baina, beste hainbat ezaugarri ere aldatzen ari dira.
Ikus ditzagun:
Fonetika eta fonologia
- Eibarko euskarara hurbiltzeko ahaleginean, gazteek nagusiek baino gehiago erabiltzen dute x epentetikoa: junio > junixo; guztia > guztixa; sei tt'erdiak > sei t'erdixak.
- tt > tx bilakaera erabatekoa da: itturrixa > itxurrixa.
- Bustidurak indarra galdu du. Hasteko, -dd- bustidura ere erabat desagertu da: eindda > einda. -itz > -tx erako bustidurak ere desagertu egin dira: hatxa > haitza; bakotxa > bakoitza. Beste ingurune batzuetan ere bustidura ez da hain automatikoa (bi txa bat > bi eta bat).
- Arau morfofonologiko batzuk ere zeharo aldatu dira. Besteak beste, ez + j- > etx- araua ia guztiz desagertu da (etxatzu > ez jatzu), eta oro har, aditz nagusia eta aditz laguntzailea osorik ahoskatzeko joera dago gazteen artean (ikusi'ttu > ikusi dittu; erosi bozu > erosi badozu; emon bietsat > emon bihar detsat).
Izenaren morfologia
- Soziatiboko -gaz marka erabat galdu da. (umieaz > umiekin).
- -dako/-t(z)ako atzizkiaren lekuan -tzat ari da nagusitzen (zuendako > zuentzat).
- -tzuk atzizki pluralgile zaharra (elixatzu...) ia erabat desagertu da gazteen jardunean.
- Bi zenbatzailea izenaren aurrealdean darabilte gazteek (etxe bi > bi etxe)
- Erakusleak euskara estandarrean bezala erabiltzen dira, izenaren ostean (hau txarrixau > txarri hau).
- Izenordain indartuak (neuk...) eta -xe morfema indargarriak (hauxe, honetxeri, hortitxik...) indarra galdu dute.
- Azentuan ere aldaketa nabarmena da. Singularra eta plurala bereizten dituen azentua galdu egin da izenetan: úmiak > umíak (
umeek
); eta galtzen ari da erakusleetan (hónekin vs. honékin). Horrekin batera, Eibarko hizkeraren bereizgarri diren hitz esdrujula batzuen azentukera ere indarra galtzen ari da: ikástolia, pátatak, íntxaurrak, Úntzagan, Élgetan, bázkarixa, éuskeria, kánpora, lándaria, bérbetan, txíngorra, árrautzak, áurrian... > ikastólia, patátak, intxáurrak, Untzágan, Elgétan, bazkárixa, euskéria, kanpóra, landária, berbétan, txingórra, arráutzak, aurrían...
Aditzaren morfologia
- Oro har, erabiltzen diren adizkien eta aditz-sailen kopurua jaitsi egin da. Hitanoa desagertu egin da, subjuntiboa ia-ia, eta trinkoen erabilera ere beheraka doa.
- Aditz-forma batzuetan inguruko euskalkien eragina igartzen da gazteen hizketan: nozue > nazue; genduan > giñuan (
genuen
); detsat > dotsat (diot
). - Ahalerazko adizki berriak agertu dira: neike > leiket; geinke > leikegu.
- Hirugarren pertsonako marka, 0 (
zero
) beharrean z- da: ekixan > zekixan (zekiten
); eben > zeben (zuten
). - Nor-Nori-Nork saileko eta trinkoetako adizki batzuetan forma pleonastikoak nagusitu dira: gentsan > gentsagun, zetsagun (
genion
). - Urten (
irten
) aditza iragangaitz bihurtu da, euskara estandarrean bezala: urten dot > urten naiz. - Hirugarren pertsonako adizki batzuetan, -te pluralgilea agertu da, euskara estandarraren eredua jarraituz: dittue > ditxuzte; nabe > naute.
Sintaxia
- Gazteen artean arrunta da baizik aurkaritzako juntagailua erabiltzea (nagusiek ez darabilte).
- Konparaziozko perpausetan, lez eta lako erabat desagertu dira, eta moduan ere indarra galtzen ari da. Horien lekuan bezela erabiltzen dute gazteek.
- Perpaus osagarrietako -ena atzikiak indarra galdu du.
- -tzeke moduzko atzizkia ("gabe" aditz-atzizkia) desagertzen ari da gazteen jardunean.
- Kontzesiboetako arren ere indarra galtzen ari da, eta bere lekuan nahiz eta nagusitu da.
- Lokailu hautakarien artean, ostian eta ostantzian galtzen ari dira.
Aldaerak eta lexikoa
Lexikoari dagokionez, euskalkia/batua lehia nabarmena dago. Nahastean erabiltzen dira bertako formak eta euskara estandarrean nagusitu direnak.
Aldaeren artean, esate baterako, forma hauek guztiak lehian daude: edur/elur, zidar/zillar, baltz/beltz, hazur/hezur, lora/lore, izardi/izerdi, baztar/bazter, urun/irin, gitxi/gutxi, urrin/urrun, narru/larru, ezpan/ezpain, ahizta/ahizpa, mallubi/marrubi...
Hiztegi mailan ere alfabetizazioaren eragina nabaria da, eta bertako hitzen alboan, euskara estandarretik jasotako beste hainbat erabiltzen dituzte gazteek. Eragina nabarmena da asteko egunetan eta hilabeteetan; bertako formak baino gehiago, estandarrekoak erabiltzen dira gazteen artean (martzua, iraila, uztaila... asteartia, asteazkena, larunbata, ostirala...). Animalien izenetan ere ikastolaren eragina handia da (kirikixua > trikua; katamixarra > urtxintxa; ugaratxua > igela...). Bizkaieraren ezaugarri diren beste hamaika hitz ere indarra galtzen ari dira, eta euren lekuan beste euskalki batzuetakoak agertu dira: abade > apaiz, armozu > gosari, bihargin > langile, eruan > eraman, larregi > gehixegi, matrallako > zaplasteko, sasoi > garai, itxuria danez > dirudienez, kopin > panpin.
Euskara ala Lingua Navarrorum?
Barre eta negar pixkat egin genuen joan zen astean albiste honekin, gida-baimen probisionalaren euskarazko testuarekin: "Bailio balio du gidatzeko baimen baliogarria izateko identifikazio agiriren.".
Itzulpen negargarri horren inguruan gauza gutxi daukat esateko, baina bada gida-baimen horretan beste kontu interesgarri bat: euskara, katalana eta galegoaren alboan, balentzianoa ere agertzen dela.
Azken urteotan guda politiko-linguistiko handia egiten dihardute Valentzia aldean, beraien hizkera eta katalana ezberdinak direla azpimarratzeko. Nola nahastu bata eta bestea? Mesedez! Hizkuntza bien arteko berdintasunei (%95) muzin egin, eta txikikeria bereizleei eman diete garrantzia. Norbere hizkera jaso eta bultzatzea ez dago txarto, jakina, baina gerra honetan arrazoi filologikoak popatik hartzera bota dituzte, eta politika nagusitu da. Arazo historikoa da, baina Aznarren agintalditik izugarri indartu dena.
Aspaldi daukat susmoa, Nafarroa aldean ere antzeko zerbait bultzatu nahian dabiltzala. Oraindik ere xuabe-xuabe, baina bidea horixe dela iruditzen zait. Nabarmena da Nafarroako gobernuak azken urteotan euskarari bizkarra eman diola: erakundeetan, herri mailan, hezkuntzan, komunikabideetan... Euskal Herri mailako ekitaldi eta proiektuetan ere, beti ezetza: Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari, UEUri... Euskara batua edo gainontzeko herrialdeak tartean dauden bakoitzean, bizkarra euskarari.
Baina horren ondoan, Nafarroako hizkerak jasotzeko, aztertzeko eta bultzatzeko sekulako lana egiten dihardute. Sekulakoa. Herri mailako eta eskualde mailako hainbat lan bultzatu dituzte, monografiak kaleratu, Nafarroako euskararen fonoteka sareratu... Beraien ezaugarri linguistikoak jaso eta hedatzeko lan estimagarria, pozgarria, beste lurraldeetan egin dutena baino handiagoa. Zorionak Nafarroako Gobernuari.
Diodan gauza bakarra, baina, horixe da, ea urte batzuk barru, ez ote diren hasiko esaten, "como ya decían los primeros historiadores, en Navarra nunca se ha hablado vascuence, sino Navarro, el lingua navarrorum". Larri ibili. Castelló eta Tarragona baino urritiago daude Ultzama eta Urretxu.
Eibar rebistia
Txiki-txikittatik ezagutu dot Eibar rebistia etxian. Nere aitxitxak zenbaki guztiak zekazen gordeta eta ondo enkuadernatuta, eta gurasuak be jasotzen zeben; azkenaldixan baitta neuk be. Rebisitia hile bittik behin heltzen da etxera, eta buzoian jaso eta lehelengo gainbegiratua gozagarrixa izaten da beti, "zer dakar oinguan rebistiak? zein agertuko da erretratuetan? zeinek idatziko ete eban?". Rebistiak dakarren prezintua ebagi eta lehelengo orrixak pasatzia ritual modoko bat da.
Rebistian gauza batzuk aldatuko neukez (gehixenbat euskera gitxiegi darabilelako), baina gustora jasotzen dot etxeko buzoian, neria sentitzen dot, eta nere herrixakin eta aurrekuekin lotzen laguntzen destala pentsatzen jata. Eibartar sentitzen laguntzen desta, komunidade aberats bateko kide. Ez dakit zelan esan, baina badakit zer esan gura doten.
Eibar: herriaren arima (1952-2005)
Rebistiorrek 50 urte bete dittu gure artian (egixa esan, 53 dira), eta hori aitxakixa moduan hartuta, erakusketia antolatu dabe Portalean: Eibar: herriaren arima (1952-2005). Eibar Rebistia zelan sortu zan, ibilbidia, argazkixak... Bixar zabalduko dabe, eta seguru eibartar guztiondako zoragarrixa izango dana.
"Eibar" rebistian lehelengo alia 1952ko irailan argitaratu zan parrokixako boletin moduan. Pedro Celaya abadia izan zan sortzailia eta bere zuzendaritzapian heldu zan herriko aldizkari izatera.
Don Pedro zan "alma materra" (zelan ez gogoratu beran motorrian, alde batetik bestera, askotan rebistia etaratzeko diru bila), eta bera hil zanian rebistia be hilzorixan zeguala emoten zeban. Baina ez. Celaya hil eta gitxira, "Pedro Celaya Fundazioa" sortu zan, eta Jose Mari Kruzetaren lanari esker, rebistia indartu, zabaldu eta sendotu egin zan. Jose Mari hil zanian, orain dala 3 urte inguru, Margarita Olañetak hartu eban biharlekua, eta aldizkarixak, behera egin biharrian, goraka jarrittu dau, inoiz baino hobeto.
Berrogetamar urteko biharra, eta eibartar askok egindako biharra, artikuluak idazten, erretratuak lagatzen, modu batian edo bestian laguntzen... Pertsonaiak, kirola, euskeria, obrak... Eibarko bizimodua.
Erakusketarako ale berezi bat be etara dabe. Ez da erreza 50 urteko laburpena aldizkari bakarrian sartzia, baina lan ona egin dabe, eta benetan interesgarrixa da.
Nahi dabenak Interneten dauka, Egoibarra.com webguneko Erakusketak atalian.
Zorionak eta eskerrik asko 50 urtiotan biharrian egon zarien guztiori.
Eta galdera bat: noizko Interneten? 50 urte eta gero, ez da ordua? Seguru nago Eibar.org webgunian prest egongo zirala laguntzeko.
Mitxeletak, mitxelekotiak eta kalaputxixak
Patricia Gómezek galdera hau egin zeban orain dala egun batzuk Erabili.com webgunian: Tximeleta adierazteko hitzak euskaraz?
Beti entzun izan dot 100 izen baino gehixago dakazela euskeraz, eta sekula ez dot sinistu. Patriciaren galderapian be, 20 izen inguru besterik ez dira agertu Erabili.com-en.
Halan da be, egixa da dozenaka izen badakazela. Eibarren mitxeletia esaten jako gehixenbat, baina inguruko herrixetan beste izen eta aldaera batzuk be entzutzen dira (izenak desbardiñak baino, aldaerak).
Erabili.com-en idatzi nittuan hórretako batzuk, eta orainguan nere txoko honetara be ekarri dittut, han botatakuak, eta beste batzuk:
- Pitxoleta, Pitxilota, Pitxeleta: Legazpia, Arabaldea, Elorrio
- Pitxilipeta, txipilipeta: Oñati
- Txipeleta: Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Eskoriatza...
- Txiperrete: Beasain inguruan
- Mitxeleta: Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta, Durangaldea...
- Mitxelekote, tximelekote: Elgoibar...
- Kalaputxi, kalapitxi: Mutriku, Ondarroa
- Txalupitxi: Markina
- Txipillatoi: Ermua
- Tximeleta: urola-kostan, Bergaran, Beasain inguruan...
- Tximirrita: Urola-kostan(?)
- Mitxirrita, mitxerrika, mitxerreta: Tolosaldea, Ataun
Eibarko euskeria ingurukuen artian
Orain dala egun batzuk kaleratu dogun liburuan, Eibarko euskara, gure berbetaren doinu eta berbak, mapa politta kaleratu dogu.
Eibarko euskeria eta ingurukuak mapa batian. Zeintzuk diran antzerakuak, zeintzuk ez horrenbeste...
Laburpen moduan-edo, hauxe esan geinke:
- Leintz aldeko berbetak nahiko antzerakuak dira danak. Oñati bereizten da pixkat, eta Aramaixoko Oleta auzua.
- Bergara eta Antzuola be taldekuak dira. Bergarako mendebalian (Ubera, Angiozar, Goimendi...), Eibar-Elgeta inguruko ikutua dauke, eta ekialdian (Elosu eta Deskarga), gipuzkera ikututxua.
- Eibar-Soraluze-Ermua oso antzerakuak dira, eta Elgeta be ez oso desbardiña. Eremu horren barruan dagoz Zaldibargo Eitzaga eta Mallabiko zatitxo bat (Gerea eta Zengotita ez). Eibarko Agiñagan, ostera, bizkaieraren ikutua igartzen da (ez larregi).
- Elgoibar aparte samar geratzen da, gipuzkerako ikutu haunditxuakin (Deban eta Mutrikun askoz haundixagua).
Mapia Luis Lonbidek egin dau, eta Zaloa Etxanizek maketatu. Eta mapa honen hurrengo bertsiñua, hobetutakua eta zabalagua, Badihardugu euskera elkartiak kaleratu dau, Deba ibarreko hizkerak izenakin. Politta geratu da. Durangoko azokan egongo da salgai.
Eibarko udalak neure semeari...
Orain dala urte batzuetatik hona, Eibarko udalak domina bat erregalatzen detsa ume jaixo barri bakotxari. Domina horretan Eibarko armarrixa agertzen da, "zuen umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra".
Manex irailan jaixo zan, eta atzo jaso genduan udaletxian oparixori, alkatian eskutitz eta guzti.
Aurrekaldian, bai, Eibarko armarrixa. Atzekaldian, barriz, umian datuak: izena, odol-taldea eta jaioteguna. Dan-dana erdera hutsian.
Arratsaldian udaletxera juan nitzan; domiñiori itzuli, eta eskaera-orri bat bete neban, udaletxiari hiru galdera egiten:
- zergatik jaso dot erderazko bertsiñua?
- zein da domina honen inguruan udaletxian darabilen hizkuntza politikia?
- zer egin bihar dot euskerazko domiñia jasotzeko?
Eibarko umien %99,9 euskerazko ereduetan dagoz matrikulatuta, B eta D ereduetan. Udaletxiak baina, daneri erderazko domiñia bialdu.
Gustora emongo neukixo semiari Eibarko armarrixa, "gure umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra". Garbi dago, baina, udaletxiandako Eibarko ikurra erderazkua dana.
Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena
Joan zen ostiralean aurkeztu genuen Eibartarren Ahotan proiektuaren azkenengo kontua: Eibarko fonoteka online. Eta pozik nago; pozik eduki duen harreragatik, eta pozik azkenean Interneten ikusten dudalako orain dela ia 10 urtetik buruan darabilgun proiektua: Eibarko euskara eta ahozko ondarea, gure nagusien ahotsa, ondo katalogatuta eta sarean izatea.
Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan eta bere helburua, Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.
Hainbat urte lan honi bultzaka
Horrelako proiektu bat martxan jartzeko lehenengo ahalegina 1997 inguruan egin nuen. Ordurako hainbat elkarrizketa nituen eginda Eibar inguruko baserritarren artean, bai txori-kontuak jasotzeko, bai baserrietako bizimodua, bai lanabesen izenak, edo toponimia jasotzeko. Gure nagusien ahotan genuen aberastasun linguistiko eta kulturalak liluratuta laga ninduen, eta bilketa sistematiko bat martxan jartzea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Bildu, eta ondoren hedatu, telebistaz, edo CDetan... Udaletxean aurkeztu nuen ideia hori, baina ez zidaten jaramonik egin.
Pare bat urte geroago, kasualitatez, Inem-aren dirulaguntza bati esker, grabazio zahar batzuk transkribatzeko kontratatu gintuzten udaletxean Itziar Alberdi eta biok. Proiektu hori esku artean hartu, eta goitik behera aldatu genuen. Transkribapenak alde batera laga, bideokamara erosi, eta grabazio berriak egiten hasi ginen. Zorionez, Jaurlaritzaren laguntza bat ere jaso genuen, eta hari esker, hiru urtez jardun genuen grabazioak egiten Itziarrek eta biok. Grabazioak egiten, eta jasotako guztia katalogatzen eta lantzen.
Hedapena. Eta nola ez, Internet
Azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea, eta azkenean lortu dugu. Itziar Alberdi izan da lan horretaz arduratu dena, eta Codesyntax izan da alderdi teknikoa landu duen enpresa.
Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru ditugu grabatuta, eta Interneten %20a egongo da, gutxi gorabehera), baina hala eta guztiz ere, lehenengo urratsa da, urrats garrantzitsua. Eta pozik nago.
Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain artekoa, azken urteotan egin dugun lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.
Atzerapenarekin heldu da gurera, fonoteka horrek, argia ikusi ahal izateko, sekula ulertuko ez ditudan arazo administratibo, politiko, burokratiko eta ekonomikoak gainditu behar izan dituelako, baina azkenean hortxe da.
Orain aurkeztu dena, gainera, lehenengo urratsa besterik ez da. Eibarren hasi ondoren, inguruko herrietako beste ikerlari batzuekin elkartu ginen, eta laster izango dugu prest Deba Ibar osoko fonoteka. Mutrikutik Gatzagaraino hitz egiten ditugun hizkeren ahozko artxiboa. Badihardugu Euskara Elkartea arduratu da proiektuaz, eta ondo bidean, udazken honetan bertan aurkeztuko dugu.
Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean
Beste zenbait komunikabidetan ere aipatu dute aurkezpenaren kontua:
- Eibartarren ahotan, etorkizunerako artxiboa Interneten. (Prospektiba blogean)
- El Eibar de antano llega a Internet (DV, urriak 2)
- Cada una de las cintas recogidas es una especie de clase magistral (Correo, urriak 3)
- Miren Azkarate alaba la modernidad y el valor de Eibartarren ahotan (Correo, urriak 3)
- Un archivo oral informara de la historia reciente de Eibar a traves de Internet (Bibliotecaris.org)
Argazki gehiago beste orrialde honetan eta flickerren.
Argazkiak Jose Valderreyk atera zituen. Eskerrik asko, Jose.
Tripaki-laiñuak eta Eztul-haixiak
Webgune honek amatasun bajan jarraitzen dau, baina tartetxo bat hartu dot Serafin Basaurik bialdutako berba batzuk ekartzeko.
Trunboik bere amari jasotakuak dira. Pooolittak!
TRIPAKI-LAINO
Ipar-laiñuak, baina goi-goikuak, trunboian aurretik datozenak.
Elexpuruk: (Antz., Ang) "Los cirros (nubes)"
Mugicak, "cirrus": ipar-odai (G), ipar-arraka (B), ipar-zelai (B), ipar-zeroi (G), edoi-argal, ipartzeroi.
Azkuek, ipar-laiño (B-l), ipar-lauso (B-mond), nubes precursoras del viento nordeste; TRIPAKI (2º) (B-i-m) nubes precursoras de vendabal, su forma es de terreno layado.
EZTUL-HAIXE
Eztarriko pikorrak-edo eragitten daben eztul ganorabakua.
Azkuek, EZTUL-AIZE (B-m) tos nerviosa; AIZE-EZTUL (b-Oñ) tos nerviosa.
Eibarko euskarak zenbat hiztun?
Lehengo egunian Amatinok galdetu zestan ia gaur egun zenbat hiztun eukiko dittuan Eibarko euskeriak; ia gure euskalkixak sekula horrenbeste hiztun euki dittuan.
Galdera zaila, baina denporia pasatzeko numero batzuk bota dittut, eta esango neuke gerra aurrian Eibarko euskeraz berba eitten zebenak gaur baino gehixago zirala.
Gerra inguruan Eibarrek 11000 biztanle zeukazen, eta %90 inguru euskalduna (baitta %96-98 be). Guztira: 10000 euskaldun inguru. Bota deigun %20 inguruko herrixetakua zala: 8000 hiztun eibarreraz zekixana. Bota deigun oindiokan gitxiago zirala: 6000-7000. Hori esatia ez dot uste astakerixia danik.
Gaur egun (2001eko datuak), 10000 euskaldun (9000 euskaldunzahar) dagoz Eibarren (5 urtetik gorakuak). Seguru asko, datuak puztuta egongo dira. Ez dot uste %80-85 eibarreraz berba eitteko kapaza izango danik. Euskeria eskolan ikasittako ume guztiak sartuko dira datu horretan, eta gehixenak sasi-batuan eitten dabe berba (nere loiben artian entzutzen dotena, behintzat, ezin da esan euskalkixa danik).
Gaur egun, benetan eibarreraz berba egingo dabenak (ondo edo txarto)... 3000? 4000? Auskalo, baina askoz gehixago ez gara izango. Egixa da Eibartik kanpora be jende asko juan dala, eta horrek gehittu biharko zirala, baina nekez helduko da gerra aurreko 6000-7000 lagunera.
Hau guztiau, jakina, realidadetik oso hurrian egon leike, baina baitta oso urrin be.
Goiko datuak ezertarako ez dabe balioko, baina zeozekin bete bihar blog hau, urtebete bete daben egun honetan. Zorionak Eibar.org-ko blog komunitateko blogari guztieri, urtebetetxo bat bete dogu eta. Holan hasi zan dana.
-DUN atzizkia Eibarren
Eibarren erabiltzen dittugun atzizkixen artian -dun da emmonkorrena. Sarri erabiltzen dogu, testuinguru eta berba askokin, eta gainera bizi-bizirik dago berba barrixak sortzeko.
Bi modutan erabiltzen dogu. Batetik, pertsona, gauza edo animalixa baten ezaugarrixa adierazteko. Esate baterako:
Abarkadun (baserritar), ahaldun, ajedun, atzamardun, hagindun, bizardun, bibotedun, berbaldun, buztandun, dirudun, eskoladun, euskaldun, erdeldun, fededun, hegodun, kopetadun (chica adolescente), koskordun, kulpadun, sinisdun...
Horretaz gainera, beste berba multzo bat sortzeko be balio dabe: lanbidiak. Beste inguru batzuetan -zale atzizkixa erabiltzen dabe horretarako (kamioizale = camionero), baina Eibarren, inguruko herri guztietan moduan, -dun atzikixak eitten dau lan hori.
Hamentxe adibide batzuk:
AHUNZDUN: cabrero
ANGULADUN: angulera
ARGIDUN: encargado del servicio de suministro de luz
ARRAINDUN: distribuidor de pescado
ARTODUN: repartidor de borona
ASTODUN: borriquero
EGURDUN: maderero
ERROSKADUN: rosquillero/-a
ESNEDUN: repartidor de leche
EZTIDUN: vendedor de miel
GANAUDUN: ganadero
GAZTAIDUN: vendedor de quesos
HAREDUN: arenero
IKAZDUN: carbonero
IZOZDUN: hielero
KAMIOIDUN: camionero
OILLARDUN: preparador de gallos de pelea
TAILLARDUN: industrial
TXARRIDUN: tratante de cerdos
URREDUN: vendedor de oro
Beste mordua be izango dira.