Margola, 1924
Nere aitxitxa, Luis Aranberri, "Margola" gatxizenakin ezagutu izan da Eibarren. Izen bereko tintorerixia euki zebalako.
Bere anai batek 1920. urte inguruan sortu zeban eta urte batzuk geruago nere aitxitxak hartu zeban tintorerixian arduria. Aitxitxa, aitta, ama,... tintorerixara lotuta dagoz nere barruan. Hango PER usaina, labadoratzarrak, erropa-multzuak, furgonetak... Aitxitxa bere buleguan, aitxa eta ni domeka goixetan erropia sailkatzen, eta ama alargunduta jo-ta-sua biharrian. Nere gaztaroko oroitzapen mordua PER usain horri lotuta dagoz.
Aste honetan, 1924ko aldizkari zahar baten, Margolako iragarki bat topau dot. Politta. Margolako logo zaharra, diabrua. Eta tintorerixako lanik arruntenak zerrendatzen dittu: "Limpieza en seco y tinte en todos colores. Negro permanente para luto y luto especial en doce horas". Izan be, antxiñako tintorerixetako lanik inportantienetakua ez zalako arropak garbittu eta plantxatzia, tintatzia baizik (askotan, lutorako).
Francon diktadura-sasoian, diabrua berde-gorrittu egin zeban aitxitxak.
Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastola - 50 urte (1960-2010)
Eibarko ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta urte guztian zehar egingo ditu hainbat ospakizun. Baina, berez, gaur betetzen ditu urteak gure Mogel Ikastolak. Hori dela eta, mahai-inguru bat izango da arratsaldeko 7etan Untzagako Zaharren Egoitzan. Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera jasotzen duen bideo bat aurkeztuko da eta ondoren mahai-inguru ireki bat izango da, 50 urte hauetan ikastolan izan garen ikasle, irakasle eta guraso guztien artean. Zu ere etorri!
- Lekua: Untzagako Zaharren Egoitza
- Ordua: 19.00
Esan bezala, gaur arratsaldeko ekitaldian bideo txiki bat ikusteko aukera ere izango dugu. Ikastolaren sorreran eta lehenengo urteetan protagonista izandako 8 lagun elkarrizketatu dira eta euren lekukotasuna utzi digute. Nola eta zergatik sortu zen ikastola? zer baliabide zituzten? zenbat ume? zer traba eta kezka gainditu behar izan ziren? zeintzuk izan ziren lehenengo irakasleak?
Guraso eta ikasleak Zezenbide kaleko ikastola parean, 1961. urtea
Eta hementxe 50. urteurrenaren inguruan sortu dugun bideoa, Untzagan erakutsi duguna eta Youtuben ere ikusgai egongo dena Mogeleko ikasle, ikasle ohi, senide eta irakasle guztientzat.
Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera
Bideo hori egiten jardun dugunok gidoi txiki bat jarraitu dugu gure lanean. Hauxe da, labur-labur, Ikastolaren sorreraren historia txikia.
Sorrera, zergatik eta zelan
Euskarak leku txikia zeukan orduko gizartean eta guraso talde batek pentsatu zuen bazela ordua euskarari toki handiagoa emateko: irakaskuntzan ere bere txokoa emateko. Baina zelan hasi? zein guraso zegoen prest bere haurra horrelako ikastola batera eramateko? legeztatu gabeko ikastetxe batera eramateko? eta irakas kalitaterik izango ote zuten? eta euskaraz irakasteko gai zen andereñorik? eta non ipini? Hasierako gurasoak, inguruko lagun eta senideentzat, zoro hutsak ziren. Nola eraman zitezkeen seme-alabak horrelako eskola batera?
Oztopo horien gainetik, euskaltzale batzuek ikastola bultzatzea erabaki zuten. Bost izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Andoni Idoiaga, Jose Garmendia eta Luis Aranberri. Nolabait esateko, eta asko laburbilduz, Imanol eta San Martin ideologoak ziren, euskalgintzatik eta kultura mundutik zetoztenak; Garmendia eta Aranberri, berriz, enpresagizon eta guraso euskaltzale amorratuak eta dirua ipini zutenak; eta Idoiaga legegizona, lege kontu guztiak bideratu zituena. 1959-1960 bitartean hainbat batzar egin zituzten Aranberriren Margola lantegian, proiektuaz hitz egiteko eta oinarriak jartzeko.
Jose Antonio Amilibiaren bitartez sortu zuten ikastola. Amilibiak Bergaran eta Elgoibarren ere sortu zituen ikastolak. Prokuradorea zen eta Bergaran bizi zen. Izatez ez zen benetako eskola bat, Amilibiaren jabetzako akademia pribatu bat baizik eta hasierako izena ez zen Mogel, "Escuela Urko" baizik. Eskolaren jabetza, berez, Jose Antonio Amilibiarena zen, 1968. urtean guraso elkarteak bere esku hartu arte.
Bi ikastola izan zituzten eredu, bai hezkuntza-sistemarako eredu, bai lege aldetik ikastola sortzeko egin beharreko urratsak argitzeko: Bergaran sortu berria zena, eta urte batzuk lehenagotik Elbira Zipitriak Donostian gidatzen zuena. Andereño euskaldun larregirik ez zegoen garai hartan, baina Mari Tere Munduate eskoriatzarra Eibarrera ekartzea lortu zuten.
Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzatutako proiektua da.
Haur taldea andereñorekin jolasean Zezenbiden, 1960. hamarkada erdialdean.
Lehenengo gela eta taldea
Ikastolaren lehenengo klasea 1960ko martxoaren 11an izan zen. Bidebarrieta 44. etxean egon zen Ikastola lehenengo urte eta erdian. Mari Tere bertan bizi izan zen, apopilo, familia batekin, eta etxe berean gela pare bat atondu zituzten eskolak emateko. Ikastola ireki bezperan ere igeltseroak berandu arte ibili ziren lanean.
Euskarazko liburu bakarrak: Martin Txilibitu eta Xabiertxo ziren. Ez zegoen beste baliabiderik, Mari Terek berak sortutako materiala eta imajinazioa besterik ez. 3-5 urte bitarteko umeak ziren eta Luis Aranberriren lantegiko furgoneta erabiltzen zen goizetan umeak etxerik etxe jaso eta ikastolara eramateko.
Lehenengo taldean 20 ume inguruk eman zuten izena, baina lehenengo eskola egunean 8 besterik ez ziren agertu. Lehenengo taldeko umeak ondorengoak izan ziren: Xabier Aranberri, Arrate Zumeaga, Izaskun Garate, Maria Jesus Garmendia, Bittor Urrutibeaskoa, Andoni Arrieta, Marivi Arrieta, eta Ana Etxeberria.
Gutxinaka-gutxinaka, baina, taldea ugaritzen joan zen, baita larregi handitu ere. Hasierako 20 umeko talde hori berehala handitu zen, gutxinaka baina etengabe, urtetik urtera kopurua bikoiztuz. 1960-1961 ikasturtean 20tik gora dira; 1961-1962 ikasturtean 46; 1962-1963 ikasturtean 85.
Bidebarrieta 44 zenbakian egon zen Ikastolaren lehenengo gela.
Zezenbidera, 1961-1970
Bidebarrietako gela txiki geratu zenez, 1961-1962 ikasturtean bi lokal erosi zituzten gurasoek Zezenbiden. Hantxe egongo da ikastola 1970 ingurura arte.
Garai honetan gurasoen lana izugarria izan zen, eta eurek atera zuten aurrera hasierako proiektua. Dirua bilduz, euren lan-orduak eskainiz, edozein kontutan lagunduz. Zuzendaritzan zeuden, besteak beste: Andoni Idoiaga, Serafin Basauri, Ramon Sarasua, Javier Sologaistua, Jesus Mari Iriondo, Juan Saban, Jose Moina eta Jose Mari Kruzeta. Lanaren ardura nagusia Serafin Basaurik hartuko du 1965-1972 bitartean. Bera izan zen Ikastolaren gidaritza eraman zuena eta Ikastolari lan-ordu gehien eskaini zizkiona.
Irakasleei dagokienez, Mari Tere Munduate irakasleak bakar-bakarrik egin zituen pare bat urte (zenbait hilabetez Marisa Arizaga plazentziarra ere kontratatu bazuten ere). 1963ko otsailean Marisol Aranzeta ere sartuko da. 1967an Amaia Aseginolaza sartuko da Mari Tereren ordez (familia izan nahi du eta 1974an itzuliko da ikastolara) eta handik gutxira, Margarita Murgizu, Marian Martiartu, Esther Onaindia eta Imanol Larrañaga (Marisol eta Amaiaren ordez).
Zenzebideko 2 gela, 1960. hamarkadan. Bidebarrietako lehenengo urteen ostean, Zezenbidekoa izan zen Eibarko Ikastolak izan zuen aurreneko ganorazko eskola.
Aro berria: 1970-1974
1970. urtea klabea da eta hortik aurrera ikastolaren aro berria hasiko da, zabalkunde eta hazkundearena. Haurrak gero eta gehiago, lokalak ere bai, ofizializazioa, Iturburu eraikitzeko proiektua... Erdi-klandestinitatetik ofizialtasunerako bidea.
Hasteko, 1970. urtean "Juan Antonio Mogel" izena jarri zion Ikastolari guraso elkarteak (nahiz eta izena, berez, 1975ko apirilaren 19an ofizialdu zen). Gainera, 1970. urtetik aurrera, ikasle kopurua dela eta, Zezenbideko eskola txiki geratzen da eta Eibarko hainbat tokitan hasiko da Ikastola zabaltzen, hasiera batean, batez ere, elizak lagatako lokaletan: Karmelitetan, San Andresen, Amañan, Urkin, Markeskuan... eta baita udalak lagatako lokaletan ere (Pagei kalean, Udaletxean, eta abar). Gurasoek "Inmobiliaria Cultural Eibar" sortu zuten, egoitzak erosi eta ikasgelak jarri ahal izateko.
1973ko uztailaren 23an baimena lortzen du OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakaskuntza emateko.
1968tik 1974ra bitartean, ikasleak 150etik 500era igotzen dira, eta irakasleak 3-4 irakasle izatetik 16 izatera igaroko dira (horien artean, lehen aipatutakoez gain, Libe Sarasua, Kontxi Berriozabal, Juan Mari Perez, Lourdes Ardanza, eta abar).
Hasierako urteetako andereño taldea, 1970. hamarkadan.
1974ko zuzendaritza: Andoni Idoiaga (presidentea), Imanol Laspiur (ordea), Imanol Larrañaga (idazkaria), Jose Moina (diruzaina), Martin Ugarteburu, Jose Mari elkoro, Manu Cabrera, Javier Iturriagagoitia, Jose Angel Agirre eta Jaime Lejardi. Eta aipatzekoak dira garai beretsuan ere zuzendaritzan izandako beste zenbait izen, adibidez: Julen Ereñaga, Javier Zubiaurre eta Delio Olabe.
1974. urtean Iturburuko ikastetxea eraikitzeko proiektuari ekin zitzaion (lanak 1976an hasi eta 1978an amaitu ziren).
Eta hortik aurrerako kontuak ezagunagoak dira.
Ikastolako ikasle taldea V-ko etxeko behekaldean, 1974. urtean. Urte gutxian izugarri hazi zen Ikastolako ikasle kopurua eta ikasgelan hainbat etxe eta lokaletan zabaldu behar izan ziren, Pagei kalean, Orbeaneko dorreetan, elizaren lokaletan...
Iturburu ikastola eraikitzeko lanak 1977ko neguan.
Ikastolaren taberna, Ifarkalean, 1977 inguruan. Iturburu ikastola eraikitzeko dirutza behar izan zen eta gurasoek taberna ipini zuten dirua lortu ahal izateko.
Erabilittako olixua birziklatzeko kontainerrak
Orain arte, Eibarren etxeko olixua birziklatzia ez zan erreza. Hamabost egunian behin, eguaztenetan, furgoneta bat zetorren Eibarrera, goizeko 9etan, eta bertan laga bihar zenduan olixua. Metodo makarronikua.
Astelehenetik aurrera, 17 kontainer edo ontzi berezi ipini dittue Eibarren zihar eta hantxe laga ahalko dogu gure etxeko olixo zaharra. Berandu, baiña tira, azkenian heldu dira holako ontzixak Eibarrera. Hauxe da kontainerren kokagunia: Urki, Sostoatarren, Romualdo Galdos, Tiburcio Anitua, Legarre, Isasi, Txantxazelai, Julian Etxeberria, Egogain, Bidebarrieta (2), Urkizu, Txonta, Carmen kalia, Barrena, eta Arrate.
Eibarren ez ezik, Debabarrena osuan ipini dittue olixo-ontzixak. Azken batian, Debabarreneko Mankomunitatiak kudeatzen dittu eskualdeko zaborrak eta birziklatze kontuak.
Olixua birziklatziak bi abantaila nagusi daukaz: gure etxietako hodixak eta errekak garbixago egongo dira; eta biodiesela sortu leike, energixia aurreratuta.
Animo! Eibarren birziklatzia ez da lan makala, baina merezi dau.
Argazkixa: Argazkiak.org | Olixua - Eibar © cc-by-sa: mikel
Bonbila (botila, botella)
Atzo arratsaldean afarimerienda izan genuen Eibarko Botellín elkartean. Eta sarreran, kristalera eder batean, elkartearen armarria, berba hauekin: "G.J.J. Bonbiltxo".
Karajo! Zer izango ote da hori? Botellín=Bonbiltxo? Eta koadrilako batek: "Bai ba, bonbilak botellak dira euskeraz".
Egunero ikasten dela zeozer.
Bonbila # iz. Ontzi aho-estua, gehienetan beirazkoa, edariak eta, oro har, likidoak edukitzeko erabiltzen dena. Botila handia. Botella; garrafón.
Halaxe agertzen da Labayrun, Elhuyarren eta Harluxeten. Baita Bergarako euskararen hiztegian ere, ohar honekin: "Oso adinekoek bakarrik oroitzen dute hitza".
Tira. Gazte gara gazte.
Saratsuegi-Azitain bidea edo Eibarko obretako atzerapenak
Hona hemen gezurren eta txapuzen kronologia:
- Orain dela 7-8 urte inguru erosi genuen gure etxea, Eibarko Saratsuegi (Sautsi) auzoan. 2002. urtea izango zen, gutxi gorabehera. Orduan esan zigutenez, 2005. urterako prest izango zen Sautsi eta Azitain josiko zituen errepidea.
- Usteak ustel.
- Auzokideak kexatu arren, errepide horren inguruko lehenengo mugimenduak 2006. urtean izan genituen. "La construcción comenzará en enero de 2007 y se finalizará en 8 meses".
- 2007ko urtarrilean hasi beharrekoa 2007ko urrian hasi zen. Orduan ere hilabete batzuetako lana omen. Fatxada hutsa; lur-mugimendu txiki batzuk besterik ez.
- Hilak eta urteak aurrera.
- 2008ko udan albiste gehiago: "El vial estará listo para marzo de 2009". Berriro ere zortzi hilabeteko epea.
- 2009ko urtarrilean, baina, beste 5 hilabeteko atzerapena. Errepidea 2009ko udan irekiko omen zen.
- Udan ez zen ireki, jakina, baina 2009ko irailean "amaitzen zeudela" esan ziguten udaletxetik. 2009ko urrian zabalik egongo zen, ziur-ziur.
- Ja!
- 2009ko urrian albiste gehiago: "El vial de Sautsi se abrirá a final de año".
- Kontxo! Urtea amaitu da barren!
- Azkenengo kapitulua, oraingoz, aste honetan bertan. Errepidea 2010eko otsailean amaituko dute. Berriro.
2005, 2007ko uda, 2008ko uda, 2009 hasiera, 2009 amaiera, 2010eko udaberria... Bai, azkenean asmatuko dute!
Eta, gainera, orain arteko guztia erdi-egia da! Orain arte egin dutena errepidearen lehenengo fasea da, bigarrena oraindik hasi ere ez baita egin (Iparragirre-Sautsi lotura). Beste 5 urte?
Sautsiko errepidearena, zoritxarrez, ez da salbuespena. Eibarren obra publiko guztiak atzeratzen dira infinituki. Adibide batzuk? Udaletxea (hainbat urtez lanak geldirik egon ziren), Coliseoa (dozenaka urtez izan genuen itxita), Portalea kultura etxea (luzatzeaz gainera arazoak ere izan zituen), Unbeko kirolgunea, Urkizuko torreetako lanak (hilabete batzuetarako lanak 2 urtez luzatu ziren), Errebal (amaituta behar luke eta hasi ere ez dira egin), Eibarko haurreskolak (Urkizukoa zein Amaña ta Urkikoa), trenbidearen gaineko pasealekua,... Ni umea nintzen, baina esango nuke Ipuruako Kiroldegia egiteko orduan ere hainbat eta hainbat arazo izan zirela. Tira, kontuan izan Plan Generala bera ere denboran mugarik gabe luzatu zela. Hiru urtean egitekoa ez-dakit-zenbat urtez luzatu zen (6? 7? 8?).
Eta inork ez dio ezer, ez du barkamenik eskatzen, ez du atzerapenaren erantzunkizunik hartzen edo ez du burua lurpean ezkutatzen. Gutxienez lotsatuko balira...
Sautsi-Azitain errepidea gaur egun (argazkia: Felix Morquecho, DV)
"Si Sabino viviría" (Iban Zaldua, 2005)
Si Sabino viviría
Iban Zaldua
Lengua de trapo, 2005
ISBN: 84-663-6831-5
238 orrialde
José Miguel López Belausteguieta detektibe trisexual eta mozkortiarrak lan berezia dauka esku artean. Nueva Euskadi planetako Tekno Buru Batzarrak lurrera bidali du misio arriskutsua bete dezan: XX. mendean hildako buruzagi jeltzale baten gorpua berreskuratu behar du, Nueva Euskadin bere ADN aztarnak behar baitituzte. Baina Tauro planetako etsaiek ahaleginak eta bi egingo dituzte Belausteguietaren asmoak zapuzteko.
Iban Zalduaren lehenengo eleberria. 2005. urtean eta gaztelaniaz argitaratutakoa. Umorea, zientzia fikzioa eta irreberentzia. Ganberrada hutsa. Bueno, ganberrada eta baita kritika sozial eta politikoa ere, horietarik ere badauka eta (dexente, nik uste).
Hasieran kosta egin zait haria hartzea, baina orriak igaro ahala gero eta gehiago gustatu zait, eta amaierarako nire-nireak nituen Josemi detektibearen abenturak eta desbenturak (beste kritika honetan ere berdina diote, liburuak onera egiten duela erditik aurrera). Leire Narbaizari ere gustatu zitzaion.
Gomendagarria.
Erlamiño, erlamiñua (erlabio, liztor)
erlamiño (erlabio). iz. Avispa (Vespa sp., eta beste batzuk).
Bai. Ta zikiña, koko zikiña. Porejenplo, erlamiñuak? Madarixak eta melokotoiak? Oiñ? Ta sagarrak bigun samarrak diranak? Danak joditzen jittuek! Sagarra hau dok, eztok? Eta sartzen jok eztena esaten jakona, zulatzen jok, ta handik erdiko zereraiño usteltzen jok egun bi-hiru barru.
Eibarren gehixenbat erlamiño erabiltzen da (forma arautua, erlabio), baina kulumiño be ezaguna da.
Hegoaldian jaso dittudan lekukotasunak:
- Kurubio, Kulubio, Urubio: Arratian, Busturialdean, Mungialdean
- Kurumiño, kulumiño: Lea-Artibain eta Durangaldean
- Erlabi(x)o: Debagoienean, Otxandion, Legution, Ubiden
- Erlamiño: Eibar, Bergara, Ermua, Elorrio eta inguruan.
- Liztor: Urola Kostan, Goierrin, Tolosaldean...
- Liztorbea edo liztabera (liztor txikitxoa): Urola Kostan
- Erlaztin: Imotzen
Oharrak:
- UZEI hiztegiak "gutxi erabilia" marka ipini detsa "erlabio" berbiari. Deba Ibar inguruko herri askotan horixe da, ba, forma bakarra!
- Hiztegi Batuan erlabio (ez erlamino) eta kurumino (ez kurubio) finkatu dira. Egongo da, ba, arrazoiren bat.
"Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak" (Elexpuru, 2009)
Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak
Juan Martin Elexpuru
Arabera (2009)
ISBN: 978-84-95774-22-4
150 orrialde
Durangoko Azokaren bezperan kaleratu zuen Elexpuruk hau liburuau. Iruña-Veleiaren historia eta istorioak, euskal ostraka guztien argazkiak, testuak, Lakarra eta Gorrochateguiren txostenen komentarioak, kritikak,... Orain dela 4 urte inguru ostraken berri izan genuenetik hona izan diren gorabehera guztiak azaltzen ditu bergararrak. Aztarnategiaren historia, hasierako harridura eta ilusioa, faltsukeriaren oihartzuna, batzorde teknikoaren txostenak, azken urtean argitaratu diren beste txostenak... Batez ere euskarazko grafitoen inguruan dihardu, baina beste gai batzuk ere jorratzen ditu zeharka.
Elexpuruk argi dauka ostrakak benetakoak direla (edo izan daitezkeela, behintzat) eta horren aldeko hainbat datu eta hausnarketa ematen ditu. Beharbada, horixe da gutxien gustatu zaidana. Elexpuruk datu ugari ematen du euskarazko idazkunak benetakoak direla pentsa dezagun, baina zalantzari zirrikitu txikiena ere utzi gabe. Zalantza punttu hori, argitu gabe dauden hariak... horien inguruko hausnarketa batzuk eskertuko nituzke.
Azken urteotan izandakoak gertu-gertutik jarraitu dituen irakurleak ez du datu berri-berririk aurkituko liburu honetan. Izan ere, liburuan aipatzen diren datu gehienak lehenago ere argitaratu izan dira, Elexpuruk berak edo beste hainbat tokitan (ikus, adibidez, Elexpururen bloga, Ostraka euskalduna, Veleia.org, Alava.net edo Ricardo Gomezen Delicious kontua). Veleiaren berri ez baduzu orain arte izan, ostera, liburua gustura irakurriko duzu; eta, bestela ere, liburu honek orain artekoaren laburpen ona egiten du. Betiere benekotasunaren aldetik kontatuta, jakina.
Ez ditu nire zalantza eta uste ilun guztiak argitu, baina Veleian gertatutako gorabeherak ezagutzeko argitalpen egokia da. Irudiz oso ondo hornitua, datu askorekin eta jarrialdi batean irakurtzeko modukoa.
Zalantzarako tartetxoa, behintzat.
Mendiak, "elurtuta"?
Ba, bai. Gure inguruan, behintzat, 1etik 100era igo da "elurtuta" aditza. Asteburuko elurjausiaren ostean, mara-mara entzun dugu "elurtu" aditza han eta hemen. Adibiderako, Sustatun argitaratutako albiste hau:
"Euskal Herria ELURTUTA asteleheneko ESAren satelite-irudian. Paisaia ELURTUAK urtzen ari dira, baina satelite irudietan gordeta geratu dira. ESAren sateliteen irudietan Euskal Herri ELURTUAREN argazki hau atera zuen."
Esango nuke, gure inguruan behintzat, "zurittu" aditza edo "edurrak estali" moduko perifrasiak erabiltzen direla, baina ez "elurtu".
Hiztegi gehienetan agertzen da, egia esan (Elhuyar, Labayru, 3000...), baina Hiztegi Batuan "gutxi erabilia" marka dauka (1) eta Orotarikoan oso-oso fitxa laburra (2). Tradizio txikiko berba dela esango nuke (Hegoaldean, behinik behin), eta gaztelaniazko "nevar/nevado" bikotearen eraginez gero eta hedadura handiagoa hartzen diharduena. Erosoa da, bai; batez ere, itzulpenak egiteko orduan.
Eibarko eta Bergarako hiztegi digital handietan ez dago, esate baterako (www.eibarko-euskara.com
eta www.bergarakoeuskara.net). Adierazgarria begitantzen zait.
Erabili daitekeela? Jakina. Zuzena dela? Jakina. Baina "zuritu" erabili ordez "elurtu" erabiltzen hasi bagara, garbi dago zein den arrazoi nagusia.
Eta? Zer diozue zuek? Eta zuen aittitta-amamek? Mendiak "elurtuta" edo "zurituta" ikusten dituzte?
Secundino Loidi "Panpo" hil da
Secundino Loidi Eibarko udaletxian jaixo zan 1919ko uztailaren 1ian. Bere aitxa Eibarko udaletxeko konserjia zan eta hantxe zabaldu zittuan begixak Secundinok. 1920-1930 hamarkadetako Eibarko politikia zuzen-zuzenian bizi izan zeban eta gaztetatik euki izan zeban politikarako zaletasuna. Sozialista amorratua zan "Panpo".
Orain dala 10 urte inguru, Eibartarren Ahotan proiektuakin hasi giñanian (Eibarko memoria historikua eta euskeria jasotzeko proiektua) bera izan zan elkarrizketatu genduazen pertsonetako bat. Gizon agradablia eta apala, hainbat barriketaldi euki genduzen Secundinokin. Gehixenbat republikia eta politikia aittatu genduzen, baiña baitta bizikletak be, Club Ciclistako arduradun, antolatzaile, presidente eta bihargin izan zalako hainbat urtian.
Atzo jakin neban hil dana. Asko sentidu neban.
Entiarro zibila egin jakon, zelan ez.
Hamentxe berari jasotako lekukotasun bat, ahal dan moduan (eta lege oharrari jaramonik egin barik) Egoibarra.com webgunetik ekarritta. 1931ko "katorzedeabrilian" gertautakuak kontatzen dittu. Udaletxeko atiak goizian goizo eregi bihar izan zittuela eta bera izan zala bandera errepublikanua udaletxera eruan zebana (12 urte zekazen orduan). Bere albuan Salvador Marzana eta Aurora Baskaran dagoz barriketan.