Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Aragoieraren historiaz eta egungo egoeraz

Asier Sarasua 2016/03/09 08:50
Euskaldunak hizkuntza-komunitate gutxitu bateko kide garen arren, esango nuke nahiko gutxi dakigula inguruan ditugun beste hizkuntza gutxitu batzuetaz. Ber-bertan ditugu, esate baterako, okzitaniera eta aragoiera, historikoki Euskal Herrian ere mintzatu izan direnak, eta nik neuk, behintzat, ezer gutxi dakit hizkuntza horien historiaz edo egoeraz. Egunotan "El aragonés en el siglo XXI" liburua irakurri dut. Interesgarria, egoera larrian dagoen hizkuntza gutxitu horren inguruan ikuspegi orokor bat izateko, historiaz, orainaz eta geroaz.

El aragonés en el siglo XXI
López Susín (coord., et al)
Fundación Gaspar Torrente, 2013

Historia

Hizkuntza erromantzea, ingurukoekin batera sortu zen IX-X mendeetan, Pirinioetako eskualde mugatu batean, gaur egun Huesca iparraldea dena.

Erdi Aroan izugarri indartu eta hedatu zen, ordea, Aragoiko Koroa zabaltzearekin batera, eta birkonkistarekin eremu handi batean erabili zen. 1300. urterako gaur egungo Aragoi osoan erabiltzen zen, eta baita inguruko lurretan ere (tartean Nafarroa, Errioxa, Soria, Guadalajara, Valentzia barrukaldea, eta abar).

Garai hartako agiri eta idazki ugari ezagutzen dira aragoieraz, nahiz eta gehienak ez literarioak izan: testu erligiosoak, itzulpenak, kronikak, idazki juridiko eta notarialak (testamentu, salmenta, legedi,…).

XIII-XIV mendeetako loraldi horrek gutxi iraun zuen, batez ere 1412an Trastamaren dinastiak hartu zuenean Aragoiko Koroaren gidaritza eta gaztelania bihurtu zenean erreinuko hizkuntza ofiziala.

Harrezkero, menderik mende, egoera diglosikoan geratu zen aragoiera: gaztelania hizkuntza nagusi, kultural eta “garapenarena” zen bitartean; aragoiera nekazari eta menditar ezjakinen mintzo zakarra besterik ez zen.

Egoera diglosiko hori gero eta nabarmenago izan da, XIX-XX mendeetan erabat zabaldu zena, eta gaur egun arte iraun duena. Oraindik ere, Aragoiko herritar askorentzat aragoiera ez da benetako hizkuntza bat, gaizki ahoskatutako gaztelania txar bat baizik; “hablar mal” edo “hablar basto” diote, aragoierari buruz dihardutenean.

Egoera diglosiko hori dela eta, literaturak oso leku txikia dauka hizkuntza honen historian. XVIII-XIX mendeetan zehar adibide bakanen bat dago: pastoralen bat, antzerkiren bat,… baina askotan aragoiera pertsonaia ezjakin eta komikoen hizkuntza besterik ez da (beste pertsonaiek gaztelaniaz egiten duten bitartean).

XIX-XX gehienean zehar, areagotu egin zen egoera hori; bazterreko hizkuntza izan da aragoiera, marjinalitatean bizi izan da literaturan ez ezik, gizarteko esparru guztietan, hala nola hedabideetan (ia-ia lekurik ez du izan).

Eboluzio demografikoak ere ez du lagundu. Alde batetik, aragoiera indartsuen zegoen eskualdeetako herri asko hustu egin ziren. Beste alde batetik, Espainiako beste lurralde batzuetako jende-andana heldu zen Huescara gerra ostean, kasu askotan estatuak ekarrita azpiegitura-lan handien karietara (trenbideak, urtegiak,...).

Eskolari dagokionez, ezer gutxi esan daiteke. Aragoierak sekula ez du izan lekurik irakaskuntzan, azken urteotako salbuespen txiki eta bakanetatik kanpo.

Kontzientzia linguistikoa ere oso-oso txikia izan da hiztunen artean. Konplexuak, autogorrotoa, diglosia,… euskaldunontzat hain ezagun diren fenomenoak, oraindik eta sustraituagoak eta biderkatuagoak izan dira Aragoin. Ondorioz, herri askotan bertakoa ezabatu nahi izan da, gazteei gaztelania ondo erakustea, aragoiera ez jakinen kontua delako, jende txiro eta zakarrarena, ez-hizkera bat; gaztelania, berriz, kultua, fina, gizartean aurrera egiteko bidea. Esan bezala, hizkuntza gutxitu gehienek jasan duten egoera, baina Aragoin askoz-askoz indar handiagoa izan duena. Oraindik ere kontzientzia linguistikorik eza da aragoierak duen oinarri-oinarrizko arazo larriena. Batzuentzat ez da benetako hizkuntza bat, erregistro informal eta kolokiala baizik, behe mailako ez-hizkuntza bat

Gainera, hizkuntzen arteko muga linguistikoak txikia izanik, bien arteko nahasketa ere etorri da maiz. Forma hibridoak oso arruntak dira hiztun askoren ahotan, batez ere eskualde erdaldunenetan eta hizkera ahulen dagoenetan. Patuesizazio horrek lortu du hizkuntza batek bestea ordezkatzea, nahi ezta, bizpahiru belaunalditan.

Horretan asko lagundu du, gainera, normalizaziorik ezak. Normalizazioa alderdi sozialean, erabileran, dignifikazioan,... eta normatibizazioan (nolabaiteko aragoiera “batua”, hizkuntza eredu jaso eta estandarra, oraindik ez da erabat finkatu). Horrek, jakina, muga nabariak eragin ditu kontzientzian, erabileran, zabalkundean, hedabideetako presentzian,…

Azken 30-40 urteotan iniziatiba txikiak sortu dira, eta gain-behera historikoari nolabaiteko draga jarri zaio, neurri batean, baina arazoak ez dira inolaz ere konpondu, eta aragoierak hiztunak galtzen jarraitzen du, besteak beste, hizkuntza-politika negargarri eta politikoki lerrokatutako baten ondorioz, eta gizartearen borondate ezaren ondorioz.

Emaitza? Aragoiera hilzorian dagoela. Hiztun gutxi-gutxi ditu, ia guztiak adinduak eta herri txikietako biztanleak, eta transmisioa erabat etenda dago. UNESCOren sailkapenaren arabera, aragoiera 3-4 mailen artean dago, hilzorian dauden hizkuntzen artean.

Aragoiera bizirik herriak eremua

Aragoiko hizkuntzen mapa, aragoiera bizirik dagoen herriak berdez adierazita.

 

Dialektoak eta hiztunak

Hiru dialekto nagusi edo historiko zehaztu izan dira, ipar-hego isoglosen bidez banatuta:

  • Sartaldekoa (Echo eta Camfran artean)
  • Erdigunekoa (Pantidosa eta Bielsa artean)
  • Sortaldekoa (Chistén, Benás, Bisagorri eta inguruan)

Gainera, hegoaldekoa ere zehazten da batzuetan, baina gaztelaniaren eraginak sortutako dialekto degradatua besterik ez da, hizkuntzalari gehienen arabera.

Gorago esan bezala, Erdi Aroan hedadura zabala hartu zuen. Aragoiko hizkuntza nagusia izan zen eta koroaren lur guztietara hedatu zen, gutxi-asko: Nafarroa, Errioxa, Gaztela eta Valentzia.

Gaur egun, ostera, gutxi gora-behera hizkuntzaren jatorrizko eremuan egiten da berba, Aragoi iparraldeko zenbait eskualdetan: gehienbat Jacetanían (batez ere Ansó eta Echo bailaretan), Alto Gállegon (Biescas, Sallent,... inguruan) eta Sobrarben (Broto-Torlako bailaran zein L'Ainsa-Chistén aldean), eta baita Hoya de Huesca, Somontano de Barbastro eta Ribagorzako herri batzuetan ere. Beste eskualde batzuetan dagoeneko desagertuta dago, nahiz eta aztarna ugari utzi dituen bertako hizkeran (batez ere lexikalak), adibidez Monegros iparraldean, baina baita Aragoiko beste eskualde guztietan ere.

Bukatzeko, hiztun berrien fenomenoa ere aipatu behar da. Ezin da konparatu euskaldun berrien fenomeno eta mailarekin, baina hiri handietan hiztun berri batzuk ari da lortzen aragoiera, bertan antolatzen diren ikastaroei esker, gehienbat Huesca eta Zaragoza hiriburuetan.

Aragoieraren dialektoen mapa

Aragoieraren dialektoen mapa, 3 eremu nagusiekin (sartaldekoa, erdigunekoa eta sortaldekoa).

Egungo egoera eta itxaropen printzak

Muturreko egoera kezkagarri horretan, azken urteotan nolabaiteko argi printzi txiki batzuk agertu dira.

  • 1976an Consello d’a Fabla Aragonesa sortu zen.
  • 1977an “Diccionario Aragonés” argitaratu zen, 40.000 sarrera dituena. Oraindik orain horixe da aragoieraren hiztegi onena, baina dialektala da, ez arautzailea.
  • 1987an “I Congreso ta ra Normalizazion de l’Aragonés" antolatu zen. Aragoiera batuaren nolabaiteko oinarriak ezarri ziren, batez ere grafia bateratua erabiltzeko. Hala ere, oraindik ez da erabateko batasunik, ezta erakunde eta idaztarau erabat onarturik ere.
  • Filologia Aragonesa” ikasgaia ere 1986-87 ikasturtean eman zen lehenengo aldiz unibertsitatean (Magisteritzako ikasketetan, hautazko moduan). Eta “Diploma de Especialización en Filología Aragonesa” sortu zen 2011-2012 ikasturtean.
  • Horrekin batera, batez ere azken 15-20 urteotan, ugaritu egin dira aragoierazko liburuak, ekoizpen literarioa, azterketa linguistikoak, eta hedabideetako presentzia (oraindik ere oso txikia, halere).
  • Aragoierazko ikastaroak ere ugaritu egin dira 90. hamarkadaz geroztik. Nagusientzat zein umeentzat. Haurren kasuan, eskolaz kanpoko ikasgaia da, ez eskolan araututakoa, eta herri gutxi batzuetan bakarrik daukate aukera hori (Aínsa, Benás, Biescas,…). Herritarren eskaera handiagoa omen da, baina Gobernuak ez du baliabiderik jartzen horretarako. 2013-2014 ikasturtean 456 ikasle izan ditu jarduera honek, 8 ikastetxetan.
  • 2009. urtean jaso zuen, lehenengoz, nolabaiteko ofizialtasun eta babes legala hizkuntzak, “Ley de uso, protección y promoción de las lenguas propias de Aragón” legeari esker.
  • Babes horrek, baina, oso gutxi iraun zuen, 2013an PP-ek (PARen laguntzarekin) aurreko hori derogatu eta legedi berria ezari zuenean, "Ley de lenguas de Aragón" moduan ezaguna, non aragoierari izena ere ukatzen zaion, LAPAPYP akronimoaren bidez ordezkatuz. Zorionez, 2015ean sortutako gobernu berriak azken hori derogatzeko asmoa dauka (irailean aurreratu zuten eta abendukoa da azkenengo adierazpen formalagoa).

Literatura aragoieraz

 

Ba ote etorkizunik aragoierarentzat?

Ez du erraza izango aragoierak aurrera egiteko. Hiztun gehienak oso nagusiak dira, eta herri txikietakoak. Transmisioa erabat etenda dago eta eskoletan ez da erakusten. Kontzientzia linguistikoa ere minimoa da. Egia da azken urteotan zertxobait aldatu dela egoera (hedabideak, argitalpenak, kontzientziazio-kanpainak, babes legala….), baina hizkuntza azkenetan dago.

Nahiko bizi dago Echo, Chistén (Gistáin) eta Benás (Benasque) inguruan. Tira-tira Ansó, Tena, Somontano eta Galligueran. Hilzorian edo hilda gainontzeko eskualdeetan.

Guztira 10.000-15.000 hiztun inguru izan ditzake (maila guztietakoak batuta), baina ganorazko estatistikarik ere ez dute, izan. Aragoiko populazio osoaren %1 ingurua, gutxi gora-behera. Pirinioetako eskualdeetako bizilagunak bakarrik aintzat hartuz gero, estatistikak apur bat hobeak lirateke. 2001eko ikerketa baten arabera, eskualde horietako %15ak ezagutzen du aragoiera eta %45ak ulertu.

Nahikoa izango ote?

Azken asteotan zenbait albiste heldu zaizkigu Aragoi aldetik. Bada hizkuntza-komunitate bizi baten oihartzuna ekartzen duenik (aragoiera-katalana-gaztelania itzultzaile automatikoarena, adibidez), baina gehiago dira komunitate linguistiko oraindik zatikatua adierazten dutenak (aragoiera batua sortzeko azkenaurreko ahaleginak ere kale egin du) eta gizarte erdiaren babes sozio-politikorik ez daukan hizkuntza bat marrazten digutenak (PP, PAR eta UPyD lege berriaren aurka azaldu dira).

I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoa: kronika txiki bat

Asier Sarasua 2016/03/03 21:35
Joan den asteburuan ospatu da Busturian I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoa. Mugarri bat. Lehenengo aldiz elkartu gara gure inguruko txorizale guztiak gure zaletasun (eta batzuentzat lanbide) den honetaz berba egiteko. Ondo antolatutako jardunaldiak izan dira, alderdi pertsonaletik oso aberasgarri, eta komunitatearentzat ere, nire uste apalean, urrats handi bat.

Euskadiko I. Kongresu Ornitologikoa antolatu da asteburuan Busturiako Madariaga Dorrean, Bioaniztasunaren Zentroan (Urdaibai, Bizkaia). Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta (Jaurlaritzaren babesarekin), 80 lagunetik gora bildu gara 3 egunez Euskal Autonomia Erkidegoko hegaztiei buruzko esperientzia, ezagutza eta iritzi ezberdinak partekatzeko helburuarekin.

Mugarri moduko bat izan da. Izan ere, txorizaleak asko izan arren (gero eta gehiago), eta nahiko aktiboak, hauxe izan baita guztiok foro berean elkartu garen lehenengo aldia.

Kongresuaren helburu nagusiak 2 ziren:

  1. Euskadiko (EAEko) hegaztien ezagutzaz, jarraipen-programez eta kontserbazioaz jardutea.
  2. Txorizaleon topaleku izatea, orain arte sarritan bakarka, isolatuta (eta zenbaitetan elkarri mokoka) jardun dugulako. Kongresua lehenengo urratsa izan daiteke harremanak eta kolaborazio-sareak sustatzeko.

Eta hantxe elkartu ginen asteburuan 80 lagundik gora, oso aberasgarri izan den Kongresuan. Oro har, alderdi gehienak positibotzat joko nituzke:

  • Oso ondo antolatuta egon da: aretoa, baliabideak, cateringa,... Zorionak Aranzadi elkarteari eta sustatzaile nagusi izan den Juan Arizagari.
  • Hitzaldi/hizlari gehienen maila ona edo oso ona izan zen; gaien interesa ere bai. Ordutegia ere zehatz bete zen, eta hori oso-oso garrantzitsua izaten da horrelako ekitaldietan (begi onez, suitzar bat ipini zuten denbora neurtzen, eta Nadja Weisshauptek bikain bete zuen bere lana).
  • Jende askotxo bildu zen, komunitatearen bilgune izateko helburu hori ere lortu du, hortaz, neurri handi batean, eta hori berri pozgarria da. Hantxe geunden, gutxi-asko, horrelakoetan ibili garen gehienok; aurpegiak jarri dizkiegu interneten, foroetan, txostenetan,... agertzen diren izenei.

Alderdi ez hain onak ere izan ziren, baina:

  • Lurraldetasuna. Zer da "País Vasco"? Zer Euskadi? Euskaldunok garbi dugu zer den Euskal Herria, behintzat. EAEko kongresua izan da, huts-hutsean. Alderdi hau aztertu beharra dago, gutxienez.
  • Euskararekiko ardura eza eskandalosoa izan zen. Minimorik minimoena ere ez zen bete; kasu batzuetan ezta kortesiako "kaixo-agurrak" ere. Euskararen presentzia hutsa izan zen (igandean ez nintzen egon; ezin horren berri eman). Bioaniztasunaren Zentroan, hizkuntza aniztasuna ez zen aintzat hartu. Hau konpondu beharra dago, bai ala bai.
  • Jarraipen-programak eta alderdi zientifikoa etengabe aipatu ziren arren, esango nuke kontserbazioaz gutxiago jardun zela. Eta zertarako lehenengo biak, hirugarrena bermatzeko ez badira? (egia da 3. eguneko hitzaldiak horri buruzkoak izan zirela, baina hala ere, ikuspegi orokorraz dihardut).
  • Oker egon naiteke, baina ez nuen ikusi bideokamerarik. Interesgarria litzateke, dagoeneko, hitzaldiak editatuta eta sarean egotea. Hurrengo baterako iradokizuna.
  • Bertaratutakoen adina. 40-45 urtetik gorakoak ia guztiak. Komunitatearen isla? Ez dago erreleborik? Berdina pentsatu nuen elkarte batzuen osasunari dagokionez. Aranzadi Elkartea eta Itsasenara Elkartea indartsu ikusi nituen, baina zer egoera dago Bizkaian edo Araban? Zer gertatzen da Gipuzkoa barnealdean? Eta non zegoen SEO? (Nafarrak, ostera, indartsu daudela esango nuke; oso indartsu).

Alderdi pertsonaletik: ni beti satelite samarra izan naiz honetan. Itsasenarako bazkide naiz bere sorreratik (1992tik), baina ez kide aktiboegia (lehenengo urteetan izan ezik). Esango nuke "otso bakarti" antzekoa izan naizela (epizentro ornitologikoetatik urrun, Gipuzkoako errebalean), eta azkenaldian nahiko inaktiboa ere bai (2002-2012 bitartean, nahiko lagata izan dut ornitologia). Horregatik pizgarri egin zait Kongresua, eta indarberrituta itzuli nintzen etxera zapatu gauean.

Hiru egun izan ziren (ostiral-igande, otsailaren 26-28 bitartean). Azkenengora ez nintzen joan. Lehenengo bietakoen kronika txiki bat egingo dut.

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

 

Sarrera hitzaldiak, euskal ornitologiaren historiaz (Telleria eta Galartza)

Niretzat gaztetan erreferente izandako bi hizlari izan genituen bariku arratsaldeko hitzaldietan, Jose Luis Telleria eta Aitor Galartza. Euskal ornitologoen artean, aitzindarietakoak izateaz aparte, lan asko eta prestijiozkoa egin dutenak. Karrera bukatzen nengoela, eurak biak ziren ezagutzen nituen ornitologo profesional bakarrak; beraien liburuak eta artikuluak ere irakurri nituen garai hartan, eta niretzat erreferente izan ziren txorizaletu nintzenean. Orain, Kongresua irekitzen topatu nituen biak.

Jose Luis Telleria: Euskal ornitologiaren historiaz eta egoeraz

Jose Luis Telleriak oso hitzaldi atsegina eman zuen, euskal ornitologiaren historiaz. Horrelako kongresu bat hasteko (gehienbat lehenengoa bada), modu aproposa iruditu zitzaidan. Madrilgo unibertsitateko irakaslea da Telleria, Euskal Herrian daukagun ornitologorik ezagunenetakoa.

Euskal ornitologiaz ez ezik, ornitologiaren historiaz jardun zuen, ikuspegi historiko eta zientifikoa uztartuz. Ondoren, gure historia hurbila ondo laburbildu zuen (batez ere bere gaztarokoa, euskal ornitologiak lehenengo urratsak eman zituen garaikoak, 1950-1970 bitartekoak).

Gaur egungo egoera aipatuz amaitu zuen hitzaldia, 3 eragile handien laburpena eginez (ondorengo hitzaldietan asko aipatu zen hiruko eskema hau):

  • Txorizaleak: asko gara eta aktiboak; lan polita egiten dugu eta ohituta gaude jarraipen-programetan parte hartzera eta elkarteen inguruan antolatzera. Komunitate sendoa daukagu; hauxe dugu tripodearen hankarik indartsuena.
  • Administrazioa: ez da txaloak jotzekoa, baina gutxi gora-behera euren lana nahiko txukun egiten dutela aipatu zuen. Gestoreen artean aipatu beharrekoak dira, baita ere, taldeak eta elkarteak.
  • Zientzia: hauxe da Euskal Herrian herren daukagun arloa, komunitate zientifikoarena. Benetako ikerketa oso gutxi egiten da, ez dago komunitate zientifiko sendorik ornitologiaren arloan dabilena, Unibertsitatean ez dago lan horretan diharduen ikerketa-talderik... Alderdi hau hobetu beharra dago.

Gustatu zitzaidan hitzaldia, eta gustatu zitzaidan amaiera aldera emandako ikuspegia. Iradoki zuen txorizaleak eta zientzilariak neurri batean banatuta gaudela, eta horixe dela gainditu beharreko koxka: zaleek urrats txiki bat eman behar dutela, euren inplikazio-maila areagotuz, behaketa-jarraipenak egiteaz haratago (zientzia egiteraino); eta zientzilarien lana dela, bestalde, zaletuak erakartzea eta eurekin kooperatzea. Harreman hori bidirekzionala izan behar da, erreziprokoa: zientzilarien esku dago jendea erakartzea eta heztea, baina baita horrekin batera ere, zientzilarien datuak komunitatearen esku jartzea (azken hau nik gaineratu dut; erabat kezkatzen eta amorrarazten nauen gaia da-eta).

Aitor Galartza: Urdaibaiko Naturgunearen historiaz

Ondoren Aitor Galartzaren txanda izan zen, eta Urdaibaiko Biosferaren azken 40 urteotako historia laburbildu zuen, 3 garai nabarmenduz (Star Wars sagako izenburuak erabilita):

  • La amenaza fantasma: 70. hamarkadan, beste hezegune gehienak bezala, Urdaibai lehortzeko eta desagertzeko zorian egon zen. Garapen totalaren sasoia zen.
  • El despertar de la fuerza: Francoren heriotzak ez zuen egoera aldatzea lortu. Trantsizio garaian ere hainbat proiektu faraoniko bideratu nahi izan ziren Urdaibai erdian: golf zelaiak, urbanizazioak, estropada-eremuak,.... Baina 1979-1980 inguruan talde ekologista txiki bezain aktibo bat sortu zen Gernikan, zarata handia egiteko gai izan zena, hedabideetan leku dexente eskuratu zuena,.... eta Urdaibai salbatzea lortu zuena. Anton Aranburu ere aipatu zuen Galartzak (Telleriak bezala), administraziotik Urdaibai babesteko lan handia egindakoa ("Urdaibai" izena ere berak "sortu" zuela ulertu nion, ordura arte "Gernikako Itsasadarra" izenez ezagutzen zena berrizendatzeko, izen komertzialago baten bidez).
  • Una nueva esperanza: aurreko urteetan egindako lanari esker (presio soziala + ikerketak), Gernikako itsasadarra Urdaibaiko Biosferaren Erreserba bihurtu zen (eta ehiza babesgune) 80ko hamarkada erdi aldera. Galartzak esan zuen milagro moduko bat izan dela Urdaibaik bizirik irautea, inguruan daukan presio politiko-turistiko-urbanistiko izugarria gaindituz.

Hala ere, milagro hori, ez dago arriskutik kanpo. Alderantziz: azken 20 urteotan koniferoen basoberritzeak ez dira gutxitu, pinudiak eukaliptadi bihurtzen ari dira, gizakiaren presioa izugarria da Biosfera osoan (turismoa, hondartzak, giza jarduerak), orain gutxi berriro dragatu da eremu handi bat Muruetako ontziolarentzat, ez dago inolako araudirik aisialdiko jarduera mugatuko duena,... Hain eremu txikia izanda Urdaibai, daukan presioa izugarria da, eta eraginak nabariak dira. Urdaibai ez dago salbu.

Itxaropen txiki bat piztu da Urdaibai Bird Centerrarekin: babesgune bihurtu da, giza inpaktoa txikiagoa da ingurune hartan, eta hegazti dexente ikusi daitezke Oruetako paduran (batez ere anatidak, hori bai). Horrek erakusten du, eremu bat ondo berreskuratzen bada, nahiz eta txikia izan, eta gizakiaren eragina murrizten bada, azkenean emaitzak lortzen direla.

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

 

Jarraipen-programak

Zapatu goizeko lehenengo saioak jarraipen-programen inguruan bideratu ziren. Aukeran lartxo eta azkarregi (batez ere lehenengo hiztunek), baina kalitatez ondo, eta gustura jarraitu genituen gehienok.

Hitzaldi nagusia Juan Arizagarena (Aranzadi) izan zen (kongresu honen alma mater eta antolatzaile nagusia). Herritarren zientziaz jardun zuen, eta Ornitho.eus plataformaren datuak emateko aprobetxatu zuen (Aranzadik/Jaurlaritzak bultzatu nahi duten datu-basea). 2015a izan da plataformaren lehenengo urtea, eta urtebetean 500 erabiltzaile eta 60.000 behaketa lortu dituzte, %90 hegaztienak. Ondoren, 2017-2019 urteen artean egingo den Euskadiko Hegaztien Atlasaren proiektua aurkeztu zuen. Ondo bideratuta dago, gehienbat Gipuzkoan. Dagoeneko eman dut izena! ;)

Ondoren  hitzaldi-aurkezpen laburren txanda etorri zen. Gorka Belamendiak (Ataria-Salburua) zikoinak Araban daukan egoera azaldu zigun; Maite Louzaok (AZTI) hitzaldi interesgarria eman zuen ozeanografia eta hegaztien inguruko ikerketak uztartuz; Luis Lobok (Gasteizko udala) Salburuako hezeguneen berreskurapena azaldu zuen (1995-2015), nahiko ikuspegi itxaropentsua eskainiz (ez arrisku barikoa, hala ere); Javier Ferreresek (Itsasenara Elkartea) Gipuzkoan berragertu diren 2 espezieren inguruan jardun zuen, azken urteotan berriro gure artean diren ubarroi mottodunaz (Phalacrocorax aristotelis) eta okil ertainaz (Dendrocopos medius), berri pozgarria; ondoren, Agurtzane Iraetak (Aranzadi) EMAN sarea aurkeztu zigun; eta amaitzeko, Rafa Garitak azaldu zigun, zelan fototranpeoa erabiltzen ari diren Aketxeko matxiplaka (Hydrobates pelagicus) kolonia hobeto ezagutzeko, oso datu interesgarriekin.

Ikerketa ornitologikoak

Kafearen ostean (tira, kafea baino gehiago hamaiketakoa izan zen) ikerketen txanda heldu zen. Asteburuan behin baino gehiagotan azpimarratu zen bezala, Euskal Herrian ez dugu punta-puntako ikerketa ornitologikorik egiten (besteak beste, Unibertsitatean ez dagoelako ornitologia lantzen duen ikerketa-talderik), baina egin egiten da, eta horren erakusgarri izan ziren txanda honetako hitzaldiak.

Iñigo Zuberogoitiak (Icarus SL) ireki zuen hitzaldi-sorta, Bizkaiko belatz handien (Falco peregrinus) inguruan egindako ikerketen datuekin. 20 urteko lanen errepaso sakona egin zuen. Nadja Weisshauptek (Aranzadi) azaldu zigun perfiladore eta kamara termikoen bitartez nola jarraitzen duen paseriforme txikien migrazioa gauez; Maite Louzaok bigarrengoz hartu zuen hitza, oraingoan Atlantikoko beste muturrean kumatzen duten atun-txorien ibilerak aipatuz (Maite izan zen, larunbat osoan, euskarazko esaldi bakarra esan zuen hizlaria; bakarrik horregatik, nire eskerrik beroena Maiteri); Alejandro Onrubia (Fundación Migres) etorri zen ondoren, txinbo burubeltzaren datuak aurkeztu zituen, populazioa nola aldatzen den ingurunea aldatzen den heinean; populazio-dinamikaren azterketaren adibide polita izan zen (bizi-iraupena, ugalkortasuna, demografia,...). Ondoren, Aranzadiko bi kidek hartu zuten hitza (Jose M. Sánchezek eta Sergio Delgadok), ur-zozoaren (Cinclus cinclus) eta kaio hankahoriaren (Larus michaellis) inguruan egindako ikerketen laburpenarekin. Jarraian, Gorka Burgosek Bizkaian urubiarekin (Strix aluco) egiten hasi diren ikerketaren aurrerapena eman zigun (strigidoen datuak jasotzeko metodologia ezagutzeko hitzaldi aproposa). Eta hitzaldi-sortari bukaera emateko, rara avis bat izan genuen txorizaleen artean, historialari bat (Jesús Muñiz), Bizkaiko eskultura gotikoetan aurki daitezkeen hegaztien irudikapenen berri emanez.

Hegaztien jarraipenaren inguruko mahai-ingurua

Larunbat arratsaldean bi mahai-inguru izan genituen. Lehenengoa hegaztien jarraipen-programei buruzkoa. Interesgarria, nahiz eta nik uste ez zitzaiola nahikoa etekinik atera. Hizlari bakoitzak berea esan zuen, ez zen egon benetako eztabaidarik, eta hainbat gai garrantzitsu laga ziren aipatu barik: Nola antolatu behar dugu hau guztiau? Zer egiten dugu ondo? eta zer ez hain ondo? Zer hegazti-talde izan behar dira lehentasuna? Zergatik ditugu 2 plataforma datuak sartzeko, eBird eta Ornitho? Zer eskaintzen du azken horrek lehenengoak eskaintzen ez zuena? Eta hor datuak sartzen ditugun erabiltzaileok, zergatik ez dugu sarrera zuzenik datuetara?

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

Mahaian 3 hizlari, Jose M. Fernández (HAZI), Juan Carlos del Moral (SEO) eta Héctor González (Itsasenara). Javier Rodríguez (Aranzadi) moderatzaile lanetan. Del Moralek SEOren lanaren inguruko informazioa zabaltzeko aprobetxatu zuen. Fernándezek, berriz, "zertarako" galderan ipini zuen azpimarra: zertarako nahi ditugu jarraipen-programak eta zentsoak? Ez badugu zehazten zertarako nahi ditugun datuok, ezingo dugu ondo finkatu metodologia eta datuen azterketa, eta jasotako informazioak ez digu balioko ondorengo kontserbazio jardueretarako, edo erakundeen aldetik etorri daitezkeen kudeaketa-planetarako. Hećtor Gonzálezek hartu zuen hitza ondoren, eta Gipuzkoan egin diren jarraipen-programen zerrenda egin zuen, zer egin den, zer utzi den, problematika, eta abar. Elkarteen lana nabarmentzen saiatu zen, SACRE bezalako lan indibidualagoen alboan, elkarteek eratzen duten sarearen garrantzia azpimarratuz, komunitatea ehuntzen dutelako.

Hector bera izan zen aurrena arazoetako bat plazaratzen: jarraipen-programetako partaideak gutxitzen ari dira eta zahartzen (kongresuko partaide gehien-gehientsuenak 40 urtetik gorakoak ginen). Azken urteotan txorien mundura gerturatu den jende asko, gainera, konprometitzeko gogo gutxirekin dago: argazkilaritza gustatzen zaio, espezie arraroak ikustea, blogean edo Facebooken argitaratzea... baina ornitologiarekin zerikusi zuzenagoa daukaten jardueretan parte hartzeko gogorik gabe (zentsoak, behaketen datuak partekatu, ikerketetan lagundu,...).

Hectorrek jarritako gaiak luze jo zuen. Publikotik, Alejandro Onrubiak esan zuen txorizaleok ez dugula jakin bistaratzen (gizarteari eta erakundeei) jarraipen-programen garrantzia. Eta hori barik, jendea ez dagoela konprometitzeko prest (esfortzu eta lan bat eskatzen dute horrelako programek). Lortu behar dugu bistaratzea, gure datuak ezinbesteko direla kontserbaziorako.

Arazoa da, hala ere, azkenaldian txorizaletasunera hurbildu diren asko, ez direla hurbildu kontserbaziotik, naturzaletasunetik edo ekologiatik (garai batean, "gure garaian", ohiko zen moduan). Gehiago hurbildu dira argazkilaritzatik, edo nolabaiteko 'kolekzionismoaren' ikuspegitik,... Guztiak ere zilegi, jakina, baina jarraipen- zein kontserbazio-lanetarako ez hain baliagarri. Beharbada, prozesuaren kurba normala da: txorizaleen oinarria handitu arren, kontzientziatutakoena ez da neurri berean hazten. Normala.

Oinarri hori handitzeko, hezkuntza-plangintzen premia azpimarratu zuen Nadja Weisshauptek, eta Suitzan egiten diren programen berri eman zuen. Juan Arizagak gaineratu zuen, elkarteen arteko koordinazioa ere oso garrantzitsua dela kontzientziazio lan horretan.

Arizagak beste gai bat ere ipini zigun mahai gainean: gutxi gara, lurralde txikia da, eta hala ere ez gaude koordinatuta eta oinarri-oinarrizko lana ere falta zaigu. Esate baterako, komunitate moduan, oraindik ez dugu erabaki zeintzuk diren gure lehentasunak, eta zeintzuk gure baliabideak horri aurre egiteko (zer espezie jarraitu, zer metodologiarekin, nola koordinatu, eta abar). Oinarrizko hori koordinatzetik abiatu beharko ginateke.

Fernandezek eta Del Moralek erantzun zioten, funtsezko gai horiek legez zehaztuta daudela neurri batean (direktibak eta arrisku-irizpideen araberako protokoloak,...), eta beste herrialde batzuetako ereduak ere baditugula. Beharbada, gure lana izan beharko litzateke erakundeak bultzatzea lan hori babestu dezaten. Publikotik erantsi zen, erakundeei parte-hartze zuzena ere eskatu behar zaiela. Hau da, espezie batzuetan, beharbada, erakundeak arduratu behar direla zuzenean jarraipen-programetaz eta zentsoetaz, eta ez lan guztia txorizaleen esku laga, bestela bolondresak erre egingo garelako hainbeste programatan parte-hartzen. Baina erakundeen aldetik, ba ote horretarako borondate eta dirurik? Horixe izan zen Gorka Belamendiak bota zuen galdera. Ez dirudi horretarako borondate tinkorik dagoenik; are gutxiago datu-bilketatik ateratako emaitzen ondorioz martxan ipini beharreko kontserbazio-proiektuetarako diru-partidarik.

2. mahai-ingurua: Euskadiko Hegaztien Batzordearen eraketa

Larunbateko azkenengo saioa berezia izan zen. Mahai-inguru moduan planteatuta, benetan Batzorde Abifaunistiko bat eratzeko lehenengo urratsa izan zen. EAEko (?) ornitologo guztien bilgune izango litzatekeen Batzorde batena. Horrelakoak arruntak dira beste herrialde batzuetan, oso aberasgarri izango litzateke guztiontzat, eta ia-ia derrigorrezkotzat jo genuen han geunden guztiok. Hegaztizaindia moduko bat, nolabait esateko ;).

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

Juan Arizaga (Aranzadi), Javier Ferreres (Itsasenara), Gorka Gorospe eta Gorka Belamendia (Ataria) egon ziren aurkezpen-mahaian, eta euren esku egongo da Batzorde berri honen lehenengo urratsak ematea.

Arizagak egin zuen sustatzaile lana, eta hainbat galdera ere bota zituen Batzorde berriaren osaketa eta funtzioen inguruan (ez zuen eman astirik denak eztabaidatu eta erantzuteko). Batzorde hori nolakoa izan beharko litzatekeen laburbildu zuen, eta ados nago erabat: batzorde independientea, gaitasun zientifiko eta tekniko handikoa, egun ditugun elkarte eta erakundeen lana zapalduko ez duena, euskal ornitologoen aglutinatzaile eta gai orokor zabalak adosteko gune beharko lukeena

Laburbilduz, batzordeak izan ditzakeen lan nagusien artean egon daitezke:

  • Euskal txorizaleon bilgune izatea (esan bezala, sarritan nahiko banatuta jardun izan dugu, bakarka edota erreinu txiki isolatuetatik elkarri mokoka).
  • Gure lurraldeko hegaztien zerrendak osatzea (espezieak zerrendatzea, izendegiak osatzea, kategoriak eta estatusak zehaztea...).
  • Urtekari ornitologikoak osatzea.
  • Komunitatearen lan-ildo estrategikoak zehaztea.
  • Bizpahiru urtetik behin Euskadiko Kongresu Ornitologikoa antolatzea.

Publikotik zenbait puntu eztabaidagarri ere aipatu ziren. Hasteko, niretzat ere hasieratik nabarmen geratu zena (kongresuaren izenetik bertatik): lurraldetasunarena. EAEko batzorde bat izango da? edo Euskal Herrikoa? Nafarrak eta Iparraldekoak gonbidatu ere ez dira egingo? Batzordeak aintzat hartu zuen gomendio hori, eta esan zuen hurrengo urratsak eman aurretik, gutxienez, Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak gonbidatuko dituztela hausnarketa fase honetara. Ea horrela den; orain arte ez da egon, behintzat, horretarako borondaterik.

Aitor Leitzak eta Aitor Galartzak beste kontu bat ere azpimarratu zuten: kontserbazioarena eta administrazioa "presionatzearena". Elkarte batzuek euren aldetik egin ezin dutena (interes edo arrazoi jakinengatik), beharbada guztion izenean, modu "aseptikoago" batean, Batzorde honek egin dezake, administrazioari bidea erakutsiz, begi bistakoak diren kontuak nabarmenduz... Beste sektore batzuek euren iritziak plazaratzen dituzten moduan, gure "sektoreak" ere berdin egin beharko luke, eta Batzorde horrek bere funtzioen artean izan beharko luke administrazioari kontserbaziorako deiak egitea ere (usapalaren adibidea ipini zen, ia erabat desagertu den espeziea, eta oraindik ere ehizatu daitekeena).

Batzordea nola osatu eta antolatuko den ez zen zehaztu, baina entzuleen artetik izandako iritzietan garbi adierazi zen hobeto zela lehenbailehen hastea lanean, nahiz eta xehetasunak itxi gabe egon. Horregatik, aho batez onartu zen mahaiko 4 kideen esku geratuko dela Batzordearen ardura lehenengo urrats hauetan. Arizaga, Ferreres, Belamendia eta Gorospe. Apuntatu izenak ;)

Batzordearen ideiari forma emango diote, eta 3 urte barru antolatu daitekeen II. Kongresurako martxan egon beharko litzateke Euskal Batzorde Abifaunistiko hori. Bitartean, hala ere, urratsak emango dira eta guztiaz gardentasunez informatzeko bideak ipiniko dituzte (dela blog bat, dela buletin bat,...), eta beharbada hilabete batzuk barru beste bilera orokor bat ere antolatu dezakete ordura arteko lanak aurkezteko (eta guztion artean adosteko).

Eta hortxe amaitu zen larunbateko saioa. Domekan ere jarraitu zuen, kontserbazioaren inguruko hitzaldiekin. Penaz, baina ezin izan nintzen joan; hori ya lartxo niretako. Ea beste norbaitek laburbiltzen duen igandekoa.

Bitartean, Txorionak denei!

Gure neskak, 2008-2015

Asier Sarasua 2016/02/21 22:50

Gure neskak, 2008-2015

 

Gure neskak, 2008-2015

Hegazti negutarren jarraipena, 2015-2016 #SACIN

Asier Sarasua 2016/02/14 16:50
Eibar inguruan neguan ikus daitezkeen hegaztien laburpen moduko bat.

Iaz azaldu nuen hobeto metodologia, baina labur-labur esateko, 10*10 km-ko kuadrikula bat aukeratu behar da (nire kasuan Eibarkoa, WN4080 laukia) eta bertako hegaztiak behatu/kontatu behar dira, horretarako 500 metroko 8 ibilbide zentsatuz. Nire kasuan, etxetik irten eta Kalamua tontorrera igotzen naiz, ia-ia zuzenean (beheko mapan, 8 transektuen kokapena).

Espezie batzuk gora-behera, iazko datuen antzekoak izan ditugu aurten ere, guztira 307 txori, 36 espezietakoak. Aurten ere txantxangorria izan da errege, aztertutako 16 ibilbideetatik ia-ia guztietan agertu delako. 

Honatx iazko eta aurtengo datuen laburpena:

  2014/15 2015/16
Ubarroia 2 0
Koartza 0 1
Basahatea 10 9
Sai arrea 0 7
Zapelatza 2 3
Uroiloa 0 1
Kaio hankahoria 0 35
Etxusoa 13 7
Okil berdea 5 1
Okil handia 0 1
Haitz-enara 2 0
Negu txirta 22 14
Buztanikara horia 0 5
Buztanikara zuria 0 4
Txepetxa 14 22
Tuntuna 2 0
Txantxangorria 33 29
Buztangorria 0 1
Pitxartxarra 1 0
Zozoa 25 8
Birigarroa 3 8
Birigarro hegagorria 3 0
Karraztarroa 4 1
Txioa 1 4
Erregetxo bekainzuria 3 9
Buztanluzea 3 9
Amilotx mottoduna 8 5
Pinu-kaskabeltza 6 8
Amilotxa 0 3
Kaskabeltz handia 27 14
Garrapoa 1 1
Katanarra 2 2
Eskilasoa 3 3
Belea 15 20
Erroia 0 2
Hormatxoria 29 17
Txonta 15 28
Txirriskila 0 1
Kardantxiloa 1 18
Tarina 0 4
Lorebatzailea (gailupa) 3 2
ESPEZIEAK 29 36
ALE KOPURUA 258 307

 

SACIN transektuak

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Kepa Altonaga, 2011)

Asier Sarasua 2016/02/10 15:20
Larresoroko Seminarioko zuzendari eta irakasle izandako Arnaut Abadiak (Bithiriña, 1843) "Eskualduna" aldizkarian idatzitako artikuluen antologia. Euskarazko dibulgazio zientifikoaren aitzindari.
Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Kepa Altonaga, 2011)

Kepa Altonaga eta Asisko Urmeneta, liburua eskuetan

Askotan, gaur egungo euskaldunok pentsatzen dugu dena gure sasoian asmatu dela: euskara batua, euskarazko prentsa, euskarazko dibulgazioa zientifikoa... Baina hara non, bapatean, orain dela 170 urte jaiotako abade baten idazkiak irakurtzen ditugun eta zapla!, konturatzen garen, gure aurretik ere izan dela, jakina, euskarazko aldizkaririk eta izan dela aldizkari horietan euskarazko dibulgazio zientifikoa oso modu egoki eta taxuzkoan egin duen idazlerik.

Horixe ekarri digu Kepa Altonagak atondutako antologia honek, Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Pamiela, 2011) idazlanak.

Arnaut Abadiak (Bithiriña, 1843; apaiz, idazle eta irakasle, Larresoroko Seminarioko zuzendari) 700 artikulu baino gehiago idatzi zituen hogeitaka urtean zehar Eskualduna aldizkarian, nekazariei zuzendutako aholkuekin (baratzeaz, ongarri kimikoez, fauna eta floraz, gaixotasunen tratamentuez,...). Horien artetik, animalien ingurukoak batu zituen Altonagak (gehienak 1892-1895 bitartekoak), eta bilduma-lan honetan argitaratu, euskara batura nolabait samurtuta, eta Asisko Urmenetaren marrazkiekin.

Idazkiotan, nola ez ba, bada garai hartan oso hedatua zegoen pentsamoldea: animaliak gizakiaren mesederako daudela, badirela piztia amorragarriak, eta badirela animalia ongiegileak, gizakiarentzat mesedegarri direnak, azken batean. Hala ere, artikuluetako lerroen artean, natura ondo ezagutzen duen eta izugarri maite duen pertsona bat aurkituko dugu, hegazti, zomorro eta ugaztun txikien gora-beherak gertutik jarraitu eta aztertu dituen apaiz nekazariaren solasa. Guztia oso modu egokian izkiriatuta, hizkera bizi eta aberatsarekin, irakurlearentzat gozagarri.

Esan bezala, hori guztiori, orain dela 120 urte inguru. Gaurko blogari ziztrinontzat eredu.

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Altonaga eta Urmeneta; 2011)

Har ogi-bihijaleak (1892ko abuztuan)

Badira hirur har-mota ogi-bihitik bizi direnak, eta laborariari kalte handia egin ahal dezaketenak, baldin uzten baditu bere bihitegian sartzera eta emendatzera. Har horiek, bertze guztiak bezala, heldu dira ihizi hegadun batzuen arrautzetarik. Hona nolakotsuak diren errule horiek. Lehen mota, eta orotarik gaixtoena da, marmutxa beltx ttipi bat, zorri larri baten heinekoa. Bizkarra estalia du, hegoak bezala zabaltzen ohi diren bi kusku gogorrez. Baina, kusku haien azpian ez du egiazko hegorik; ezin daiteke beraz aira. Ordainez, zalu darabiltza zangoak. Badu ere moko luze bat, ogi-bihiaren xilatzeko aski azkarra. (...)

Xoriak harjale (1892ko irailean)

Xorien artean badira anitz mota, har, euli eta jainko-oilorik baizik jaten ez dutenik. Ezagutzeko zein diren harjale horiek, aski diezue mokora behatzea. Mokoa mehe eta luxe duten guztiak harjale dira, eta geroztik laborarien aldeko. Izenak berak dio holakoetarik dela euli-xoria, begi ernea, eta xoko-ikertzaile xorrotxa. Orobat da ildo-xoria, lur itzultzen ari zarelarik ildoz ildo jarraikitzen zaizuna, alegerarik kantuz, bere buztan luzea beti goiti eta beheiti darabilela, eta noiznahi mokoaz biltzen duela non har bat, non xixare bat, haratxago arrautza bat. Nola ez aipa sagar-xoria, bere buru beltx, bizkar eta hego urdin, papo eta sabelpe horiekin? Xori ttipia, baina kume-egile handia, hogeietaraino dituenez geroz aldian, ardurenik sagarrondo zahar zenbaiten barnean, nondik heldu baitzaio izena. (...)

(gau)Enarak (1892ko irailean)

Mintzo gara xori edo hegadunez, zeren gauenara, nahiz den hegaduna, ez baita xoria. Ez du mokorik, baina saguak bezalako aho bat, hortzekin; luma ordez, ilez du gorputza estalia; hegoak aldiz, ez lumarik, ez ilerik gabe, larru huts. Ez du arrautzarik erruten, baina bere iduriko kumeak sortzen ditu; kume horiek ez ditu ahotik ahora bazkatzen, baina bai bere esneaz hazten. (...)

Nola bizi jan gabe? (1892ko urrian)

- Erran dizut sagarroiak, gauenarak eta bertze ihizi batzuek, lo daramatela negu guztia, batere jan gabe. Baina, ez dakit sinetsi nauzunez.

- Bai sinetsi, ez sinetsi; ote dakit nihaurek zertan naizen?

- Banuen holako zerbaiten beldurra. Erran dizut, bizkitartean, ehun eta ehun aldiz ikusia izan dela gauza hori.

- Egia diozu; baina, hitz eman ere duzu erranen zenuela nola ote ahal daudekeen ihizi horiek negu osoa, jan gabe. Hori jakin beha nago, zure erranaren osoki sinesteko.

- Oroit baitzinen, beraz, horretaz? Ez dukezu ere ahantzi, hitz hori ematearekin, erran nizula ez nekiela hainbat nola obratuko ahal ote nuen. Ez zela gauza bat erraxa.(...) Gaitezen, beraz, has. Baina, hotz ari da. Jar gaitezen lehenik supazterrean, han eginen dugu solas. Nik hartzen dut xokoa. Zu, nagusia zaren bezala, eman zaitez hor erdi-erdian. (...) Ederkiago zara hor. Sua dugu hitz. Nik xoko honetarik ematen dizkiot bi egur, zuk erditik emaiozu haize. (...) Badakizu ere gorputzak nahi duela izan hein bat bero: hotzak hil dezake gizona, goseak bezala, eta lasterrago. Gorputzak behar duen bero hura heldu zaio janariak eta hatsak haren barnean egiten duten sutik. Ezen, soinekoek ez ohi dute berorik ematen, baina, bai barnetikako beroa kanpoko hotzetik begiratzen. Eta nola suari behar baitzazkio berritu egurra eta airea, orobat gorputzak behar du noizetik noizera jan, eta ardura hatsa hartu, beroaren eta indarraren berritzeko. Bertzenaz, alhagiarik gabeko sua bezala, ahulduz lihoake gizona, hil ere liteke, ez balitz ordu delarik artatua. (...)

 

 

"Burbunak eta etsayak", Hernaniko ondare natural eta linguistikoa

Asier Sarasua 2016/02/05 12:40
"Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Beste askorentzat eredu izango dugu 'Burbunak eta etsaiak'. Bejondeizuela!"

"Burbunak eta etsayak" dokumentala ikusita, garbi geratzen da batzuetan ez dela behar diru kopuru izugarririk lan bikainak egiteko. Askoz lanabes egokiagoak direla zaletasuna, bihotza eta gai interesgarriak transmititzeko bokazioa.

Natura, ondarea, euskara, herri identitatea, transmisioa,... gai
potolo eta interesgarri asko aipatzen dira, oso modu egokian kontatuta, arin, kalitate teknikoz, soinu eta irudi onarekin, eta animalia-landareen irudiekin hornituta. Ez da ezer falta! ;)

Lan bikaina egin dute, beraz, proiektu honetako arduradunek, Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek. Filologoa da lehenengoa, Dobera Euskara Elkartean  aritutakoa; biologo eta irakasle bigarrena, Aranzadiko kide. Bien arteko harremanak egoki funtzionatu du ondare naturala eta kulturala uztartzen dituen proiektu honetan. Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea izan dira bultzatzaile, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren babesarekin. Irudi-grabazioan eta post-produkzioan, berriz, Joxan Ruiz (Truk HD) eta Jon Mari Beasain. 

Ikusentzunezkoa DVD formatuan dago salgai (5 euroan, Doberan eta Aranzadin), eta hainbat tokitan ere aurkeztu(ko) da. Hemen duzue trailerra:

Herritarren artean harrera bikaina izan du proiektuak. Ereñotzun aurkeztu zen lehenengo, eta bete egin zen aretoa. Gero Hernanin eta Durangoko azokan ere aurkeztu zen. Dokumentala beste herri batzuetan zabaltzeko asmotan ere badabiltza (interesatzen bazaizu, jarri harremanetan eurekin!), eta azpitituluak ere badituzte, euskara batuan, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Proiektua hedatzeko asmoz, berba batzuk eskatu zizkidaten, eta hauxe bialdu nien. Uste dot ondo laburbiltzen duela zer eragin didan Iñakiren eta Eñauten lanak: "Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Beste askorentzat eredu izango dugu 'Burbunak eta etsaiak'. Bejondeizuela!"

2015. urtean irakurritako liburuen zerrenda

Asier Sarasua 2016/01/25 19:45

Ezagun da: zerrendazale naiz. Azken egunotan argitaratu ditudan aurreko bi zerrenden ostean (2015ean ikusitako hegaztiena eta igotako mendiena), postrerako, azken 12 hilabeteetan irakurritako liburuena (aurreko urteetakoak: 2010, 2011, 2012, 2013, 2014).

Aurtengoa urte flojotxoagoa izan da liburuei dagokienez, kalitatez zein kantitatez (beste zaletasunentzat denbora hartu dut, sorbalda-bizkarreko kontuek ere ez didate lagatzen eroso irakurtzen...). Baina, hala eta guztiz ere, tira, une gozo batzuk eman dizkit literaturak, eta idazle/liburu on-on batzuk ere igaro dira nire eskuetatik (komikiak azpimarratuko nituzke, beharbada).

Hemen zerrenda, urteko artxiborako:

  • ***The Brooklyn Follies, Paul Auster (Faber, 2005). 'I was looking for a quiet place to die. Someone recommended Brooklyn, and so the next morning I traveled down there from Westchester to scope out the terrain...'.
  • ***Sargori, Pello Lizarralde (Pamiela, 1994). Berrirakurria; aspaldi blogean (gor)aipatuta.
  • Apirila, Iñigo Aranbarri (Susa, 2014).
  • Fikzioaren izterrak, Ur Apalategi (Susa, 2010).
  • ***La maravillosa vida breve de Óscar Wao, Junot Diaz (Mondadori, 2008). Familia dominikar baten gora-beherak, 3 belaunaldiz, República Dominicana eta New Jersey artean. Txioa.
  • Un novio para mamá y otros cuentos, Gerall Durrell (Espaebook, 1994).
  • Estrella distante, Roberto Bolaño (Anagrama, 1996). Txioa.
  • La pista de hielo, Roberto Bolaño (Anagrama, 1993).
  • ***El hombre en su castillo, Philip K. Dick. (1966). Txioa.
  • Una muerte solitaria, Craig Johnson (Siruela, 2013). Polizia eleberria, Wyomingeko negu latzean girotua, euskaldunak eta cheyeneak protagonista.
  • Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia, Karmelo Ayesta (Utriusque Vasconiae, 2014).
  • Las alas de la esfinge, Andrea Camilleri (Salamandra, 2009). Montalbano inoiz baino txakurrago, krisi existentzialean, bikotekidearekin muturtuta eta adin-krisian. Liburua, aldiz, irribarre batekin irakurtzen da, ironiaz beteta baitago.
  • Back to leizarraga, Kepa Altonaga (Pamiela, 2015). Blogean.
  • Dumitru, Koldo Izagirre (Erein, 2014). Blogean.
  • ***Zimurrak, Paco Roca (Astiberri, 2014). Txioa eta blogean.
  • Atlas of Bird Migration: Tracing the Great Journeys of the World's Birds. 2011, Jonathan Elphick (Editor).
  • ***Zapatos italianos, Mankell (Tusquets 2007). Txioa.
  • Black is beltza, Muguruza, Cano, Alderete (Talka, 2014).
  • Orube abandonatuak, Garazi Kamio (Elkar, 2014). Blogean.
  • Zesarren papiroa, Ferri eta Conrad (Bruño, 2015).
  • Isaac el pirata (1). Las Américas. C. Blain (Norma, 2003).
  • Hilen logika ezkutua. Jabier Muguruza (Erein, 2014). Txioa.
  • ***¿Para qué sirven las aves?, Antonio Sandoval (Tundra, 2013). Blogean.
  • Ancho mar de los sargazos, Jean Rhys (1966). Txioa.
  • Ibilbide ornitologikoak Gipuzkoan zehar, Jose Riofrío (GFA, 2012).
  • Gabriel Aresti BioGrafikoa, Adur Larrea (Erroa, 2015). Txioa.
  • Cleveland. Harvey Pekar (Gallo Nero, 2013). Txioa.
  • Corto maltés: bajo el sol de medianoche, Canales  eta  Pellejero (Norma, 2015). Txioa.
  • Antropologo bat Marten, Oliver Sacks (EHU, 2003; 1995 jatorrizkoa).  Oliver Sacks neurologoak zazpi kasu klinikoren bitartez aztertzen ditu neurologian izan daitezkeen hainbat paradoxa.
  • El aragonés en el siglo XXI, José Ignacio López Susín (coord.) (Fundación Gaspar Torrente, 2013). Blogean.

 

Urtean zehar irakurritako liburuen jarraipena egiteko, oharrak gordetzeko eta irakurketak beste irakurle batzuekin partekatzeko, Goodreads erabiltzen dut. Euskaldunontzat ez da bereziki egokia, euskarazko liburu batzuk ez direlako bere datu-basean agertzen, baina tira, bere zera dauka. Urtea amaitzean laburpen bat ere egiten dizu, infografia xinple baina adierazgarri honen bidez (goiko irudia ere bertatik atera dut).

Goodreads 2015

 

Felipe Gonzalez: "Gora Euskadi askatuta!"

Asier Sarasua 2016/01/23 15:40
Felipe Gonzalez, Eibarko Astelena Frontoian (1976/02/15). Laster dira 40 urte.

Historia ezaguna da, baina ez horregatik interesbakoa, are gehiago autodeterminazioaren marra gorriak hizpide direnean, bai gaur eta bai bihar, hedabide guztietan.

1976. urtea, otsailaren 15a (laster 40 urte). Eibarko Astelena Frontoia. PSOE legeztatu berri, hauxe du bere lehenengo mitina 40 urtean. Kalean giroa bero, baita liskartsu ere. Barruan beroago, jendez lepo, gainezka, 4 hizlarien berbak entzuteko zain, Internazionala eta Eusko Gudariak abesten dituzten bitartean. Benigno Baskaran dago oholtzaren erdian, Eibarko sozialisten burua eta erreferentzi historiko ezinbestekoa. Bere alboan bi gazte sutsu, hurrengo urteetan zeresanik emango dutenak: Alfonso Guerra eta Felipe Gonzalez.

Azken hori ahots barik dago, baina hartu du mikrofonoa. Sutsu ekin dio: "Herri hau izan da diktadurak gogorren zapaldu duena; herri hau izan da diktaduraren aurka gehien borrokatu duena. (...) Gora Euskadi! Gora Euskadi askatuta!".

40 urte joan dira; beste hainbat gauza ere joan direla ematen du.

Hemen hitzaldiaren zati bat entzungai, Eibarko Udaleko Egoibarra Batzordeak online jarritakoa (goiko argazkia ere bertatik atera dut).

Pasarte horren transkripzioa:

Que duda cabe que este pueblo ha sido el pueblo más oprimido por la dictadura. ¡Quién puede dudar eso! Quién puede dudar que es el pueblo que más ha luchado por zafarse del yugo de esa dictadura.
Nadie puede dudarlo y todo el mundo rendimos homenaje a esa lucha.

Pero no olviden que la dictadura es la dictadura de todo el estado; no es una dictadura para Euskadi. Es también una dictadura para Andalucia, es también una dictadura para Cataluña, es también una dictadura para Galicia. Es también una dictadura para los mineros de Asturias.

Compañeros: imposibilitado de seguir utilizando la garganta, sólo puedo decir: ¡Gora Euskadi!  ¡Gora Euskadi!  ¡Gora Euskadi askatuta!

Euskadi será socialista o no será libre. Sólo el socialismo traerá la libertad a Euskadi y al resto de los pueblos. ¡Viva el socialismo!

 

..............

Esan bezala, audioa eta argazkiak Egoibarra.eus webgunean daude ikusgai (ez dut aurkitu kreditu gehiagorik bertan).

2015eko Koko-dantzak (Eibarko aratusteak)

Asier Sarasua 2016/01/15 07:50
Laster datoz 2016ko koko-dantzak. Bittartian, hementxe 2015eko bideo eta argazkixak. Motorrak berotzeko. Aratustiak otsailan 5eko asteburuan; koko-dantzak aurreko asteburuan, urtarrilak 30ian.

Sartu gara negu erdixan, eta badatoz laster Aratustiak. Eibarko koko-marruak be hasi dira honezkero aurtengo koko-dantzak gertatzen; umiak be badabiz kaldereruetako kantu eta dantzak ensaiatzen.

Girua berotzeko, hementxe iazko koko-dantzen erretratuak (betiko moduan, ni pixkat atzeratuta, aste honetan antolatu eta sareratu dittut 2015eko koko-dantzen argazkixak). Kasualidadez, Kezka dantza-taldiak be atzo bertan sareratu zeban iazko dantzen bideua, dron baten bittartez jasotako irudixekin.

Polittak dira koko-dantzak. Lan ona egin dau Kezka dantza-taldiak "tradiziñua sortzen" ;)

Eta hementxe Kezkalarixen bideua (leku beretsuan grabauta). Ederra!

Irudixak: Jose Antonio Roige. Ediziñua: Eire Vila.

 

100 mendien lehiaketa

Asier Sarasua 2016/01/06 22:10

Antza denez, 1915. urte inguruan antolatu zuten zenbait mendizalek lehenengo mendi-lehiaketa Euskal Herrian. Urte betean 15 mendi ezberdin igotzeko erronka jarri zioten euren buruei. Tontorretan ohiko diren postontzietako lehena ere orduan ipini zuten, Anboton, mendizaleen igoerak nolabait ofizialdu edo neurtzeko asmoz. Handik gutxira, Bilboko eta Eibarko mendizaleek bultzatuta, 100 mendien lehiaketa jaio zen. Eta mende bat geroago ekin diogu guk erronkari, amaitu berri den 2015ean.

Ehun mendien araudia oso erraza da, 100 urtean aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa, PDFan). Garrantzitsuena:

  • 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
  • Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
  • Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
  • Federatuta egon behar zara.

Jaizkibel-Allerru (545 m)

Allerru tontorrean (Jaizkibel, 545 m), Deporreko txartela betetzen, postontzian lagatzeko.

Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gainditutako erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.

Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago: Euskal Herriko 600 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk, batez ere Pirinioetakoak. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehaztuko; zure esku dago.

Hernio (1.070 m)

Hernio (1.070 m) tontorrean, barrenean Errezil.

Esan bezala, 2015eko urtarrilean ekin genion erronkari, asmo eta kopuruak garbiegi izan barik, proba modura, osasunak eta sasoiak zer aukera emango ziguten jakin barik,... Baina oso esperientzia polita izan da lehenengo urteko hau. Asko disfrutatu dut (edo dugu, gehienetan familiarekin joan naizelako), mendi/eskualde berriak ezagutzeko aukera eman digu, eta 20 tontor zapaltzera heldu gara. Hauexek:

Osasuna lagun, hasi berri den 2016 honetan beste 20 igotzeko asmoa daukagu. Ea lortzen dugun!

Zabalaitz (1.254 m)

Zabalaitzetik (Aizkorri, 1.254 m) beherantz, Arantzazurantz, Gorostiaranen barrena.

Ehun mendien lehiaketa

Euskaldunok mendiei lotuta bizi izan gara historian zehar, baina mendizaletasuna nahiko moda berria da, XX. mende hasieran sortua, baserri giroan baino hirietan. Bilbo eta Eibarko mendi taldeak izan ziren aitzindarietako batzuk, esate baterako; industria indartsu zegoen eremuetako klubak.

Hiriak handitu eta industrializatu ahala, kirola egiteko ohitura ere hedatu zen euskaldunen artean. Industria-giro goibeletik ihes egin eta aire librean ariketa fisikoa egiteko premia. XX. mende hasieran sortu zen, eta gutxinaka zabaldu zen gizarte osora, gehienbat lan-baldintzak hobetu ahala (lan-ordu murritzagoak, "zapatu ingelesa", lehenengo oporrak,... hau da, langileek aisialdirako astia "lortu" ahala).

Mendietako postontzien kontua ere garai beretsukoa da; aurrenekoa Anboton ipini zuten, 1915ean, mendi-lehiaketak sustatu eta jendea mendira animatzeko. Gorago esan dudan moduan, 15 mendiko lehiaketa antolatu zuten orain dela mende bat, eta laster Ehun Mendien Lehiaketa izatera pasatu zen, 1918. urtean (10, 20 eta 50 mendien lehiaketak ere sortu zituzten 1915-1930 bitartean).

Mendizaletasunaren lehen urte haietako aitzindarien artean, eibartarrok ere izan genuen gure lekutxoa, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik eta, gehienbat, Indalezio Ojanguren "Kajoitxo" handiarengatik. Bera izan zen 100 mendien lehiaketa burutzea lortu zuen lehen gipuzkoarra 1926an (aurreko guztiak Bilboko mendi taldeetakoak izan ziren), eta ondoren beste 6 aldiz ere borobildu zuen ehunekoa.

100 urte geroago, hementxe gaude gu ere, helburu eta asmo berdinekin, mendian gora-ta-behera. Indalezio! Argi ibili, hire errekorra gaindittu bihar juagu eta!

Indalezio Ojanguren, Astxikin.

Indalezio Ojanguren Kajoitxo, Astxiki tontorrean. Atzean Alluitz. Argazkia: guregipuzkoa.net.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz