e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Palestinako errealitatea ezagutzeko komiki-tailerra gaztetxoentzat Axpirekin
Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren euskal adarrak, UNRWA Euskadik, Palestinako errealitatea ezagutarazten laguntzeko komiki tailerra antolatu du Intxaurrondo Kultur Etxean. Ainara Azpiazu Axpi komikigileak emango duen tailer hau 11 urtetik gorako haur eta gaztetxoei zuzenduta dago. Otsailaren 6, 13 eta 20an izango da, 17:00etatik aurrera. Euskaraz izango da eta dohainik, baina aurrez izena eman behar da. Ekimen bikaina, Palestinarren egoera larria, komikiak eta haurrak uztartzea. Animatu eta eman izena!
Asterixen abentura klasikoen berrargitaratze gehiago
Aurreko batean Jean-Yves Ferri gidoilariak eta Didier Conrad marrazkilariak egindako Vertzingetorixen alaba izenburudun Asterixen istorio berriaren kontu eman bagenizuen, oraingoan René Goscinny eta Albert Uderzoren jatorrizko istorioen beste berrargitaratze baten berri dakarkizuegu. Duela hamar bat urtetik hona istorio klasikoen pare bat album berrargitaratzen ditu urtean Salvat/Bruñok, eta 2018aren amaieran Asterix Helvetian eta Jainkoen egoitza atera ziren. Maddalen Arzallusek jarri ditu euskaraz bi komiki bikain hauek, beraz gozatu!
Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe: "Komikiaren medioak eskaintzen dituen aukera ezberdinez baliatu eta gozatu dugu, askatasunez"
Urte oparoa izan da euskal komikigintzan, kalitateari zein kantitateari dagokionez. Eta argitaratu diren komiki on ugari horien artean Joana Maiz dugu nabarmenetako bat, zalantzarik gabe. Zaleon artean ahoz aho dabil, hitz onekin beti, eta salmentetan ere ongi dabil, antza, euskarazko lehen edizioa agortzear omen baita. Gaztelaniaz ere atera duenez Harriet argitaletxeak, Kike Infame komiki-dibulgatzaileak elkarrizketa egin die egileei espainiar estatuko komiki-dendek argitaratzen duten Zona Comic aldizkarian iruzkin bat idazteko. Euskarazko elkarrizketa osorik nonbait publikatu nahi eta, ulertu ezin ditugun arrazoiengatik, blog xume honetan egiteari egoki iritzi dio... Honela estreinatzen dugu Kike Infame kolaboratzaile berria, Joana Maiz komikiaren idazle Yurre Ugarte eta marrazkigile Joseba Larratxeri egindako elkarrizketa interesgarri honekin. Eskerrik asko Kike, eta on egin irakurleei!
--------------------------------------------------------------------------------------------------------------
- Zer da Joana Maiz?
- Yurre Ugarte: Emakume profesional eta urbano batek castingean baztertutako atsoa, desjabetua izatekotan dena, berreskuratzen duenean sortzen den erresistentziazko istorioa, non bata bestearen ifrentzu bihurtuko den.
Yurre Ugarte: "Marrazkilariak istorioa bere egitea funtsezkoa da, hitzek eta irudiek unibertso bakarra, eraginkorra, osatzeko"
- Nola izan zen lan honen jaiotza?
- Joseba Larratxe: Aspalditik dator Yurre eta bion lan harremana. Yurrek zientzia-fikziozko komiki bat egiteko ideia zuen eta marrazkilari bila nirekin harremanetan jarri zen. Proiektua garatzen hasi ginen baina ez genuen argitaletxeekin tratu onik lortzen. 200 orrialde inguruko istorioa izango zen, eta koloretan gainera. Zaila zen horrelako komiki bat finantzatzeko dirua lortzea. Editorea den lagun batek proposatu zigun komiki “egingarriago” bat planteatzea, hau da, motzagoa, gaur egun girotua eta zuri-beltzean. Horrela hasi ginen Joana Maiz garatzen. Dena den, esan beharra dago Eusko Jaurlaritzaren beka lortu arte ez ginela komiki definitiboa egiten hasi. Yurre eta biok gidoilari eta marrazkilari profesionalak izanda, oso zaila egiten zitzaigun komiki hau denbora librean egiten joatea. Bekarekin gure agendetan sartu genuen proiektua eta horrela gauzatu ahal izan dugu komikia.
- Nolakoa izan da zuon bion arteko elkarlana?
- Yurre: Irekia eta gure lan erritmoei egokitua. Proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa izan da gure arteko konfiantza fase guztietan. Argumentua, pertsonaiak eta bilbeak idatzi nituelarik, atalka egin dugu lan. Atal bat idatzi, marraztu, bildu, eta hurrengora. Nik bere iradokizunak onartuz, eta berak nireak. Komikirako gidoi bat idazteak suposatzen du batez ere marrazkien bitartez iritsiko zaiola irakurleari nik idatzitakoa, hortaz, marrazkilariak istorioa bere egitea funtsezkoa da, hitzek eta irudiek unibertso bakarra, eraginkorra, osatzeko.
- Joseba: Komikia etapaka marrazteak ahalbidetu du lehenengo kapitulua bukatua ikustean beste kapituluetarako ekarpen berriak egitea. Zirriborroen gainean egiten genituen brainstorming-ak izan dira lanaren parte emankorrena niretzako. Lokalizazio bila egin ditugun irteerekin eta pertsonaiak diseinatzerakoan aukeratzen genituen ereduekin ere (aktoreak, modeloak, lagunak...) oso ondo pasa dugu.
- Badirudi liburuak ez duela soilik komikitik edaten, Amama edo Handia bezalako filmak buru dituen euskal zinemagintza berriarekin ahaidetua ematen du, non lurrarekiko harremanaz modu garaikide batean hitz egiten den.
- Yurre: Hori asko interesatzen zaidan gaia da; zer gertatu zaion lurrari, bertan eta bertatik bizi zirenei, gaur egun kasik lur sail librerik geratzen ez zaigun honetan, denok urbanita ultradigital peto-petoak garen honetan. Galdera asko pizten dizkidan gaia: identitateaz, egungo bizimoduaz, lurraz, etorkizunaz. Izan ere, 2002 urtean argazki batzuk egin nituen Irunen erakusketa artistiko kolektibo baterako; horietako argazki batean ageri zen atso zahar bat hirian kokatua zegoen azken baratzeetako baten erdian. Andre zahar horretan oinarritu naiz komikiaren atso zaharra (Lauren pertsonaia) eraikitzeko. Pudovkinen Ama filma zetorkidan gogora. Beraz, ez ditut zuk aipatu erreferente zinematografiko horiek gogoan izan, baina uste dut oso egungo gaia dela, eta obra askotan ikusi dela eta ikusten jarraituko dugula.
- Zure kasuan, Yurre, ikus-entzunezkoen mundutik zatoz. Nola egokitu zara komikiaren medioari?
- Yurre: Beti izan naiz komikizale, gazte-gaztetatik. Baita literaturazale eta zinemazale ere. Niretzat, hirurak lotuta doaz. Ikus-entzunezkoen gidoigintzan aritzen naizenez, banekien noizbait egingo nuela komikirako urratsa, alegia, nire istorio batek komiki forma hartuko zuela. Joseba eta biok elkartu ginen nik komikirako zientzia fikziozko saga baten proiektua neukalako (eta daukat), eta horixe izan zen egin nahi genuen lehenengo proiektua. Horretan murgilduta ginela sortu zitzaidan, Sauré argitaletxearen enkarguz, beste komiki bat idazteko aukera, eta Katu hegoduna/La gata alada izenburuarekin argitaratu zen 2013 urtean, 25 orrialdeko istorio bat, zorionez azkenean Josebak marraztu zuena.
Orduan ez zitzaidan batere arrotz egin medioa, eta naturalki egokitu nintzaion. Joana Maiz-en idazketa prozesua ezberdina izan da, atalka joan garelako. Oraingoan erronka izan da pertsonaia ezberdinak ikuspuntu ezberdinetatik islatzea, eta komikiak eskaintzen dituen baliabideei zukua ateratzea.
- Zure kasuan, Joseba, denbora luzea daramazu komikigintzan, baina hau da zure proiekturik luzeena eta anbiziotsuena. Nola egin diozu aurre erronkari?
Joseba Larratxe: "Euskal Herriko sortzaileak ere [...] komikiaren potentzialaz jabetu dira eta hasi dira beraien istorioak kontatzeko medio hau aukeratzen"
- Joseba: Bekak denbora muga bat jartzen zigun komikia egiteko: urtebete, beste urte erdiko luzapena eskatzeko aukerarekin. Yurrek planteatzen zuen istorioa kontuan izanda, garbi neukan lana erraztu behar nuela nola hala. Horregatik marraztu dut bikolorean komikia, kolore guztiekin ezingo nituelako 112 orrialde hauek marraztu eman ziguten denbora tartean. Hala ere, ez dut uste kolore muga honek kalte egin dionik kontatu nahi genuen istorioari. Are gehiago, narrazio tresna modura erabiltzen saiatu naiz. Bigarren tinta aukeratzerakoan, kontuan izan dut komikian garrantzia handia duten bi faktore: Natura (berdea) + ura (urdina) = turkesa kolorea. Adibidez, flashback-ak bereizteko erabili ditut koloreak; oraina bi tintetan eta iragana tinta beltzean soilik. Naturaren eta asfaltoaren arteko borroka azpimarratzeko ere erabili dut kolorea. Adibidez, Laurenen etxeari “oasi” izaera eman nahi nion, trenbide, errepide eta aparkalekuz inguratutako berdegunea. Ezlekuz inguratutako lekua.
Lanak errazteko beste modu bat asko erabiliko genituen eszenatokien 3D modeloak egitea izan da. Honek balio izan dit eszenak errazago planifikatzeko eta baita fondoen eredu modura erabiltzeko. Dena den, bekak eman zigun urte eta erdia azken egunera arte erabili behar izan dugu komikia bukatzeko.
- Ematen du medioaren aukerekin jolasten eta esperimentatzen gozatzen duzuela; hala, adibidez, pertsonaiak animali bihurtzen dituzue, edo narrazio klasikoarekin hausten duzue ikuspuntu ezberdinak sartzeko, dokumental bat bailitzan, eta denborekin jolasten duzue obra inguratzen duen misterio handiaren aurkikuntzan irakurleari laguntzeko.
- Joseba: Hori izan da hain zuzen ere komiki hau egitearen helburua: guk aukeratzea zein tresna narratibo erabili nahi genituen. Normalean, enkarguz egindako komikietan, formatu, luzera eta gidoi jakin batekin lan egin behar izaten dugu. Proiektu honekin irakurtzea gustatuko litzaigukeen komiki bat egin nahi genuen. Ahal genuen neurrian, komikia osatzen duten faktore guztiak kontrolatu nahi genituen. Eta ez tresna narratiboak bakarrik: objektuaren estetika ere zehaztu nahi genuen. Izan ere, esango nuke hori dela “eleberri grafiko”-en formatuarekin bilatzen dena: beste formatu batzuetan ez daukazun askatasunarekin esperimentatzea, jolastea eta artefaktu narratibo itxi bat sortzea, bere baitan funtzionatuko duena.
Suposatzen dut komikilari askoren helburua dela horrelako komiki bat egin ahal izatea. Nik aspalditik nuen helburu bat zen. Eta izarrak lerrokatu dira. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren bekak ahalbidetu du proiektu honi behar zuen denbora eskaini ahal izatea, eta bestetik Yurrek tartea utzi dit irudien narratibarekin istorioari ekarpenak egiteko eta esperimentatzeko.
Azkenean, komiki aberats bat atera zaigula esango nuke. Eta gakoetariko bat izan da gidoiak eskaintzen zituen baliabide narratiboak modu estetiko batean adieraztea (flashback-ak zuri-beltzean jartzea, adibidez) eta alderantziz, gidoiaren baliabide estetikoak modu narratiboan erabiltzea (Polaroid-en pareta pertsonaien deskripzioak egiteko erabiltzea).
- Yurre: Kike, pozten naiz diozunaz, eta eskertzen dizut hori guztia hauteman eta baloratu izanaz, gure aldetik halaxe izan da eta: komikiaren medioak eskaintzen dituen aukera ezberdinez baliatu eta gozatzea, askatasunez.
- Euskal komikiak hazten jarraitzen du, Xabiroiren (Dani Fano buru), Txalapartaren edo zuek liburua argitaratu duzuen Harriet Argitaletxearen lanari esker.
- Joseba: Bai! Dirudienez 2019a euskal komikigintzan inoiz izan dugun urte oparoena da. Eta argi dago Xabiroi aldizkariaren lan konstantea izan dela hori lortzeko funtsezko faktore bat. Marrazkilariontzako erreferente bat izan da, profesionalizaziorako bide bat. Baina horretaz gain, komikilarien artean sare bat osatzeko balio izan du. Elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko ezinbesteko lana egin du Danik.
Yurre Ugarte: "Asko interesatzen zaidan gaia da zer gertatu zaion lurrari, bertan eta bertatik bizi zirenei, gaur egun kasik lur sail librerik geratzen ez zaigun honetan, denok urbanita ultradigital peto-petoak garen honetan"
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzek ere lagundu dute blokeatuta zeuden proiektu asko kaxoitik atera eta plazaratzen. Dike bat puskatzea bezala izan da. Ideia eta proiektu asko zeuden, baina ez zuten finantzaziorik topatzen. Esan beharra dago Harriet Argitaletxeko Gregoriok lan handia egin duela beka hauen sorkuntza bultzatzen. Txalapartak ere garai berrietara moldatzeko ahalmena duela erakutsi du komikiekin egin duen apustuarekin.
Esango nuke Euskal Herriko komikigintzaren loraldi honetan tendentzia internazionalek ere izan dutela eragina. Badira 10-15 urte gutxienez komikigintzak lehen lerroko arte estatusa aldarrikatzen daramala. Mundu mailan, komikigintza asko dibertsifikatu da eta irakurle mota berriak azaldu dira. Euskal Herriko sortzaileak ere (agian beste toki batzuetan baino beranduxeago) komikiaren potentzialaz jabetu dira eta hasi dira beraien istorioak kontatzeko medio hau aukeratzen.
- Joana Maiz-ek euskarazko eleberri grafikoan arraila berri bat irekitzen du, Maite Gurrutxagaren Habiak-ek, Mattinen Zarrakamalda-k, Dani Fanoren Miguel Mármolen hamaika eta bat jaiotzak-ek edo Belatzen Gerezi garaiak-ek markatutako ildoari jarraiki.
- Joseba: Habiak, Zarrakamalda, Miguel Mármol, Gerezi garaia… Komiki hauek aurrera ateratzeko egileek sakrifizio handiak egin behar izan dituzte. Pasio proiektuak dira denak. Joana Maiz-ekin ere gauza bera gertatu zaigu: dirulaguntzak lan baldintza duinak izatea ahalbidetu du, baina deabruzko urte eta erdia izan da. Erlojuaren aurkako karrera bat. Baina lehen esan bezala, “eleberri grafiko” bat egitea izan da nire helburua urte luzez.
Joseba Larratxe: "Tamalez, komikiei buruzko aurreiritzi asko dituzte euskaldunek oraindik"
Orain irakurleen txanda da. Tamalez, komikiei buruzko aurreiritzi asko dituzte euskaldunek oraindik. Uste dut muga horiek gainditzeko egileon betebeharra kalitatezko komikiak egitea dela, baina irakurleek ere burua ireki behar dute eta gauza berriak probatzera ausartu. Eta borroka honetan medioak eta kritika gure aliatuak izan behar dira. Haietako askok oraindikan aurreiritzi asko dituzte gainditzeko. Ezjakintasun handia dago medio generalistetan.
- Gaztelaniarako itzulpenak mezua publiko zabalago bati iristea ahalbidetzen du. Nolako harrera izaten ari da?
- Yurre: Oraingoz harrera oso ona izaten ari da, Madriletik ere etorri zaizkigu iritzi oso positiboak. Gaztelaniazko merkatua askoz zabalagoa da euskarazkoa baino, eta argitaletxeak promozio plan berezia egin beharko du gure komikia estatu espainoleko bazter guztietara helarazteko, bestela ez baita iritsiko! Euskarazko edizioa agortzear den honetan, mereziko luke, asko poztuko nintzateke gaztelaniazko banaketak eta promozioak arrakasta izango balu, azken finean kontatu dugun istorioa Bilbon kokatuta badago ere, unibertsala baita.
- Proiektuak?
- Yurre: Idazten ari naizen narrazio-bilduma liburua bukatu. Joana Maiz-en gidoi zinematografikoa idatzi, beste nobela grafiko bat idazten hasi.
- Joseba: Orain Asisko Urmenetaren gidoiarekin Xabiroi aldizkarirako marrazten nabilen Basolatik berri onik ez saila bukatu behar dut. Bi kapitulu falta zaizkigu eta 2020an bilduma kaleratuko dugu. Beste eleberri grafiko baten proiektuan ere sartuta nago, baina marrazten hasi baino lehen, nahiago dut ez gehiegi kontatu. Azkenik, badut aspalditik arantza bat sartuta: Gaztezulo aldizkarirako marraztu nuen Aingurak komiki sailaren bilduma kaleratzea. Ea tartea egiten diodan horri ere.
-----------------------------------------------------------------------------
Gaiarekin erlazionatutako eduki gehiago:
- http://www.yurreugarte.com/eu/bio/
- https://josebalarratxe.tumblr.com
- http://www.komikipedia.eus/index.php?title=Yurre_Ugarte
- http://www.komikipedia.eus/index.php?title=Joseba_Larratxe_Josevisky
Intxaurrondo Kultur Etxeko euskarazko komiki solasaldien denboraldi berria abian da
Azken hiru urteotan bezala, blogari xume honek koordinatu eta gidatuko ditu Intxaurrondo Kultur Etxeak antolatzen dituen euskarazko komiki solasaldien kurtso berriko saioak. Guztiak euskal komikiei buruzkoak izango dira eta egileak bertan izango dira. Hona saioak eta egunak:
- Abenduaren 17an: Mikel Begoña eta Adur Larrearen Arditutakoak.
- Urtarrilaren 14an: Yurre Ugarte eta Joseba Larratxeren Joana Maiz.
- Martxoaren 10ean: Mikel Santos Belatzen Gerezi garaia.
- Maiatzaren 12an: Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria eta Aritz Truebaren Buyan - Heriotzaren uhartea.
Saio guztiak Intxaurrondoko Kultur Etxean izaten dira arratsaldeko 19:00etan, eta oso interesgarria izaten da beraien lanen inguruko kontuak egileen ahotik entzutea. Eta komikiak dedikatzeko aukera ere izaten da. Animatu eta etorri!
Asiskok "1620, Nafarroa Beheregaina" komikia kaleratu du Nabarralderen eskutik
Herri azpiratua izatearen egoerak soilik azal dezake Euskal Herriaren historia eta kondairen inguruan euskaldunok dugun ezezagutza sakona. Kontatzen zaigun historia ofiziala zapaltzen gaituzten estatuenaren barruan kokatzen dena da beti, eta bereziki ezkutatzen zaizkigu gure burujabetzari, jasandako konkistei eta zapalkuntzaren aurkako borrokei buruzko atalak. Horregatik, ezingo diogu inoiz nahikoa eskertu Asisko Urmenetari Euskal Herriaren historia, mitoak, zanpaketa eta heroiak ezagutarazteko egiten dituen komikiak: Erraondo, I am Pellot, biba festa, Gartxot (gerora filmera ere eraman zuena), Eusklabo alaiak, Aztihitza - Xahoren biografikoa...
Bere lan eskerga horren barruan kokatzen da 1620, Nafarroa Beheregaina komiki berri hau ere. Gaztela eta Aragoik XVI. mendearen hasieran Nafarroa Garaia konkistatu ondoren, Nafarroa Beherean iraun zuen Nafarroako erresumak, harik eta 1620an Frantziak indarrez bereganatu zuen arte. Edo, hobe, nahi izan zuen arte, zeren eta Asiskoren komikiaren bidez izango dugu 1617an Pèir Lostau Nafarroako Parlamentuko Presidenteak igorritako protestaren berri zehatza, eta jakingo dugu nola barne-hartze ediktua urtez urte baliogabetu zuten Nafarroako instituzio nazionalek 1789 arte, nola Frantziako Iraultzaren ondoren Asanblada Nazionalera deitu zutenean Nafarroak ez zuen diputaturik bidali bere subiranotasunaren aurkakoa zelako, eta nola 1790ean Frantziak Nafarroako Erresuma bahitu eta desagerrarazi zuen.
Beraz, laster 400 urte beteko dituen inoiz onartu gabeko ediktu nulu horren inguruko kontu hauek eta gehiago dakartza komiki honek, Asiskoren marrazki berezi eta paregabeez eta hitz-joko jostariez baliatuta. Guztiz ezagutu beharreko gure historiaren parte bat, eta benetan ezinbesteko lana komiki hau (Asiskoren beste guztiak bezalaxe).
Xabi Paya eta Patxi Gallegoren "Nori" komikia argitaratu du Bertsolari aldizkariak
Bertsolari aldizkariaren zenbaki batzuk komikiak izaten ari dira azken urteotan. Zehazki, duela lau urtetik hona, bi urtean behineko neguko zenbakia komiki bat izan da, beti gaiak nolabait bertsolaritzarekin zerikusia zuela. 2015eko negukoa Xabi Paya eta Patxi Gallegoren Nork komikia izan zen, 2017ko negukoa Mikel Begoña eta Adur Larrearen Arditutakoak, eta aurtengoa Nori, berriz ere Paya eta Gallegorekin.
Nork komikian Andoni Egañaren balizko hilketa baten ikerketa kontatzen bazitzaigun, trilogia bat izateko asmoa duen honen Nori bigarren komiki honetan euskara batuaren alegiazko patentatzearen ikerketa dakarkigute oraingoan. Lehenengo haren leloa Nork hil du Andoni Egaña? bazen, bigarren honena Nori saldu diote euskara batua? litzateke. Norken bertsolaritza zen gai nagusia eta Norin euskara, baina bietan ukitzen dira euskal kulturaren gai ugari, Xabi Payak honetaz duen ezagutza sakonaren erakusgarri. Eta orduko hartan bezala oraingo honetan ere euskal munduko milaka pertsonaia eta erreferentzia aurkituko ditugu eta lehertzeraino egingo dugu barre istorioaren zein marrazkien umorearekin.
Istorioan, norbaitek euskara batua patentatu egin du eta eskubideak eta isunak kobratzen dira erabiltzeagatik. Bi detektibek denboran atzera bidaia egingo dute misterioa argitu eta okerra zuzentzako, hala bide batez euskararen 100 urteko historia kontatuz (Euskaltzaindiaren sorreratikoa).
Luze egin zaigu Nori honi itxarotea, eta lau urteren ondoren azkenean amaitu da esperoa. Orain umezurtz gelditzen gara berriz ere, trilogia Nor komikiarekin amaitzearen zain...
Belardoren jauzi bikoitza
Iñaki Martiarena Mattin marrazkigileak Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrirako asmatu zuen Belardo pertsonaia duela ia 20 urte, eta haren itxieraz geroztik Berriako Mantangorri gehigarrian argitaratu dira bere umorezko zintak.
Orain zinta formatutik liburu formatura egin du jauzi Belardok, Belardo - Ba al zatoz? komikiarekin. 60 orri dituen komiki hau ez da bere zinten bilduma edo hautaketa bat, istorio luze berri bat baizik, non Belardok baserri ingurunea utzi eta hirira doan. Bertan bizitako gorabeherak kontatzen zaizkigu komikian, Belardoren ohiko hitz jokoekin eta pertsonaia berriekin. Beti bezala, haurrek, familiek eta publiko orok disfrutatzekoa da Belardoren istorio hau ere. Aupa Belardo!
Hipatia Alexandriakoaren bizitza, komikian eta euskaraz
Badira urte batzuk Ikaselkar argitaletxeak Zientzialariak bilduma abiarazi zuela, gizateriaren historian garrantzitsuak izan diren zientzialarien bizitzak eta eginak komiki bidez euskaraz ezagutarazteko. Orain artean 5 atera ziren (Marie Curie - Radioaren aktibitatea, Galileo - Izarren mezularia, Newton - Grabitatea ekinean, Darwin - Teoriaren eboluzioa eta Aristoteles - Jakiteko irrika), guztiak Jordi Bayarrik sinatuta.
Bada, bildumako seigarrena dakarkigu Ikaselkarrek oraingoan, Hipatia Alexandriakoaren bizitza kontatzen diguna, Hipatia - Egia matematiketan. IV. mendearen amaieran eta V.aren hasieran Egiptoko Alexandrian jaio eta bizitako zientzialari, filosofo neoplatoniko eta irakaslea izan zen, bere jakinduria eta ikasketekin matematikaren eta astronomiaren garapenean lagundu zuena. Zientziari buruzko ezagutzak gaztetxoenei modu entretenigarrian transmititzen laguntzeko beste aletxo bat.
Vertzingetorixen alaba, Asterixen istorio berri bat
Urte hasieran kontatzen genizuen nola Goscinny eta Uderzok sortutako Asterix pertsonaia ezagunak 60 urte beteko zituen urrian. Bada, urteurren horrekin bat eginez, Asterixen album berri bat kaleratu zen, mundu guztian eta hizkuntza askotan, tartean euskaraz ere bai Bruño argitaletxearen eskutik.
Vertzingetorixen alaba da istorio berriaren izenburua, eta Galiako herriak Julio Zesarren aurka borrokatzeko bildu zituen buruzagiaren alaba da bertako protagonista nagusia. Azken hiru albumetan bezala, gidoia Jean-Yves Ferrik egin du eta marrazkiak Didier Conradek. Maddalen Arzallusek itzuli du euskarara.
Virginia Hill – Emakume librearen egunkaria
224 orriko komiki mardula da Mk. Devilleren eta Christophe Girarden Virginia Hill, emakume librearen egunkaria, Virginia Hillen bizitzan oinarritutako istorioa, Harriet-ek euskaraz dakarkiguna. AEBtan 30 eta 40ko hamarkadetan prostituzioan aritua, krimen organizatuko kidea, Bugsy Siegel mafioso ospetsuaren neskalaguna, komunikabideetako izarra mafiaren aurkako 1950 eta 1951ko epaiketa mediatikoetan... Gizonezkoen munduan, emakume guztiz librea; edo hori uste zuen behintzat... Bere garaian aitzindaria izateagatik prezio handia ordaindu zuena.