"Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean" atera du Sua argitaletxeak
Pentsa zer izan zen bederatzi urteko haur euskaldun mendizale batentzat Martin Zabaletak euskaldunontzat lehenbizikoz munduaren gailurra jo zuen une hura... Nire barruan betirako gordeta dago egun magiko hura eta orduko sentipenak, baina lauso samar, zehaztasun gehiegirik gabe. Martin Zabaletaren izena, Pasang Tembaren argazki hura ikurrinarekin, beranduago Arrasateko Ideal zinema lepo beteta Agur Everest filma ikusteko, eta gauza gutxi gehiago.
Sua argitaletxeak atera duen Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean komiki honek hutsuneak betetzen laguntzen du. 1967ko Andeetako balentria, 1974ko huts egindako espedizioa, espedizio hartan egin ziren saiakerak, igoeran eta jaitsieran jasandako arriskuak eta une latzak... kontatzen ditu Ramon Olasagastik César Llagunoren irudien bidez. Zinez, izenburuak dioen bezala, Euskal Herri guztia sentitu ginen Everesten gailurrean egun hartan, eta garai mitiko hura komikian ere kontatu beharra zegoen.
Nik ezagutzen ez nuen komikiekin lotutako anekdota bitxi bat: Jon Zabaleta komikigilea Martinen anaia da, eta Martinek gailurra egin zuenean Everesteko kanpaleku nagusian zen Jon, bi egun lehenago iritsita; espedizioaren irudi bat egin zuen Pyrenaica aldizkarirako.