Garai txarrak komiki-azokentzat...
COVID-19ak, eguneroko jardun guztietan bezala, komikiak saltzen hainbeste laguntzen duten azoken jardunean ere eragin du. Europako topagune handiena den Angulemako komiki-azoka, adibidez, 2021eko urtarrilean bere 48. edizioa izan beharko lukeena, ez da egingo.
Gurean egiten direnei dagokionez, aurten urriaren hasierarako antolatuta zegoen Getxoko Komiki-Azoka, Euskal Herrian egiten den komiki azoka handi eta esanguratsuena, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Eta Durangoko Azokak ere ez ditu ohiko erakusmahaiak eta beste guneak jarriko Landakon, onlineko denda eta egitaraua izango dute.
Euskal komikiarentzat urteko bi zita garrantzitsuenak dira hauek. Hain dira garrantzitsuak, non urteko komiki gehienak udazkenean ateratzen diren horietan aurkezteko, eta bertan izaten dira salmenten zati garrantzitsu bat. Horiek ez egiteak edo murrizketekin egiteak eragin ikaragarria izan dezake komikiak ateratzen dituzten argitaletxeetan eta, ondorioz, etorkizunean aterako den euskarazko komiki kopuruan.
Beraz, euskal komikizale maitea, komikiak bi azoka horietan eskuratzeko ohitura bazenuen, horiek ez daudelako ez txandapasarik egin aurten erosketetan! Euskararen Eguna eta Durangoko Azoka irekitzearen bezpera den honetan, kontuan izan, gabonetako oparitarako edo bestela, euskarazko komikiak zure zain dituzula herriko liburu-dendan, argitaletxearen webgunean edo Durangoko Azokako denda birtualean. Aurten zein aurreko urteetan lan bikainak atera dira euskaraz, eta horien berri blog honetan bertan daukazu, edo Komikipedian, edo Durangoko Azokako dendan ("Liburuak" atalean "Komikia eta eleberri grafikoa" azpiatala duzu, urteko nobedadeekin lehenengo eta besteekin beherago; egia esan, dagoen dena ez da komikia -ipuin edo liburu ilustratuak eta beste gauza batzuk ere badaude-, komiki diren guztiak ez daude, aurtengotzat erakusten dira ez diren batzuk, hala nola Joana Maiz edo 1620... eta, okerrena, ezin dira bereizi euskarazkoak eta erdarazkoak, baina tira... erreferentziatzat balio dezake).
Euskal komikigintzak inoiz baino beharrezkoago zaitu!
(...eta komikiaz gain ere erosi, euskaraz, jakina...)