Ada Lovelace informatika eta programazioaren aitzindariaren bizitza komikian
Ikaselkar argitaletxeak Jordi Bayarrik zientzialari ezagunen bizitzen inguruan egiten dituen komikiak euskaratzen jarraitzen du. Lehenago Newton, Marie Curie, Darwin eta besteren biografiekin egin bezala, Ada Lovelacerena atera du orain, Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea izenburuarekin.
Ada Lovelace ez da beharbada beste zientzialari horiek bezain ezaguna, ziurrenik bere ekarpena informatika eta programazioaren arloan izan zelako, eta gainera ordenagailuak existitu baino 100 eta piko urte lehenago! Bere bizitza zirraragarria da eta ezagutzea merezi du (nik Benjamin Woolleyren Ada Lovelace, bride of science gomendatzen dut; Elhuyar aldizkarian ere idatzi nuen berari buruz). Ada Lovelace, jaiotzez Augusta Ada Byron, Lord Byron poeta ezagunaren alaba zen. Charles Babbagek asmatutako makina analitikoarentzat (egungo ordenagailuen kontzeptuak zituena, baina inoiz eraiki ez zena, orduan horretarako teknologiarik ez zegoelako) Bernouilliren zenbakiak kalkulatzeko algoritmo bat idatzi zuen Lovelacek: zer eragiketa egin behar ziren, zer ordenan, zer aldagairen gainean, begiztak, baldintzen menpeko jauziak... Hori guztia ordenagailu baterako programa gisa har daiteke. Horregatik, historiako lehen programatzailetzat hartu izan da Lovelace. Horrez gain, Lovelace ohartu zen makina analitikoa matematikatik harago aplika zitekeela, edozein informazio-mota tratatzeko, hau da, konputagailuak edozertarako izan zitezkeela ikusi zuen lehenbiziko pertsona izan zen. Eta azkenik, Lovelacek esan zuen Babbageren makina analitikoa ez zela inoiz gai izango gizakia sorpresaz hartu eta harritzeko; alegia, programatua dagoen gauzak egiteko gai besterik ez zela izango. Finean, adimen artifizialaren inguruko eztabaida abiarazi zuen, Alan Turing-ek bere artikulu eta test famatua baino 100 urte lehenago. Ada programazio-lengoaia aitzindariaren izena bere ohoretan jarrita dago.
Ezagutzea merezi duen bizitza, modu erraz eta atseginean ezagutzeko komikian idatzia.