"Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak" komikia egin du Dani Fanok, El Salvadorreko Alderdi Komunistako kide historikoaren ingurukoa
Zalantzarik gabe, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak urteko komikirik aipagarrienetako bat da, eta ez diot Dani Fano bere egilea Xabiroi aldizkarian jefea dudalako, kar kar kar... Urte luzeetako lan gogorraren ondoren, eta iaz Eusko Jaurlaritzaren komikiak ateratzeko marrazkilarientzako lau diru-laguntzetako bat irabazi ondoren, argia ikusi du azkenean komiki mardul eta eder honek, Astiberriren eskutik. Migel Marmol El Salvadorreko Alderdi Komunistako sortzaile eta buruzagietako bat zen, 1932ko indigenen altxamenduan parte hartu zuena. Hilezkorraren mitoa zeukan bere gainean; izan ere, fusilatu egin zuten eta hiltzat eman, beste askotan hiltzen saiatu, eta beti alferrik. Bere bizitzako pasarte horiek kontatzen dira bereziki komikian. Fano El Salvadorren izan zen liburuaren inguruan dokumentatzeko, lekuko eta senideekin hitz egiteko... Eta El Salvadorreko Museo de la Palabra y la Imagenek ere argitaratuko du han.
Komikiaren aurkezpena etzi egingo da, ostegunean, hilak 25, goizeko 11:00etan, Donostiako Komikigunean. Bertan izango dira, Dani Fano egileaz gain, Koldo Izagirre euskararako itzultzailea, David Zapirain Komikiguneko arduraduna eta Cristo Calderón Mundo Salvadoreño elkarteko kidea.
Noizko bigarren nobela grafikoa, Fano????